Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



BIDERAKO KANTA

Korostitik Arrolara,
gogoaren larrosak
begiek utzitako hondarrak.

Korostitik Arrolara,
belarrezkoak nire oinak,
amodioarena arnasa.

Korostitik Arrolara,
zure bihotza da mundua
eta mundua nahi dudana.

Korostitik Arrolara,
egunsentiaren semea naiz,
eta ilunabarraren alaba.

Korostitik Arrolara,
bi zuhaitz, bi txori,
eta bide bakarra.

Korostitik Arrolara,
itzalek ere badakite
maite zaitudala.

JOSE LUIS PADRÓN PLAZAOLA
Urretxu - Beain - Nebera - Lizarriturri - IRIMO (901 m) - 6. punta (TRINTXULEKU) - Deskarga - ARROLAMENDI (904 m) - GOROSTIAGA (951 m) - Udana.

Goierriko Bira (1. etapa) - Urretxu eta Legazpi arteko mendietan.
Taldea Gorostiagako gainean
Taldea Gorostiagako gainean
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(68,222 byte)

Bi hilabetez hainbat bilera eta lan egin ondoren, ibilbideak sortzeko irizpideak, datak… bat egitea lortu izan dugu: Goierriko Bira martxan jarri da dagoeneko. Ibilbideak eskuratzeko orduan, mugetatik ahalik eta gertuen ibiltzea erabaki dugu, baina bestalde ere garrantzia handia eman diogu zidorretatik eroso ibiltzeari, izan ere, muga beretik ibiltzea beti ez baita posible izan bertan aurkitzen diren sasiak, sakanak... etab. gaindiezinak direlako… handik eginik, gure etapak bukaezinak liratekeelako.

URRETXU-ZUMARRAGA (350 m) – IRIMO (855 m).
Lehendabiziko etapa hau ZUMARRAGAko PARROKIAtik hasiko dugu. AREIZAGA-KALEBARREN (350 m.) enparantzarantz abiatuko gara, eta bertatik BIDEGORRIA hartuz, AZKOITIrako norabidea hartuko dugu; saihesbidearen azpitik igaroko gara, eta ETXEBERRI auzoko aparkalekua albo batera utzi ondoren, UROLA IBAIA zeharkatuko dugu bertan dagoen zubia erabiliz.

Saihesbidera irtengo gara, errepidea zeharkatuko dugu eta beste aldetik, GERRA BASERRIra (350 m) garamatzan pista hartuko dugu. Pinudian kilometro bat edo luze den bihurgunez beteriko errepidetik jarraitu ondoren, BEAIN BASERRIetako (517 m) zelaietara iritsiko gara.

Porlana amaituko da, eta ondoren metro batzuetan zehar, lurrez estalitako pistatik jarraituko dugu. Zerrategi baten antza duen eraikin batera iritsi baino lehen, pista abandonatu eta ezkerrerantz eginez, inguruan bihurgune itxi baten ondoan dagoen beste eraikin bateranzko norabidea hartuko dugu; langa metaliko bat zeharkatuko dugu, eta sigi-saga egingo dugu bertatik ibiliz. Basora itzultzean, TORTOA muinoaren mendebaldetik igotzen den bide maldatsutik jarraituko dugu, NEBERA (611 m.) [1] izeneko lepoaren bila ariko gara-eta. Ezkerreko pista hartuko dugu, txabola baten ondotik igaroz; pixka bat aurrerago, bidegurutze berri batera iritsiko gara, eta bertaraino ekarri gaituen pista utzita (Santa Krutz baserrirantz doa jarraituz gero), bat-batean ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Gipuzkoako eskualde banaketa

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Goierri eskualdea

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Urretxutik Legazpira historiaz betetako lurraldean

Urretxu

URRETXU ERDI AROKO HERRIA.- HERRIAREN SORRERA

Urretxuk duen lehen agiri historikoaren aipamena Juan I. Gaztelako Erregeak emandako herriaren sorrerako "Carta Puebla" delakoari dagokiona baino ez da, 1383ko urriaren 3an emana.

