JOXEMIEL BARANDIARAN ETA SASTARRIKOKOBEA"Sastarriren hego hegalean, zuhaitz, belar luze eta kare-harri artean aurkitzen da Sarastarriko haitzulorako edo Sastarrikokobearako harrigarrizko sarrera. Zulorako sarreraren garaiera 895 m-koa da. Barruan daukan aintziratik datorkio ospea haitzulo honi, eta honetxegatik ulertzen da inguruko artzainek ur eskasiarik sekula ez izana, ezta lehorterik handienean ere.
Aintziraren beste aldean, haitzuloak galeriak izango zuelako ustetan, edo bederen, horixe ikertu nahian, 1953-55. urteen artean etorkizunean eratuko zen "Aranzadi Zientzi Elkarteko Espeleologia Saile"-ko bi lagun Luis Pedro Peña Santiago horietako bat zelarik txalupa pneumatiko batean, aintzira gurutzatu zuten lehen lagunak izan ziren.
Baina lagun biok ez ziren ez harritu kontrako ertzean galeriarik ez aurkitzeagatik. Urte batzuk geroago jakingo zutenagatik baizik. Haitzuloa zeharkatu zuen lehen gizasemea, gure herriko kultura berreskuratzeagatik hainbeste zor diogun Joxe Miel Barandiaran apaiza gazte eta ausarta baino ez zen izan. Hamarkada batzuk lehenago, eskutan kandela-argi bat zeramalarik halaxe egin zuela esan baitzion arkeologo ataundarrak Peña Santiagori, apaiza maitagarri honek igerian zeharkatu zuen Sastarrikokobeako aintzira. Tradizioak zioenez, ikazkin batzuk abandonatutako erremintak aurkitzen ziren kobaren beste aldean. Kontrako ertzera iristean, ezer ez zegoela ikusterik eta argitzerik izan zuen, eta halaxe da, Aralar Mendiak, mendi magikoak gordetzen dituen beste kondaira anitzetako bat hain zuzen."
Laudioko GOIKOGANE M. T.-ko web orritik eta Luis Pedro PEÑA SANTIAGOren Euskal Herriko 100 Gailur eta Mila Txoko, Elkar (1990) liburutik hartutako datuak.
|
GOIERRIREN BIRAko laugarren etapa. Ibilaldi hau Aralar Mendi ederrean zehar doa, pauso bakoitzean paisaia ederrak eta magiaz inguratuko gaituen bazterrak eskaintzen digun gogo-gogoko mendigunea.
LIZARRUSTI (616 m) – ALLEKO (1018 m).- Lizarrustin, ARALARKO PARKE NATURALEKO INTERPRETAZIO ZENTROaren ondoan, emango diogu hasiera zeharkaldiari eta beste isurialdea jaisten hasten garenean, Benta Ixabel zenaren ondoan, GR markak jarraituko ditugu. Altuera irabaziz hasiko eta pagadi eder batean barneratuko gara, non orbelak, goroldioz estalitako kareharriak eta pagoek multzo magikoa osatzen duten. Aldapa areagotu egiten da eta alanbre-hesi baten ondoan GRa jarraituko dugu: gorago eskuinerantz doa eta aldapa leunagoa da. Alanbre-hesia gainditzeko pasabide batera iritsitakoan balizatutako bidea utzi eta ezkerrera maldan gora joan beharko dugu gertu dugun ALLEKO (1018 m) mendiaren tontorrera iritsi arte.
ALLEKO (1018 m) – LAREO (740 m).- Mendebalderantz jaisten den gailurra jarraituko dugu, mugarriren bat edo beste daude. Gutxika-gutxika ezkerrerantz joan beharko dugu gailurretik urrunduz eta pagadian behera biderik gabe HM norabidean jaitsiz, Lizarrustitik Lareora doan bidera iritsi arte. Eskuinerantz joango gara Lareoko urtegirantz. Agauntz erreka haitzartean behera doa. Igoera motz baten ondoren urtegian egongo gara.
LAREO (740 m) – UIDUI (848 m).- Presa zeharkatu, LABEOKO TRIKUHARRIAren ondotik pasa, urtegia atzean utzi eta pista eskuinerantz jarraituko dugu. Pistak bihurgune itxi bat eskuinerantz egiten duenean ezkerrera GR markak dituen zidorra hartuko dugu. Pagadian gora doa eta bertatik ibiliz ur freskodun ITURRI batera iritsiko gara. Aurrerago maldan gora joango gara ENIRIOra doan pistaraino. Pista zeharkatu eta sakon txiki batetik behera joango gara UIDUIKO BORDEtaraino.
