Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



LUZAIDE (Valcarlos)
"Mendi honen ondoan, iparralderantz, Vallis Karoli* izeneko haran bat dago, non Carolus Handiak berak bere gudarosteekin kanpatu zuen bere gerrariak Orreagan hilak gertatu ostean, eta nondik Santiagora joan nahi duten erromes ugari ere igarotzen den, mendia eskalatu beharrik gabe."

* Valcarlos

CODEX CALIXTINUS edo LIBER SANCTI IACOBI liburuaren lagina (itzulpena), Donejakue Bideari buruzko lehen gida-egunerokoa, AYMERID PICAUDek XII. mendean idatzia.

Orreaga (952 m) - Ibaņeta lepoa (1.057 m) - LAURINIAGAKO KASKOA (1.278 m) - ARGARAIKO KASKOA (1.226 m) - Ehunzaroi lepoa - Luzaide

Nafarroa Garaia eta Beherea arteko mugan.
Lauriniaga, mugaren ondoan...
Lauriniaga, mugaren ondoan...
—© Ostadar MT—
Egin klik handiago ikusteko
(56,138 byte)

ORREAGA (Roncesvalles, Roncevaux - 952 m).
Donejakue Bidearen OSPITAL zein SANTUTEGI ezagun eta zaharren ondotik igaroko gara [0:00h]) eta kontrako norabidean Compostelako Donejakuera garamatzan GR-65 zidor-luzea hartuko dugu, iparreko norabidean IBAÑETA LEPO eta MENDATEraino iritsi arte (1.057 m) [0:20h].

IBAÑETA MENDATEA Europa kontinentaletik Penintsula Iberikoan sartzeko pasabide garrantzitsuenetariko bat dugu, eta hala aditzera ematen dute oso garai desberdinetan hemendik igaro diren inbasio zein jende-migrazio ugariek. Esaterako, K. a. VII. mendean hemendik nagusiki igaro ziren ZELTEN MIGRAZIOAK penintsula iberiarreko bidean. ERROMATARRAK ere pasabide erraz honetatik sarri igaro ziren geroago. Jadanik II. mendetik aurrera, Ibañeta Aquitania eta Hispania arteko puntu distantziakide zela bazekiten, eta agian horregatik "Sol Invictus"-i (hots, eguzki garaiezinari) monumentu bat eraikitzea erabaki zuten, zeinaren festa abenduaren 25ean -neguko solstizioarekin batera- inperio osoan ospatzen zen (hala ondorioztatu daiteke 1951n lepoaren inguruetan aurkitu zen eguzkiaren ohorean egindako botozko oparria aztertu ostean). Erromatar Inperioaren akabera ekarriko zuen HERRI BARBAROen inbasioak ere penintsulan hemendik egin zuen sarrera. Hemendik ere igaro ziren CAROLUS HANDIA (Karlomagno) eta haren gudarosteak, eta baskoiek Orreagako batailan zelatan harrapatu zituzten Frantziarako bidean itzultzen ari zirenean 778ko abuztuaren 15ean, frankoek Iruñea, garaiko baskoien hiriburua birrindu ostean. Bertatik ere igaro ziren 1808. urtean, Armagnac Jeneralaren agindupean, penintsulan sartu ziren NAPOLEONen lehen gudarosteak; eta ez gaitezen ahaztu mila urte baino gehiagotan zehar igaro diren MILIOIKA ERROMESez, bide honetatik pasatuak baitira Finisterre alderantz DONEJAKUE BIDEA jarraituz.

Mendatean SALBATORE SANTUAREN OMENEZKO KAPERA dago (1965. urtean eraikia izan bazen ere, mendatean bestelako kapera zein eraikinen berri XI. mendetik aurrera ezagutzen da, aztarna historikoek 1000 urte lehenagotik ere beste eraikuntzak bertan izan direla adierazten badute), eta apur bat gorago ERROLANEN HARRIA (1967), CAROLUS HANDIAREN ILOBAren omenezko oroitarria hain zuzen, ORREAGAKO BATAILAn hemen hil baitzen Errolan tradizioak aditzera eman digun arabera. Irailean antolatuko dugun ibilaldian, Orreagatik ere irtengo gara ibilbidea osatzearren, berriz gogoratuko dugu BATAILA ezagun hau, baita zeintzuk izan ziren garai haietan eratorri ziren ondorio historikoak.

