Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Me juzgo loco porque no vendo mis días por oro.
Y los juzgo, porque piensan que mis días tienen precio.

(Itz.) Zorotzat hartzen dut nire burua, bizitza urrearen trukean ematen ez dudalako.
Eta nik ordea, zorotzat hartzen ditut, ene bizia balio duelakoan daudelako.

MUGANIX (Aiako Harria) tontorreko epitafio bat.

Astigarragako Benta - ALDURA (551 m) - ZARIA (628 m) - MUNERRE (786 m) - BIANDITZ (845 m) - Eskas

Donostialdetik Artikutzaraino, Bianditzeko mazizoa zeharkatuz.
Arritxulangaña, eta atzean Bianditz.
Arritxulangaña, eta atzean Bianditz.
—© Ostadar MT—

Gaurko zeharkaldian, ARTIKUTZAko finkarainoko bidea egingo dugu, GOIZUETAko lurretan kokatutako lur-sailetara hain zuzen. Finka osoa DONOSTIAko UDALeko jabegoa da eta penintsula osoan euri gehien egiten duen zonaldean kokaturik dago. Orografia nabarmena erakusten duen zirko baten erdian dago eta Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Beintza-Labaien eta Goizuetako mendiek inguratzen dute. Artikutzak 3.686 Ha-ko zabalera du eta 30 Km neurtzen duen perimetroaz inguraturik dago. Hau da, finkak ia 3.700 futbol zelairen zabalera du. Finkaren bihotzean ARTIKUTZAko HERRIXKA dago, zenbait baserrirekin, taberna zaharra, merendalekua eta frontoiarekin, OLAJAUNDI JAUREGIarekin (burdinolaren jabearen antzinako etxea, hain zuzen) eta SAN AGUSTIN ERMITArekin. Bi eraikin hauek bertako historiaren nondik norakoak ziren ongi adierazten digute.

1919an Donostiako Udalak erosi zuenetik, UR-HARTZEra zuzendutako lurrak izan dira, bestelako jarduerak erabat debekaturik izan direlarik. Hala eta guztiz ere, Artikutza etxaldearen inguruetako lur-sail eta basoen balio naturalen ustiapena mende anitz lehenago hasi zen, izan ere, XIII. mendetik XIX. mendera bitartean Artikutzako finka osoa ORREAGAko ERREGE KOLEGIO-ELIZAren monje agustindarren eskuetan iraun baitzuen. Miraria badirudi ere, egun garai hartako 100 mugarri baino gehiago gorde dira inguruotan. Beraietako askok garaiko jabeen zigilua zizelkaturik erakusten dute, MAKULUA hain zuzen... Arritxulangaña tontortxoan laster ikusi ahal izango dugu hori bezalaxe. Artikutza Orreagako Monjeentzako diru-sarrera handia zen garai haietan, eta aurretik Monasteriotik irten ondoren, San Agustin egunean Artikutzan bertaratzen ziren kobrantza lanak egin ahal izateko: zelai eta soroen, eta basoen ustiapenarengatik errentak kobratzen baitzieten monjeek bertan bizi eta lan egiten zuten artzain, abeltzain, ikazkin, karegile eta olagizonei. Izan ere, egur, burdin eta ur oparotasunak dagoeneko XVI. mendetik aurrera lanean ari ziren burdinola ugariren jarduera bultzatu zuen. XIV. mendetik aurrera lau burdinola dokumentaturik daude: Urdallue, Elama, Goizarin eta Artikutza auzokoa hain zuzen. Jarduera industrial honek basoan eragin zuzena izan zuen, izan ere ekonomia osoa egurrean oinarriturik zegoen. Kobrantza dagokionez, ez da kasualitatea beraz San Agustin izatea bertako ermitaren zaindaria, eta espresuki San Agustin egunean ere da paraje osoa publiko osoari irekitzen den eguna... inguruotan erromeria alai bat ospatuz; urteko gainontzeko egunetan, errepidez bertaratzea mugaturik dago dagokion baimenik ez baduzu. Baimen hau Guarda-etxean bertan, baita Donostiako Udaletxean eskura daiteke. Baina, prefosta, oinez edo bizikletaz eginez gero ez da baimenik behar bere txoko interesgarriak bisitatu nahi bada.

