Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Zumarraga - Antio - Lizarreta lepoa - IZAZPI (973 m) - Pagotxoeta - SAMIŅO (932 m) - OLETA (762 m) - Agiņaga - Zumarraga

Zumarragako mendialdean
Izazpi gainean
Izazpi gainean
—© Gorka Garmendia—
Egin klik handiago ikusteko
(29,704 byte)

Ondoren Zumarragako mendialdean 21 kilometro luze den ibilbidea deskribatuko dugu, Zumarragako Euskadi Plazatik hasi eta bisitatutako lehen gaina Izazpi (973 m) izanik, Zumakortaburu mendira arteko Pagotxoeta, Samiño eta Oleta mendi eta parajeak bisitatu ondoren, Agiñaga auzotik jaitsiz, berriz Zumarragara jaitsiko den ibilbide zirkularrean. Webgune honetan idatzitako eranskinean izango duzu bisitatuko ditugun tokien informazio zehatz eta zabalagoa.

ZUMARRAGAKO PLAZAtik Piedad kalerantz irteten diren eskailerak igoko ditugu. Piedad kalearen amaieran Zumarragako PARROKIA dago, eta bere ondoan ZUMARRAGAKO TRIKITIXAREN OMENEZKO ESTATUA, errotonda baten erdian. Errotondan bertan Elizkale kalea hasiko da, bere aurrean trenbidearen "lubakia" duela: lubakian TXISTULARIAREN OMENEZKO ESTATUA eta Oteizaren ITZIAR ESKULTURA ikus daitezke. Lubakiaren aurrean, MERTZEDARIEN KOMENTUAren ondoan, herriko kanposantura doazen eskaileretatik igotzen hasiko gara: garaiera hartzen hasiko gara.

Kanposantuaren atzetik jarraituko dugu, aldapan gora jarraitzen duen zidor bat hartzearren. GURRUTXAGAZPIKOA, GURRUTXAGAERDIKOA eta GURRUTXAGAGOIKOA baserrien ondotik igaro ondoren (GURRUTXAGAGOIKOA oso baserri interesgarria dugu, fatxadan puntu erdiko bi arku ditu baita armarri bat ere), ANTIO edo ZUMARRAGAKO ANDRA MARIAren Ermitarako azken errepide tartera iritsiko gara. Baseliza euskal estilo erromanikoan XII-XIII. mendeetan egindako eraikina dugu, eta haranaren sakonean Zumarragako parrokia 1575. urtean eraikitzen amaitu arte, herriaren parrokia izan zen. Ermitak barnean egurrez egindako egitura aberatsa du eta horrek Euskal Herriko baselizarik ederrenetariko bat izatera ekarri du. KONDAIRA batek jentilak aipatzen ditu, Aizkorritik harriak bota zituztela baseliza eraiki ez zezaten. Paradoxa bada ere, jaurtikitako harriok elizaren eraikuntzan erabili izan zirela dio kondaira berak, aski zaila izango zatekeen kontua izan ere ermitaren harria hareharria dugu hain zuzen. Uztailaren 2an, urtez urte bertan ZUMARRAGAKO EZPATA-DANTZA ezaguna ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko martxoak 14

Ibilaldian kontuan hartu beharreko eraikinak, parajeak eta kondairak...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Orain dela berrogeita hamar urteko egun batean... Izazpiko gurutzearen 50. urteurrenean.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailaren 18an.

Izazpi ala Izazpe?

Zorte handia dugu Urretxu-Zumarragan inguruan ditugun paraje, mendiak eta tontorrak izateaz, bai horixe! Horren ondorio garbia Beitia-Martxak urtero-urtero ibilbide berriak aldatzeko aukera izana da. Urretxuko mendia, zalantzarik gabe Irimo dugu, eta denok ezagutzen ditugun Zazpi Puntak paraje ezin ederrago dira. Zumarragari dagokionez, tontor edo gain aukera zabalagoa dago, Zumakortaburu, Samino, Izazpi, Beloki eta Argixao tontor aldea Zumarragako udal-barrutiaren barruan parte batean edo osorik dituzten gainak direlarik. Dena dela, zalantzarik gabe, hauetatik guztietatik (gaina eta gurutzea Zumarragako udal barrutian ez baditu ere) Zumarragako mendia Izazpi dela esan dezakegu. Izazpi du honek izena… edo Izazpe beharko luke?

Irakurleak ez du agian jakingo, baina kontua da orain dela gutxi arte Euskaltzaindiak gure mendiari eman dion izen ofiziala, Euskal Herriko mendi nagusiei ematen diena, IZAZPE izan dela, Urretxu-Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko biztanleontzako ezagun eta erabilia zaigun IZAZPI izan beharrean.

