OJACASTROKO FORUA...XIII. mende aldera dagoeneko Ojacastroko Haranak egituratutako biztanleria bazuen eta bertako biztanleak euskaraz bizi ziren. JOSÉ J. BAUTISTA MERINO URRUTIA etnologo eta historialari ezagunak idatzitako "El vascuence en La Rioja y Burgos" liburuan Ojacastroko biztanleak Fernando III.a erregearengandik (1235) epaiketetan euskaraz mintzatzeko pribilegioaren emakida nola lortu zuten azaltzen digu. Foru honek gutxienez Ojacastroko biztanleak babesten zituen, denbora luzez argirik ikusi gabe udaleko artxibategi munizipalean aurkitutako fazaña (Gaztelan, Valentzian, Katalunian eta Aragoin erabilitako epaiketa-sistema, legeetan baino tokiaren ohituretan oinarritzen zena) honetan irakurri daitekeen moduan:
"Esto es por fazanya que el Alcalde de Oia-castro mando prender Don Muriel que era merino de Castiella, porque juzgara que el uno de Oia-castro si le demandase ome de fuera de la villa, que el recudiese en bascuence. Et de si sopo Don Muriel que tal fuero habian los de Oia-castro e mando dexar e dexaronle luego que juzgase su fuero".
(itzul.) "Hauxe Ojacastroko Alkateak fazaña batengatik Muriel Jauna, Gaztelako Merinoa, deitu zezaten kontua dugu, azken honek ebatzi zezan Ojacastroko biztanle batek euskaraz deklaratzerik ote zuen hiribildutik kanpoko pertsona batek epaitegira deitzen bazuen. Eta hala jakin zuen Muriel Jaunak, Ojacastroko biztanleek halako forua erabili ahal zutela eta berau ezarri zedin agindu zuen, bertakoak foru horren pean epaituak izan zitezen."
Gaurkoan Errioxan burutuko ditugun 16 kilometroko ibilbidean zehar, iraganean ARANDIO bezala ezagutzen zen DEMANDA MENDIAren alderdi batek eskaintzen digun paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Pazuengos (1.160 m) herritik herrialde honetako SAN LORENZO tontor garaieneraino (2.270 m, iraganean KUKULA izenekora) antolatu dugun txangoa beteko dugu gaur, amaiera VALDEZCARAYko eski estazioan egingo dugularik. Ibilbide honek biak, EZKARAIko herria eta Errioxan erlijio-zentro garrantzitsua den VALVANERAko MONASTERIOa, garai zaharretan lotzen zituen bide zahar bera jarraituko du. Ostadar Mendi Taldeak hain zuzen, 1993/05/13an txango hau egin zuen eta egun ibilbidea GR-93.1 zidor luzearen zatia dugu.
Paisaia erabat eraldaturik dago abeltzaintzaren presioarengatik: oso baso ederrak aurkitu ditzakegu (pagoak, pinuak), gero eta ugariagoak bihurtzen ari direnak populazioaren zahartzearengatik, baita abeltzaintzaren gero eta presio txikiagoagatik ere, larreak gero eta urriagoak bihurtzen ari direlarik. Errioxako Gobernuaren zaintzarengatik hain zuzen, Chilizarriaseko larreetan BEHI SUHAR BELTZ autoktonoak ikus ahal izango ditugu.
Mendi hauetan ohikoak dira lainoa eta haizea jabe izaten diren egunak, eta mendi biribilak direla kontuan harturik, erraza da lainoan sarturik erreferentziak galtzea. Horrexegatik, mendiok pistaz beterik eta erabat gizatarturik diren arren, orientazioa galdu gabe isurialde zuzenetik jaistea oso kontu garrantzitsua izango dugu.
PAZUENGOS (1.160 m).
Gehienak erretretan izanik, berrogei bat biztanle dituen eta garai zahar hobeak ezagutu zituen herri txikia dugu: jubilatuok baratzaren zaintzan eta gutxi batzuk abeltzaintzan oinarritzen dute euren jarduera. Errepidea amaitzen den inguruan hasten dira lehendabiziko etxeak. Toki horretan bertan, eskuinaldean, aterpearen ondotik igaro den errepidea hasten da. Tarte labur batean pistan bihurtuko da. Puntu honetan bertan GR-93 zidor luzearen marka zuri-gorriak ikusiko ditugu, EZKARAI eta DONEMILIAGA KUKULA (San ...
2009ko ekainaren 10ean.
Euskal toponimia Errioxan eta Burgosko ekialdean...
