|
PONT D'ESPAGNE (1.459 m).
Gaurko ibilaldia Pont d'Espagneko ORDAINPEKO ESTAZIONALEKUAN hasiko dugu; izen bera daraman arkupetik igarotzean Pirinioetako Parke Nazionalean sartzen ariko gara; ondoren errepidetik metro batzuk egingo ditugu "PUENTE DE ESPAÑA"-ra iristearren beharrezko diren "pasaguneetatik" igarotzeko gonbitea egiten digun informazio-zutoina aurkitu arte; zidor eder hau jarraituko dugu eta minutu batzuen buruan zubi baten gainera iritsiko gara, bidean uharra indarrez jaisten den sakaneko bista ikusgarriez gozatu ondoren.
Zubiaren gainean gaudela, sakanaren gaineko ikuskizunak, baita inguruetan aurkitzen diren ur-jauziek berriz geldiaraziko gaituzte. Ur-jauzietatik erortzen den uraren indarra egundokoa da, bai horixe!
CLOT ATERPERA daraman errepidetik jarraituko dugu, aterpea atzealdetik inguratuko duelarik. "MEILLON MONUMENTU"-ra daraman zidorra eskuinean utziko dugu -ALPHONSE MEILLON-i dedikatua (Cauterets, 30/08/1862 - (+) Paris, 22/02/1933). Mendizale aparta, Édouard Wallonen lankidea izan zen eta Cauteretseko sektore osoa metodikoki aztertu zuen, bertako lehen eta bigarren mailako tontorretara igoz, bertako informazioa eskuratuz eta historia, topografia eta toponimia lantzen zituzten dokumentu andana sortuz, ondoren hainbat mapatan argitaratuak izan zirelarik (besteak beste, Carte du massif du Vignemale et de la région au Sud de Cauterets, 1929; carte de Cauterets et des vallées du Lutour, de Jéret, de Gaube, du Marcadau et du Campbasque, 1932); esan bezala, monumentua albo batera utzi eta larreetan zehar ibilaldi ederra egin ondoren, aterpera iritsiko gara. Une oro, erreka ezkerrean izan dugu eta haren murmurioa bide osoan lagun izango dugu.
Aterpean errepidea amaituko da eta gure zidorra zelaian barrena markatuko da; eskuinean aterpe txiki bat utzi eta galtzeko zalantza izpirik gabe Marcadau haranetik gora jarraituko dugu; batzuetan zelaian ...