Eremu natural honetan pagadiak eta hariztiak dira nagusi; era berean, pinudiak, gorostiak, haginak... fauna aldetik, basakatuak, orkatzak, basurdeak, lepahoriak edota okilak, eta baita betizu behiak ere ikus ditzakegu bazterretan... sakanak, erreka gardenak, amuarrainak eta arrantzurako beste arrain batzuk. Ur-jauziak. Bitxikeria moduan halaber, esan dezakegu hemen aurki dezakegula kantauriar isurialdeko landare endemiko berezienetako bat, SOLDANELLA VILLOSA hain justu ere. Likena ere ugaria da ingurune honetan, natur gune garbi-garbietan soilik ikusi ohi den fosil bizia alegia. Artikutzako urtegia, ostera, denbora luzez izan da Donostialdeko urtegi bakarra; orain, ordea, Añarbek hornitzen ditu alderdi horretako biztanle gehienak.

Hitz batez, mendi artean ezkutatutako paradisua hain zuzen. Baina orain dela ehun urte, guztiz kontrakoa zen. Orduan, Artikutzako hegiak DEFORESTAZIO BASATI bati eta IRAGAN INDUSTRIAL BIZI bati esker soilduak zeuden (kontuan hartu behar da mendeetan zehar egurrez elikatu zituela Artikutzak inguruko burdinolak eta kostaldeko ontziolak) eta tunelak, zubiak eta plano inklinatuak zeharkatuz burdina-mineralez kargatutako bagoiak jaisten zituen tren makal baten hotsak entzuten zituzten. 1898an Bianditz mendiaren Gipuzkoa aldeko isurialdean burdinbide honen lehen zatia ireki zen, eta (Oiartzungo Karrika auzoan zeuden) Zorrolako burdina-meategietatik Errenteria-Oreretako tren-geltokirainoko bidea osatzen zuen: bertan Norteko Ferrokarrilarekin bat egingo zuen. Garai haietan, COMPAÑÍA FORESTAL DE ARTIKUTZA delako enpresak gainera, kable sistema berezi bat instalatu zuen, zeinaren bitartez Karrikaraino hegan Artikutzako egur-ikatzez eta ELAMAko (Artikutza) MEATEGIetako burdinaz beteriko saskiak jaitsiko zituen. Kable-sarea burdinbide-sarea Artikutzaraino zabaltzean desagertu zen: burdinbide-sare berria neurri handiko oso obra konplikatua zen, izan ere desnibel handiak gainditzeko plano inklinatuak (oso malda gogorreko aldapak, zeinetan paraleloan ezarritako errailetan alde batetik mineralez kargatutako bagoiak igo eta jaisten ziren, eta bestaldetik kontrapisu bezala, urez betetako bagoiak hain zuzen) erabili zituzten. Plano inklinatu hauen bitartez, Elama eta Errenteria-Orereta artean 30 kilometro luze izango zuen trenbidea zabaldu zen: garai haietan Espainiako oihaneko meatze-trenbiderik luzeena izango zen. Trenbideak Bianditz gainaldea gainpean egindako tunel baten bitartez zeharkatzen zuen. Baina erabilitako sistema, ikusgarria bai, baina motela eta neketsua oso zen, eta hagitz garestia beharrezko baliabideei dagokionez -lau lokomotorak eta langile andanak ez zuten halako diru-eralketarik justifikatzen; trenak, azkenik 1917an Artikutzaraino joateari utzi zion.

Gaur egun, errepidez sarbide bakarra Oiartzundik irekita dago, Altzibar eta Karrika auzoetatik hain zuzen, eta errepideak Bianditzeko mendatea zeharkatzen du Eskaseko atariraino iritsiz. Honexek 7 Km beherago, Artikutza etxaldean, amaiera du.

