Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Balaitus eta baraualdia.

Piedrahita zirkorako sarrera Facha-ko lepotik igaroz egin genuen. Ia lasterka jaitsi ginen eta, zeharkaldi osoan umore onik falta izan ez zitzaigunez, aukeran egoerari zegokion Serraten Fiesta abestiaren ahapaldi bat kantatzeari ekin genion:

"Hoy el noble y el villano
el prohombre y el gusano
bailan y se dan la mano
sin importarles… (hatzarekin seinalatuz) la Facha (hitzarekin jolastuz; hori bai, FACHA ozenki esanez)
Juntos los encuentra el sol a la sombra de un farol
empapados en alcohol (hobe uretan orduan)
magreando a una muchacha (irudimenak zekarkiguna)".

(itzul) "Egun noblea eta bilaua, / gizon handia eta doilorra, / dantza eginez elkarri eskua eman / eta ez zaie axola, / itxura / biek eguzkipean elkar egiten dute / farol baten itzalpean / alkoholez bustita / neskatxa bat igurzten."

Gran Facha mendia bost axola orduan. Ekaitza bere ostots eta trumoi parafernalia osoarekin hasten ari zen eta dagoeneko airean elektrizitate-sentsazio arraroa nabari zitekeen. Beraz, handik hanka ziztu bizian, Piedrafitan Manuel Iraolarekin elkartu behar baikenuen, bizigaiak zekarzkigun, eta urdailak hutsik genituen.

Javik ederki diseinaturiko zeharkaldia zen. Ordesatik abiatu ginen, Goriz eta inguruak, Gavarnieko zirkoa (ai ene! nolako jaitsiera!), Ossue bailara, Baysellance aterpea, Vignemale, Oulettes de Gaube, Ara haranaren goi-ibarra eta Wallon aterpetik igaroz Marcadau harana. Azkenik, azken etapari ekin behar genion. "Truri"-k bidean utzi gintuen, etxera itzuli behar izan zuen eta. Berarekin primeran pasatu genuen, tartean txantxetan ere "Telenorte" ezizena jarria genion. Testu hau irakurtzen duten gazteentzako: telebista autonomikoak sortu baino lehen, espainiar estatuko telebistako kanaletan gure inguruko gertaerak eta berriak jorratzen zituen programa berezia zegoen, izen horixe zuena. Eta hain zuzen "Truri"-ri "Telenorte" izena esleitu genion, bisitatzen genituen inguru ederretako irudiak grabatzeko bideokamera bat ekarri zuelako. Ez nuen kontu honi buruz deus ere aipatuko, kameratxo hura orduan "erabiltzen" ziren neurri handietakoa izan ez balitz: izugarri pisatzen zuen. Gogorra zen alajaina, dudarik gabe, garai haietan bideozaletua izatea! Bidenabar Esteban, honetaz ari garela jakizu, irudi haiek ikustea gustatuko litzaigukeela.

Piedrafitako aterpe zaharrak, egungoa oraindik eraikitzen ari ziren eta hormigoi egitura baino ez zuen erakusten, ama-berotasunez abegi eman zigun. Giza-berotasunez, izan ere, gu bezala, bertan beste dozena erdi bat lagun baziren aterpeak eskainitako babesaren bila. Euren artean, gure adineko bikote bat (neskatxa, gainera, ilehoria, liraina eta ezin ederragoa, bai horixe!).

Dagoeneko arropaz aldatuta bero-bero geundenean iritsi zen Manuel. Oraindik bera ikusten ari naizela iruditzen zait. Ziluetaturik, aterpeko atalasean agertu zen. Ohi duen mendizale adituaren itxura elegante horrekin, euritarako kapa bizkarreko zaku edo motxila erraldoi eta astunaren gainean zeramala eta ezkerreko besapean, kaparen babesean, ogi biribil handi bat zuela (horretaz ari garela, mutxila idazteko zorian izan naizela aitortu behar dut -bai, "u"-z "o"-z idatzi beharrean- izan ere, ohartu ez bazarete, Manuelek hain menditarra den hitz hori ahoskatzean, bokala ia gradu batean itxi eta "o" eta "u" bitarteko soinua ebakitzen du hitzari tonu bereziki maitagarria emanez). Euria gogotik egina zuen, bizigaiak leporaino betetako bizkarreko zaku astunean zetozen, eta ogia... ai, ogia!, lehor-lehorra, Manuelen besapean amultsuki babestua. A ze abila gure Manuel!

