Autobusak Barèges-etik oso hurbil utziko gaitu, PONT DE LA GAUBIE (1538 m) zubian, TOURMALETeko errepide zaharrean. PARKINGaren ondoan dagoen eraikinaren atzetik igo ahal izango dugu, edo errepidearen ondoan, gorago, GR-10aren markak aurkitu, izan ere, MADAMÈTE LEPOraino jarraitu behar izango ditugu gure ibilbidean. Dena dela ere, POUNTOU (1.741 m) ZUBIra eramango gaituen pista batera iritsiko gara, BIDEGURUTZEA bera (geroago hona itzuliko gara, gaurko ibilaldiko itzulbira osatuz). Marka zurigorriak jarraituko ditugu eta errekaren ondotik jarraituko, hainbat zelaigunetik igaroz; erreka hainbat aldiz zeharkatuko dugu alde batetik bestera, 2.000 m-ko garaieran PÈGUE-eko ETXOLAren ondotik igaroz. Ibilbidea erraza eta polita da eta halaxe AYGUES-CLUSES-eko ETXOLAraino iritsiko gara, COUEYLA GRAN (2.150 m) AINTZIRAren ondoan.
Norabidea aldatu eta H-rantz egingo dugu bira. Laster MADAMÈTE (2.299 m) IZENEKO AINTZIRen artetik igaroko gara, MADAMÈTE (2.509 m) LEPO ikusgarrirainoko aldapari aurre eginez; oso ederra NÉOUVIELLE mendiaren alderako bista. Gailurreria jarraituz, oso ondo markatutako xendratik (zedarriak), denbora laburrean PIC DE MADAMÈTE (2.657 m, zedarri erraldoia) iritsiko gara. Bista ezin hobeak, Anetotik Balaitus arteko mendiak ikusi ahal izango ditugu.
Jaitsierarako, hurbileko TRACENS-eko LEPOrantz abiatuko gara (I), harritzan irekita dagoen bide batetik hain zuzen, eta lepora iritsi gabe zuzen jarraituko dugu, ZEDARRI UGARIZ markatutako xendra bat jarraituz, M-eko norabidean NÈRE (2.200 m) AINTZIRAra eramango gaituelarik; aintzirara iritsi baino lehen, eskuinerantz desbideratuko gara (I), TRACENS LAKUra iritsiz (aintzirak IRLA TXIKI bat du erdian, 2.186 m). Bideak ondoren BLANC AINTZIRAra eramango gaitu (2.117 m), gure ezkerrean utziko duguna; ondoren (ia urik gabeko) LAC DERA YUNCO aintzira etorriko da, eta gainaldetik LAC DETH COUBOUS -okzitanieraz- (frantsesez D'ESCOUBOUS (2.041 m) aintzira inguratuko dugu gero gure eskuinaldetik (E eta I), haren presa-pareta zeharkatzearren. ESCOUBOUS ETXOLAren aurretik igaroko gara eta eskuinerantz egingo dugu bira, sigisaga tarte erosoetan jaistearren, izan ere 300 metroko desnibela baino ez zaigu geratzen POUNTOU-ra jaisteko.
PONT DE LA GAUBIE zubira itzuliko gara, eta autobusa aparkatuta izateko tokirik ez den, haren bila joango gara TOURNABOUP APARKALEKUra (1.452 m), errekaren eskuineko bazterretik jarraituz. Taberna bat dago bertan, espero irekita izango dela.