Mendiak gizakiak gutxi okupatutako alderdiak izaki, askotan Izadia hobeto gorde izan den esparruak dira; dena dela, gaur egungo inguramen degradazio azkarra ere horraino iritsi da. Gure aisialdian mendira joaten garenok ere, inguramenaren degradazioari laguntzen diogu, oro har nahi izan gabe den arren. Mendira egiten ditugun irteeren inguramenaren kontrako eragina ahal den txikiena izan dadin, Izadiarekiko adeitasunezko portaera jarraitu behar dugu; liburuen edo esku-liburuen bidez ikasten ez den gaia, denboraren poderioz pixkanaka-pixkanaka ikasi ohi da. Hala ere, hona hemen oroigarri gisa, portaera ekologikoa izan dezagun kontuan hartu beharreko dekalogo bat, interes eta zentzu pitin batez arituz gero, mendietan barrena gure arrastoak utz ez ditzagun lagunduko diguna.
- Mendian, ez ezazu inolaz ere zaborrik utzi: poltsa batean jaso eta aurkitzen duzun lehendabiziko zakarrontzi edo kontainerrera eraman ezazu, baita zaborra bizkar zorroan denbora luzez eraman behar baduzu ere. Janari hondakinak biodegradagarriak diren arren, tontor baten gainean edo bide bazterrean abandonatzeak ingurua itsusten du. Konpondu ez den arazoa da: hainbat eta hainbat aldiz errepikatu arren, jendeak oraindik ere mendian zaborra uzten jarraitzen du. Puntako adibidea gisa, mendizaleon inguruan aski ezaguna den Everest mendiko zabor hondakinen arazoa da, non 8.000 metrotan baino gorago, espedizio askok abandonatutako zabortegi handia dagoen.
- Autoa edo motorra, herrian edo errepidearen ertzean ondo aparka ezazu; mendian soberan daude, giroa kutsatu eta zarata ateratzen dutelako; gainera zu alferrontzi bihur zaitezen eta kilo batzuk gizentzen laguntzen dizute. Oinez ibiltzea, ezagutzen den ariketa fisiko osasuntsuenetarikoa eta gomendagarrienetarikoa da eta kilometro batzuk ibiltzea ia denon eskura dagoen jarduera da; horretarako ez da atleta fin bat izan behar, haurtzarotik zahartzarora praktika daiteke-eta. Kilometro batzuk ibiltzen ausartzen ez denak, bere osasunaz gehiago kezkatu beharko luke eta Santiago Bidea oso osorik egiten duten 60 urtetik gorako gizon-emakumeak asko eta asko direla ere jakin beharko luke.
- Ez ezazu ozenki hitz egin (behar-beharrezkoa ez baldin bada, bederen) ezta bolumen altuan musikarik jarri ere. Isiltasuna entzun eta goza ezazu (gaur egun aurkitzen oso zaila baita) edo bestela, Izadiak eskaintzen duen musika dasta ezazu: txorien kantua, haizearen eta behien zintzarrien hotsa ... eta gainontzeko guztioi entzuten ditzagun utz iezaguzu. Hala ere, oraindik ere musikarik entzun nahi izanez gero, kasko batzuk erabil ditzakezu.
- Bidean aurkitzen dituzun basa- zein etxe-abereak bakean utzi. Zakurrik edukiz gero, ondo irakatsita edo lotuta izan ezazu, animaliak izu ez ditzan. Ahal duzun neurrian, saia zaitez fauna aldetik sentikorrak diren lekuak saihesten eta zidorretarik ez irteten saia zaitez basoetan barrena batez ere bertako animaliak asko min ditzakezulako. Eskalatzen baduzu, harrapariak edo bestelako hegaztiak habia egiten duten hormetatik at egin ezazu.
- Hain hedatuta dagoen sua egiteko zaletasuna oso arriskutsua da mendirako, suak urtero urtero zuhaitzez beteriko hektarea mordoa erretzen baitu. Ez ezazu surik piztu kontrolpean dauden lekuetan ez baldin bada, bederen eta beti eroritako egurra erabili: zuhaitzen kimak edo adarrak ez itzazu moztu. Aterpeetan larrialdietarako gorderik dagoen egur pila ere ez erre; zure egurra jaso eta aurkitakoa zen duzun baino gehiago utz ezazu.
- Izadiarekiko errespetuak bertan egiten diren giza-jarduerak ere kontuan hartu behar ditu: ez itzazu zelaiak zapal (segatu berriak ez badira behintzat), alanbre-hesiak eta poliki igaro itzazu, langak irekita ez utzi (abereek ihes egin baitezakete), erabiltzen dituzun txabola eta bordak zain itzazu eta zelai partikularretan ez kanpatu jabearen baimenik ez baduzu.
- Une oro, mendian oharkabeki igaro behar duzu; Izadia ez molestatzen saiatu: ez ezazu aterpeetan edo harrietan pintadarik margo, ezta estalaktitarik ken, eta ur-etorri urriko ibaietan edo lakuetan xanpu edo xaboiarekin ere ez zaitez baina ...
- Mendiak ondare kultural handia gordetzen du, eta batzuetan bertaratzen diren bisitariek ezjakintasunez edo mesprezuz aintzakotzat hartzen dute, esate baterako bertako tokien toponimo zaharrak (mapek maiz aldatzen dituztenak) edo bere biztanleen hizkera eta ohiturak (askok eta askok trufatzeko gaitzat hautatzen dituztenak). Ondare etnografiko baliotsu hau errespeta eta aintzakotzat har ezazu, gaur egun desagertzeko zorian baitago.
- Arau hauek guztiak kontuan izanez, inguramen hezitzaile bihur zaitez: gizalegeki, eta maisukeriaz adierazi gabe, Izadia eta bere giza-giro tradizionalarekiko adeitasunezko portaera ez daramatenen jarduera zuzen ezazu, nahigabekeria, arduragabekeria nahiz basakeria hutsez egiten dutelarik ere.
- Azkenik, bisitatu behar dituzun tokien inguramen arazoaz ohar zaitez, baita gainean dituzten mehatxu larriez ere. Talde ekologistek egiten dituzten salaketak kontuan har itzazu. Alde hauetako biztanleen iritzia entzun, oro har arazo hauei buruzko ikuspegi desberdina izaten dutelako euren biziera eta duten baliabideak ezagutu ondoren, ondorioak atera itzazu. Mendizaleok, mendia ezagutu eta nolabait mendia erabili ohi dugulako, bere alde egin behar dugu eta horretarako guk geuk ere gure iritzia emateko eskubidea dugu.
OHARRA:
Fernando Obregón Goyarrola mendizale kantabriarrak "50 Nuevas rutas por las montañas de Cantabria" liburuan idatzitako dekalogoa.
Orri honetan azaltzen dizugun dekalogoa ez da erabat jatorrizkoaren itzulpena, Fernando Obregón Goyarrolaren dekalogoa Kantabria herrialdera egokitutakoa baitzen. Kasu honetan, ez soilik Kantabriara baizik eta edozein herrialdetarako aplikagarria den dekalogoa aurkezten dizugu.