Georginari,
Berriro ere askatasun osoz ibiliko gara
mendietan barrena, haizearen lagun,
eta ez dugu izango debekuzko alanbre-hesirik,
debekuzko langarik,
debekuzko txartelik.
Eta ilunabarrean, urrutira, han nabarmenduko dira
oraindik, gure herri txiki honetako mendi urdinak.-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-
"... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako..."
-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-
|
GAINTZA-LEGORRETA
GAINTZAko enparantzatik (446 m) abiaturik, Kaletxiki jatetxearen aurretik igaroko gara eta IM-ko norabidea harturik porlanezko pista bat hartuko dugu Ardubietarako zutoin-adierazle batek emandako norabidea jarraituz. Seinale batek (BOSTAITZETA 1,5 Km, PR-Gi 29), eta geroago beste batek (Altzagarate 45 min), jarraitzeko bidea erakutsiko digute. Gaintzari buruzko informazio-panel baten ondoan igaro eta berehala porlana utziko dugu eta marra zuri-horiak jarraituz ehiza-postuz zedarriztatutako pista batetik sartuz ia nabari ezin daitekeen GAINTZAKO GAINera (481 m) eramango gaitu. Berehala bidegurutze batera iritsiko gara (Gaztinatxota, 465 m) eta bertan hainbat seinale aurkituko ditugu. Ezkerretik Arama-Ordiziara joango ginateke. Guk ordea eskuinetik jarraituko dugu BOSTAITZETA LEPOrako (459 m) bidean, bertan berriz beste bidegurutze batekin topo egingo dugularik. Eskuinetik Baliarrainera joango ginateke (SL-Gi 5). Zuzen hartuta, gasbidetik ALTZAGAMENDIraino (539 m) iritsiko ginateke. Guk berriz, ALTZAGARATErako PR zidorra jarraituko dugu, ezkerretik hartuta oraingoan. Pista oso erosoa izango da eta beretik gabiltzan bitartean inguruko herriek –Altzagarateko auzoa, Ordizia-Beasain- zein inguruan diren mendiek (besteren artean Murumendi) bista ezin hobeak eskainiko dizkigute. BURNI SAGASTI BASERRIra iristean, pista abandonatu eta aurrez aurre jarraituko dugu alanbre-hesi bateraino jaitsiko garelarik, bertan berriz seinale berriak ikusiz. Eskuinerantz bira egingo dugu, langa bat zeharkatuko dugu eta eroso-eroso bidegurutze berri batera iritsiko gara (416 m) –eskuinetik Baliarraindik datorren PR-Gi 29 zidorra ikusiko dugu. Indikadore batek Legorretarako 1.8 Km geratzen zaizkigula adieraziko digu (PR-Gi 72). Apur bat beherago, PR honek eskuinerantz egingo du bira; hala ere guk zuzen jarraituko dugu, bide onetik jaitsiz, PRa jarraitzen duen pistarekin bat egin arte: elkartzean ezkerrerantz egingo dugu bira. Ezkerrean gasbidetik doan lasterbidea utziko dugu, eta aurrerago ezkerraldean “X” batez markaturiko pista bat aurkituko dugu: lokatz askorik ez badago, berau jarraituz PRa jarraituz gero iritsiko ginatekeen puntu berera iritsiko gara, URDANETA BASERRIra (260 m) hain zuzen. Hemendik eskuinerantz jarraituta porlanezko pista hartuko dugu. URDANETA BEHEKOA izeneko baserri abandonatuaren ondotik pasatzean, eskuinetik jarraitzen duen hartuko EZ dugun bidea ikusiko dugu. Porlanezko pistatik jarraituko dugu LEGORRETAko (119 m) lehen eraikinetara iritsi arte.
