Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Viguera - PEÑA SAIDA (1.378 m) - SERREZUELA (1.334 m) - SOMERO (1.313 m) - PEŅA ALDERA (1.248 m) - RODALILLO (1.157 m) - Clavijo.

Nalda Mendian, Vigueratik Clavijoraino egindako zeharkaldi ederrean...

Ibilbidea Viguerako HARROBIAn hasiko dugu. Harrobira heltzearren, herrigunera iritsi baino lehenago errepidearen ezkerraldean kokaturiko ZELAIGUNEaren ondoan dagoen bidegurutzea hartu beharko dugu. Handik segidan beste bidegurutze bat topatuko dugu: eskuinekoak txorizoak ekoizten dituen fabrikara darama, ezkerrekoak ordea, HARROBIra… eta autobusez edo autoz lasai igo daiteke goraino ondo asfaltaturiko 2 kilometro t’erdi luzera duen bidea nahiko zabala delako.

VIGUERA (Harrobia – 775 m) [0h :00’].
Harrobiaren sarrera nagusiaren eskuinaldetik pista bat ateratzen da eta berau jarraituko dugu HM-ko norabidean. Harrobiaren goialdera daraman errepidea 600 bat metroz jarraituko dugu eta errepideak S bat marrazten duenean, zuzen garamatzan BIDEZIDOR bat aurkituko dugu [0h 15’], lasterbide moduan, bihurgunearen hasieran hasten dena.

Zidorrean sartuko gara eta laster bidegurutze batekin topatuko dugu. Bihurgunearen lasterbide izatea nahiko lukeen eskuineko aukera ez hartu eta ezkerrekoarekin ezkonduz aurrera egingo dugu. Hemendik jarraituz, inguru ederrean, pagadi eta oihanpe artean, harrobiaren eta urruneko paisaiaren bista zabalak eskainiz, garaiera hartuko dugu eta HE-ko norabidean lehendabizi eta 970 metroko garaieratik aurrera, H-ko norabidean, ezpel-zuhaixken artean CORTADOS DE PEÑA PUERTA Y CERROYERA [0h 45’] izeneko amildegien ertzeraino iritsiko gara (plataforma zabala bertan, baita eraikin baten hondakinak toki berean ere). Paisaia egundokoa da eta Errioxak berak babestutako PAISAIA NABARMEN ETA BEREBIZIKOETAKO KATALOGOan sailkatutako ingurunea dugu (labar hauek euren paisaia-berezitasun fisiografikoarengatik hain zuzen). Labarren pean irteten den CHORRON DE VIGUERA ur-emaria ere katalogo berean nabarmendutako ingurua dugu.

Jakin dezagun, ea hau beste aukera baterako utziko dugula, Cerroyera mendira igo nahi duen mendizaleak, harrobitik gora irteten den pista jarrai dezala gomendatzen dugula. Pistak CERROYERA gainera (1.406 m) eramango du aldapa gogorreko tarte batzuk bidean direla. Gainean 8 komunikazio-antena eta 3 etxolaz gain, heliportu bat aurki daitezke. Hala egiten duenak PORTILLO DE LOS LADRONES-eko TRIKUHARRIA (?) eta inguruan dagoen ZUTARRI (?) etzan bat bisita ditzake.

Dena dela, jarrai dezagun gure ibilbidearekin. Amildegiaren plataformara iristean, HHE-ko norabidea hartuz, eta zidorrak jarraituz, sakonaren gainean dagoen egurrezko hesi borobil batez inguraturiko harrizko txabola txuri baten ingurura iritsiko gara [1h 30’]. Txabola honek CHOZO BLANCO izena du, eta ibarreko ardandegietan eraiki ziren txabolen antzerakoa da. Inguru honetatik, honaino iristearekin gainditu dugun depresio zabal eta sakona ikusiko dugu, CORTADOS DE PEÑA PUERTA Y CERROYERA izeneko amildegian amaitzen dena.

Chozotik aurrera, norabidea E-rantz aldatu eta pista jarraituko dugu, ezkerrean dugun depresioa inguratuz. Pista jarraituz, aurrean ezkerrean goian ikusten ditugun larreetarantz abiatu behar dugu, eta hala egingo dugu, bertarantz ezkerretik jarraitzen duen bigarren pista bat ikusten dugunean.

