TOURMALET mendatearen hegoaldeko isurialdean, haren azken aurreko bihurguneak aparkaleku txiki bat eskaintzen du, bertan utziko gaitu autobusak (1.944 m). Zutoin batek bidea markatuko du, TOUE ETXOLAren gainetik. Margo horiko markak M-rantz jarraituko ditugu, ia ordokian. Laster, eskuinaldetik (I) gora egiten duen xendra bat ikusiko dugu, eta lurrean margotuta "COL DE AOUBE" (genekarren norabidean) eta "LAC ONCET" . Guk norabide hauek jarraituko ditugu eta eskuinerantz egingo dugu bira. Xendra hau GR-10aren aldaera bat da. Halaxe, COURET D'ONCET lepora iritsiko gara (2150 m, ez dator mapetan!). Txabola batzuen ondotik igaroko gara, eta ezkerraldean, jaramonik egin gabe COL DE LA BONIDA LEPOra doan bidea ikusiko dugu. Ezkerraldean ere aintzira bat ikusiko dugu, eta erreka zeharkatu ondoren, muino batera igoko gara, LAC ONCET (2.254 m) aintziraren gainean jartzearren.
Eskuinetik, Tourmaletetik datorren pistara iritsiko gara, orain dela urte gutxira arte turisten autoentzako irekia; erraz COL DE SENCOURS lepora iritsiko gara (2.378 m, garai zaharretan "CINQ OURS"= bortz hartz). Bertan 1856ko ostatu zaharraren aztarnak ikusiko ditugu, han jarri baitzen Midiko lehen behatokia. Gero, hona itzuliko gara LA MONGIE-ra jaistearren.
SENCOURS-etik pistatik igoko gara, ia lasterbiderik hartzen uzten ez duelarik. 300 metro gorago COL DES LAQUETS (2.637 m) lepoa dago, des Laquets ostatua dago bertan, aurriak baino ez ditugu aurkituko. Pista abandonatu, eskuinerantz doa, eta xendra onetik PIC DE MIDI (2.876 m) tontorreraino iritsiko gara. Mahai panoramikoa bertan, ura edateko iturria, terraza bat... Pirinioak ezagutzen dituztenek haren bistak Pirinioetako onenak direla diote, eta eguraldia lagun bada, noski, Andorratik Euskal Herri bitarteko gainak identifikatu ahal izango ditugu.
Haren gainontzeko ...