|
GOÑI eta OLLOko HARANAK Iruñetik 33 kilometrotara kokatzen dira, eta nahiko ezezagunak diren arren, ederrak eta ikusgarriak dira oso.
Eta GOÑI herria egun ezaguna bada, TEODOSIO GOÑIKOaren kondairagatik da, etsaiak engainaturik bere gurasoak hil ostean, kateaturik bizitzeko kondena jaso zuena mendiotan. Ostera, Aralako San Migel Ermitaren ondoko leize-zuloan bizi zen suge edo herensugearekin egin topo eta SAN MIGEL deitu behar izan zuen bizitza salbatzeko, honek herensugearen burua ebaki, katea berez askatu eta kondenatik salbu eta libre geratu zela azkenean.
GOÑI [870 m, 0h]: Ibilbidea SAN ESTEBAN elizaren ondoan hasiko da. Herriaren goialdean hain zuzen IE-ko norabidea duen pista bat hartuko dugu, bidegurutze batera iritsiko garen artean; pistak berak M-ko norabidea hartuko du (10’) eta langa bat zeharkatu ondoren SAN MIGEL ERMITAraino eramango gaitu.
Bertan bi pista ikusiko ditugu, eskuinekoa hartuko dugu (M) eta 10 minutuan beste langa bateraino eramango gaitu bertatik jarraituz gero. Langa zeharkatu eta eskuinetik pagadian sartuko gara. Zedarriak jarraituko ditugu: pagadia atzean utzi ondoren elorri alderdi batean sartuko gara, geroxeago ganaduarentzako aska batzuk aurkitu arte. Arrasoetara iritsi ostean, beste langa batera ailegatuko gara: langa gainetik igaro eta eskuinalderantz, TREKU (1 h) gainera iristeko azken urratsak emango ditugu.
TREKU [1.265m, 1h 40´]: Iraganean GOÑIBURU izena zuen eta orain "ALTO DE LAS BORDAS VIEJAS" izena duena gaina, Euskal Mendi Federazioko katalogoak dioen moduan. Bi txartel-ontzi ditu gainean, tradizionala (enbor eta aizkora bat irudikatzen dituena) eta beste bat ipotx baten irudia duena, baita ERPIN GEODESIKO bat ere. Bertatik goza daitekeen ikusmira zoragarria da: E-an MORTXE eta SARBIL, eta kaskoaren behealdean borda zahar ...