Errepidea zeharkatuko dugu eta eskuineko pista asfaltatutik jarraituko dugu (marka zuri-gorriak), GIRIZU mendia iparreko isurialdetik inguratuz. Bertatik jarraituko dugu, pagoz osaturiko baso batetik, eta ia garaierarik irabazi gabe, GARARBIDE (1.090 m) lepoaren ondoan kokaturiko ehiztari-etxola baten ondora iritsiko gara (0:37h). Pixka bat aurrerago, AURITZ (Burguete) eta LUZAIDE (Valcarlos) arteko MUGARRI batekin egingo dugu topo. Denbora gutxira (0:45h), asfaltaturiko pista utzi eta eskuinalderantz egiten duen pista bat hartuko dugu.

Pista beretik jarraituko dugu, garaierarik irabazi gabe zelai zabal batera iritsi arte (borda baten aztarnak bertan [1:10h]). Bere ezkerrean bideak gorantz egiten hasiko du. Basoan sartuko gara berriz eta epe laburrera langa bat zeharkatuko dugu. Metro batzuk haratago basotik irtengo gara berriz, eta orain soilik ehiza-etxola baterantz garamatzan zidortxo bat aurkituko dugu. Hemendik aurrera bidea galduko da. ATXISTOI mendiaren hegian gaude. Baso bat ikusiko dugu aurrean eta bertan sartu gabe, inguratuko dugu goialdean aurkitzen diren ganadu-zidorrak hartuz. Bitartean garaiera irabazten joango gara. Halaxe, gailurreriako kordalera iritsiko gara, baita bertako alanbre-hesira [1:35h], berez ia-ia EHUNZAROI lepora iritsi arte abandonatuko ez duguna. Kordalean gaudela, alanbre-hesiaren bestaldera igaroko gara (Nafarroa Behereko aldea) eta ondotik jarraituko dugu. 160. mugarriraino igoko gara eta BERRI LEPOra jaitsi ondoren, 161. mugarria bertan [1:45h]. Alanbre-hesia igaro berriz eta aldapa gogorretik ibiliz tontorretik banatzen gaituzten 133 metroak igoko ditugu.

Tontorrean 162. MUGARRIA aurkituko dugu. Apur bat aurrerago, Nafarroa Garaiko mugalde honetan postontzia aurkituko dugu. LAURINIAGA edo LAURINIAGAKO KASKOA (1.078 m) [2:00h] [15' geldialdia].

Sortaldeko isurialdetik jaitsiko gara, I-eko norabidean, Meatze menditik banantzen gaituzten lepoetara iristeko. Kordalean, mugaalde bakoitzean, ehiza-postu ugari aurkituko ditugu.

Lepoan (1.140m), ehiza-postu baten ondoan [2:35h] alanbre-hesia zeharkatuko dugu (Nafarroa Beherea). Aurrean MEATZE mendia izango dugu. (1.208 m). Hemendik aurrera bi aukera izango ditugu MEATZE LEPOra (1.138 m) iristeko, gainaren gibelean dagoen lepoa hain zuzen:

  1. Guk Meatze mendia sartaldetik inguratzen duten ganadu-zidorrak jarraituko ditugu. Laranja koloreko markaren bat edo beste aurkituko dugu bidean. Bide samurra eta gomendagarria bera.
  2. Nahi duenak alanbre-hesia jarrai lezake, lehendabizi IZUZTEGIKO KASKOA (1.210 m) igoz eta BORDA LEPOra jaitsiz (1.165 m) eta MEATZE (1.208 m - 168. mugarria) tontorrera igotzeko azkeneko malda igoz; azkenik malda gogorretik MEATZE LEPORA (1.138 m) jaitsiko gara.