LEGORRETA-SANTAMAÑA
Eskailera batetik KALE NAGUSIra iritsiko gara eta eskuinerantz jarraituko dugu bertako udaletxearen aurretik igaroz (haren balkoitik Koldobika Jauregiren eskultura ikus daiteke). Aurrerago jarraituz Oria ibaiaren zubitik igaroko gara. Igaro bezain pronto, ezkerreko lehen eraikina eta GUADALUPEKO ERMITA inguratuko ditugu, plaza txikia ezkerrerantz diagonalean zeharkatu, bertan urik gabeko bi iturriren ondotik igaroko gara. Bigarrenaren ondoan GI-2131 errepidea azpitik zeharkatzera eramango gaituzten eskailera batzuk ikusiko ditugu; GI-3521 errepidearen hastapenera iritsiko gara: bertatik Koroate auzora igo daiteke. Postontzi batzuen ondoan PR-Gi 71 zidorraren markak ikusiko ditugu, eskailera batzuetatik jarraituz segituko ditugularik. ORIAR BASERRI abandonatuaren ondoan aterako gara, ARMARRI ederra ikus daiteke honen fatxadan. Ezkerrean baita ere abandonatutako SANTA ANA ERMITA eta KABI ALAI BASERRIA daude. Asfaltaturiko errepidetik GOIKOETXEA BASERRIrantz jarraituko dugu eta bertara iritsi baino pixka bat lehenago, ezkerrerantz (PR marka) abiatzen diren eskailera batzuk hartuko ditugu, azkenik ur-tanga bateraino hurbilduko garelarik. Eskalinata sagasti ¿? bat inguratuz, zelai batean sartuko da eta halaxe KOROATE BARRENA BASERRIra iritsiko gara, KOROATE AUZOko (230 m) azken baserrira hain zuzen. Ezkerralderantz jarraituz, KOATERDI eta KOATE URKIARAN BASERRIetara iritsiko gara eta azkenik abiatzen ikusi dugun GI-3521 errepidera ere bai.
Kilometro bastez, errepide honetatik jarraituko dugu, ezkerreranzko BIHURGUNE ITXI batera (235 m) iritsi arte. Hemendik eskuinerantz hartuz gero herribide batekin egingo dugu topo; aurrealdean PR Gi-71 markak dituen pista bat, eta ezkerraldean urik gabeko iturri bat, zeinaren ondoan pista bat ateratzen den: bertatik jarraituko dugu.
Pista pixkanaka gorantz jarraituko du eta denbora txikian ezkerreranzko desbideratze bat hartu gabe utziko dugu; aldapa oso gogorra da. Lasterrean Tentsio Handiko dorre baten ondora iritsiko gara, eta aurrerago pista bitan banatuko da: guk eskuinetik (360 m) egingo dugu aurrera. Pista jarraituko dugu, eta 400 bat metroko garaieran, eskuinerantz jarraitzeko zalantza izango dugu: ezkerretik jarraituko, bidean urak eragindako kanala jarraituz. Pixka bat aurrerago (450 m), eskuineranzko pista bat agertuko da, eta bertatik jarraituz, lasterrago egin ahal izango dugu. Pistak gorantz jarraituko du eta laster, ebakitako zuhaitzen arrastoan bidean direla, berriki deforestatu den paraje batera iritsiko gara. Pista nagusitik jarraituko dugu, ezkerretik muino bat inguratuz, azkenik GR 35 zidor luzearen marka zuri-gorrik dituen pistara iritsi arte (490 m). Hauetatik egingo dugu aurrera.
Eroso ibiliz, BURNIGURUTZE (512 m) izeneko parajera iritsiko gara: toki berean, iraganean, izan zen OSAUSTEAGAko SANTA ANAren omenezko ermita izan zen. SAIAZeko KOFRADIAren (Albiztur, Bidania eta Goiatz -Bidegoian-) eta Legorretaren arteko muga dugu. Bertan ere bi oroimen-estela ere ikusiko ditugu, bat ETAk 2003an Tolosan hil zuen JUANMARI JAUREGIren omenez jarritakoa hain zuzen. Pistatik zuzen jarraituko dugu eta denbora laburrean, Santutxutik Santamañara doan GI 3042 errepidera iritsiko gara. Bidegurutze honetan seinale batzuk aurkituko ditugu.
Errepide hau ezkerretik jarraituko dugu, amaitu arte (1,5 Km baino apurtxo bat luzeago), zerrategi baten ondotik igaroz eta ARGISAINgo SANTAMARINA (Albiztur, 550 m) AUZOtik igaroz. Bertatik pasatzea LARRAÑAGA GOIKOA eta BEHEKOA baserrietatik igaroz, ekidin badaiteke ere, bertara joateak merezi duenez, hara joango gara eta bertako eliza gotikoaz eta erromesen ospitalea izan zen SANTAMAÑA HAUNDI baserriaren fatxadaz gozatuko dugu. Nahi duenak “Segoretxe-berri” jatetxe-taberna dotorean freskagarriren bat hartzeko aukera ere izango du.
SANTAMAÑA-MURUMENDI
Elizaren ondoan GR 35 zidor luzearen panel bat aurkituko dugu, eta bertatik jarraituko dugu bidea. GR marken eta Done Jakue Bidearen marken ondoren, berehala eskuinean iturri bat eta garbitoki bat ikusiko ditugu. Pistak LARRAÑAGA GOIKOA BASERRIra eramango gaitu, eta berau eskuinetik inguratuko dugu. Hemendik aldapa gogor eta laburrean, zidor ederretik, TXAPARTEGI (590 m) BASERRIraino iritsiko gara. Beste aldapatxo baten ondoren, ondo seinaleztatutako bideak AZKONTZEGI LEPOra (641 m) eramango gaitu: bertan hainbat argibide-zutoin ikusiko ditugu. Bertan elkartzen dira GR 34 eta PR Gi 14 zidorrak.
