Martxoaren 10ean Deba eta Zumaia arteko Flysch-a ezagutuko dugu
Deskribapena prestatzen ari gara. Barkatu eragozpenak.
Datorren martxoaren 10erako Ostadar Mendi Taldeak Debatik Zumaiaraino egingo duen ibilaldia aurkeztu nahi du. Babestutako Biotopo gisa izendaturik, oinez bisitatuko dugun itsasertzak Flysch ezaguna ezagutzeko parada emango digu, hain zuzen 50 milioi urte baino gehiagoko denboran, liburu ireki baten gisa, zientzialariei lurraren bilakaera ezagutzeko aukera ematen dien fenomeno geologikoa delako.
Tarte batzuetan Gipuzkoako Bira marrazten duen GR 121 zidorra jarraituz, baita kostaldeko Santiago Bideari jaramon eginez, Debako San Roke eta Santa Katalina gurtzen dituzten ermiten ondotik igaroko gara, ondoren Mendata eta Sakoneta labar ikusgarrietara inguratuko garelarik; itsasbeherak aukerarik ematen badu, Sakonetara jaitsiko gara marearteko zabalgunetik ibiltzeko, gerora, zelai berde ugariren artean, Elorriaga auzora ailegatuz. Berriz itsasertzera inguratuz, Algorriko hondartzara inguratuko gara: bertan K/T Muga ikus daiteke (orain dela 65 milioi urte Kretazeoa eta Tertziarioa banatzen dituen geruza dela, bertan hartu ziren laginek orduan eroritako meteorito baten aztarnak eman zituena, hain zuzenki animalia ugariren artean dinosauroak desagerraraziz). San Telmo ermitaren inguruan, dagoeneko Zumaian, amaituko dugu ibilaldia. Berau osatzeko 5 orduko denbora behar dela uste dugu, hori bai, lasai-lasai ibiliz, oinez ibiltzeko ohitura duen edonork egin dezakeelakoan gaude-eta. Ibilaldia panelez osaturik dago eta Flysch-aren eta inguruaren gorabeherak ere ezagutu daitezke hauen bidez.
Irteera ordua goizeko 7:30etan izango da, eta bazkaltzeko orduan itzuliko garela espero dugu.
Izena emateko Ostadar Mendi Taldearen egoitzan (Zumarragako Kultur Etxean) eman daiteke izena astearte, ostegun eta ostiraletan 20:00etatik 21:00etara, 943723385 (erantzungailuan mezua utziz) edo ostadar@ostadar.org email helbidean mezu bat utziz.
Informazio gehiago gure webgunean: http://www.ostadar.org