Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zumarraga - Antio - Lizarreta lepoa - IZAZPI (973 m) - Pagotxoeta - SAMIŅO (932 m) - OLETA (762 m) - Agiņaga - Zumarraga

Zumarragako mendialdean
Izazpi gainean
Izazpi gainean
—© Gorka Garmendia—
Egin klik handiago ikusteko
(29,704 byte)

Ondoren Zumarragako mendialdean 21 kilometro luze den ibilbidea deskribatuko dugu, Zumarragako Euskadi Plazatik hasi eta bisitatutako lehen gaina Izazpi (973 m) izanik, Zumakortaburu mendira arteko Pagotxoeta, Samiño eta Oleta mendi eta parajeak bisitatu ondoren, Agiñaga auzotik jaitsiz, berriz Zumarragara jaitsiko den ibilbide zirkularrean. Webgune honetan idatzitako eranskinean izango duzu bisitatuko ditugun tokien informazio zehatz eta zabalagoa.

ZUMARRAGAKO PLAZAtik Piedad kalerantz irteten diren eskailerak igoko ditugu. Piedad kalearen amaieran Zumarragako PARROKIA dago, eta bere ondoan ZUMARRAGAKO TRIKITIXAREN OMENEZKO ESTATUA, errotonda baten erdian. Errotondan bertan Elizkale kalea hasiko da, bere aurrean trenbidearen "lubakia" duela: lubakian TXISTULARIAREN OMENEZKO ESTATUA eta Oteizaren ITZIAR ESKULTURA ikus daitezke. Lubakiaren aurrean, MERTZEDARIEN KOMENTUAren ondoan, herriko kanposantura doazen eskaileretatik igotzen hasiko gara: garaiera hartzen hasiko gara.

Kanposantuaren atzetik jarraituko dugu, aldapan gora jarraitzen duen zidor bat hartzearren. GURRUTXAGAZPIKOA, GURRUTXAGAERDIKOA eta GURRUTXAGAGOIKOA baserrien ondotik igaro ondoren (GURRUTXAGAGOIKOA oso baserri interesgarria dugu, fatxadan puntu erdiko bi arku ditu baita armarri bat ere), ANTIO edo ZUMARRAGAKO ANDRA MARIAren Ermitarako azken errepide tartera iritsiko gara. Baseliza euskal estilo erromanikoan XII-XIII. mendeetan egindako eraikina dugu, eta haranaren sakonean Zumarragako parrokia 1575. urtean eraikitzen amaitu arte, herriaren parrokia izan zen. Ermitak barnean egurrez egindako egitura aberatsa du eta horrek Euskal Herriko baselizarik ederrenetariko bat izatera ekarri du. KONDAIRA batek jentilak aipatzen ditu, Aizkorritik harriak bota zituztela baseliza eraiki ez zezaten. Paradoxa bada ere, jaurtikitako harriok elizaren eraikuntzan erabili izan zirela dio kondaira berak, aski zaila izango zatekeen kontua izan ere ermitaren harria hareharria dugu hain zuzen. Uztailaren 2an, urtez urte bertan ZUMARRAGAKO EZPATA-DANTZA ezaguna ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko martxoak 14

Ibilaldian kontuan hartu beharreko eraikinak, parajeak eta kondairak...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Orain dela berrogeita hamar urteko egun batean... Izazpiko gurutzearen 50. urteurrenean.

1948ko ekainaren 27an, herriko koadriletako hainbat partaide eta mendizale Izazpi mendiko tontorrerantz gora abiatu ziren. Goizean laino ugari zegoen; egun hura egun berezia zen: tontorrean gurutze berria inauguratu behar zuten.

Bi hilabete lehenago herriko Luistarren kongregazioak Izazpi tontorrean gurutzea eraikitzeko eskaria aurkezten zuen. Udalak proiektua begikotasunez ikusi, baina gurutzea Zumarragako udal-barrutian kokatzea komenigarri litzatekeela adierazten zuen.

