Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Mont Blanc. Denetarik bizi izan genuen mendia.

Mont Blanc mendia igotzearren Chamonix-era egin genuen txangoaren nire bertsioa, Celiak idatzi duen bertsioaren desberdin bada ere, berak idatzitakoaren osagarri ere badela esan daiteke.

Txangoa 1995ean Ostadar eta Goierri mendi taldeen artean antolatu zen, eta hantxe nengoen ni ere, Chamonix-en -1.035 m-ko garaieran, gure erronka izango zen Mont Blanc -4.807 m.- tontorrari begira.

Hilaren 23an, Les Houches-era -1.007 m.- autobusez iritsi ginen; eta handik Bellevue-ko teleferikoa hartuko genuen 1.790 m.-ko kotara iritsi arte. Hemen ordea, Nid d'Aigle-ko kremailera-trenean igo ginen, 2.372 m-ko garaierara ailegatu arte. Hauxe izango zen gure benetako mendi-abiapuntua.

Kablea zuen korridorerainoko lehen tartean igotzea atsegina izan zen, eguzki distiratsuak laguntzen zuen. Puntu horretan, izotz-korridoretik igaro baino lehen, bi legazpiarrek gerora gainetik jaistea ospatzearren, botila bat xanpain elurretan "freskatzen" utzi zuten. Korridoretik igarotzea normaltasunez egin genuen, hala ere niretzat Goûter -3.817 m.- aterperainoko igoera kalbario hutsa izan zela aitortu behar dut: igotzeko desnibela oso handia zen eta garaiera harentzako egokitzapen arazoak jasan nituen. Taldekideek aurreratzen ninduten. Legazpiko mendizale batek nire zoritxarreko egoeraren berri izan eta aterpetik samaritar zintzoaren gisara, ni nengoeneko punturaino jaitsi zen. Garaieran sufritzen den gaitz misteriotsu hori sendatzeko zerbait eman zidan eta horrela Tete Rousse -3.167 m. aterperaino iritsi ginen. Ordurako, mendizale italiarra, ebakiaren sakonean amaitzearren, izotz plakatik hegian behera labaindua zen. Ez nuen ikusi, baina bere garrasiak entzun ahal izan nituen. Ohi baino goizago afaltzen ari ginenean, italiarra ebakitik erreskatatzen aritu ziren. Zorigaiztoko mendizalea Chamonixeraino helikopteroz eraman zuten.

Biharamunean -tira! hobeto esanda, gauerdian- "diana", mundu guztia pozik prestatzen hasi zen. Egun handia zen. Baten bat nire etzalekura hurbildu eta hala esan zidan: ordua duk, jaikiko haiz?... Ez, nekaporraturik nagok eta ia ez diat lorik egin- erantzun nion. Gosaltzera goazek. Jaikiko haiz? Bueno... azkenik jaiki nintzen eta gosariak igoerari ekiteko indarra eman zidan.

Hilaren 24ko goizeko ordu-bietan, sigi-saga gorantz egiten ari zen ipurtargien ilarak, abenturazale ameslari eta ero batzuen irudia osatzen zuen; bidean batez ere, izotzaren kontra jotzean piolet eta kranpoien hotsa, eta bizkarreko zakuetatik zintzilik dantzan ari ziren kantinplora batzuen dilinda baino ez zen entzuten.

Aurrerago -dagoeneko Dôme du Goûter-era 4.394 m. iritsiak ginen- han horizontean marraztuta egunsentiko kolore sorta gero eta nabariago agertzen joan zen, gu eta eguzki hasiberriaren artean Mont Blanc handia aurkitzen zen. Ikuskizuna ahaztezina, ezin ederragoa... poesia baino ez.

Hurrengo tartean, Vallot -4.362 m., aterpetik pasa ostean, sokaz loturik -launa laguneko taldeetan- igo genuen tontorrerainoko elurrez estalitako gandorra izan zen. Udabe, aurretik Mont Blanc gailurrean beste zenbait aldiz izandakoa, taldeburua zen. Gandorra oso zorrotza zen, baliteke 40 gradukoa izatea eta hantxe zegoen Udabe besteoi oso argi ohartaraziz: "zuetakoren bat alde batera erortzen bada, hurrena bestera bota dezala bere burua, geroago denok aldapa behera labain ez gaitezen". Hau...

