Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



ANSELMOREN OROIMENEAN (itzul.)

Orain dela urte batzuk, Pagasarritik etortzean, Ganekogorta mendiaren lehen goranzko maldan, mendira ia egunero igotzen ohi diren jubilatu horietako bat aurkitu nuen. Haren ondoan, lurrean etzanda, adin bereko beste gizon bat zegoen, praka motzetan jantzia, elastikoa erantzita, azala oso belzturik zuena. Konortea galdurik zuela ematen zuen. Halaxe galdetu nuen: —"Zer gertatu zaio?", eta gizonak hala ihardetsi zidan: —"Bat-batean hil da". Senezko komentarioa gehitu nuen ondoren: — "Hau bai heriotza duina; halaxe gustatuko litzaidake hiltzea niri ordua datorkidanean". Biak, bizirik zegoena baita hildakoa ere laguntzen geratu nintzen. Handik denbora gutxira Gurutze Gorriko taldea etorri zen gorpua esku-ohe batean eramateko. Nik tontorrerako bidean jarraitu nuen, heriotzaren xedeari buruz hausnartuz. Puntu honetan lauburu bat jarrita dago, eta izen bat du idatzita: Anselmo, eta data bat ondoan: 81-8-8 (plakan, lehendabiziko zortzia desagerturik dago).

LUIS ALEJOS

1923 (itzul.)

Euria ari du Bilbon, eta arinki ari du, ari du,
airea, etxaurre ilunak eta Artxandako muino motelak
zikinduz,
arinki nire ikasle garaiko babesik gabeko
haurtzaroan euria ari du
(birkontzentraturiko kaleko haurrekin jolastuz
eta herabeki),
pinudiak Pagasarriko maldetan gorantza doaz.
Azaroko gau goibelean euria ari du,
haizeak beirak busti eta marruskatzen ditu,
eta ametsen artean entzuten dut... euria ari du,
ahanzturako nire etxe gogoangarrian ari du
-mademoiselle Isabel-,
haur liluratuaren kopeta zurixka arkupetan...

BLAS DE OTERO

URRUN (itzul.)

Zenbat Bilbo oroimenean. Eskola egunak. Arrastiri goibel, euritsuak.
Itoarazitako alegrantziak,
ezkutuko zinema, kakahuete-aleak, anisak.
Terraza garaia, Ostegun Santuko prozesioa,
Ostiral Santukoa, santua, santua.
Pagasarri aldean azken elurrak
eta Artxanda aldetik,
negar malkotan bihurtutako garoak.
Bilbo zaharra, garai bateko plaza Berria,
Barrenkale Barrena, Nerbioi ibaiaren ondoko
arkupeak: nire herribildua, gupidagabekoa eta
dohatsua. (Euria, euria,... maiatzeko euria,
urria baino hobia.)
Ume-arimako lokaztegiak,
bihotz barrenean samurrak, eta suntsituak.

BLAS DE OTERO

BIDEAK (itzul.)

Horrenbeste ibili ondoren, bizitzaren erdian
gelditu nintzen: bide luzeei so egiten nien,
atzera begira; diamantezko eguzkiak,
zilarrezko ilargiak, barnealdeko argia.
Bertan geratu eta begira geratu nintzen.
Eta egunak eta urteak bidera etorri zitzaizkidan:
sakonetik bridaturik, barneraturik
nire erromes urratsek lotutako ehun helmuga.
Lautadan askatasun handiagoa erdietsi nuen,
askatasun handiagoa elur aratzaren gainean,
askatasun handiagoa udazken nekezaren pean.
Eta bidea egiteari ekin nion, urratsez urrats
eguzki-sarreraren urre-koloreko argirantz,
hegazti batek, arinki, txio egiten zuen bitartean.