Oja ibaiaren goi-arroak eta Tirón ibaiaren arroak (Burgos eta Errioxa artean) euskal toponimoen aztarna eta arrasto ugari gordetzen dituzte. Desberdinak dira euskara inguru hauetan agertzea argumentatzen duten teoriak. Ikertzaile batzuk, C. SANCHEZ ALBORNOZ bezala, Errekonkista (923) garaian izandako migrazio mugimenduak aipatzen dituzte, Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa probintzietatik etorritako biztanleak izanik, azken finean, inguru hauek euskaldunak bihurtzea ekarri zutenak. Beste batzuk ordea, V. eta VIII. mendeen artean hona etorritako giza-multzoen eraginarekin, Errekonkista aurretik ere euskaldunak inguru hauetan bazirela defenditzen dute, LUIS MITXELENAk egin zuen bezala. Beste batzuk ordea, J. J. B. MERINO URRUTIA, M. ALVAR edo JULIO CARO BAROJAk egin bezala, bertako biztanleak euskaldun bihurtu izana erromatarren garaietara atzeratzen dute. Batzuk dira gaur egundaino iritsitako testigantza idatziak:
DONEMILIAGAKO GLOSAK (X. mendea): Icioqui dugu. Guec ajutu ez dugu. Iruña-Veleiako testigantzak benetakotzat hartuak ez diren bitartean, hauexek dira euskaraz idatzitako lehendabiziko esaldiak.
OJACASTROko FORUA. XIII. Mendean, Fernando III.aren erregetzan. Bertako biztanleek euskaraz deklaratzeko eskubidea dute epailearena urrean. Ikus José J. Bautista Merino Urrutiak 1936an idatzitako artikulua.
XVII. mendea. Logroñoko kontzejuak bertako ardo-saltzaileak euskaraz jakin edo euskal herritarrak izan zitezen eskatzen zuen. Logroñoko Artxibategi Munizipala, 1635-04-20eko aktak.
Eskualde honetara Arabako euskaldunek egindako immigrazioa. José Mª Lacarra mediebalista nafarrak Nafarroako Antso Garzes I.aren erregetzan (905-925) egindako giza-mugimenduak dokumentatu zituen.
Inguruetan gorde izan den toponimia handi eta txikia iraganean inguru hauek izandako euskal sustraiaren testigantza dira:
ALTUZARRA, AMUNARTIA [(herria). Amuna, emakume izena, <eusk. amuna > amona], AYABARRENA, BABACERRA [(Ezkarai), seguruenik <Bagatzaederra, pagadi ederra"], CHAURREN [(Ojacastro), seguruenik <Untxaurren, "hurritza" + barren?], CHILIZARRIAS (gaur bisitatuko dugun gaina), CIBARRENA, CIHURI [zalantzarik gabe, "zubi", + (h)uri, "hiria"], CUZCURRITA, ESQUICIA [(Ojacastro), <ezki + -di, "ezkiak diren tokia"], EZKARAI [seguruenik <(h)aitz + garai], GUISALZA (Tirón ibaiaren erreka), GUISALA [(Ojacastro), euskarazko <gesal>-etik eratorria], HERRAMÉLLURI (ferratzaileen herria), IPUSÇARANA [1487. Zalantzarik gabe Iputzarana, "giputzen harana" (edo akaso "Iputz(a)-rena", pertsona izena], LAMINITURRI [(Ojacastro), "lamien iturria"], LAMINTURRI (Belorado), LAMETURRI (Espinosa del Monte), LAMITURRI (Villafranca de Montes de Oca), OCHANDURI, OLLAURI, SAGASTIA (Ojacastro), SAJAZARRA (azoka zaharra), SAMENURI [(Cihuriko auzo zaharra), "Semenoren herria"], TURZA [ <iturri + -tza, euskal Iturritzaren parekoa], URDANTA (<urde> lema du), VERMEDUHURI [> Vermoduri, "Bermudo?-ren herria"], ZALDIERNA (<zaldi> lema du), ZALDUENDO [<zaldu, "ibarbaso", + ondo, "ibarbasoaren ondoko ingurua azalduz"]...
Hauen guztien artean, LAMINITURRI toponimoarekin geratuko gara. Lamiei egiten die erreferentzia, ibai eta errekekin zerikusi zuzena duen euskal pertsonai mitologikoa hau hain zuzen. Toponimo hau Ojacastroko iturri bati dagokio eta inguruan geratu izan diren milaka eta milaka euskal testigantzen antzera euskararen arrastoa dugu berau, izan ere, garai batean bertako biztanleak euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi izan ziren, eta haien sinbologia ere euskalduna izan zen XV edo XVI. mendera arte.
Informazio gehiago hemen: http://delicious.com/otamotz/errioxa