Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



PIC DU MIDI d'OSSAU MENDIAREN KONDAIRA...

Han goian, mendian, bi anaia bikiak bizi ziren: JEAN anaia txikia eta umoretsua, eta PIERRE, handia eta malenkoniatsua.

Artzainak zirelarik, mendizale banaezinak, ez ziren beste nehorekin harremanetan jartzen. Beren artaldeak eramateaz gain, kanpotik haranean sar litezken inbasioei aurre egitea helburua zuten.

Gau batean, ardi eta ahuntzak zaintzen ari zen bitartean, Pierrek lurraren sakontasunetik zetorren zarata ikaragarri bat entzun zuen.

Zoraturik, abereak ikaratuta ihes egin zuten., gertatutakoa sorginek egindako txantxa bihozgabe bat izango zelakoan, Pierrek bordaren ingurua zaintzeko laguntza eskatu zion Jean anaiari.

Orduan, aker batek Jean anaiaren atzetik jarraitu, kosk egin eta lurrera bota zuen. Pierre anaia laguntzera lasterka joan zitzaion, baina, sorgin bat ageri eta bi artzainak haren lurrazpiko mundura eraman zituen.

Anaia bikiak infernuetan zeuden bitartean, kanpotarrak harana inbaditu zuten eta bertan bizi zen oro, gizakiak edo abereak, hiltzen hasi ziren. Uharrak kolore gorriz margotu ziren. Odolak mendia zipriztindu zuen.

Bat-batean, egindakoa konponezina izan zedin baino lehen, Jean eta Pierre sumenditik atera ziren, sekulakoak, mugagabeak, bata bestearen ondoan, beren suzko ezpatak astindu eta inbaditzaileen gorputzetan zartatu zituzten.

Balentria eternitatean finkatuz, sorginek anaia bikiak harri bihurtu zituzten, gerora, banaezinak izango ziratekeen Ossau Haraneko Grand Pic y Petit Pic tontorretan bihurtuz.

L'Araille estazionalekua - Pombie Aterpea - Bious-Artigues Aintzira - Pic d'AYOUS(2.288 m) - Ayouseko Aterpea - Pic de PEYGERET (2.487 m) - L'Araille estazionalekua

Midiko Tourra - Ayouseko aintziren Tourra.
Midi d'Ossau mendia...
Midi d'Ossau mendia...
—© Ostadar MT—
Egin klik handiago ikusteko
(67,697 byte)

PIC DU MIDI d'OSSAU MENDIAREN BIRA Pirinioetan egin dezakegun zeharkaldirik ederrenetariko bat da, eta mendizale orok noizbait behinik behin egin behar du. Oraingoan proposatu dugun ibilbidea BIDE KLASIKOAren eta "AYOUSEKO AINTZIREN TOURRA"-ren arteko konbinaketa dugu. Ez gara mendi malkartsu honen tontorrera igoko, baina horrexegatik, ibilbidea amaitzean lortutako gogobetetzea ez da txikiagoa izango, mendia gorteiatuko baitugu, bere inguruan "dantzatuko" gara, haren profil guztiak miretsiko ditugu, aintziretan islaturik ikusiko dugu, behin eta berriz aho zabalik utziko gaitu.

Bi egun ditugunez, Ayouseko aterpe politean egingo dugu lo. Ibilbideak ez du zailtasunik erakusten; ia 1.000 metroko desnibela da egun bakoitzeko, baina orain ez gaitezen horretaz kezkatu.

Larunbata, uztailak 12
L'Araille estazionalekua - Pombie aterpea - Bious-Artigues Aintzira - Ayouseko aintzira eta aterpea

L'ARAILLE ESTAZIONALEKUA (1.775 m).
PORTALETetik (1.794 m) kilometro batera, frantziar isurialdean dagoen estazionalekutik irtengo gara. Arazorik gabe, pista batek ANÉOU (1.709 m) estazionalekura eramango gaitu, eta bertatik hasiko gara igotzen POMBIE aterperako bide klasikoa jarraituz. Informazio-panelek PIRINIOETAKO PARKE NAZIONALEAN sartzen ari garela ohartaraziko gaituzte, ez dugu ez ibilbidea kokatzeko arazorik izango; errekasto baten gaineko ZUBI bat zeharkatuko dugu eta igotzen hasiko gara; ondoren Midia gure bistatik desagertu zaigu, estaltzen digun belarrezko mazela batetik igotzen hasiko baikara; SENESCAUren (1.812 m) BORDAtik igaroko gara; geroago, SOUM DE POMBIE (2.129 m) LEPOra iristean, pendiza gogortuko da. Honen ondoren Midiaren haitz-puska ikusi ahal izango dugu berriz, baita Pombieko aterpea ere; Pombie aldera jarraituko dugu; lepoan, gure ezkerraldean L'ILOU LEPOra doan zidorra atzean utzia izango dugu: bide hau bigarren egunean ihesbide gisa erabili ahal izango duguna eguraldi oso txarra baldin badugu.