Bestalde, Donostiako Udalak Artikutza finka erostearen kontua guztiz bestelakoa da. XIX. mendearen amaiera aldera, Gipuzkoako hiri nagusiak Añarbe ibaiko ura hartzen hasi zuen. Baina, 1902ko udaberrian TIFUS EPIDEMIA bat zabaldu zen, eta zenbait lagun hiltzeaz gain, ERREGE FAMILIAREN UDALDIA eta berauek erakarritako turismo-indarra arriskuan jarri zituen. Tifus sorburua ur-hartuneen gainetik zeuden baserri batzuetan kokatu zen, eta honen ondorioz, hain zuzen gizakiak edo haziendak eragindako kutsadura saihestearren, erreken iturburuetatik ura zuzenean hartzea erabaki zuen udalak. Horrelaxe zabaldu zen hodi itxiz hornitutako hoditeria kilometrotikoa, iturburu bereetatik hiriko iturrietaraino luzatu zena. Eta horrelaxe ere bai, beren araztasun eta xahutasunagatik ospea irabazi zuten Donostiako urek. Donostiako Udalak Elama ibaiaren 203 l/s-ko emaria erosi zuen (orduan Artikutza jabego pribatua zen), baina handik urte gutxitara jasotako emaria nahikoa ez zela egiaztatu zen. 1919an, Donostiako Udalak finka osoa 3.300.000 pezeten truke erosi zuen, garai haietarako fortuna handia, baina aldi berean donostiarren bizi-kalitatea hobetuko zuen inbertsio onenetariko bat egin zuen, izan ere ezin hobeak ziren uren hornidura segurtatzen zen. Geroago, 50. hamarkadan Enobieta urtegia etorriko zen, eta Añarbekoa, dagoeneko finkatik kanpo, 1975ean. Donostiako Udalak finka zaintzearren jarritako ahalegin biziak, Artikutzaren birsorkuntza nabarmena ekarri zuen. Hasiera-hasieratik, ur aratzak izatearren, Donostiako Udalak finkaren perimetroa hesitu eta gizakiak sartzea mugatu zituen -soilik 3.500 bat lagun sartzen dira finkara urtean; meategiak eta trena ere itxi ziren, eta baso autoktonoak aurrera egiten hasi zuen. Halaxe bihurtu da Artikutza, egun den paradisu naturalean.

Azkenik, Artikutzari dagozkion kokapen bereziari gizakiak historiaurretik utzitako arrastoak gehitzen badizkiogu, asko eta asko dira bertan aurkitu daitezkeen megalitoak (3 trikuharri, 65 mairubaratz eta 4 tumulu), oso erraza da Artikutzak eskaintzen duen ingurune naturalaren xarma barneratzea.

ASTIGARRAGAko BENTA (127 m).
Ibilbidea Astigarragako Bentako gainean hasiko dugu, Perurena Erretegitik aurrera irteten den errepide estuagoa jarraituz. Bi baserriren artean aldapa laburra gainditu, eta argindar-hariteria duen gain batera iritsiko gara. Pixka bat aurrerago, eskuinean OTZAZULUETA baserria utziko dugu, baita Manixenerako bidea ere. Bide ordekan jarraituko dugu eta Bolaleku biderako pistara iritsiko gara. Aldapa motza igoz, ezkerrean Egiluze sagardotegirako pista albo batera utziko dugu eta apur bat aurrerago, eskuinean URRITZAGA baserrirako seinalea eskuinean utziko dugu (Landarbaso biderako seinalea). Aldapa bat igoz, beste aparkaleku bateraino iritsiko gara (auto eta autobusentzako aparkalekua -mahaiak zuhaitzen artean), eta ezkerrean Benta-Berri erretegirako bidea utziko dugu. Errepidean beste 400 metro ibili ondoren, beste aparkaleku bat aurkituko dugu (autoentzako soilik). Mahaiak inguruan. Hemendik bidetik segiz, gorantz egingo dugu (argindar-hariteria baten azpitik igaroko), eta bidegurutze batera iristean, Idoiaga lepora eramango gaituen pista hartuko dugu.

