Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



OJACASTROKO FORUA...

XIII. mende aldera dagoeneko Ojacastroko Haranak egituratutako biztanleria bazuen eta bertako biztanleak euskaraz bizi ziren. JOSÉ J. BAUTISTA MERINO URRUTIA etnologo eta historialari ezagunak idatzitako "El vascuence en La Rioja y Burgos" liburuan Ojacastroko biztanleak Fernando III.a erregearengandik (1235) epaiketetan euskaraz mintzatzeko pribilegioaren emakida nola lortu zuten azaltzen digu. Foru honek gutxienez Ojacastroko biztanleak babesten zituen, denbora luzez argirik ikusi gabe udaleko artxibategi munizipalean aurkitutako fazaña (Gaztelan, Valentzian, Katalunian eta Aragoin erabilitako epaiketa-sistema, legeetan baino tokiaren ohituretan oinarritzen zena) honetan irakurri daitekeen moduan:

"Esto es por fazanya que el Alcalde de Oia-castro mando prender Don Muriel que era merino de Castiella, porque juzgara que el uno de Oia-castro si le demandase ome de fuera de la villa, que el recudiese en bascuence. Et de si sopo Don Muriel que tal fuero habian los de Oia-castro e mando dexar e dexaronle luego que juzgase su fuero".

(itzul.) "Hauxe Ojacastroko Alkateak fazaña batengatik Muriel Jauna, Gaztelako Merinoa, deitu zezaten kontua dugu, azken honek ebatzi zezan Ojacastroko biztanle batek euskaraz deklaratzerik ote zuen hiribildutik kanpoko pertsona batek epaitegira deitzen bazuen. Eta hala jakin zuen Muriel Jaunak, Ojacastroko biztanleek halako forua erabili ahal zutela eta berau ezarri zedin agindu zuen, bertakoak foru horren pean epaituak izan zitezen."

Pazuengos - CHILIZARRIAS (1.825 m) - CUÑA (2.008 m) - CABEZA PARDA (2.106) - SAN LORENZO (2.271 m) - Valdezcaray eski estazioa.

Errioxako gain garaienaren bila...

Gaurkoan Errioxan burutuko ditugun 16 kilometroko ibilbidean zehar, iraganean ARANDIO bezala ezagutzen zen DEMANDA MENDIAren alderdi batek eskaintzen digun paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu. Pazuengos (1.160 m) herritik herrialde honetako SAN LORENZO tontor garaieneraino (2.270 m, iraganean KUKULA izenekora) antolatu dugun txangoa beteko dugu gaur, amaiera VALDEZCARAYko eski estazioan egingo dugularik. Ibilbide honek biak, EZKARAIko herria eta Errioxan erlijio-zentro garrantzitsua den VALVANERAko MONASTERIOa, garai zaharretan lotzen zituen bide zahar bera jarraituko du. Ostadar Mendi Taldeak hain zuzen, 1993/05/13an txango hau egin zuen eta egun ibilbidea GR-93.1 zidor luzearen zatia dugu.

Paisaia erabat eraldaturik dago abeltzaintzaren presioarengatik: oso baso ederrak aurkitu ditzakegu (pagoak, pinuak), gero eta ugariagoak bihurtzen ari direnak populazioaren zahartzearengatik, baita abeltzaintzaren gero eta presio txikiagoagatik ere, larreak gero eta urriagoak bihurtzen ari direlarik. Errioxako Gobernuaren zaintzarengatik hain zuzen, Chilizarriaseko larreetan BEHI SUHAR BELTZ autoktonoak ikus ahal izango ditugu.

Mendi hauetan ohikoak dira lainoa eta haizea jabe izaten diren egunak, eta mendi biribilak direla kontuan harturik, erraza da lainoan sarturik erreferentziak galtzea. Horrexegatik, mendiok pistaz beterik eta erabat gizatarturik diren arren, orientazioa galdu gabe isurialde zuzenetik jaistea oso kontu garrantzitsua izango dugu.

PAZUENGOS (1.160 m).
Gehienak erretretan izanik, berrogei bat biztanle dituen eta garai zahar hobeak ezagutu zituen herri txikia dugu: jubilatuok baratzaren zaintzan eta gutxi batzuk abeltzaintzan oinarritzen dute euren jarduera. Errepidea amaitzen den inguruan hasten dira lehendabiziko etxeak. Toki horretan bertan, eskuinaldean, aterpearen ondotik igaro den errepidea hasten da. Tarte labur batean pistan bihurtuko da. Puntu honetan bertan GR-93 zidor luzearen marka zuri-gorriak ikusiko ditugu, EZKARAI eta DONEMILIAGA KUKULA (San Millán de la Cogolla), biak lotzen dituena. 5 bat minutuz pista beretik ibiliko gara, ezkerrean igarotzeko aukera ematen digun pista bat aurkitu arte. GR-a utzi eta pista horretatik igoko gara.