Eta gailurrera iritsi ginen, eta ohi bezala, elkarri emandako agurren eta egindako argazkien tartea plazer handiz gozatu genuen.

Tira, ondoren Vallot-eraino elur-sakonetik maldan behera jaistea dibertigarria izan zen, testu hau idazten duen honexek anoraka lera balitz bezala erabili zuen; primeran pasa nuen eta haur bat besterik ez nintzenean Espillako aldapa taula baten gainean eserita jaisten genueneko garaiak gogoratu nituen. Orduan anaiak eta biok prakei tarratada edo urradura bat egiten genion eta ondoren gure amatxok ipurdia ondo berotzen zigun... bai horixe! Mont Blanc-en, praken ipurtaldea erabat gastatu nuen.

Tête Rousse aterperainoko jaitsiera, korridorea aurkitzen zen punturainokoa, normaltasun osoz egin genuen.

Hala ere, benetan anormala dena, taldeko lagun batzuoi -15 edo 20 bat ginen- handik lasterrera bizitzea egokituko zitzaigun esperientzia da.

Bertan kokaturiko kablea erabiliz, izotz-korridorea arretaz zeharkatzearren, denok talde bakar batean elkartu ginen. Prestaketetan ari ginenean, goitik zetorren burrunba antzeko bat aditzen genuela konturatu ginen, apur bat geroago beste batean bihurtuko zena, erromatarren filmetan Vesubiotik arrokak eta laba erortzean sortzen den zarata bera gogora datorkidana hain zuzen.

Baina hura erreala zen, harritzarrak hegitik behera erortzen ari ziren, eta urrutian baziren ere, ezin genuen imajinatu ere handik lasterrera gure ondotik pasatuko zirenik. Bat-batean gure ikuspegitik desagertu ziren, gainean harkaitzezko muino bat gainean baikenuen, baina handik lasterrera muinotik saltoka eta brinkoka gureganantz zetozela ikusi genuen. Harriak neurri eta tamaina guztietakoak ziren; batzuk tona bat inguru pisatuko zuten.

Geunden tokian, tartekaturik -lurrazalean iltzaturik baleude bezala- arroka batzuk aurkitzen ziren. Bizirauteko senari esker, automatikoki, -zer demonio egiten ari gara hemen!-, zalantzarik gabe ziztu bizian norbera bere "aterperantz" abiatu zen, eta berehala babesa aukeratzen jakin genuen... Ene Jainkoa! Zer zen hura... "Nire harkaitzera" "gonbidatu bat" etorri zen... ulertu ez nuen zerbait esan zidan, saxoia zen, harridurazko eta aldi berean ikarazko aurpegiarekin elkarri begiratu genion. Harriak gure ondotik pasatzen ari ziren, entzuten genituen, ikusi ordea ez. -Gureak egin du- pentsatu nuen orduan. Azkenik, denbora tarte bat igaro eta isiltasuna egin zen.

Asmatutako aterpeetatik atera ginen eta, hau miraria! Inork ez zuen zauririk izan. Eta hori "arroka hegalarietako" batek "aterpe-arroketako" baten ertza jo ondoren. Ondoren izoztutako korridoretik igarotzea egokitu zitzaigun; hankak dardarika ari zitzaizkigun; Bixente Plazaolaren semeak, denok bezain izuturik, "ni ez naiz igaroko..." esan zuen. Orduan kide batek zera erantzun zion: Nola ez! ezinbestean pasatuko haiz!... egun hartan gaztea gizon egin zela ziurta dezaket.

Bertatik igarotzeko lehendabizikoa Udabe izan zen, bizkor, fite, denborarik galdu gabe pasa zen.

Bai, korridorearen amaieran legazpiarrek utzitako botila-xanpaina erreskatatu genuen. Ez dut inoiz izan, eta ez dut izango, hain plazer handiz trago bat edaterik.


[-] Itxi