BLAS DE OTERO
(olerkaria - Bilbo, 1916ko martxoak 15 - Madril, 1979ko ekainak 29)

Sodupe - AGUILATOS (668 m) - GALARRAGA (902 m) - PAGERO (965 m) - GANEKOGORTA (998,39 m) - BIDERDI (877 m) - GANEKONDO (627 m) - LAPURZULOGAINA (677 m) - PAGASARRI (671 m) - Bilbo (Iberdrola)

Sodupetik Bilborako zeharkaldia.
Galarragara igotzen
Galarragara igotzen
—© OMT—
Egin klik handiago ikusteko
(227,081 byte)

SODUPEn (59 m), autobusak utzi gaituen estazionalekutik, HErantz, ELUBARRI AUZOrantz abiatuko gara, eta bertako errepide lokal baten arkupe baten azpitik pasa ondoren, ezkerreranzko bigarren kalea hartuko dugu errepidetik igotzeko asmoz. Malda gogor baten ostean ezkerraldean azkeneko etxearen ondotik igaro bezain pronto, asfaltoa utzi eta ezkerralderantz pista bat hartuko dugu. Pista jarraituz autobidearen azpitik dagoen tunel bat zeharkatuko dugu, eta ezkerralderantz jarraituz, eskuineranzko bi aukera ematen dituen puntu bateraino iritsiko gara (IARTU AUZOA). Guk erabakitasunez Aguilatos gainera ekialdeko isurialdetik igotzen den porlan pistatik jarraituko dugu. Hodi handi baten azpitik igaroko gara, eta pista erripatsu batetik igoz langa bateraino iritsiko gara: bertan GR markak eta plastikozko zinta batzuk agertuko zaizkigu. Langa zeharkatu eta zidorra jarraituko dugu: honexek zeharkatuko dugun beste langa bateraino eramango gaitu. Horrelaxe berriz pistara iritsiko gara; GR markak jarraituz bidea laburrago egingo dugu, pista sigi-saga jarraituko dugu, eskuin eta ezker eskaintzen diren bideak hartu gabe, ezkerreranzko bide batean zedarri bat ikusi arte: honexek lasterbidea hartzeko gonbitea egingo digu berriz pistara itzultzearren, baita bidegurutze berri batera iristearren; gogorrena aukeratuko dugu, denok gorantz, eta Aguilatos mendia ezkerretik eskuinera inguratzen duen pista jarraituko dugu; ertzean gaude eta laster lepora (langa) iritsiko gara. Pistak aurrera jarraitzen badu ere, guk gaina ezkerraldean ikusiko dugu, baita garo, txilar, otamotz artean AGUILATOS gailurreriara eta gainera (668 m, erpin geodesikoa, buzoia, mugarria) eramango gaitun zidorra ere. Bizkai eta Araba arteko mugan gaude, eta muga bera jarraituko dugu Ganekogorta mendira iritsi arte.

Hemendik aurrean dugun hurrengo helburua ikusiko dugu, Galarraga mendia, piramide eder itxurarekin azaltzen zaiguna. Eta haren ezkerrean, ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko irailaren 8an.

Ganekogortako mazizoa.

Haren isurialdeak Bilbotik (8 m), Bizkaiko hiriburu jendetsuaren bihotz-bihotzetik hasten dira. Ganekogortako mazizoa Bilbo Handiaren ingurune metropolitarretik 1000 metroko garairaino altxatzen da, Nerbioi eta Kadagua ibai-arro industrializatuen artean, erdipurdikoak diren urak dituztela hain zuzen. Hala eta guztiz ere, interesgarria da ikustea oraindik posible dela bai denbora apurrean atzigarriak diren lasaitasunezko oasi ederrak aurkitzea, Bilbo hiriaren erditik abiaturik.

Pagasarri-Ganekogorta mazizoa, ingurune berezia da haren egitura geologikoa aztertzen bada. Bilboko antiklinorio handiaren parte da, Kretazeoko periodo Urgoniarrean eratutako kare-materialez osaturik dagoelarik. Kareharriak, hareharriak, lutitak eta margak uztartzen ditu. Edertasun handiko kareharri azaleratze ederrak ikus daitezke, Antzola, Uzkorta eta San Rokeko gailurreriak besteak beste. Tontor bereko lapiaza, Bizkaiko garrantzia bereziko puntu izendapena jaso du du.

Zenbait karst-formazio bikainak dira, Sueño eta Nogales sistemen galeriak bezalaxe. Espeleologian adituek egindako ikerketetan, milaka pisolita edo leize-perlen presentzia nabarmendu dute lurrazpiko Artabe II erreketan, EAEn bakarrak direlarik.

