Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Jatorri alemaniarreko KONDAIRA

Errolanen porrota eta heriotzaren ostean, Carolus Handia Lepoederrera igo omen zen, oraindik bustita dirauen harri baten ondoan ilobaren heriotzagatik negar egiteko. Ondoren, aingeru batek aholkaturik, erreinuko dontzeilak deitu zituen eta horietarik 53.066 haren deialdira etorri zitzaizkion, guztiak gerlarien gisara jantzirik. Musulmanek hauek ikustean, enperadorearen laguntzaz egiazko gudarostea osatzen zutelakoan, ikarati, errenditu eta bataiatzeari men egin zioten.

Orduan, dontzeilak Luzaidera joan eta oihan baten ondoan lotaratu ziren. Biharamunean esnatzean, haien lantzak lorez beteriko zuhaitzetan bilakatuak ziren, egun "lantzen oihana" izeneko basoa osatzen dutelarik.

Orreaga - Lepoeder lepoa - TXANGOA (1.471 m ) - Bentarteko lepoa - LEIZATHEKA (1.409 m) - BEILLURTI (1.113 m) - Arnegi.

Orreagatik Arnegira, Napoleonen Bidea jarraituz.
Zelai artean...
Zelai artean...
—© Ostadar MT—
Egin klik handiago ikusteko
(62,164 byte)

ORREAGA (Roncesvalles, Roncevaux - 952 m).
OSPITALE eta SANTUTEGI ezagun eta zaharretik irtengo gara [0:00h]) eta kontrako norabidean GR-65 (Done Jakue Bidea) hartuko dugu, I.-eko noranzkoan Ibañeta Mendatera igoko delarik. Orreagako multzo monumentalak egun berri baterako bisita bereizia merezi du. XII. mendearen amaieran eraikitako SANTA MARIA KOLEJIATArekin, ospitale zaharreko eliza bera, guztiz gotiko den Nafarroako lehen eraikina, Antso VII.a Azkarrak eraikitzeko agindua. Gordetako eraikinetatik zaharrena, SANCTI SPIRITUS KAPERA dugu, baita KAROLUS HANDIAREN SILO bezala ezaguna, tradizioaren arabera, erromes anonimoren hezurrekin batera, Orreagako Batailan hil omen ziren Frantziako hamabi pareen hezurrak nahasturik dituen hezurtegia. Haren ondoan, DONE JAKUE edo ERROMESEN ELIZA dugu, XIII. mendeko tenplu gotikoa, zeinaren kanpai-horman Salbatore ezkila zintzilik dagoen (Ibañetako kapera zaharreko ezkila hain zuzen), erromesak ilunpean edo lainopean gidatuz, arratsaldetik gauerdira jotzen zuen ezkila. Gune arkitektonikoak hainbat eraikin zibilekin osatzen da: ospitale berria, errota zaharra, Itzandegia etxea, benefiziodunen etxea eta ostatua eta museo-liburutegia.

IBAÑETA MENDATEA Europa kontinentaletik Penintsula Iberikoan sartzeko pasabide garrantzitsuenetariko bat dugu, eta hala aditzera ematen dute oso garai desberdinetan hemendik igaro diren inbasio zein jende-migrazio ugariek: Ibañetatik igaro ziren NEOLITIKOko EHIZTARI NOMADAK; halaber, K. a. VII. mendean hemendik nagusiki igaro ziren ZELTEN MIGRAZIOAK penintsula iberiarreko bidean, inbasio baketsuan penintsulan burdinaren kultura eta hizkuntza berria sartu zutenak, bertoko herrietako ohitura eta sinismenetan eragin handia izanez. ERROMATARRAK ere pasabide erraz honetatik sarri igaro ziren geroago; Ibañetatik, edo Lepoederretik -historiagileen arabera- igaro zen (Bordele - Astorga) GALTZADA ERROMATAR zaharra, Donazaharreko hiribildua eta Iturissarako galtzada zeraman Aurizberri herria lotzen zituena. Erromatar Inperioaren akabera ekarriko zuen HERRI BARBAROen inbasioak penintsulan hainbat tokitatik egin bazuten ere, hemendik ere egin zuten sarrera. Bertatik ere igaro ziren CAROLUS HANDIA (Karlomagno) eta haren gudarosteak, eta baskoiek Orreagako batailan zelatan, Ibañeta eta Luzaideko sakonaren artean harrapatu zituzten Frantziarako bidean itzultzen ari zirenean 778ko abuztuaren 15ean; goi-bidetik ere igaro ziren 1794ean Konbentzioko gudaroste frantsesak Espainia inbaditu nahian; bertatik ere igaro ziren 1808. urtean, Armagnac Jeneralaren agindupean, penintsulan sartu ziren NAPOLEONen lehen gudarosteak; eta 1813an, Independentzia Gerran, hemendik ere igaro ziren erretretan Soult mariskalaren 35.000 soldaduak, espainiar lurraldean porrota izan ostean. Gertakari honen ondorioz datorkio bide honi NAPOLEONEN BIDEA izena, eta hala ezagutzen da gaur egun; eta ez gaitezen ahaztu mila urte baino gehiagotan zehar igaro diren MILIOIKA ERROMESez, bide honetatik pasatuak baitira Finisterrerantz DONEJAKUE BIDEA jarraituz, toki hau izanik finean Bide osoan zehar, Santiago hiriaren ostean indar historiko eta sinboliko gehien duen puntua.