Chozotik kilometro bat edo eginda dugunean (15 bat minutu), COLLADO PALOMERO ingurutik pasatuko gara. Bertan, ERRIOXAKO PAISAIA NABARMEN ETA BEREBIZIKOETAKO KATALOGOan markaturik diren “Collado Palomero I” eta “Collado Palomero II” izeneko BI TRIKUHARRIAK aurki daitezke. “Collado Palomero I” trikuharria 1982an industu zuten. 20 metroko diametroa eta 3 metroko garaiera dituen tumulu batez osaturik dago. Trikuharria espoliatuta izan zela uste da, XVII. mendeko 2. erdian erabiltzen ziren txanponak aurkitu zirelako indusketa egin bitartean bertan. Giza-gorpuzkinen arrastorik apenas ez zen aurkitu trikuharrian. Lehen trikuharri hau industu zutenean, “Collado Palomero II” trikuharria aurkitu zuten inguruetan, azkeneko honek 15 metroko diametroko tumulua duelarik.

Bideak ostera IE-ko norabidea hartuko du, aldapan gora ezkerrean dugun sakon zabala inguratuz.

LEPOtxo [2h 15’] batera iritsiko gara, eta bertan eskuinerantz egingo dugu bira.

Peña Saidaren inguruetara iristen ari garela ikusiko dugu… eta jakin dezagun tontor nagusiaren aurretik pare bat tontor harritsuak gainditu beharko ditugula, kono itxurako azken tontor nagusira iritsi baino lehen. Lehendabizikoa ekidin daiteke, pistatik apur bat gehiago jarraitu izanez gero.

PEÑA SAIDA (1.378 m) [2h 35’]. Erpin geodesiko batek eta gainean, erabat herdoilduta Logronoko Club Sherpa mendi taldeak 1985ean jarritako buzoiak, gaina koroatzen dute. Gainak eskaintzen dituen bista panoramikoak apartak dira, izan ere norabide guztietan Euskal Herriko, Errioxako eta inguruko hainbat gain ezagun ikus daitezke: JOAR, LAPOBLACIÓN (Errioxan, handik duen itxuragatik “El león dormido” bezala ezaguna dena), TOLOÑO MENDIA bere gain ezagunekin, CASTILLO DE METRIA mendia (izen okerra baitu Viguerakoari dagokionez), atzo bisitatutako gain guztiak (CHILIZARRIAS – CUÑA – CABEZA PARDA eta SAN LORENZO), iaz bisitatuko PANCRUDO mendiak, CEBOLLERA MENDIA, NEILA eta URBIÓN gainak, Errioxa hegoaldeko mendiak oro har, gaurko ibilbideko guztiak, eta Clavijo ondoko LATURCE gaina barne. LOGROÑO eta EBRO IBARREKO HERRIXKAK ere argi eta garbi ikus daitezke bertatik.

Gaina utzi eta tontorretik E-rantz aterako gara, aurrean ikusten dugun pista eta hesirantz zuzenduko garelarik. Hesiaren ondotik jarraituko dugu eta honen ondoan aurrerantz eginez, maldan behera jaistea egokituko zaigu: jaitsieran hiru terrazaz osaturik dagoen aldapatik jaitsiko gara: aurrean dugun SERREZUELA mendi harritsuaren bila goaz orain.

Sakonera iristean, alanbre-hesia zeharkatuko dugu, eta elkarri lagundu beharko diogu zeren eta ez dago eroso pasatzeko pasabiderik. Lepoan cairn bat topatuko dugu.

Aldapa igotzeari ekingo diogu, eta mendiaren azken maldaren magalera iristean, PORTILLO DE CALERA lepoan ezkerreranzko inguratze bat [3h 05’] egingo dugu, sakontxora jaitsi gabe, daramagun garaiera galdu ez dugu nahi-eta. Serrezuela mendiaren magalean, albotik erasoko dugu harri hutsez estalitako tontor zurixka… hegiaren erdialdean bada goitik behera marraztutako harrizko zidor piko zuzena… gogorra izango da bertatik igotzea, urrats bat aurrera eta bi urrats atzera egin dezakegulako hartxintxar gainean irristatzen bagara… hori bai, atseden momentu hauetan, atzera eta eskuinera begiratzen badugu, LUEZAS herri zaharra ikusteko aukera izango dugu… ehun-industriaren, abeltzainen krisiak, hiriaren erakarpenak, inguru honetako baliabide eskasiak eta aurrerakuntza berak eraginda XX. mendean hutsik (biztanlerik gabe) geratu zena. Artilearen ustiapenerako abeltzaintzaren atzerakada lehenik eta ehun-industriaren krisia ondoren Luezaseko biztanleen emigrazio masiboa piztu zuten; ostera baso-birlandaketak eta zerbitzuen eskariak Luezasen hustearekin amaitu zuten, bertako biztanleak Logronora eta bestelako hirietako industria-guneetara emigratzea ekarriz. Hala ere, gaur egun bertan biztanleren bat edo geratzen dela esan liteke, etxe gutxi batzuk dituzten teilatu berria horren seinale izan daiteke-eta.