Geologikoki gune onuragarria denez, Pagasarri aldea zoritxarrez, kareharri- harrobi ugarik zauritutako ingurua bihurtu da, Peñascal, Bolintxu eta Pastorekortako harrobiak adibide, azkeneko hau egun zabaltzen eta ustiatzen ari direlarik.

Landaredi-komunitate nagusia, koniferen (Pinus radiata) oihanberritzearen bitartez sortutako basoek, albitz-belarrez (Brachypodium pinnatum) hornitutako guneek, zelaiek eta laborantza-sail atlantikoek osatzen dute. Zabalera handiagoa izan lezakeen artadi kantauriarreko landaredia (Quercus ilex), harizti azidofiloa (Quercus robur), erkamezti/harizti kaltzikola (Quercus pubescens), ameztia (Quercus pyrenaica), pagadi azidofiloa (Fagus sylvatica) eta haltzadi kantauriarra (Alnus glutinosa, ur-bazterretan galeria erako basoen osatzailea, interes paisajistiko eta ekologiko handikoa, izan ere ezpondetako finkatzailea da eta uholdeak gertatzen direnean indargetze lanak egiten ditu), heltze eta ustiatze zaileko zonaldetan baztertuak izan dira. Hala ere, haren garrantzia paisajistiko eta ekologikoak Pagasarriko ingurua errekuperatzen has dadin arrazoitzat har genezake, inguru honek, haren izenak esaten duen bezala, “pago ugariren ingurua” berriz izateko.

Koniferen labore bakarrean oinarritutako basoberritzeek suteak eta izurriteak gerta daitezen arriskua handitzen, landaredia eta fauna aberastasuna urritzen dute; halaxe, mazizoaren baliabide hidrologikoetan jaitsiera nabarmena sortu dute. Bestalde, elektra-hariteriak eta honek erabilitako dorreek, paisaian inpaktu nabarmena eragin dute, hegaztien komunitatean arrisku larria direlarik.

Halaber, paisaiaren kalitateak (landaredi autoktonoa, hesi naturalak…) kalte handia jasan du hainbat arrazoi… enbor mozketak, baso-pistak, baso-soilketak, suaren erabilera, alanbre-hesiak, erosioa, kontrolik gabeko hondakindegiak, abandonatutako eraikinak, bestelako eraikuntzak (ur-tangak, ur-hoditeriak, harrobi eta meategiei itsatsitako eraikinak, aisialdi-instalazioak, etab.), ingurumenarekiko errespeturik gabeko ekintzak (mendi-motorrak…), direla medio.

Urbanizazio proiektuek eta azpiegitura handiek ere ingurumenean eragiten dute. Dagoeneko 1959. urtean mazizoaren hegietan bizitegi-hiri bat eta teleferiko bat eraikitzea proposatu zen. Iragan hurbileko hainbat proiektuk ere toki honen izaera naturalaren behin betiko galtzea ekarri dezakete: Pastorekortako harrobiaren zabaltzea, Zabalgarbi zabor-errauskailua, Santurtziko gasbidea, “Ganeko” mendi-tontorrean zentral eoliko bat, “super-sur” autobidea (Trapagaranetik Arrigorriagan A-68rekin bat egin arte, Bolintxu, Peñascal edo Arnotegiko harrobiaren ingurunea bezalako olgetarako zonalde ekologikoak zeharkatu eta deuseztatu behar ditu).

Horren ondorioz, hauengan ingurumenean jarduera inpaktua gutxitzearren, eta Paisaiaren kontserbazioa indartzearren, lurraldearen baliabideen ustiapen arrazionalago bat ezartzea beharrezko da, benetan bat etorriko dena Bizkaiko Foru Aldundiaren maiatzaren 8ko 73/1990 foru dekretuarekin, natur inguruari dagozkion nekazaritza, abeltzaintzazko eta basogintzazko jarduerek ingurugiro gainean duten eragina neurtzeko behin-behineko neurriak arautzen dituena. Espezie desberdinak tartekatzen dituzten basoberritzeak, autoktono direnak lehenetsiz, entresaka bezalako ebakitze teknika arrazionalagoak,... bezalako neurriak kontuan hartzekoak dira Paisaia hobetzeko xedea badugu.

