XUMEA...Xumea da nire barnea,
Xumeak nire oin lurtarrak,
Xumea dut jantzia eta begien kolore xumea.
Xumea halaber nire gorputz makala,
Xumeak hezurrak eta errainak,
Oxigenoa xumeki iragazten dutenak.
Xumeak dira nire birikak,
Xumea naiz itxuraz, xumea naiz egiaz,
Udaberriko graminea harrotuen modura,
Haize epelarekin batera, harat-hunat
Kulunkaria.TXUMA MURUGARREN (Hegazkinen Arima - 2001).
|
ENKARTERRIEN ekialdean, Güeñes, Barakaldo eta Alonsotegi udalerrien artean, ERETZA, GANEROITZ, SASIBURU eta ARROLETZA mendiak barneratzen dituen kordala dago. Lehen gaina GRUMERAN MENDIZERRAn dago, eta azkeneko hirurak SASIBURU mendiarenean hain zuzen.XIX. mendearen erdialde eta XX. mendearen hasiera artean Bizkaia eraldatu zuen garapen industrial eta ekonomiko handia, neurri handi batean, Enkarterrietako lurrez azpian izan ziren burdina-meategiei esker izan zela esan daiteke. Gaur egun, mea-ustiapen hauek agorturik daude, itxirik daude, nahiz eta oraindik ikusterik badauden.
SODUPE —60 m. (0 h.)
Ibilaldia Güeñes herriaren auzo den Sodupe herrian hasiko dugu. Herriaren sarreran, BILBOtik gatozelarik, autoentzako parking baten ondoan eskuinerantz gorantz abiatzen den asfaltaturiko (IM) errepide estu bat hartuko dugu, aldapa gogorrean baserri batzuetarantz eramango gaituelarik.
Pista zabaletik tarte luzexka batez igoko gara, eta beretik igoz LEXARTZA AUZOraino iritsiko gara: bertan SAN BARTOLOME APOSTOLUaren omenezko ERMITATXOa ikusterik izango dugu, hainbat baserriz inguraturik hain zuzen. Pistatik jarraituz, ARBORI lepoan -430 m (1h), bidegurutze batekin egingo dugu topo.
Eskuinetik igotzen den pistatik egingo dugu aurrera, eskuinean sartzen den zidor estu batekin –E- harik eta topatu arte. Zidorretik jarraituko dugu, berriki egindako pista bat aurkituko dugu, handik lasterrean langa bat zeharkatuko dugu, eta BERENILLA izenez ezaguturiko parajeraino jarraituko dugu: bertako ingurune soilean mendi-aterpe bat aurkituko dugu —620 m. (1h 30’).
Igotzen jarraituko dugu (E) belar leunez estalitako hegaletik gora, ezin bidea galdu, Eretza (2h 15’) gainera iritsi arte.
ERETZA, 880 m. Erpin geodesikoa eta txartel ontzi bat gainean. Inguruetara begiratuta talaia ezin hobea, besteak beste ondorengo mendiak gailentzen direlarik: E-HEan GANEKOGORTA, GORBEIA, M-an ORDUNTE Mendia eta KARRANTZAko mendiak, H-an, GALLARRAGA eta I-IE-an PICO DE LA CRUZ, SERANTES, BILBO, SOLLUBE...
Jaitsiera E-rako norabidean egingo dugu, gailurreriatik hurbil jarraituz, gainetik 250 bat metro urrundu arte; orduan gainetik IE-ko norabide zehatza duen zidorra hartuko dugu eta kontrasu batean, Eretza eta CAMPORREDONDO artean, kokatzen den lepo batera jaitsiko gara.
Beste aukera bat. Eretzatik ere lehendabizi IM-ko norabidea hartuz jaitsi gaitezke, gailurretik 50 bat metro urruntzean, E-ko norabidean, altzifre-baso ilun batean sartzen den zidortxo batekin topo egin arte. 50 bat metrotan, basotik aterako gara eta pendiza handiko kontrasu batekin egingo dugu topo. Aldapa gogor honetatik jaitsiko gara eta Eretza eta Camporredondo arteko lepoan jarriko gara.
Hemendik aurrera kontrasutik EIE norabidean jaitsiko gara, berau zeharkatzen dituzten pista guztiei jaramonik egin barik. Azken tartean, kontrasuan aurkituko dugu zidor batek legarrezko pista batean utziko gaitu (2h 45’). Honaino dator BERENILLAko ATERPEtik datorren pista. Guk legarrezko pista zeharkatu eta E-ko norabidean ARTEGI, aurrean dugun muinoa H-tik inguratzen duen lurrezko pista hartuko dugu.
Pistatik jarraituko dugu, legarrezko beste pista batera atera arte (2h 55’). Pista beretik jaitsiko gara, ZARAMILLOtik SARATXO AUZOra doan errepidearekin topo egin arte.