UIDUI (848 m) – AUSA-GAZTELU (904 m).- Jaitsiera jarraituz JENTILARRIKO TRIKUHARRIra [1] iritsiko gara. Orain eskuinerantz joango gara, bide ertzean, ezkerrean, ARRASTARANGO TRIKUHARRIa [2] ikusi arte. Aurrean, ezkerrean, Pikoeta mendiko maldan dauden txabolak ikusiko ditugu. Hauen parera iritsitakoan balizatutako bidea utzi –ENIRIOKO GALTZADA [3] ez dugu hartuko- eta eskuinerantz maldan gora zeharka doan zidorra hartuko dugu.
Geroago aurrez aurre Ausa-Gazteluko tontor harkaiztsua ikusiko dugu, maldatik jarraituko dugu, GORROSKINTXUKO TXABOLAK ikusi eta AUSOKOI TRIKUHARRIra [4] iritsiko arte (ATAURU izenez ere ezaguna da). Orain ZETA BIDEA izeneko zidorrak sigi-saga batzuk eginez ERREKONTA (768 m) LEPOra jaitsiko da. Aurrean Ausa-Gaztelura igotzeko azken aldapa dugu. Malda honetatik zuzenean gora eginez minutu gutxi barru AUSA-GAZTELUn (904 m) izango gara. Buzoia eta Nafarroa Erreinu askea zen garaiko gaztelua [5] izan zenaren aurriak daude.
AUSA-GAZTELU (904 m) – GAINTZA (440 m).- Jaisteko Mendebal norabidea hartuko dugu aldapa handi batean behera, ezkerrean BI TXABOLA daude. Pixka bat eskuinerago iturri eta bide zabal bateraino jaitsiko gara. Bide honetatik segituko dugu eskuinean dagoen ate metaliko baten parera iritsi arte. KONTUZ!!! Hemen pista utzi eta eskuinera beherantz doan zidorra hartu beharko dugu. Momentu oro bide honetatik behera joango gara bertara azaltzen diren bideei kasu egin gabe. Beherago bidea zabalagoa da eta Zaldibia-Gaintza-Larraitz ERREPIDEKO BIDEGURUTZEra iritsiko gara.
GAINTZArako norabidean jarraitu eta metro gutxira ezkerrera doan GRa hartuko dugu. Bide hau jarraituz aurrerago berriro errepidean azalduko gara eta bertatik gertu dugun Gaintzaraino joango gara.
[1] JENTILARRIKO TRIKUHARRIA. Trikuharri honi loturik dago Ataungo inguruan gorde den Kixmiren eta Jentilen kondaira. R. Adan de Ihartzak aurkitu zuen 1879an eta T. de Aranzadi, J. M. Barandiaran eta E. Egurenek industu 1917an.
[2] ARRASTARANGO TRIKUHARRIA. Trikuharri labur itxia. J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1917an eta urte berean industu T. de Aranzadi, J. M. Barandiaran eta E. Egurenek.
[3] ENIRIOKO GALTZADA. XI. mendean dagoeneko erabiltzen zen bidea dugu. Nafarroako lurretan izanik, bide estrategikoa zenez, Ausa-Gaztelu mendiko gazteluaren kontrola izan zuen bidea dugu hain zuzen.
[4] AUSOKOIKO TRIKUHARRIA. J. M. Barandiaranek aurkitu zuen 1916an, eta J. M. Apellaniz eta J. Altunak industu 1965ean. Atauru izenez ere ezaguna da. Izenaren "auso" erroak Ausa-Gaztelu izenarekin zerikusia izan omen dezake.
[5] AUSA-GAZTELUKO GOTORLEKUA. Nafarroako erreinuko gotorlekua dago gainean. Gazteluak zaintze lanak XII. eta XIII. mendeetan bete bazituen ere, XIV. mendean hauek eramateari utzi zion: 1335ean, behin eta berriz izandako eraso baten ostean, gaztelarren eskuetan erori zen-eta.
2010eko otsailak 26.
Aralar Mendian barrena.
2010eko otsailak 26.
Jose Migel Barandiaran.
2010eko otsailak 26.
Los Tres Tristes Trogloditas (Hiru troglodita tristeak).
2010eko otsailak 26.
Kixmi.
2010eko otsailak 26.
Enirio-Aralarko mankomunitatea.