Jadanik, atzean dira Gorbeia eta Anbotoko mendiguneak; bosgarren etapa honetan oraingoan, Aizkorri Mendian barrena mugituko gara, Elgea eta Artiako mendietatik ere igaroko gara. Aizkorriko gailurreriaren konpainia izango dugu ibilbidearen zati handi batean, gure ondoan paraleloan igaroko baita gu Araba eta Gipuzkoaren arteko mugatik zehar gabiltzan bitartean.
Txilarrez inguraturik, bidezidor ezkutuetako paraje bakarti hauek Arantzazurako pelegrinazio askoren lekuko izan dira, Araozeko San Eliaserako egiten ziren erromesaldiak, Ebanjelioak jasotzera Barriako monasteriora zihoazen erromesen pelegrinazioak, Artiako San Juanen Benta aterbetzat hartuz, Banalerroa zeharkatzen zuten mandazainen joan-etorriak ...
ARLABANgo MENDATEA (598 m).
Gure-Ametsa jatetxearen atzetik marka txuri-gorri batzuk irteten dira, HHE norabidea hartuz mendira igotzen den pista batetan barrena. Pagadien arteko bidezidor batekin topo egin ondoren, bagoaz ibilaldiko lehendabiziko tontorraren bila: ISIKOAITZA (918 m).
Arkamo tontorra ezkerretik inguratu (zuhaizti bat inguruan), eta ELGEA lepora iristen gara, eta hemendik bertako tontorrera (buzoia eta erpin geodesiko bat bertan). Han behean Zadorrako urtegia ikusgai daukagu, Landako uhartea ere ikus daitekeelarik.
Txilarraren artean, zuzen zuzenean jaisten den bidezidorra jarraituko dugu, inguratzen duen pista bera ezkerrean geratzen delarik.
Gatzagako mugarri batzuen ondotik igaroko gara; S-5 mugarria URKITZA (917 m) muinoan ageri da. Pistak ezkerreko pinudietatik darrai. Krestatik zehar bertan markatutako bide beretik jarraituko dugu, mugarri berriez horniturik ARRIURDINgo atakara (882 m) iritsi arte. Bere tontorretik igaro bezain laster ezkerraldera jotzen duen bidea hartzeko aukera dugu, DORLETAko Ama Birjinara jaisten dena; baina BERA EZ DUGU HARTUKO. Deba ibaiaren iturburua inguratzen dugu, Banalerroaren kordala ondo hartuz.
Marka hori-txuri batzuk agertzen zaizkigu, Eskoriatzara doazenak. Hauek ere EZ DITUGU HARTUKO. MAKATZGAINeko lepotik gertu, estela bakarti bat txilarraren artean ageri zaigu, ...