Ordubetez pistatik ibiliko gara, lehendabizi eskuinaldean ASKA bat [15´] ikusiko dugu, tarte laburrean PETROLIO-PLATAFORMA zahar [25´] baten ondotik igaroko gara, pista mozten duen HESI batera [30´] iritsi arte. Hesia zeharkatu eta pistatik igotzen jarraituko dugu.

LEPO txiki batetik igaro ondoren, pagadi batetik igaroko gara, gerora LEPO zabal batera iritsiz (1.550 m) [1h]: ezkerraldean, Chilizarrias mendiaren gain biribila ikusiko dugu, eskuinaldean ordean Piquillas mendia.

Ia lepoaren garaiera bera mantentzen duen pistatik jarraituko dugu. Laster, aurrean, lepoa baino lehenago, URAK HARTZEKO ETXOLA bat dago; ez gara bertaraino iritsiko, izan ere 20 bat metro lehenago, eskuinaldetik irteten den beste pista [1h 10’] batetik igoko gara Chilizarrias eta PIQUILLAS mendien arteko COLLADO DE LOS POZOS (1.612 m) [1h 15´] lepora iristeko.

Hesia zeharkatu eta honen parean, abandonatu gabe hauxe ezkerrean dugula H-ko norabiderantz Chilizarrias [1h 45´] tontorreraino jarraituko dugu.

CHILIZARRIAS (1.825 m). Buzoia eta erpin geodesikoa. Ezkaraitik igotzeko mendi klasikoa dugu. Norabide guztietan panoramika ederra eskaintzen du, H-an CUÑA, PEÑA PARDA, SAN LORENZO eta PANCRUDOS (2008an bisitatu genituenak), I-ean GORBEIA, TOLOÑO edo AIZKORRI, E-an DONEMILIAGA KUKULA eta M-an , CAMERO NUEVO MENDIA (2007an bisitatu genuena, ondorengo mendiak ezagutuz, La AGENZANA, LOS BUTRONES, MOJÓN ALTO eta TORRUCO DE LAS MENTIRAS gainak hain zuzen).

Gandorretik jarraituko dugu, H-rantz oraindik ere hesia ezkerrean mantentzen ari garela LEPO txiki [1h 50´] batera iritsi arte eta bertan HM-rantz egingo dugu bira BERREGUERA LEPOra (1.732 m) [2h] iritsi arte. Hemen hiru bide ikusiko ditugu: erdikoa baztertuz, aurrean dugun GULLICERRA (1.926 m) muinora igo gaitezke edo bestela ezkerreko pista hartu desnibel txikiagorekin Gullicerra eta Cuña arteko LEPOra zuzen iristearren. Bi aukeretan LEPO honetara (1.906 m) iritsi behar dugu eta bertatik CUNA mendiaren tontorreraino iritsi [2h 45´].

CUÑA (2.012m). Aurrean begiratzen badugu (S), ezkerraldean CABEZA PARDA gaina izango da eta eskuinean SAN LORENZO: haren M-ko isurialdean Valdezcaray eski-estazioko pistak ikusiko ditugu.

H-ko norabidean jarraituko dugu ORMAZAL LEPOraino jaitsiz (1.888 m) [3h 00´], apur bat gorago, eskuinaldean, Valdezcaraytik datorren pista ikusiko dugu, ARTAZA LEPOra igoko dena ia 180 graduko bira egin ondoren. Gu ez gara pistatik igoko, aldapa gogorretik (HE) ordea CABEZA PARDA [3h 25´] tontorrerako azkeneko metroak burutuko ditugu.

CABEZA PARDA (2.116 m). Cabeza Parda eta San Lorenzo arteko ARTAZA LEPOrantz abiatuz HM-ko norabidea hartuko dugu (2.030 m) [3h 40´]. Hemen Valdezcarayko teleaulkietako bat ikusiko dugu. Bertako zidorretatik ibiliz, aldapa gogorretik (HM), SAN LORENZO [4h 10´] tontorreraino iritsiko gara.

SAN LORENZO (2.271 m), DEMANDA MENDIAren punturik garaiena, nahiko gizatarturikoa hain zuzen. Dena dela ere, norabide guztietan eskaintzen duen panoramika ikusgarria da.

Valdezcarayra egingo dugun jaitsierarako, Artaza lepora [4h 25´] jaitsiko gara igo garen bide beretik hain zuzen; hemendik aurrera eski estazioko pistak erabiliko ditugu. Lehendabizi ORMAZAL LEPOtik ikusten genuen pista hartuko dugu, Cabeza Pardapetik igaro eta eski estazioko teleaulkietaraino jaisten dena. Lehendabiziko teleaulkietan, bertako pista eta bideak erabiliko ditugu APARKALEKUraino jaisteko (1.550 m) [5h 30´]. Autobusa bertan izango da. Arropaz aldatu eta autobusez Cameroko LUMBRERAS herrira joango gara: han afaldu eta lo egingo dugu.


[-] Itxi 
Eranskina 

2009ko ekainaren 10ean.

Euskal toponimia Errioxan eta Burgosko ekialdean...

Irakurri gehiago [+]