Biharamunean argi egundu zuen. Balaitusen kaskoa gure zain zegoen. Bizkarreko zakuak prestatu genituen. "Norberak berea (eraman)", mendiko kontsigna ona denez, halaxe egin genuen baina oraingoan pisua partekatuta. Manuelek badaezpada soka bat zeraman eta nik janaria eramateko eskaintza adierazi nuen. Lanean ari ginen bitartean, aterpeko gainontzeko kideak mugitzen hasi ziren. Eta dena bizkarreko zakuan sartzeko garaian, neskatxa ilehoria arropaz aldatzen ari zen, arropa eta… zintzoak izan gaitezen, ez zen topless-en garaia, ez gara ezta ere izan beharko genukeen bezain zintzoak, baina… gizon-sena, gure jatortasunaren kontzientzia osoaren, baina aldi berean ez hain errespetutsuaren gainetik gailendu zen, eta… begiradatxoren bat edo beste, hori bai, zeharka eginik, txoko hartara desbideratu zitzaigun.

Igoerako lehendabiziko urratsen txutxu-mutxua berau izan zen.

- Zer, ilehoria begiz jo duzue?

- Nik bai, kar, kar, kar… (erdizka ikusitako bihurguneei egindako laudorioak eta goraipamenak).

- Nik ez, ez nauk konturatu! A ze zekenak! zuek bai zekenak…

Barre batzuk eta Latourreko horzkadaren bila.

Latourreko horzkada Balaitus gainera igotzeko igarobide nagusia da. Metatutako elurrak arrokan aurrera egiteko igarobidea baldintzatzen du, haren egoera urtez urte aldatzen da. Igoera denbora tarte luze baten ondoren, bertara iristean mendizale bakarti batekin topo egin genuen. Berriketan egin eta berarekin ondo moldatu ginen. Eta kordada osatu behar izanez gero, gurekin etor zedin eskaini genion. Granadakoa zen eta Zaragozan soldaduska egiten ari zen. Egun batzuetarako baimena emanik zioten eta inguru hartan pausatu zen. Egia esan, orduan nituen esperientzia eta adina kontuan hartuta, mendizaleon, eta are gehiago euskaldunon munduan, maiz ageri den estereotipoen ikuskera horretaz beterik nengoen: mendizale andaluziar bat "gure" Pirinioetan?, bitxia egiten zitzaidan. Katalanak, aragoiarrak, frantsesak,… ados, badira; ingelesen bat edo beste, ere bai. Baina andaluziarrak eta gainera… soldaduska egiten… denetik dago mendiaren munduan, pentsatu nuen. Apur bat eskas eta ia behar bezalako arroparik ez bazekarren ere, aldi berean, esperientziako mendizalea zela nabaritzen zitzaion. Latour horzkadatik igotzea oso samurra izan zen. Ia zailtasunik gabe tontorreratu ginen, eta gainean geundela hamaiketarako ordua iritsi zen. Ekin lanari, motxilari heldu ("o"-z oraingoan), arropa atera, ateratzen dut ere kantinplora, hustu… hustu egiten dut eta,… eta,… besterik ez barruan. Janariaren arrastorik ez!

Ai ene! Bat-batean desager nadila! Hamaika aitzakia bilatu nituen, baina, garratza, bestelakoa zen errealitatea: Aitzakiarik ezin izan! Dirudienez, luzatutako begirada ez zen hain zeharkakoa izan, sor eta gor begira geratu omen nintzen, eta itzultzean egiaztatu genuen bezala, han, ohatzearen gainean geratu zen janari-poltsa jan ez genituen jaki gozo guztiak barnean zituela.

Javiren aurpegi serioa, Manuelen jenio bizia eta, ikusi ez nituen bere bi urdailen gorrotozko begirada, ikusi ez baina irudikatu nituenak eta nigan iltzatu zirenak ezpata zorrotzak balira bezala. Honi guztiari granadarrak, bere lurraldeko hizkera gatzdun horrekin gehitu zuena:

- "Jodé, macho. En mi tierra po menos desto hemos despeñau a má de uno". (itzul. "Aizak, motel! nire lurraldean, badizkiagu gutxiagorengatik ere amildegitik behera bota ditugunak").

Zorionez, nire kideek ez zuten granadarrak egindako ateraldia aintzakotzat hartu. Beraiengan arrazoinamendua urdailaren gainean menderatu zen, zeren ziur nago, erabakia organo horrek aginduta izan balitz, Latourreko horzkadatik bertako elurtegietaraino hegal egin izango nukeen.

Baraualdi-dosi handi batez eta jaitsiera azkarra burutuz konpondu genuen.

-KARLOS RODRIGUEZ
2007ko iraila-


[-] Itxi