Ondoren, POMBIE ATERPErantz (2.031 m., 1h 15' estazionalekutik hona) jaisten den muino samurretik jaitsiko gara; ostera, "GRANDE RAILLERE DE POMBIE" (harritza erraldoia) zeharkatuko dugu SOUZON (2.127 m) LEPOrantz aldera, han hasten da hain zuzen Midira igotzeko BIDE NORMALAren hastapenera daraman muinoa; gaur ez da hori gure helburua izango; markatutako zidorretik iparralderantz jarraituko dugu, eta zenbait larretatik jaitsiz eta hainbat harritza zeharkatuz, azkenik MAGNABAITGT (1.665 m) LEPOra helduko gara; geroago, ongi zedarriztatutako xendra basoan sartuko da eta malda pixka bat jarriz, azkenik BIOUS-ARTIGUES ESTAZIONALEKUra eramango gaitu (1.422 m. 2h.15'. Pombie aterpetik). Estazionalekua presa bihurtutako izen bereko AINTZIRAren ondoan dago. Bertaraino asfaltaturiko errepide bat iristen da.

Ondoren, eskuinaldeko ibarrean kokaturiko pistatik inguratuko dugu aintzira, ezkerrean BORDA bat utziko dugu eta PYRENEA SPORTS ATERPE PRIBATUra helduko gara, freskagarri bat hartzeko parada emango digun "TXOSNA" bat ondoan duelarik. Informazio-panelek berriz Parke Nazionalean gaudela gogorarazten digute, eta edozer gauza egitea debekaturik dagoela ohartarazi... Aintziraren kubetara iristean pistak ordeka izateari utziko dio, eta martxa zailduko du BIOUSeko HARANeko larreen xerka joan behar dugu-eta; AYOUSeko ZUBItik (1.480 m) igaroz zeharkatuko dugu uharra, eta pistatik jarraituko dugu BIOUSeko ZUBIaren (1.480 m) inguruetan zuhaizpetik irten arte; ikuskizuna zirraragarria da, uharra meandroak marrazten BIOUSko LARREAN zehar, Midi d´Ossau mendia gure buruen gainean, dilin-dolon, joare handiko behiak errekastoaren ondoan bazkan, hitzik gabe geratu naiz...

Biouseko zubira iritsi baino metro batzuk lehenago, eskuinerantz jarraitu beharko dugu GR10 ZIDORRAk AYOUSeko ATERPErako (indikadorea bidegurutzean, 1.534 m) bidea markatuko digu-eta. Zidorra oihanean sartuko da berriz eta aldapa gogorretik gogoz ekingo dio (ez dakit zergatik, baina elastikoa ondo izerdiko dugunaren susmoa daukat); basoan ARTZAIN-BORDA bat ikusten dugun soilgune bat zeharkatuko dugu, eta berriz sartuko gara basoan berriz eguzkipera irteteko metro batzuk geroago; minutu batzuen atseden-tartea har dezagun hemen eta panoramari so egin diezaiogun, merezi du-eta, Midiak bere beste aurpegi malkartsuetako bat erakusten digu, neguko bide gogorrenetakoa, IPAR ISURIALDEA hain zuzen.

Zuhaitzik gabeko sailetatik ibiliz, ROUMASSOT (1.845 m) AINTZIRAra iritsiko gara; eskuinetik inguratuko dugu BORDA bateraino iritsi arte; ondoren, ur-jauzi baten ondoan, erabiltzen ari garen xendra ingurune malkartsuago batean sartuko da, eta behean, gure ezkerrean utziko dugun MIEY AINTZIRA (1.905 m) kokatzen den KUBETAra irtengo da. Berehala GENTAU (1.947 m) AINTZIRAra iritsiko gara: azkenik muino baten gainean, AYOUSeko ATERPEA ikusiko dugu. Bertan igaroko dugu gaua (1.982 m., 2h 15' Bious-Artigues aintziratik hona). Midiak erakusten duen bisaiaren bista "liburutik aterea" da eta eguraldia lagun bada arratsaldea pasa ahala hobera egingo du, ziur baietz...

Aterpe honetatik, zedarriztatutako GR10 zidorra AYOUSeko LEPOraino igotzen da, eta lepo honetatik erraz irits daiteke PIC d'AYOUS (2.288 m) mendiaren gailurreriara osora, bertaratu nahi bada.

Igandea, uztailak 13
Ayouseko aintzira eta aterpea - Biouseko harana - PIC DE PEYREGET GAINA - Pombie aterpea - L'Araille estazionalekua

PEYGERETeko LEPOA eta TONTORRA arazorik gabe ikus daitezke aterpetik, Midi d'Ossau erraldoiaren eskuinean dira gaur helburu bezala jarriko ditugun tokiak.