Pagasarri-Ganekogorta inguruetako ekosistemek jasaten ari diren degradazioa nabaria bada ere, jende askok uste duen kontrakoan, bertako fauna-balioa aintzakotzat hartzekoa da. Koniferen basoek eurekin erlazionaturiko fauna jakin baten ugaltzearen alde egin duten bitartean, baso autoktonoko zatiak fauna zabal baten babesleku dira. Ugariak dira bertako basoetan habia egiten duten harrapariak: zapelatz arrunta (Buteo buteo), gabiraia (Accipiter nisus), belatz gorria (Falco tinnunculus), mozoloa (Athene noctua), hontza zuria (Tyto alba) eta urubi arrunta (Strix aluco), hainbat karraskari (landa-sagua –Mus spretus-, basasagua -Apodemus sylvaticus-, satitsu arrunta -Crocidura russula-, sator arrunta -Talpa europaea-) eta narrasti (zirauna -Anguis fragilis-, sugegorri europarra (Vipera berus), suge biperikara (Natrix maura), iparraldeko suge leuna -Coronella austriaca- eta sugandilak) oinarritzat dituztenak elikagai gisa. Hegazti paseriformeak ornitologoen gozamena dira, eta sarritan igotzen dira azken hauek bertako landazabal, hesi, baso eta errekastoetan txoriak ikusteko. Bertan aurkitzen diren aipagarrienak honako hauek dira: eskinosoa (Garrulus glandarius), zozo arrunta (Turdus merula), antzandobi arrunta (Lanius collurio), birigarro arrunta (Turdus philomelos), txantxangorria (Erithacus rubecula), txepetxa (Troglodytes troglodytes), amilotx urdina (Parus caeruleus) edota enara arrunta (Hirundo rustica). Bertan ikus daitezkeen hegazti sarraskijaleak hauek dira: sai arrea (Gyps fulvus) eta sai zuria (Neophron percnopterus). Karraskariez gain, Pagasarriko ingurua, gehien bisitatzen duten ugaztunak azeria (Vulpes vulpes) eta basurdea (Sus scrofa) dira; hala ere ez da harritzekoa orkatzak (Capreolus capreolus) ere bertan aurkitzea. Bolintxuko leizeetan bizi diren saguzarrek babes berezia jaso beharko lukete: horietako batzuk galtzeko zorian daude, eta gehientsuk espezie kalteberak dira. Etxeko abereen aldetik azpigorri arrazako ahuntz-taldeak (kolore beltz ilunekoak) ikus daitezkeela ere nabarmendu behar da.

Errekasto aratzenetan interes handiko anfibioak aurki daitezke, arrabio arrunta (Salamandra salamandra), uhandre palmatua (Triturus helveticus) eta zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea), esate baterako.

Pagasarri-Ganekogorta mazizoko baliabide naturalak, ugariak ez diren arren, arreta berezia behar dute euren kontserbazioaren aldetik. Inguru honetako olgetarako interesa kontuan hartzekoa da, eta horregatik ere behar bezala hornitu behar dira euren degradazioa ekidin nahi badugu.

Pagasarriko lehendabiziko gizaki-aztarna PASTOREKORTAko HARLAUZA PALEOKRISTAUA dugu, ARBRISKIETAKO ERMITAren ondoan aurkitu zena, baseliza aldi berean BIZKAIKO TENPLURIK ZAHARRENA delarik.

Bertan XVI. mendean eraikitako elurzuloek Bilbo eta inguruko eskualdea izotzez hornitzen zituzten. Lau zulo zirkular dira, manposteriazko paretez horniturik daude, egurrezko gainaldea eta hustubide kanala ere dutelarik. Egun oso egoera txarrean, abandonaturik aurkitzen dira.

Ermiten artean SAN ROKEri eskainitakoa nabarmentzen da; berau Bolintxuko haranaren gainean gailentzen da, inguru honetako kokaleku ederrenetako bat osatzen duelarik. Abandoko Udalak XV. eta XVI. mendeen artean eraiki zuen. Geroztik hainbat eraberritze izan ditu. Udalak, XVI. mendeko izurritearen ondoren urtean behingo San Rokeren omenezko erromeria egingo zela agindu zuen.