IBAÑETA MENDATEA (1.057 m). [0:20h]. Bertan SALBATORE KAPERA aurkituko dugu (1965ekoa, XI. mendetik aurrera bertan bestelako kapera eta eraikin zaharragoak dokumentaturik izan diren arren, -eta baliteke baita I. mendetik aurrera ere) eta apur bat gorago ERROLDAN HARRIA (1967koa), bi metro luze den granitozko monumentua (orain dela urte batzuk ezpata astun batekin eta bi borra gurutzaturekin horniturik zegoena, azkeneko hauengatik burdinazko arantzez estalitako bi bola zintzilikatuekin hain zuzen), CAROLUS HANDIAren ILOBAren oroimenez jarria, tradizioaren arabera ORREAGAko BATAILAn hildakoa. Kaperaren ondotik, Ortzanzurietara doan -ENE- errepide estua hartuko dugu. Metro batzuk igaro ostean, errepidea utzi eta Donibane Garazitik datorren GR-65 (Done Jakue Bidetik), zein Pirinioak zeharkatzen dituen GR-11tik igotzen hasiko gara. Gaurko ibilaldian Urdanasburu bitarteko tontorrak saihestu nahi duenak, bide honen arrastoak jarraitu ditzakeela gogoratu nahi dugu.

Igoeraren zati honetan, Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko uren banalerroan, hainbat bidegurutze gaindituko dugu LEPOEDERrera iritsi arte -1.430 m-, gaztelaniaz PUERTO DE CISA, frantsesez PORT DE CIZE bezala ezaguna hain zuzen. [1:10h]. Hemendik dagoeneko URKULU mendiaren koroa ikus daiteke, antza, Hispania eta Galia inperioaren barnean erantsiak izanaren oroitzapenez eraikitako ustezko Trofeum-a. Orreagako harana hegoalderantz irekitzen da eta haren ikusmira ibilaldi honek eskainitako oparietako bat dugu.

Eskuinetik, errepidea ORTZANZURIETA -1.567 m.- gainera igo da, eta eskuinean ASTOBIZKAR -1.492 m.- gaina dugu, asto bizkarraren moduan, gainaren itxura luzeagatik datorkio izena; dena dela, aski zabaldua da egun Altobizkar izen dezente zaharra gaztelaniaz mintzatzen direnen artean, haren benetako izena erabili beharrean; bertara igotzea hautazko ekintza bezala utziko dugu. Historian zehar, bertako larre oparoen erabiltzeak bi erreinuen arteko artzainen liskarrak eragin ditu, bai azienda osteagatik, baita haien abereek lur hauek profitatzeagatik ere.

Astobizkarreko ekialdeko magaletik jaisten den pistatik jarraituko dugu MENDITXIPI lepo zabalera iritsi arte. Pista nagusitik jarraituko dugu eta eskuinean geratzen zaigun MENDITXIPI muinoa gainditu ostean, pista utzi eta eskuinetik sartuz Txangoa (Elizatxar) gainera igotzeko sartuko gara.

Zelaiez estalitako eta zenbait harkaitz-irtengune hornituriko gainaldeko muinotik -EIE- igoko gara, eta paseo ederrean TXANGOA 1.471 m. mendiaren tontorrera iritsiko gara [0:50h]. Harri-pila batek gaina koroatzen du. Ikusmira zoragarria da norabide guztietan, M.-an Lindus-Lauriñaga-Argarai-Adartza kordala nabarmenduz -bertatik ibili ginen aurreko ekainean; H.-an Ortzanzurieta, Mendilatz; I.-ean, Luzaide-Arnegiko haran sakona. E.-an Orhi gaina eta Erronkari eta Zuriza ibaxetako tontor ugari asko. Txangoa Orreagako Kolejiataren ondare izan zen 1837 urtera arte.