ATERPEtik (1.982 m), hegoalderantz igoko gara ondo markaturiko xendra jarraituz; hainbat aintzira txikiren ondotik igaroko gara BERSAU AINTZIRAra (2.082 m) iritsi arte: berau ezkerraldetik inguratuko dugu. Xamurki garaiera hartzen joango gara BIELLE (2.110 m) LEPOra iritsi arte: lepoa BIELLE eta CASTERAU TONTORREN artean zabalik dago. Ondoren, sigisaga eginez belarrez estalitako ingurune batera jaitsiko gara, non sortalderantz (E) norabidez aldatuko dugun, larretik ibiliz CASTERAU AINTZIRAREN KUBETAraino (1.943 m., 1h 10' aterpetik) iritsi behar dugu-eta. Aintzira eskuinaldetik inguratuko dugu eta berehala malda gogorreko eremutik jaitsiko gara berriz, xendra sekulakoa da baina atsedenik gabe sigisaga egitea jaistea behartuko gaitu denbora gutxian 250 metro jaitsi eta BIOUSeko HARANean (1.700 m) zehar korritzen duen pistara, eta baita zutoin indikadorera ere, iristeko.

Pistatik ezkerrerantz 15 edo 20 minutuz ibiliko gara eta gure eskuinean beste zidor berri baten hasiera aurkituko dugu, UHARRA ZUBI (1.644 m) batetik igarotzeko aukera emango digularik: puntu honetatik zubia arazorik gabe ikusgai dago.

Uharra atzean utzi ondoren, gure bideak CAP DE POUNT BORDAren ondotik igaroko da (1.650 m., 45' Casterau aintziratik hona). Hemendik aurrera Peygeret tontorrerako igoera gogorra izango dugu, 800 metroko desnibelekoa, eta gutxi gorabehera oinezko 2h 15'-ko denbora erabiltzera behartuko gaituena; zidorrak ezkerretik eskuinera diagonala marraztuko du eta aldapa gogorrean HAITZARTE antzeko batean sartuko da, galerarik gabe PEYREGETeko BORDAraino (1.928 m) iritsiz; bidea jarraituko dugu oraindik honaino ekarri gaituen baino iragandakoago beste zidor batekin topatu arte. Mazelatik igoerarekin jarraituko dugu, harritza handi baten ondotik igaro eta PEYGERET AINTZIRAraino (2.074 m) helduko gara; puntu honetan aldapa samurrago bihurtuko da, baina aldi berean, mendi garaikoago diren lurretan sartuko gara PEYREGET (2.314 m) LEPOra iritsiz: hegoalderantz bira eginez PIC DE PEYREGET (2.487 m) tontorretik separatzen gaituen malda gaindituko dugu. ANÉOU ZIRKOko tontor garaienean gaude, eta iparretik ixten du zirkoa zapaltzen ari garen tontorrak. Gainetik panoramika ezin hobeaz gozatzeko aukera izango dugu eta Pirinioetako alderdi honetan diren tontorrak, haranak, harkaitzak, aintzirak... eta denen artean osatzen duten mendikatea konplexua ikuskatzeko aukera izango dugu.

Lepora itzuliko gara eta gure bidea jarraituko dugu, jaitsierakoa orain; aintzira txiki batzuen ondotik pasa ondoren, POMBIE ATERPEra (2.031 m) eta AINTZIRAra iritsiko gara (2.031 m., 1h. tontorretik hona).

Hemendik aurrera L'ARAILLE ESTAZIONALEKUra jaistea baino ez zaigu geratzen, atzo erabili genuen aski iragandako bidetik, gutxi gorabehera beste ordu betez, autobusa zain dugun tokira jaisteko.


[-] Itxi 
Eranskina 

2008ko uztailak 8

Midi d'Ossau mendia, sartaldeko Pirinioetako mendien erregea.

Pirinioetako bi aldeak lotzen dituen PORTALETeko (1.794 m) komunikabide zaharraren, dagoeneko garai zaharretan Frantzia eta Espainia lotzen zituen antigoaleko pasabidearen ondoan, MIDI d'OSSAU mendia (2.884 m) dago, eta bakardadean altxatuz erakusten duen dotoreziagatik, nabarmendu da beti inguruko mendien artean. Arraro bada ere, bestelako mendietatik urrun bakarti ageri da Midia, eta kolore beltzekoa da, baita neguaren garai gorrienetan ere, haren formen bertikaltasunak ez baitu elurrik horma eta ertzetan metatzen uzten. Zalantzarik gabe, sartaldeko Pirinioetako mendien erregea da. ...

Irakurri gehiago [+]