|
ESKUBARATZ eta LEGARMENDIko mendiguneak (Aramotz bezala ezagunagoak) Zornotzan hasi eta Lemoan amaitzen den meseta antzeko goratze zabala osatzen dute: Ibaizabal ibaiaren ondoan, norabide NW-SE-an luzatzen da eta forma malkartsuan amaitzen da, aldapa gogorreko malkarrekin Mañariako lurretan. Durangaldeko mendiekin eta Arabako Arangio mendigunearekin batera URKIOLAKO NATUR PARKEA osatzen dute.
Pinudien arteko zidor lokaztsuak ekidinez, meseta honetara Lemoako GANDARIATS (LANDAITZ, 180 m) auzoko zementuzko pistatik gora egingo dugu. PR-BI 83 (LEGARMENDIKO ZEHARBIDE HANDIA) zidorraren marka zuri-horiz markaturik dago. El Cabrero izeneko granja-tabernaren ondotik igaroko gara, eta pixka bat geroago "Belatxikieta" seinalatzen duen zutoin baten ondoan ezkerrerantz egingo dugu. Egurrezko hesi batera iristean, pista utzi eta markak jarraituz eskuineko xendratik jarraituko dugu: honek BELATXIKIETA (660 m) muinora hurbilduko gaitu, bertan hainbat txabola eta San Inazioren ERMITA daude. Aurrean ikusten dugun Urtemondo piramiderantz lenarrean sartzen diren markak atentzio osoarekin jarraituko ditugu. Une honetan GALDARA izeneko SAKON EDO KUBETA ikusgarria inguratzen izango gara, bertan sargori den egunetan dagoen beroa adierazten duen hitza da-eta. Karst sakon endorreiko honek berez 541 metroko sakonera du haren erdian. Iraganean, Islandiako espatozko meategi batzuk izan ziren. Mineral hau kaltzita gardenaren mineralaren barietate bat dugu eta birrefrigerantzia izeneko ezaugarri optikoa eskaintzen du. Bertako minerala oso ezaguna da horrexegatik nazioarteko mailan, oso purua da-eta. Urtemondo eta Pagobakar arteko lepora iristean (664 m), xendra utzi eta URTEMONDO (788 m) gailurrera erraz baino deserosora eramango gaituen laburra eta gogorra aldi berean den aldapari aurre egin beharko diogu. Ederra da bertatik ikus daitekeen paisaia.
Ekialderantz jaitsiko gara, aldapa gogorrean, hain nabaria ez den zidor batetik ASKURRAMENDI eta PAGATXUETA (650 m) mendien arteko lepora iritsi arte. Bertan pagoen mintegi berri bat zeharkatuko dugu. PR-ren markak berriz ikusiko ditugu, eta pista batetik ibiliz honen duen tarterik garaienera arte jarraituko ditugu. Tarterik garaienean, ezkerraldean dagoen zedarri batek (727 m) igoera nondik egin behar dugun markatuko digu: erraza izango da aurrera egitea, baina baita apur bat neketsu ere (margo gorriko marka batzuen aztarnek aurrera egiten lagunduko digute). Gainean, GAINZORROTZ (780 m) puntarekin bat egingo dugu; gurutzea, txartel-ontzia eta plaka batekin batera.
Gandorra jarraituko dugu lepo txiki batera jaitsiz (745m), ekialderantz hain zuzen, hemendik aurrera H-ko norabidea hartzeko eta belarrezko zerrenda batetik behera egiteko PR markak berriz aurki ditzagun. BERNAGOITIABURU, BETZUENBURU y ASKORRI (Aizkorri) mendien pean dagoen kareharrizko pareta baten magalean gaude, eta honen magaletik hain zuzen korritu beharko ditugu hurrengo bi kilometroak, PR markak jarraituz, non beste koloretako markak ere ikusiko ditugun. Hainbat zutoinek norabide ona daramagula baieztatuko digute, eta lepo pare batetik igaro ostean MUGARREKOLANDA parajeraino iritsiko gara: iturri bat bertan. LEPOtik (760 m) xendra batek larretik gorantz egiten du eta isurialdez aldatzen du azken pagoen ondotik igoz M-ko ertzerantz iristearren. Zailtasun zein zorabiorik gabe, erraz erraz MUGARRA mendi erraldoiaren gainera iritsiko gara (964 m) berau jarraituz. Txartel-ontzia eta hainbat plaka tontorrean.
Mugarran saien kolonia handi bat dago. Hauek kontrolatzeko URKIOLAKO PARKE NATURALaren INTERPRETAZIO GUNEan, TOKI-ALAIn hain zuzen, behatoki iraunkorra instalaturik dago. Mugarrako hormetan instalatu den eta Toki-Alaitik kontrolatzen den urruneko kontroleko kamerak espezie horren gorabehera guztien jarraipen zehatza egiteko aukera ematen du.
MUGARREKOLANDA LEPOra itzuliko gara, eta hemendik pista hartuko dugu, zuzen MAÑARIA (181 m) herrira eramango gaituelarik. Bertan dago autobusa gure zain.