Baina zergatik Izazpe? Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, Izazpi mendiak nolabait izen ofiziala "Izazpe" izena jaso izana Euskal Mendi Federazioak 1990ean argitaratutako Mendi Katalogoaren edizioan koka dezakegu. Geroztik aurrera, mendia Izazpe izenarekin mendi ezaguna bihurtu da, eta zalantzarik gabe, azkeneko bost-hamar urteotan Irternet-ek zabaldu du han-hemenka Izazpe bariante berri hau Euskal Herrian zehar.

Aurtengo maiatzaren erdialdean, Ostadar Mendi Taldeko eta Zintzo-Mintzo taldeko kide batzuk mendiaren izenaz kezkaturik kontu hau aztertzea erabaki genuen… nola ote zen posible Azpeitiko herriko mapan (2007ko apirileko argitalpenean), IZAZPI azaldu izana, eta beheraxeago txikiz "Izazpeko gurutze zaharra" jartzea, Ezkio-Itsasoko mapan (2000ko azaroan argitaratutakoan) IZAZPI agertzen bazen?

Hori dela eta Jose Luis Ugarterengana jo genuen, berak osatu baitzuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardula, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuena. "Urretxu eta Zumarragako toponimia" lan honetan, 334. orrialdean Izazpiri dagokionez, hauxe idatzi zuen Jose Luisek:

—1833. urteko beste agiri batean horrela azaltzen da: "/Argomal de Ysaspi, en el parage llamado Narrucoi/"

—1889. urteko beste agiri batean: "/Monte llamado Yzazpi/"

—1998. urtean Leturiondoko Bautista Alberdik //isáspí// ahoskatzen du.

Toponimia lanean aipatutako idatzizko daturik zaharrena 1833koa bazen, Jose Luisek toponimia-lana argitaratu eta gero, 1529. urteko "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko dokumentuan honako esaldiak topatu zituen:

—(1529): "/el dho çerro llamado Yçaspi/"; "/en el termino llamado Yçaspi ydoya/"... (euskara zaharrean idoia-k baltsa edo putzua esan nahi du, eta zalantzarik gabe bi gurutzeen artean diren putzuen aipamena egiten du).

Datuokin, Euskaltzaindiko Patxi Galérekin jarri ginen harremanetan, Euskaltzaindiak mendiaren izena berraztertu zezan eskatuz, gure iritziz arrazoi nabariegiak eta argiegiak zirelako mendiari Izazpi izena emateko (azken 500 urtetan gure isurialdean mendiari beti-beti "Izazpi" izena (z-s grafien gorabehera) eman zaiolako).

2008ko apirilaren 10ean Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen bilera izan zen Altsasun eta, gai-zerrendan agertzen ez bazen ere, Izazpi edo Izazpe kontu hau aztertu zuten. Aztertu eta ebazpen berria eman ere bai. Egun horretatik aurrera Izazpi mendiari dagokion izen ofiziala IZAZPI da. Jose Luis Ugartek aurkeztutako proposamen batzuk ere aztertu ziren, eta bostetik bi ontzat eman zituzten: Aizelekua-ren partez AIZALEKU onartu zuten, baita Juanastegi-ren partez JOANAZTEGI kalearen izena onartu. Zumarragako Aginaga auzoari izena Aginaga-ren partez AGIÑAGA ordea jartzea ez zuten onartu (kasu honetan Jose Luisek Urretxu-Zumarragako toponimia liburuan argitaratu zuen proposamena aurkeztu zuen).

Euskaltzaindiak webguneko sarrera ekain aldera eguneratuko zuela esan bazuen ere, uztail aldera egin zuen, tartean, Urretxuko mapa berria argitaratu eta Izazpi gainari dagokion lurralde tartetxoa Izazpe izenarekin agertu dela. Dagoeneko informazioa Euskaltzaindiko webgunean eguneratuta badago ere (http://www.euskaltzaindia.net/eoda/), etorkizunean eguneraketa bestelako iturrietan, esate baterako Euskal Mendi Federazioko Mendien Katalogo berrian, gauzatu dadin nahi genuke, izen zaharrak dagokion tokia berrartu dezan.

Lerro hauen bitartez Jose Luis Ugarteri gure eskerrik beroenak berreman nahi dizkiogu, berari esker zuzendu baita mendiak jaso behar zuen izena.

Eta hemendik aurrera lan handia geratzen zaigu Izazpik prentsa-agiri eta Internet dokumentu askotan agertzen den bezala, Izazpe albo batera utzi eta bere izena, Izazpi berreskura dezan... Denbora kontua da, prozesua martxan dago-eta.

Josu Aztiria eta Jon Mikel Intsausti
Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Ostadar Mendi Taldearen izenean

[-] Itxi