IDOIAGA LEPOA (bertan Susperregi merendalekua kokaturik dago -denbora puntu honetatik neurtzen hasiko gara -0:00h, kontuan harturik bertara iristeko erraztasuna). Iturria. HHM norabidean aterako gara bertan dagoen langa metaliko berdea zeharkatzearen. Lehenengo urratsetan marka zuri-horiak dituen PR - GI 87 ALDURA zidorra jarraituko dugu. Beste iturri bat bidean ezkerrean. Bidegurutze bat aurkitzean, zuzen jarraituko dugu eta azkenik, zelai artean dagoen MALBAZAR LEPOra iritsiko gara. Bidegurutzea. Seinaleztapen bertikala. Ezkerreko bidetik eginez, pago arteko txabola baten ondotik igaroko gara, Aldura gainerako norabidea hartuz. Minutu batzuk igo ondoren, bidegurutze batean beste bi aukera izango ditugu:

  • Pista nagusiari ekin eskuinaldera eta BURKONDOko txabolaraino igo ondoren, Aldurako hegian zehar, emeki-emeki, EZPALAURRIko LEPO eta txabolaraino jaitsi.

  • Bi pista koskorren artean, ezkerretara hartu laritz arteko belar korridore zabalean gora doan bidezidorra. Beroni ekinez, gandorra joko dugu eta ALDURAKO GAÑA gailurreraino jarraituko dugu -551 m. Postontzia, belarrez estalitako zelaitxo ireki ederrean (0:40h). Errenteria-Oreretako udal barrutian kokatutako mendia, gutxi bisitaturikoa eta Gipuzkoa sortaldeko kostako bista ezin hobeak eskaintzen dituena (Oriotik Irunera bitartekoak, Donostialdea, Pasaia eta Errenteria-Orereta barne). Hemendik gandorreko bideari ekingo diogu baso aldera irten nahian -zelaitxoaren gurenean kokaturiko ehiza-dorrerantz abiatuko gara-, pista koskor batera irtengo gara eta honetan behera eginez, otez eta sastrakaz zedarriztatutako zidorretik lepoxka batera jaitsiko gara. Hemendik eskuinetik hartuz eta sendan gora, laritz-baso biren artean PERTSELEko ERPIN GEODESIKOra iritsiko gara -526 m.

    Muino zabal honetatik jaisteko, zuhaitz arteko korridore oso aldapatsuan dagoen bidexkari ekingo diogu eta beherago aurkitzen den beheranzko pista batera iritsiko gara (1:00h). Pistatik jaitsiko gara eta 100 bat ibili ondoren, eskuineranzko bihurgune batekin topatuko gara, baita bihurgune beretik irteten den zidor batekin ere. Bertatik jarraituko dugu eta pagadi baten erdian EZPALAURRI LEPOra iritsiko gara (1:06h), beste aukerarekin bat eginez. Txabola txuri txiki bat eskuinean, baita ere seinaleztapen bertikala lepoan.

    Nahi izanez gero, pinuditik egindako jaitsiera gogorra saihestu daiteke, IE-ko norabidean Pertseleko hegian zehar ELURZULOKO MALDAn, YANTZIKO ZABALA edo YANTZISORO leporaino jaisten badugu (SAROBE edo KORTA baten ARTAMUGARRI bat lepoan -YANTZIKO KORTARRIA, baita ELURZULOA jaitsitako hegian bertan). Lepoan, HHM-ko norabidean pista bat hartu eta Ezpalaurrira iritsiko gara.

Lepo honetan ITURRIOTZerako pista ezkerraldera utzi eta eskuineko pistari jarraituko diogu, emeki-emeki IRUBIETA (edo Irubita / Irurita - 1:22h LEPOraino jaitsiz. Abelburuentzako borda zuri bat lepoan.

Hemen beste txabola baten ondotik igaroko gara eta eskuinean GOIZUETArako (eta SORONDOko MERENDALEKU ezagunerainoko) pista utziko dugu. Metro batzuk ordekan jarraituko dugu eta bidegurutze batera iristean, erdiko pistatik gora igoko gara -kontrasua-, aldapa gogorrean, pinu artean. Pixka bat gorago, pista utzi eta aldapa gogorago batetik zuzen jarraituko dugu.