Ezkerralderantz errepidea hartuko dugu eta SARATXO AUZOra (393 m) igoko gara (3h 5’). SAN SEBASTIANen omenezko ERMITAren ondotik igaroko gara, eta handik denbora gutxira, inguruetan orain dela urte asko ustiatu zen meategi baten gaineko ZUBI batetik igaroko gara.
Pistak bidegurutze bateraino eramango gaitu (I). Eskuineko pista hartuko dugu (E), GANEROITZ harri-koskorraren behealdera iritsi arte (3h 15’). Pista utzi, eta malda gogorrean, bi zonalde harritsuen artean ikusten dugun lepo txikiraino iritsiko gara. Lepora iristen garenean, 100 metro eskuinetara hain zuzen (HE), mendiaren gainaldea ikusiko dugu (3h 30´).
GANEROITZ (561 m). Erpin geodesiko eta bi txartel ontziz eta hilarri batez horniturik dago. Eskaintzen duen ikuspegia zoragarria da, GANEKOGORTA eta EretzarenI E-ko isurialdea, bertako kontrasua besteren batekin nahasterik ez dagoelarik.
I-eko norabidean jaitsiko gara, lehen abandonatu dugun pistara iritsi arte, pista zeharkatu eta aurren dugun haitzera igoko gara (3h 40´).
PEÑAS BLANCAS edo APUKO (459 m). Ingurune harritsua. Ia tontor gainera iritsi garelarik, saihestuko ditugun bi arrakala handi aurkituko ditugu.
Gainetik, E-ko norabidea duen zidor bat hartuko dugu eta berau jarraituz, pistara eramango gaitu berriz, zeharkatuko dugu eta gurutze zuri berezi batez koroaturik dagoen belarrez estalitako muinora igoko gara (3h 55´).
EIE-ko norabidean jaitsiko gara, pistara berriz iritsi arte. Aurrean SASIBURU gaina izango dugu, eta hegaletik gora tontorrerantz igoko gara (4h 15´).
SASIBURU (459 m). Harrizko erpin geodesikoa eta buru itxurako txartel ontzia gainean. Tontorraren H-an, orientazio mahai bat aurkituko dugu, Alonsotegi herria behealdean ikusten dugularik.
E-ko norabidean jarraituko dugu, lepotxo batera jaitsiko gara eta aurrez aurre dugun gainera igoko. Goian gaudelarik, TELLITU izeneko mendi txikira igoko gara (4h 15´). Kordaletik jarraituz, ARROLETZA, azkeneko mendiraino jarraituko dugu (4h 20´).
ARROLETZA (459 m). Gainaldean harkaitz batzuk dituen mendia. Harkaitz hauen baten gainean aurkituko dugu txartel ontzia.
Kordaletik jaitsiko gara, E-ko norabidean 150 bat metro ibiliz, pista batera iritsi arte hain zuzen. Bertatik, Bilboko itsasadarreko bista ezin hobeak aurkituko ditugu. Eskuineranzko pista hartuko dugu (H) eta bertatik jaitsiko gara gasbide bat zelatatzen dituzte poste batzuetaraino iritsi arte. Gasbidearen ondotik igaroko gara pistak –eskuinalderantz hartuz- abandonatzen dituen arte. Handik denbora gutxira pistak 180 graduko bihurgune bat egingo du eta HHM-ko norabidean jaisten jarraituko du. Ezkerrerantz abiatzen den lehen pista hartuko dugu eta aldapa gogorrean hurrengo bidegurutzeraino jaitsiko gara.
Ezkerreko pistatik jarraituko dugu. Denbora laburrean, antena ikusiko dugu, eskuinerantz 180 graduko bihurgunea egin (M) eta porlanezko pistatik jaitsiz ALONSOTEGIraino jaitsiko gara.
Alonsotegin, EUSKO TRENBIDEren geltokiaren ondoan sartuko gara (5h 05´). Pixka bat beherago SAN ANTOLINen omenezko ERMITA aurkituko dugu.
Trenbidea zeharkatu ondoren, eskuinerantz abiatzen den lehen errepidea hartuko dugu. Beretik 100 bat metro ibiliko gara, ezkerreranzko lehen kalea hartuko dugu, ibairaino eramango gaituelarik. Ibaiaren ondoan jarraituko dugu, eta KADAGUA ibaiaren gainean berri eraikitako zubi handi bat zeharkatuko dugu. Ezkerraldean hartxintxarrez estalitako parking bat ikusiko dugu: bertan izango dugu autobusa gure zain (5h 15´).
2010eko maiatzaren 6an.
Nerbioi ibaiko ezkerreko ibarrean euskaraz hitz egin zen iraganean.