|
Ostadar Mendi Taldearen aurrekariak aspaldidanik sorturik zegoen OARGUI taldean datza. Ikus dezagun Urretxu-Zumarraga herrien barruan hedapena izan zuen OARGUI taldearen historia apur bat.
OARGUI [Organización Atlética Recreativa de Guipúzcoa]-ren akronimoa da eta elizak sortutako erakundea (mugimendua) izan zen, frankismoaren urte beltzetan klero abertzale eta ezkertiarrak guztiz infiltratua zuelarik; beraz alderdi nahiz sindikatuen harrobi sortzaile.
Herri askotan indar handia izan zuen, batez ere Ataunen (Oargui-Troskaeta), Tolosan, Azpeitian, Irunen... eta Urretxu-Zumarragan ere hazia sortu zuen. OARGUIren mugimendua ez zen mendizale mugimendu hutsa izan. Mendi irteerak antolatzeaz gain, beste zenbait gauzen artean, literatur lehiaketak eta bestelako kultur ekintzak antolatu zituen.
Gure eskuetara iritsi den informazioa kontuan hartuz, 1970 hamarkadaren hasieran, OARGUI taldeko mendi-taldea talde oso bizi eta dinamikoa zen. Eta mendizale giroan murgilduta zeuden lagunak mendi arlotik kanpoko ekintzetan gehien parte hartzen zutenetakoak ziren.
1971n, OARGUI-Izaspi mendi taldea sortu zen (OARGUI barruan), bertako lagunek OARGUIren barruan kudeaketa askeago eta eraginkorrago baten bila baitzebiltzan. 1971tik 1982ra bitartean —urte bakar batean izan ezik, orduan Juanjo Arriaran baitzen bertako zuzendari— herriko Juan Mari "Txibis" Gabilondo bertako lehendakari lanak hartu zituen gainean.
1982an, elkarteen legediaren aldaketa dela medio —elkarte bakoitzak estatutu berezkoak izan behar zituelarik— OARGUI-Izaspi mendi taldeko zenbait lagunek Ostadar Mendi Taldea sortu zuten. Ostadar Mendi Taldea jaio zen.
|