SANTA AGEDA ERMITAtik, eskuinaldetik hain zuzen datorren porlanezko pistatik, ezkerretik jarraituko dugu. Pista honek ELORRIZABAL LEPOra (650 m) eramango gaitu, eta ezkerretik MARAMENDI edo MURUMENDI TXIKI kota inguratuz jarraituko du, DOMINOKO MUGARRIko (605 m) LEPOra iritsi arte, Beasain, Itsasondo, Beizama eta Bidegoian herrien arteko muga-gunera hain zuzen, bertan ehiza-postuaren ondoan dagoen mugarri harroak argiki adierazi duenez. Porlanezko pista Pagorriagara jaitsiko da –gu gero bertatik pasatuko gara- baina guk orain hegoalderantz joko dugu (ezkerrerantz) kartelen argibideak jarraituz (GR 34 Mandubira 5.550 m).
Bidea zabala da, GR margoz markaturik, baita Done Jakue Bidearekin zutoinekin ere. Zarate kota ezkerretik inguratuko dugu ondo seinalaturiko bidean, pinudian oinez gabiltzan bitartean. Pinuditik irtetean pagadi batean sartuko gara eta aldapa ederki gogortuko da. Langa bat zeharkatu ondoren, harresi bat eta Done Jakue Bideko zutoin bat diren ordeka batera iritsiko gara. Bideak eskuinerantz egingo du bira eta guk GR zidorra abandonatuko dugu pagaditik gora igotzearren, aldapa gogorrean hain zuzen; motorren gurpil arrastoak jarraituz eta samurki eskuinerantz bira eginez MURUMENDI GAINera (868 m) iritsiko gara. Erpin geodesikoa, postontzia, mahai panoramikoa eta hainbat oroimen hilarri (hauetako bat Luis Pedro Peña Santiagoren oroimenean).
MURUMENDI-MATXINBENTA
Pagorriaga baserria begien aurrean dugularik, beherantz ekingo diogu, pagadian berriro ere sartuko garelarik. Zidor bat dagoela sumatu daiteke, margo zuri-horiko marka batzuk ere ikusiko ditugu. GR markak dituen pistara iritsiko gara berriz, eta ezkerretik jarraituz gero MANDUBIra jaitsiko ginateke. Hori eta zuri-gorri markak dituen Done Jakue Bideko marka baten bila arituko gara. Handik hurbil, “X” batez margoturiko zuhaitz baten ondoan pista bat aterako da, ondoan eroritako zuhaitz bat ikusiko dugu: hortik egingo dugu aurrera. Egurrezko langa bat zeharkatuko dugu, eta hurrengo bidegurutzean eskuinerantz egingo dugu bira. Bide onetik jarraituz, hesi beltz batez inguratutako pista itxi batera iritsiko gara, berau ezkerretik igaroko dugu. Ehiza-postu batzuen ondotik igaroz, pista honetatik jarraituko dugu, beste pista batera iritsi arte, hain zuzen aurrean dugun PAGORRIAGA BASERRIra eramango gaituena (bertan landa-etxe bat eta orein-granja bat daude). Pistatik jarraituz, honen behealdetik igaroko gara eta azkenik ENDRIOKORTA BASERRIra iritsiko gara, non bertan pista utzi eta ezkerreranzko bigarren bidea hartuko dugun: ATXABAL edo TXARABELTZ izeneko mendia inguratuko dugu, desbideratzerik gabe oso jaitsiera gogorrean (opari moduan goranzko aldapa ere izango dugularik); pista hau ENDRIO BASERRIra iritsiko da, errepide ondora hain zuzen. Pistak ezkerrera egiten duela ikusten dugunean, ikusten ari garen baserrirantz hain zuzen, pista utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu (lurrean langa berde bat dago), opari moduan ere beste aldapa bati aurre egin eta langa metaliko bat zeharkatuko dugu, azkenik sigi-saga pare bat egin ondoren, Beasain, Azpeitia eta Ezkio-Itsaso artean banaturiko ARATZ-MATXINBENTA AUZOra (250 m) iritsiko garelarik: gaurko etapa amaitu da.
2010eko martxoak 13.
Historiaz betetako lurraldean...
2010eko martxoak 13.
Argisaingo Santa Marina.
2010eko martxoak 13.
Luis Pedro Peņa Santiago.