Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Mendiaren zergatia.

Denok entzun dugun galdera edo agian noizbait geure buruari denok egin diogun galdera da. Zergatik goaz mendira? Zein helbururekin? Zer lortuko dugu hara joanda? Zertarako jasan sufrimendua eta deserosotasuna? Zergatik egin aitzina arriskuaren aurrean? Merezi ote du honek guztiak?

Azken urteotan nabarmena izan da alpinista askoren heriotza, batzuk ospetsuak, beste batzuk ordea, ezezagunak… euskaldunak, kanpotarrak, gertu gertukoak… eta ondorioz gizarteak harriduraz ikusten du nola jarraitzen dugun, gure sokez eta pioletez horniturik, mendietara joaten. Hausnartzen jarri naiz eta badaude bi pertsona mota mendizaletasuna kuestionatu edo zergatik galdetu ez dutenak. Hauek haurrak edo beste alpinista batzuk dira. Argi dago beste alpinista batek ondo ulertzen duela eskalada baten zergatia. Haur batek mendian barneratzea mundu magiko batean pausoak ematea dela ulertzen duen bezala.

Mendizalea beti erakarri du tontor garaietara igotzeak), bakardadeak, sarrioaren begirada mesfidatiak, arrotza sentitzeak leku bakarti eta misteriotsu horietan. Mendira igotzeko gure indar eta arte guztia erabili beharko dugu, teknika garbia eta bi lagun soka batez bat eginik izatea. Emozioa nabaria da, lagunarenganako errespetua hirukoiztu egiten da, baita norberarekiko autoestimua ere. Partekatutako platano bat eta gaileta batzuk jatea sekulako afaria izan daiteke, kantinplorako ura bizia bezala sartzen da, edozerk balio berezia hartzen du, zerupean izarrak ikusiz loak hartu arte gaua igarotzea luxuzko hotela dirudi. Ez al da zoragarria mendizale izatea? Bizitzak zentzua hartzen du beste inon ez bezala… baina denok dakigunez heriotza benetako aukera da han goian gaudenean. Bizitza eta heriotza eskutik helduta, eta jendeak galdetzen dit, - zergatik zoaz mendira?

Argi daukat mendizalea ez banintz beste pertsona bat nintzatekeela, antzekoa baina ezberdina. Dena dela ere, kontua zera da, mendizale naizela. Oreka ematen dio nire bizitzari. Sortu dugun mundu honetan dena kontrolpean daukagularik, ikaragarria litzateke mendiak ere menperatzea. Baina ez, lehen esan bezala, han goialdean arrotzak gara eta bertan ezustekoak gertatzen zaizkigu, eskerrak oraindik ere geure burua harritzeko ahalmena gordetzen dugun.

Zertarako zoaz,… azken finean beharrezko ez den arriskua onartzen ari gara, alde batetik jakitun gara abentura honetatik gaizki atera gaitezkeela, hala ere bestetik, onik aterako garelakoan eskalatzen dugu, zalantzarentzat tokirik egon gabe. Esaten ari naizena ulertzearren, autoa hartu eta egunero autobidean sartzen naiz 120 km orduko abiaduran. Badakit egunero errepidean jendea hiltzen ari dela baina nik bolantea zuzen daramat eta ziur nago nire ibilbidea arazorik gabe beteko dudala. Heriotzaren aukera hor dago. Kontu hau jende askorengana zabaldu daiteke. Urtero 500 lagun inguru hiltzen dira irteera-operazioan, hau datu zehatza da. Hala ere lagun askok oporretara joateko autoa hartuko dute, eta dagoen arriskua onartuko dute ezer txarrik gertatuko ez zaien segurtasunez, gertatzerik badagoen arren. Ez da zaila ulertzea, baina gutxienez harrigarria da bai.

Honek ez du ezer justifikatzen, soilik zera diot, giza legezkoa dela arriskuak onartzea eta arriskuoi muga jartzea.

Bukatzeko hona hemen grazia egin zidan pasarte bat hain zuzen harira datorrena. Badut lagun bat noizbehinka zera esaten didana:

- Iñaki, asteburu honetan, zer?

- Eskalatzera noa.

- Heriotzarekin bals bat dantzatzera?

- Mmmm… ikusteko era bat da, bai… kar, kar!.

Bitxia bada ere, halako batean nire lagunak eskalatzera eraman nezan eskatu zidan. Egun aproposenaren zain izan nintzen eta horrela Txindokiko ertzetik gora egin genuen udazkeneko egun urdin batean. Gipuzkoa inoiz baino ederragoa ikusten zen. Zalantza, beldurra, poza, egarria, laguntasuna dastatu zituen bost orduko igoeran. Bere bizitza eskuetan izan ondoren tontorretik jaitsi ginen eguzkia nola sartzen zen ikusten genuen bitartean. Azkenik asfaltoan, txunditurik begiratu zidan astiro-astiro esanez, - ulertzen dut zergatik zoazen mendira.


[-] Itxi