BENTARTEko LEPO zabalera -I- jaitsiko gara, 200. muga, 1.240 m, Done Jakue Bidea jarraitzen duen pista hartu, muga zeharkatu eta ERROLANEN ITURRI (Fontaine de Roland) emankorrera iritsiko gara, atsedena egiteko eta indarrak errekuperatzeko toki aproposa, bideari berrekin baino lehen. [0:15h]. Pista abandonatu eta eskuinetik LEIZATHEKA (1.409 m) gainera igoko gara. Gainetik URDANARREko mazela zabalak eta haien ingurua ikusiko ditugu. [0:15h]. Milaka ardi eta ehunka zaldi eta behor bazkatzen dira paraje hauetan uda garaian, zelai berdeei kolore berria emanez. Hurbileko URDANASBURUko HAITZean (1.233 m), zelaietatik azaleratzen den haitz handi batean hain zuzen, bada ekaitz egunetan zaldiek eta ardiek babesleku gisa erabiltzen ohi duten kobazulo zabala. Bertan ere abaroan egoten dira udako oren beroenetan, eguzkiak errukia erakusten hasi arte bederen.

Pistaraino jaitsiko gara -I-, eta beretik jarraituz errepidearekin bat egiten duen bidegurutzeraino iritsiko gara. Errepidetik eta zelaietan egindako tarteetatik jarraituko dugu Beillurti magaleko LEPOra iritsi arte.

Eskuinean (E), HOSTATEGIko (1.192 m) muino hurbila aurkituko dugu, eta haren puntan CHÂTEAU-PIGNON izeneko gotorleku militarra, iraganean irudika genitzakeen kanoi-zuloz hornituriko murru sendoak zirenetatik, pilatutako eta sakabanatutako silarriak zutik besterik erakusten ez dituena. Gotorleku hau, baita hurbileko ZERKUPEkoa ere, Historiazaleek aski ikertutako guneak dira. Château Pignon Aragoiko Fernandok XVI. mendeko lehen laurdenean, Nafarroa hartu ostean eraikitako gotorlekua dugu. ZERKUPEko gotorlekua zaharragoa ematen du, Historiaurretik badagoela esan liteke, agian Neolitikotik (Brontze Arotik) aurrera hain zuzen. Benetako babesleku naturala delarik, Château-Pignon 1512, 1521, 1793, 1813 (garai napoleondarrean), etab. urteetan borroka-gunea izan zen. Egun, haren aurriak baino gordetzen ez direlarik, seguruenik aurretik zegoen beste eraikin ezezagun baten gainean egin zen. Caro Jeneral espainiarrak 1793an gotorlekua erabat eraistea agindu zuen. Hogei urte geroago, 1813ko uztailaren 25ean (Independentzia Gerran), bertan ingelesen eta Soult mariskalaren agindupean ziren frantsesen arteko borroka izan zen. Barrua bandaloek kaltetua izan zen eta uso-ehiztariek postu bat jarri zuten haren gainean. Kanpoan 1521 eta 1813 arteko borroken testigantzak aurkitu dira.

Beillurti mendiaren magaletik, errepide bat Arnegira jaisten da. Errepidea zeharkatu eta BEILLURTI -1.113 m- mendiaren gainera igoko gara [1:10h]. Harriz osaturiko zedarri batek gain berdea koroatzen du, behealdean Luzaide herria ikus daiteke.

Jaitsierari ekingo diogu -I-, Arnegira jaisten den errepide estua hartuko dugu, eta beretik zenbait metro ibili ondoren, albo batera abandonatuko dugu. Ezkerrean kokaturiko egurrez egindako pasabide batetik igaroko, eta zelaietatik malda gogorrean jaitsi ostean errepideraino iritsiko gara.

Jaitsieraren gainerakoa muga berean kokaturiko ARNEGI herrirainoko egingo dugu, errepidez zein zeharbide laburretatik ibiliz; ibilbidea amaitu dugu [1:30h].

Informazio gehiago hemen: http://del.icio.us/otamotz/orreaga, http://del.icio.us/otamotz/codex_calixtinus


[-] Itxi 
Eranskina (1)

2008ko irailak 7

Done Jakue 'Bideak'

Done Jakue Bidea Penintsula Iberikoa eta Europa osotik abiatuta, Santiago de Compostela hiriburura, Jakue apostoluaren erlikiak gurtzearren, erromesek egiten duten bidea da. Erdi Aroan zehar oso bide erabilia izan zen, geroago pixka bat ahaztua izan eta egun berriz indar handia hartu izan du. Askotan, bideak iraganeko Erdi Aroko galtzada zein galtzada erromatarrekin bate egiten zuen, baita transhumantzia zein merkataritzarako bideen ibilbideekin ere. Done Jakue Bidea UNESCOk GIZON-EMAKUME GUZTIEN ONDARE gisa ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Liber Sancti Iacobi liburua (Done Jakueren liburua).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailak 7

VII. KAPITULUA: Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2008ko irailak 7

Errolan eta Orreagako Bataila.

Irakurri gehiago [+]