Bigarren eguna: refugio Ilhéou aterpea - Grand Barbat - lac d'Estaing
Aterpetik iparrera begiratuko dugu eta GR10 zidorra hartuko dugu, eroso eroso ILHÉOU (2.242 m) LEPOra iritsiz, eskuinean LYSeko GANDORrera, baita CAUTERETSetik turistak igotzen dituen teleaulkira ere daraman bidegurutzea utziz. Ilheouko lepo honek bitxikeria bat dauka: Estaing eta Cauteretseko haranak lotzen dituen aspaldiko bidea markatuz, 80ko hamarkadan JACQUES BLOT-ek (Baionako mediku eta arkeologoak) historiaurreko TUMULU bat aurkitu zuen lepoan bertan. 5 metroko diametrokoa besterik ez bada ere, harrigarria suertatzen da altitude hauetako larreak protohistoriako artzainek erabili izana, haien aztarna tumulu honen bidez utzi zutelarik. Ilheou lepotik, SOUM DE GRUM mendiari bizkarra emanez, SEGALAS mendiari aurre egingo diogu, bere horma-bularrei erantsitako mendixka baten bila hain zuzen, 2.443 metrotan kokatutako lepoa hain zuzen. Zedarriak jarraituko ditugu, harri-pilaketak ahalik eta hoberen saihestuz. 2.443 LEPOan gaudelarik, beste isurialderantz jaitsiko gara, Grand Barbat mendiaren mendebaldeko isurialdetik inguratzearren, terraza erraz baina ezerosoetatik igaroz, BARBATeko (2.640 m) HORZKADAren bila eginez: zedarriak ondo jarraituz, ondo bertaratuko gara. Hemendik, ordu erdian, Grand Barbat (2.813 m) gailurrera iritsiko gara. Panorama liluragarria, batez ere VIGNEMALE eta eta Balaitusen NEOUSeko glaziarra., Eta MONTAIGU, NÉOUVIELLE, MUNIA, ZILINDROA, TENDEÑERA, INFERNUAK, CAMBALES, PALAS, ANSABÈRE...
BARBATeko HORZKADAra itzuliko gara, eta handik beste isurialdetik jaitsiko gara, lehendabizi ARROUY AINTZIRAra (2.376 m) eta gero LONG AINTZIRAra (2.326 m), biak ezkerraldean utziz. Azken honetatik bide bat nabaritzen da, eta zedarri batzuen ostean, NERE AINTZIRA beltz ederra eskuinean utziz, aldapa pikotik jaitsiko gara PLAA DE PRAT (1.668 m) parajeko txabolaraino, izen bereko lakuaren ondoan.
Nekeak bukatuko dira; hemendik aurrera xendra hobetzen joango da, gero eta erosoago egingo dela bertatik ibiltzea. LANGLEko AINTZIRA LEHORraren ondotik igaroko gara, CÈTIRA izeneko (1.590 m, bibak) PARAJEtik, eta baso politetik jaitsi ondoren PLASIren (1.323 m) ZUBIra jaitsiko gara. Bideak pista izateari hartuko dio, eta LABAT DE BUN errekaren ondotik ESTAING (1.161 m) AINTZIRAraino iritsiko gara, AZUN IBARREAN.
Estaingeko haranean bada aterpe bat Gite d'Etape izenekoa eta baita jatetxe paregabe bat ere lakuaren sarreran. Aipagarria da lakuan eta mendekoste ondoren ospatzen den larre aldatze edo trashumantziaren jaia. Festa hau artaldeak goi alalekuetara igotzeko garaian egiten da.
Freskagarri bat tabernan eta buelta etxera.