Beste pista bat zeharkatu, (1:34h) pinu arteko beste korridore batetik igoko gara, eta ote-sasi arteko zidor batetik ibiliz -hobe eskuinaldera desbideratzen bagara tarte hau hobeto igarotzearren-, gailurreriako tontortxo bateraino iritsiko gara (1:42h). Hemendik aurrera metro batzuk jaitsiko ditugu eta bi pista zeharkatu, beste 50 m igotzeko laritz arteko korridore maldatsuan OTRAITZ mendiaren sartaldeko isurialdean, azkenik OTARITZ LEPOko gailurreriara (1:55h) iritsiz, Oiartzun eta Errenteria-Orereta arteko MUGA -hiru mugarri (garai desberdinetakoak) eta zutoin elektrikoa inguruetan. Gailurreria eskuinalderantz jarraituz, laritz basoaren muga eskuinean dugularik, zelaitxo ordeka bat zeharkatu eta azkeneko maldari ekitea baino ez zaigu geratuko ZARIA -628 m- gaineraino iristeko (etxola, erpin geodesikoa, bi mugarri eta antena handia gainean - 2:09h). Jaizkibel, Hondarribia eta Irun, Aiako Harria, Larrun, Bianditz, Bunanagirre, Mendaur eta Arantzako zirkoa, Aralar bere Malloekin batera -atzean Larrunarri Txindokiko puntarekin, Aizkorri, Ernio, Gazume, Erlo, Urdaburu... panoramika izugarria.

Hemendik aurrera belarrez estalitako mendi-mazelak hasiko dira eta muino luze eta zabaletik (E), marka zuri-gorriz zedarriztaturik dagoen xidorretik jaitsiko gara. Argindar-hariteria baten azpitik igaro ondoren, ZARIA LEPOrainoko malda koxkor bat jaitsiko dugu -575 m- (2:23h - ezkerrean GI-3633 errepidea, Altzibar auzotik (Oiartzun) Artikutzaraino doana). Zelaietatik jarraituko dugu, aldapatxo bat igo, berriz muino bat igotzearren oraingoan emeki KAUSOROZABALA (2:40h) LEPOra jaisteko. Berriz igotzen hastean, eskuinean KAUSORO I HARRESPILA albo batera utziko dugu, eta gailurreriako zidorra jarraituz, beste muino batera igoko gara. KAUSORO II HARRESPIL edo MAIRUBARATZA bertan. Bi harrespilok, Oiartzun eta Urumea ibaien uren banalerroan kokatzen dira, 620 eta 635 m. garaieran hurrenez hurren.

KAUSOROTXIKI lepoxka zeharkatuko dugu, eta belarrezko zidorretik berrigoz jarraituko dugu. Aldapa gogorra igoko dugu -eta igoeran aurkitzen diren zedarri ugariei esker-, BUNANAGIRRE gaineko muino zabalera iritsiko gara (badira mendi honen izen berari dagozkion zenbait bariante: Bunaniarri, Bunanier, Munanier, Munerre...), -786 m (3:00h). Erpin geodesikoa. Begiratoki zoragarria. Gipuzkoako kostalde osoa, baita Txingudiko badia nabarmentzekoak dira.

Hemendik aurrera zelaietatik jarraituko dugu (E) eta laster gailurreria gaineko xendra eder batean ibiliko gara. Pagadiaren eskuinaldetik jarraituko dugu eta minutu batzuen ostean soildutako beste muino batera, aurrekoaren aurregainera, GOGORREN TORREA izenekora -781 m, iritsiko gara. Laburra baina aldi berean jaitsiera gogor batek BIANDITZ LEPORA (3:20h - 700 m) eramango gaitu. Bertan Artikutzarako errepidea zeharkatuko dugu, pista koxkor baten arrastoak jarraituz (marka zuri-gorriak).

Aldapa gogorrak igo ondoren, muino bat zeharkatu dugu -784 m- eta metro batzuk jaitsi -lepotxoa- gailurreriako bidetik gora berriz egitearren. Metro batzuk geroago, pista koxkorrak ezkerrean kokaturiko irtenune bat saihestuko du eta ondoren, (Donostiako jabetza den) ARTIKUTZAko finkaren alanbre-hesiraino iritsiko gara.

