Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Wallon Aterpea (1.865 m) - PICO DE LA GRAN FACHA (3.005 m) - Respumosoko Aterpea (2.220) - Embalse de la Sarra (1.438 m).

Gran Facha (3.005 m).
Gran Fachako Ama Birjina
Gran Fachako Ama Birjina
—© Javier Fernández—
Egin klik handiago ikusteko
(53,053 byte)

MARCADAU HARANetik PIEDRAFITAko ZIRKOrako zeharkaldiak, GRAN FACHAko tontorrera igoz gero, igoeran 1.200 metro inguruko desnibela du, eta 1.600 metroko jaitsiera helmugara iristean; bideak ez du galtzeko aukerarik ematen, izan ere tontor eder honetara egingo dugun igoera bide klasikoenak erabiliz egingo dugu; baina hori bai, goizean goiz jaiki beharko dugu eguerdiko beroa eta arratsaldean azal litezken udako ekaitzak ekidin nahi baditugu.

WALLON ATERPEA (1.865 m)
Aterpetik irten eta berehala MARCADAUko UHARRA egurrezko zubi bat erabiliz zeharkatuko dugu; dagoeneko ekia gain garaienak argitzen hasia dago, baina oraindik tarte luzea behar izango dugu bere izpiak aurpegian senti ditzagun; bidea nabarmenki markaturik dago; uhar berri bat zeharkatu eta metro batzuk aurrerago, beste uhar baten ondoan, bidegurutze baten ondotik igaroko gara; ezkerreko bideak MARCADAUko MENDATEA jarraituz PANTICOSAko BALNEARIOra darama; gurea eskuinekoa izango da, PIC ARRAILLOUS mendiaren magalera doana hain zuzen; ibilbidea gogortzen hasiko da, lehendabiziko sigi-sagak egiten hasiko gara, lehendabizi IM-rantz, M-rantz ondoren; errekasto bat zeharkatu eta gure zidorrak pixkanaka ezkerraldean Fachatik behera jaisten den ibar sakona abandonatzen hasi eta eskuinean agertzen den sakan paralelo baten bila arituko da.

2.291 metrotan kokaturiko LAKU txiki batera iritsiko gara, haren hustubidea zeharkatu eta urruntasunean elur orbantxo batzuk izan ditzakeen haran txiki batean sartuko gara. 2.430 metrotan kokaturiko LEPO zabal batera igoko gara; ezkerrean beste aintzira bat utzi eta, orain bai, FACHAren LEPOra (2.665 m) garamatzan haran zabalean sartuko gara; honaino iristeko bi ordu t'erdi inguruko denbora behar izan dugu; gure atzean Marcadauko haran frantsesa utzi eta PIEDRAFITAko ZIRKOko HARAN eta TONTORretarantz begiratuko dugu; BALAITUS GAINA da guztien artean gailentzen dena, LA FACHAKO LAKUAK, RESPUMOSO eta CAMPOPLANOKO parajeek Sarrarako jaitsiera markatuko digute, baina momentu honetan, gure helburua bestelakoa da, "Grande Fache" mendiaren tontorrera igo behar dugu-eta, atzo Aterpetik miresten genuen piramide itxurako mendi-puska erraldoi hori hain zuzen.

Bizkar-zakuak lepoan utziko ditugu eta igoeraren azken zatiari ekingo diogu; OLLIVIER GIDAK dioena azalduko dut ondorengo lerrootan:

"Hegoaldetik harritzez estalitako malda batzuetatik igo, ondoren eskistoz hornituriko ertz batetik jarraitu, sendoa baina erraza, ia beti haren mendebaldeko isurialdetik; bidea nahiko ongi trazaturik dago; eskalada oso errazeko (1) punturen bat tokiren batean. Tontorrera iritsi baino lehen bi arrail zeharkatu beharko dira."

Argi izan behar dena zera da, bide normalak ez duela inondik ere eskalatu beharreko tarterik eskaintzen; zedarriak arretaz jarraitu behar dira, eta atzera egin et aberriz zedarriak hartu tarte okerragoetan sartu baino lehen.

Tontorrera igotzeak 3 ordu laurden gehiago izango dira.

Gran Facharen tontorretik ikus daitekeen panoramika zabala dugu: PICOS DE INFIERNO, ARRIEL, BALAITUS, CRESTAS DEL DIABLO, MIDI D´OSSAU mendiak, VIGNEMALEko mazizoa, GAVARNIEko ZIRKOaren tontorrak, MONTE PERDIDO mendia, etc.; "VIRGEN DE LA FACHE" Ama Birjinaren tailu batek tontorra koroatzen du; animaliek jandako tontorreko liburu bat ere ikusiko dugu bertan.

Bidea nabarmena izango da jaitsieran, hala ere ez dezagun ahaztu jaitsiera ere tentuz eta arretaz egin beharko dugula.

Lepoan berriz, talde osoa elkartu ondoren (batzuk PEÑA DE ARAGÓN -2.918 m.- gaina igotzerik dute), zakuak bizkarraren gainean berriz eta mendebalderanzko jaitsiera gogorrari ekingo diogu; FACHAko MENDEBALDEKO AINTZIRetara -2.514 m.- iritsiko gara; ezkerretik inguratu eta CAMPOPLANOko SAKANetik behera jaisten jarraituko dugu, izen bereko urtegira iritsiz (2.150 m); urtegia ezkerretik inguratuko dugu eta haren hustubidean beste isurialdera igaroko gara IBON DE LAS RANAS izeneko AINTZIRAra iristeko; aintzira honen ondoan PIEDRAFITAko ATERPE zaharra (ALFONSO XIII.) dago.

A ze oroimenak!... Esteban Wallon aterpetik etxera itzulia zen; Karlos eta ni Piedrafitara joan behar genuen, hantxe geratuak baikinen Manuel Iraolarekin, berak igoko baitzigun janaria eta baita kanpin-denda bat ere, denok elkarrekin zirkoko gainetara igotzen egun batzuk pasatzeko; lepoa igaro... bai, igaro genuen, baina ekaitza ikaragarri batek jotzen zuen artean egin genuen. Piedrafitara tximista eta oinaztarri artean iritsi ginen; aterpe txiki honetan geratu ginen eta gutxien espero genuenean, euriak gogor ari zuelarik, bidean Manuelen irudia ikusi genuen; ez naiz inoiz ahaztuko, kapa gainean zuela, haren bizkar-zakuak burutik gora gutxienez metro erdi gailentzen ziola, eta bi poltsa ere eskuan zeramatzala. Hori Manuel handia...! pentsatu nuen, handia naizenean bera bezala izan nahi dut...

Gure bidea RESPUMOSOko URTEGIaren gainetik jarraituko du (eskuineko ibarretik), izen bereko ATERPEra iritsi arte (2.220 m).; lepotik ordu betean edo iritsiko gara bertara.

Aterpeko instalazioak erabiltzeko aukera izango dugu, geure burua freskatzeko eta zertxobait jateko BARRANCO DE AGUAS LIMPIAS sakanetik beherako bidea egin baino lehen, ondoren EMBALSE DE LA SARRA (1.438 m) urtegira iristeko, non bertan espero dugun ibilaldia amaitzea, autobusa bertaratzeko aukera badu, noski!; hala ez bada, errepidez kilometro batzuk gehiago ibili beharko ditugu SALLENT DE GÁLLEGOrako bidetik gaurkoa amaitzeko.

JAVIER


[-] Itxi 
Eranskina 

2009ko uztailaren 10ean.

Gran Facha mendiaren Ama Birjina.

Irakurri gehiago [+]