SERREZUELA (1.334 m) [3h 15’] mendiaren gainera iritsiko gara. Zazpi bat harriz osatutako zedarri txiki batez koroatutako gaina dugu berau. Aurreko gainak eskaintzen dituen bista ikusgarriak ere eskaintzen ditu honek. Jakin dezagun, Serrezuela gainaldeko inguru osoa Errioxako Paisaia Nabarmen eta Berebizikoetako Katalogoan sailkatutako tokia ere dugula (haren paisaia-berezitasun fisiografikoarentik hain zuzen).

Gainetik behera E-ko norabidean jaitsiko gara, Somero eta Serrezuela mendien arteko PORTILLO DE LA OLLA sakontxoan dagoen pista hartzearren. Pistak Somero mendiaren ipar magaletik gora igoko da gailurreria hartu arte. Pistaren gain honetatik, Somero gaina 100 bat metrora geratuko zaigu, mendebalderantz ia aldaparik gabe bertaraino irits daitekeelarik.

SOMERO (1.313 m). Bista zabalak gain, TREVIJANO herria eta haren inguru ederrak erakusten dituen gaina: Trevijano, 1.017 metrotan kokatutako herria, BIOSFERA ERRESERBA IZENDATUTAKO LEZA IBAI-ARROaren gainean dagoena, eta aipatu dugun katalogoan BEREBIZIKO PAISAIA duen ingurua delako.

Gainetik, IE-ko norabidea hartuko dugu eta mendiaren magaletik jaitsiko gara, Trevijanoren begirada gainean dugula. KONTUZ IBILI! hegi honetan, izan ere alanbre-hesia gaizki tenkatuta dago eta tarte batean berarekin traba egin daitekeelako. Pistaren bila joango gara eta pistak bihurgune egiten duen tokian hartuko dugu aurrera jarraituz.

Pistatik jarraituko dugu, eta bidean langa metaliko batekin egingo dugu topo. [4h 0’]. Langatik abiatuta, ezkerrerantz begiratzen badugu, iturri txukuna ikusiko dugu bertan, ur hartu nahi duenarentzako toki egokia delarik.

Pistak aurrera egingo du eta Trevijano herria eta haren inguruko paisaia ederra galtzen joango gara. IE-ko orientazioa duen pistatik ibiliz muino bat eskuinetik inguratuko dugu, lepotxo batera jaistearren. Bertan harriz egindako oktogono itxurako hesia ikusiko dugu: COLLADO DEL MALLO lepoa dugu, eta oktogonoaren barruan hain ezaguna egin duen “Collado del Mallo” TRIKUHARRI ederra. [4h 10’]. Trikuharriak korridore luzea du ekialdean eta kamara, 8 harri luze ederrez osatuta dago, korridore eta kameraren artean harlauza estu batek estalki motuko lanak betetzen dituelarik: trikuharria bikaina da eta merezi du bai honaino etortzeak! Bai horixe!

Trikuharria utzi eta pistara itzuliko gara berriz… eta I-ko norabidea hartuz aldapa gogorrari ekin beharko diogu. Peña Aldera izango da zapalduko dugun hurrengo gaina.

Pistak gaina hartzen duenean, alanbre-hesiaren inguruan dagoen ezpel-zuhaixkaz estalitako ingurutik jarraituko dugu HM-ko norabidean… minutu batzuk ondoren tontortxoraino iritsiko gara.