TARINAREN ITURRIA, herri-harpidetzaz eta Udalaren zein Aldundiaren laguntzaz eraikitako haren dutxekin, zuhaitzek ematen duten itzalaz gain, udako ibiltariek gehien eskertutako elementua dira.

Madozen hiztegiak BELAUTE toponimoa Ganekogorta gain ezagunarekin nolabait erlazionatzen du. Jakintza-arlo honetako adituek Zollo inguruan BELAUTEKO GANA izena jaso dute, berau delarik gain honen izena, Ganekogorta dela bitartean inguruan kokatzen den saroi bat. Ganekogorta toponimoak “gaineko saroiaren” esanahia du. -gorta edo –korta amaiera oso ohikoa da mazizo honetan, baita ere Gorbeiakoan eta Euskal Herriko sartaldean. Saroiaren esanahia du, lurrazala sailkatze pribatua bera, nagusiki eguteran dagoena, neurri zehatz eta jakinez eraturik dagoena, eta belaunaldiz belaunaldi jabez jabe pasatu dena. Saroi batzuen sorrera ere I. edo II. mendeetan koka daiteke. Zirkulu itxura dute eta erdialdean harri bat kokatzen zuten, artamugarri izenekoa, perimetroan kokatzen ziren harri txikiagoen kokapena markatzen zuelarik. Saroiak oso ohikoak dira Euskal Herrian, eta baldin eta non kokatzen diren izen desberdinak dituzte: SAROI, SAROBE, KORTA, KAIOLAR, BARRENDEGI, OLA, OLHATE…

Mazizoaren gehienezko garaiera, Araba eta Bizkai arteko muga markatuz, Ganekogorta mendiak (998 m) dauka. Gaina bestalde ere (Gorbeia, Sollube, Oiz eta Kolitza gainekin batera), DEIADAR EGITEKO MENDIA dugu tontorrean sua pizten zen, Bizkaiko jaurerriaren batzar orokorrak deitu ahal izateko (toki estrategikoetan kokaturik, lurralde historikoaren zabalera handi batean ekintza hauen berri emateko aukera ematen zuten).

Euskal mendizaletasuna jaiotzear zegoenean, 1870. urtean hogei bat bilbotar gaztek Bizkaiko mendi garaienetara igotzen hasi zen. Ikas dezagun, Bilboko gain garaienaren omenez, talde honek Ganekogortatarrak izena jaso zuen hain zuen. Mendi honetan hasi ziren baita ere 1914. urtean Euskal Herriko mendi- lehiaketak. 1914ko irailaren 30eko gauerdia iristear zegoenean, zenbait mendizale kartsuk Ganekogorta mendiaren tontorrera iritsi eta MENDI-LEHIAKETAren hastapena aldarrikatu zuten. Honekin batera zera adierazi, beste kirol-diziplinetan ez bezala, diziplina honetan kirol-praktika egiteko erabiltzen den adorea saritzen dela, eta ez ibilbideetan erabilitako denbora, ezta ere zapaldutako tontorren zailtasuna zein garaiera. Lehendabiziko lehiaketan, hamabost hilabetetan hamabost gain egitea saritu zen. Denbora tarte hau bete ondoren, gau hartan Ganekogortara igo ziren 42 mendigoizaleetatik 14k, euren lehiaketa-agirietan hamabost gainak igo zituztela idaztea erdietsi zuten. 1915eko azken egunean, proba berezi honetako irabazleei domina jarri zieten; proba honek gerora ehun mendien lehiaketaren aitzindaritzat hartu daiteke.

Bilbo inguruan iratzartzen ari zen mendi-jarduera gero eta garrantzitsuagoa izaten hasi zen. Pagasarrik ezagutu zituen hainbat igoera, lasterketa bitxi… gertatu ziren inguruetan. 1913ko ekainaren 15ean euskal mendizaletasunaren lehendabiziko istripua gertatu zen, eta tokia, noski, Ganekogorta izan zen. Prentsa lokalak "La desgracia de Ganekogorta" (Ganekogortako zoriogaitza) izenaren pean zabaldu zuen. Baina hau ez zen biktima bakarra izango, izan ere 1914ko ekainaren 7an beste alpinista batek bizia galduko zuen Zollorantz erortzen den hegi malkartsutik behera erori ondoren. Esan dugun bezala, apur bat geroago mendi-lehiaketak antolatzen hasik ozen, eta urtebete geroago (1915), geroago Pagasarriko aterpe ezaguna izango zen aterpea eraiki zuten.