Alanbre-hesiaren ondotik ordekan jarraituko dugu eta igoera suabe baten ondoren ARRITXULANGAÑA (3:45h) gainera iritsiko gara. Gain berean talde bakarra osatzen duten 9 mairubaratz edo harrespil aurkitzen dira, baita 2 tumulu ere. Beste harrespil bat metro batzuk sortalderantz aurkitu daiteke. Lehendabiziko megalitoak 1909an P. de Soraluce-k aurkituak izan ziren. Urte batzuk geroago, L. Peña Basurto, L. del Barrio, L. Millán eta Tx. Ugalde aurkikuntza berriak egin zituzten. Inguruan aurkitu daitezkeen granito-harriz eginik daude. Monumentu hauen guztien artean, badira zutik dirauten zenbait harri, desagertutako harrespilen parte izan zirenak, edo egun katalogatu direnekin harremanik lezaketenak. 800 metro I-ean ERRENGAko HARRESPILAK aurkitzen dira. Arritxulangañan bestalde, alanbre-hesiaren ondoan ORREAGAKO KOLEGIATAREN ERDI AROKO MUGARRIA aurkituko dugu (makulua eta gurutzea zizelkaturik dituena). Gain honek bestalde EXKASBURU izena ere badu (ESKAS parajearen gainean aurkitzen da-eta), baita IRUMUGARRIETA ere, Oiartzun (Gipuzkoa) eta Goizueta -Artikutzako lur-sailak- eta Lesaka (Nafarroa) herrien arteko muga zehazten duelako.

Gailurreriatik jarraituko dugu, eta alanbre-hesia jarraituz BIANDITZ edo ARRIZKOETXOLAGAÑA -845 m (3:55h) izeneko gainera iritsiko gara. Erpin geodesiko handia, gutunontzia eta gurutzea. Begiratoki aparta. Zenbait autoreren aburuz, Arrizkoetxolagaña mendi honen jatorrizko izena dugu. Hala ere, badirudi konexioren bat izatea inguruko beste zenbait toponimorekin Arritxulegi (Aiako Harritik separatzen gaituen lepoaren izena) eta Arritxulangaña, 200 metro atzerago utzi dugun gaina.

Hemendik aurrera alanbre-hesiaren ondotik jaitsiko gara (HE) eta minutu gutxitan GATZARRIETA -813 m- mendiaren lepoa eta harrizko irtenuneetara iritsiko gara (4:04h). Gutunontzi bat eta piramide itxurako figuratxo metaliko batek gaina koroatzen dute. Begiratoki ikusgarria, izan ere bertatik Lapurdiko kostaldetik Auñamendi eta Orhi mendien kasko zurietaraino iristen da begiradaren irismena. Mendi honen leku-izena, abelburuek miazka dezaten, tontorreko harrien gainean gatza uztearen testigantza zaharra dira, hortik baitatorkio kasko honi bere izena. Tontorrera igoko gara eta erditik egingo dugu, ezkerraldetik igaro den -apur bat arriskutsua den- zidorra saihestuz. Punta hauetatik granito bloke batzuen artean aurrera egingo dugu eta behealdean urruti, langa metaliko batez horniturik ikusiko dugun BIDANGO LEPOra aldera jaitsiko gara. Alanbre hesia jarraituz egingo dugu, eta lepora iritsi baino lehen berau zeharkatuko dugu, eta eskuinaldera egingo dugu bira (H), basopean topatuko dugun pistara iritsi arte. Esan bezala, hesia GAZTARRITA I (4:13h) izeneko mairubaratzaren ondotik igaroko dugu -bertan bi igarobide aurkitzen baitira hesia alde batetik bestera zeharkatzeko. Hurbil izango da GAZTARRITA II izeneko mairubaratza eta aurrerago, 100 bat metro H-ra, BURNIAIZTIETA LEPOA izeneko TRIKUHARRIA.

Eskuineranzko xendra hau jarraituz (sartaldea - PR marka zuri-horiak), basoan sartuko gara eta pixkanaka-pixkanaka garaiera galduz, dozena erdi errekasto zeharkatuz, ESKASeraino iritsiko gara (hau da finkaren Guardaetxea - 4:47h).

Egunen batean Artikutzara itzuliko gara, eta agian bere barrena ezagutzeko izango da, merezi du-eta.


[-] Itxi