MEATZEKO LEPOAN (3:00h), 169. MUGARRIA aurkituko dugu; hemen hasiko da ARGARAI (harri garaia esanahiarekin) o ARGARAIKO KASKOA mendira igoko gaituen aldapa gogorra;, 1.220 m, 170. MUGARRIA gainean [3:10h]. Argarai gain luze eta harritsua dugu. [25' parada].Alanbre-hesiaren ondotik jarraituko dugu, apur bat jaitsiko gara eta bere bigarren tontorrera igoko, 171. MUGARRIA. Hemendik aurrera, egingo dugun bide osoa beheranzkoa izango da.

Iparreko norabidean oinez jarraituko dugu, ehiza-postu askoren ondotik igaroz. Alanbre-hesia egurrez egindako pasabide batetik zeharkatuko dugu eta aurrean ehiztari batzuen etxola bat aurkituko dugu (1.050 m) [4:00h]. Handia eta erabilgarria eguraldi kaxkarrarekin topatu izanez gero.

Ehiza-postuen ondoko bideetatik jaisten jarraituko dugu, alanbre-hesia galdu gabe, EHUNZAROI lepora (971 m) iritsi arte. 174. MUGARRIA. [4:10h]. Lepora sortaldetik, Luzaidetik hain zuzen, datorren pista bat aurkituko dugu.

Indarrez dabiltzan guztiek MENDIMOTXA (1.224 m) gainerainoko 250 metro horiek igo ahal izango dituzte, bere lepora jaitsi eta hortik ADARTZA o ADARTZAKO KASKOA (1.250 m) mendirako azkeneko metroak egin. Gain honetatik, igotako bide beretik jaitsi behar izango da Ehunzaroi lepora berriz itzultzeko (gutxi gorabehera 1:15h-eko luzapena).

EHUNZAROI LEPOA (971 m). Pistatik jaitsiko gara (E) eta hezigabeko pagoz osaturiko pagadi batean sartuko gara.

Gutxira bidegurutze batera iritsiko gara, zuzen aurretik jarraituko dugu, eskuinetik datorren pistari jaramonik egin gabe. Pistatik gutxi gorabehera beste ordubetez jarraituko dugu, abandonatu gabe, sigi-saga ugari eginez. Horrela, ZENBAIT BASERRIra iritsi arte (415 m) [5:25h]. Luzaideko lehendabiziko baserriak dira, AZOLETA auzokoak hain zuzen. Auzo honetan euskal mitologiarekin zuzen loturiko bi leize aurkitzen dira. Lehendabizikoa LEIZE GORRIA dugu, eta tradizioaren arabera, LAMIEN etxea zen eta "Ferraneko Errota"-rekin komunikatzen zen. Batzuk diotenez, behin, zakur bat leizean sartu eta geroago Ferranen Errotan agertu zen. Bigarrena MAILUXEKO KOBAZULOA dugu. Kondairak dioenez berau DONIBANE GARAZIrekin komunikatzen dela diote. BASAJAUNaren aterpea zela ere badiote. Kondairak basajauna zintzoa eta zaindaria zela dio: otsoak artaldeetarantz hurbil ez zitezen laguntzen omen zuen. Hemen errepidea hartuko dugu (eskuinerantz), eta metro batzuk geroago, ezkerralderantz kontrako norabidean jaisten den asfaltaturiko pista estu bat aurkituko: berau hartuko dugu. BASERRI bateraino jaitsiko gaitu (5:35h). Pista hemen amaituko da, baina beherago, ezkerraldean, basoan sartuko den zidortxoa aurkituko dugu. Beretik jaitsiko gara, ZUBI (334 m) batetik igaroko gara eta zidor batetik igoko. ERREPIDEra irten baino 15 bat metro lehenago (390 m), GAZTAINONDO izugarri handi bat aurkituko dugu [5:40h].

Errepidean gaudela, LUZAIDE herriaren goi-sarrerarekin egingo dugu topo. Bere kaleetatik jaitsi eta eliza aurkituko dugu (365 m) [5:50h]. Amaitu da gaurko ibilaldia.

LUZAIDE/VALCARLOS, IBAÑETA, DONEJAKUE BIDEAri buruzko informazio gehiago esteka hauetan:
http://del.icio.us/otamotz/orreaga, http://del.icio.us/otamotz/codex_calixtinus


[-] Itxi