Tontorraren kokapena dela eta, gogora dezagun tradizionalki berau Araba eta Bizkai arteko herrialdeen mugan kokatu dela. Hala ere, zera esan behar da, mapak zehaztasunez begiratuz, herrialdeen muga-lanak egiten dituen lerroak iskintxo bat marrazten duela tontorretik 69 metrora hegoalderantz, eta horren ondorioz, tontorra esklusiboki Bizkai barruan dagoela esan daitekeela. Tontorrak ekartzen dituen beste zalantzetako bat, haren garaiera dugu, izan ere itsasoaren mailaren gainetik, “zenbaki magikora” iritsi barik, mila metroren kota ukitzen duela ematen du. Kontua da neurketa zehatzenek hala ere, 998 eta 999 metroko garaieran kokatu dute, eta horren ondorioz, lau zifrako zenbakitik izpi batera geratzen da.

Gogora dezagun Bilbo, Nerbioi ibaiaren ertzean kokaturiko herrixka bat zela 1300. urtean Haroko Diego Lopez jaunak, Bizkaiko V. Jaunak forua eman arte. Kondairak hala dio, Diego jauna mendi- eta ehiza- zale zela, eta jarduten ari garen mazizoaren tokiren batean, basurde baten zain, oinetako bat ahuntz-oina zuen emakume oso eder batekin topo egin zuela,. Hain ederra zen, ezen berarekin ezkontzea erabaki zuen, baina horretarako emaztegaiak baldintza bat jarri zion, inoiz gehiago ere aitarena egin ez zezan baldintza hain zuzen. Bilbok denbora pasa ahala, hiribilduaren izaera mantendu duela nabarmen dezakegu, Bizkaiko hiri bakarra Urduna dela hain zuzen ere.

Argi dago, mendiak ezagutzen dituen mendizalearentzako, “Ganeko” dela Bilboko mendi nabarmena. Dena dela, hala gertatzen da, asfaltoan errotuago den bilbotarrentzako badagoela ezagunago duen mazizo berean dagoen beste mendi apalago bat. Argi eta garbi, Pagasarri (678 m) gainari buruz ari gara. Eta jakina, bertaraino igotzea samurrago eta laburrago dela, baina haren ospea tontorraren atzetik lepoan estrategikoki kokatutako aterpeari dagokio. Horregatik, mendira igotzean gehiago dira Pagasarrin bidea amaitzen dutenak Ganekogortara igotzen direnak baino. Igoera klasikoak horregatik, Euskal Herriko gehien populaturiko (edo hobeto esanda, gainpopulaturiko) eskualdeko hirigunean hasten dira: non bada, Bilbon.

Miguel de Unamunoren “Rosario de Sonetos Líricos” (Soneto lirikoen arrosarioa) olerki-liburuko hitzek:

Pagasarri kopetilun, nire gazte denboretako
tristeziaren lagun zahar,
zure bakardadeak ene bakardadeak babestu zituen
haren berdetasun leunaren artepean.
Zure bisai idorrak, nire irrikaren lekuko,
gorde dudan oroimenera zara gehitzen
gaur zu ikustean,
eta zure tontorreko haizearekin,
enekin osatu zenuen bularralde hau,
zeureganatzen ari zara geroan.
San Rokeko haitz arreak, zutunik diren tantai-sorbaldak,
zure burua eramanez bizkarrean,
hiribilduaren aurrean dira gailentzen,
eta neguan han goialdean,
nire sorterriko zeruaren bazterrean,
sarrera laburretan
ari da ene ekia dirdaitzen
munduari begira egonian.

agian mendigoizaleek haren bidezidorretan tarte goibelak igaroz bornean gordetzen dituzten sentimenduak laburtzeko balioko dute.

Javier Urrutia, Mendikat-ekoa (www.mendikat.net) eta
Ekologistak Martxan (http://www.euskalnet.net/ekolan/)

Informazio gehiago hemen: http://delicious.com/otamotz/ganeko

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2009ko irailaren 8an.

Pagasarriko hegaztiak.

Irakurri gehiago [+]