Tontorrean, On Lorenzo Arakamak meza egin zuen eta elizkizunean bildutakoei Erromatik ekarritako gurutze txiki bat musukatzeko eman zien. Ondoren, gurutzetxoa porlanezko gurutze handian txertatu zuten.

Aurreko ekainaren 4an Udalari bidalitako idazki batean, eraikuntzarako osatutako batzordeak gurutzea Ezkioko udal-barrutian altxatzeko hartutako arrazoiak azaltzen zituen: tontorreko punturik altuena eta agerikoena zen. Udal-korporazioak garaiko hirurehun pezetako diru-laguntza ematea onetsi zuen.

-Bai, orduan alkatea On Juan Unanue zen, On Francisco Manterola idazkari lanetan aritzen zelarik -adierazten digu herriko lagun batek. Ekainaren 27a oso egun berezia izan zen. Eta tontorrera iristerakoan harriduraz, Goardia Zibilaren dotazio batzuk ikusi genituen; dena dela, egitarauko ekintzak normaltasunez bete ziren.

Meza bukatuta, Antiora jaitsi eta herriko jaiak ospatzeko jarritako mahaietan, bazkari herrikoia egin zen. Eguraldia hobetu eta bero egiten zuen.

Gure laguna iraganera itzuli da berriz eta gorderik dituen oroimenak azaltzen jarraitu du. "Gurutzearen proiektua eta eraikuntza lanak Patxi Oiarbideren ardurapean zeuden, bera baitzen orduan, Orbegozo enpresako delineatzailea eta Obretako Burua. Materialaren igotze lanak nahiko nekosoak izan ziren, bai, oraindik gogoratzen ditut Gurrutxaga baserrikoak, baita Egibidekoak ere, bide horietatik zama astunak mandoz igotzen..."

Postreak hartzerako garaian, bertan zeudenei euskaraz hitz batzuk egiteko asmoz, lagunetako batek ozen hitz egin zuen: "Entzun! Entzun!". Goardia Zibileko sarjentua berarengana berehala zuzendu eta hitzez hitz honakook bota zizkion: "O se calla Vd. o le pego cinco tiros" (Itzul: Isiltzen ez bazara, bost tiro botako dizut). Hau ikustean, Faustino Orbegozo eta On Lorenzo apaiza goardia zibilaren kontra egin zuten. On Lorenzo apaizak halaxe erantzun zion: "Si Vd. es sargento, yo soy capitán" (Itzul: Zu sarjentu bazara, ni kapitain), apaizak Gerra Zibilean Nafarroako Brigadetako Kaperau-Kapitain gisa izandako iragana gogoraraziz.

Elkarrizketarekin jarraitzen dugu eta gure informatzaileak burua leunki mugituz irribarre alaia egiten digu. "Gertakizun hark ez zuen bestelako arazorik eman. Hala ere, handik denbora gutxira gai honi buruzko kronika bat idatzi zen. Interesatzen zaizulakoan, egunkari-zatia hementxe daukat". Eta zimurrez betetako paper horixka bat ateratzen du poltsikotik, non ondorengo esaldia nabarmen irakur daitekeen: "Una excusión montañera fue interpretada por el régimen franquista como un acto separatista" (Francoren erregimenak mendi-ibilaldi bat ekintza separatistatzat hartu zuen).

Lagunartean gorputza ondo alaiturik, ondoren, bertan zeudenek jai-giroan Ezpatadantza dantzatu zuten.

Ekainaren 27ko arratsalde hartan, Antion Errosarioa eta Bederatziurrena egin ziren. Izazpiko gurutzea inauguratu berria zegoen...

Ostadar Mendi Taldea
1998ko ekaina

OHARRA: Bazkarian mitina ematen agertu zen laguna Karlos Linazasoro, garaiko mendizale eta EAJ buruzagi zumarragarra izan zen: PDF dokumentu honetan garai hartan egunkari baten jasotako agiria irakur daiteke.

[-] Itxi 
Eranskina (3)

2008ko irailaren 18an.

Izazpi ala Izazpe?

Irakurri gehiago [+]