PEÑA ALDERA (1.248 m). Trevijano zein inguruetako mendien bista zabala, baita ekialdean Errioxa Beheko herri batzuen panoramika zabala, esate baterako Ausejo bere muino ezagunean… eguraldia lagun bada, neguan Pirinioetako tontor zuriak ere ikus daitezke gain honetatik.

Gaina utzi eta pistara itzuliko gara, aurretik utzi dugun puntura hain zuzen. Pistatik jarraituko dugu eta eskuinean heliportu bat ikusiko dugu eskuinean.

Rodalillora hurbiltzen ari garela, hurrengo gaina hain zuzen, bidegurutze bat topatu eta bertan xuxen jarraituko dugu. Bidegurutze honetan ezkerraldera joango bagina, PEÑA GUERRA I, II, III eta IV TRIKUHARRIAK bisitatzerik izango genuke, pista honen inguruan aurkitzen dira laurak-eta. Eskuinean Clavijo herria eta Laturce gaina ere ikus ditzakegu, eta muinoa gainditzean, PINUDI eder batean sartzen ari garela ohartuko gara. Pinudian lurrezko pista jarraituz, jaitsi eta jaitsi egingo dugu.

Rodalillo [5h 5’] aurreko BIDEGURUTZEra iritsiko gara. Eta hemen 3 bat aukera izango dugu aurrera jarraitzeko:

  • Zuzen jarraitu izanez gero, Clavijora eramango gaituen pista hartuko dugu. Hauxe Rodalillo gaina egin nahi ez dutenek har dezaketen aukera dugu.

  • Ezkerrean, MALDA PIKOAn zuzen-zuzen marrazturiko zidorra hartu, Rodalillo gainera eramango gaituena.

  • Edota ezkerretik ere, eta bigarren honen alboan, sortzen den PISTA hartzea, sigi-saga oso igoera erosoan gain berera eramango gaituena.

Gure ibilbidearen deskribapenean, guk azken bi aukeretako bat hartuz jarraituko dugu. Pistatik jarraituz gero, zelaitxotik igo beharko dugu metro batzuk atzera egin eta tontorrera heltzeko.

RODALILLO (1.157 m). Cairn bat gainean. Bitxia bada ere, garaiago den puntuak ez dauka cairn horren arrastorik. Ebro ibaiaren arrorako bista zabalak eskaintzen dituen gaina. Eta merezi du hona igotzeak bai, mendiaren gailurreria korritzen duen pista hartuz, paisaia zabalez gozatuko dugulako.

Pista jarraituko dugu eta gailurreria osoa jarraituko dugu bertatik eginez. Bidegurutze batean eskuinerantz hartuko dugu eta minutu gutxi geroago pistak beherantz egingo du jaitsiera hartuz. IE-ko norabidean jarraituko dugu bertatik jaitsiz. Aldapa erdian eskuinerantz ateratzen den zidor bat ikusiko dugu.

  • Berau hartu dezakegu eta hegian zuzen jaitsi edota,

  • Aurrerago jarraitu ezkerreranzko bihurgune itxi bat aurkitu arte. Bihurgunearen erdian. IE-ko norabidearekin ateratzen den zidor bat aurkituko dugu, errekasto baten bidea “v” bat eginez zeharkatuko duena…

azkenik bi bide-zatiak Clavijo herriaren aurreko sakontxoan elkartuko diren tokiri iritsi arte. Alanbre-hesia dago eta eskuinerantz eginez, sakontxoan pasatzea gomendatzen dugu –elkarri laguntzea beharrezko izango da.

Eta aldapa igotzea baino ez zaigu geratuko, gazteluaren begiradapean, aurrean dugun CLAVIJO herrigunera iristeko. Autobusa gure zain izango dugu. Atsedena hartzeko garaia da [6h 20’]

CLAVIJO bera, BERTAKO GAZTELUA, SANTIAGOREN ERMITA eta SAN PRUDENCIOREN MONASTERIOAREN HONDAKINAK euren paisaia- zein kultura- berezitasunarengatik ERRIOXAKO PAISAIA NABARMEN ETA BEREBIZIKOETAKO KATALOGOan sailkaturik daude. Gaurkoan denborarik ez badago, hurrengo batean bisita merezi dute! Hautazko jarraipen gisa LATURCE (1.039 m) mendira igotzeko aukera irekita utz dezakegu, baina hori beste baterako utzi beharko genuke ibilaldia luze samarra izan delako gaurkoan.


[-] Itxi