Sortu aurretik, giza-multzo bakandu bat zegoen Urretxua deitutako lurretan, Santa Barbarako baseliza inguruan segur aski. Biztanle horiek, areagotzen ari zitzaien jaun feudalen erasoen aurrean, herria sortzeko aukera eskatu zioten Erregeari. Herria sortzeak babes eta zerga bidezko onuraz ekartzeaz gain, merkataritza handitzeko aukera ere eskaini zien. "Carta Puebla" delakoan, biztanleek eurek diseinatu zuten herri barruan eraiki beharreko orubeak banatzeko ahalmena eman zien Erregeak; gaur egun, oraindik ere, Erdi Aroko herriaren ezaugarriak gordetzen ditu Urretxuk, mendeetan zehar izandako garapenak ez baititu oinarrizko berezitasunak aldatu. Juan I Erregeak udalerria eman zien bere mugak zehaztuz, eta baita izena ere: Erregeak sortua denez gero, "Villa Real" izena hartu zuen.

Erregearen onurak zituen herri honi Zumarraga (1383) eta Ezkio (1385) atxikitu zitzaizkion. Urretxurekiko atxikimendu horiek Segurako herriaren aurkakotasuna izan zuten berehalaxe, eta honek Zumarraga eta Ezkioko kolazioei zegozkien eskubideak aipatuz, auzian sartu zen Urretxurekin. Gatazka amaiera eman zion epaiaren arabera, baizik eta Urretxuko herria bera ere bai. Sei urte geroago erabaki zen urretxuarren apelazioa, 1411n, eta orduan hautsi zen behin-betirako Segura herriarekiko menpekotasuna.

HISTORIAN ZEHARKO GARAPENA

Pixkanaka-pixkanaka sorkuntzako herri gisa egituratzen hasi zen Urretxu, oso berezitasun sendoa duen egitura ekonomikoa osatuz, hain zuzen ere merkataritza eta nekazaritza-abeltzaintzan oinarrituta. Aipagarria da baita baso iharduna ere, eta orduan hasi berria zen burdingintza, Mendiaratz, Irigoien eta Gerra burdinoletan kokatua. Industria berri honek ibaiaren izena aldarazi zuen; ordura arte Legazpiko erreka, Urola izena hartu zuen.

Hala ere, kokagune estrategiko hori bera oztopo izango da herriaren garapen ekonomikoarentzako: erregeen eta batailoien derrigorrezko igarobide izanik, horiei harrera on bat egiteko obligazioa zegoen, eta herri-diruaren kontura gainera. Horrez gain. Urretxuk hainbat eta hainbat zoritxar natural izan zuen XVI eta XVII mendeetan (suteak, izurriteak eta beste gaixotasun batzuk); azkenean, beraz, horiek guztiek atzerako eragina izan zuten Urretxuko biztanleengan, eta herritik kanpo gauzatzen hasi ziren haien ekonomi, kultur eta gizarte mailako asmoak.

Herritik alde egitea izen zen irtenbidea, batez ere Ameriketara aldera. Erregetzera joandako biztanleak era badira; horietatik batzuk ospetsu egin ziren XVII. mendeko errege-administrazioan, eta beraien jauregiak sortu zituzten herrian: esate baterako, Ipeñarrieta, Areizaga, Nekolalde. Horren guztiaren ondorioz, familia urretxuar batzuk gero eta ospetsuago egin ziren; ia giza-maila alderik gabeko herritar haien artetik beste herritar mota bat sortu zen, eta aipatutako familia horiek ia-ia bakarrik zuzendu zuten herriaren etorkizuna.

XVIII. mendean azpiegitura ugari eraiki zen: Araba eta Irungo muga lotu zituen errege-bidea eraiki zuten; bestalde, postetxea kokatu zuten Urretxun, inguruko herriei posta banatzeko.

XIX. mendean gerrak izan ziren ugari; ondorio kaltegarriak eragin zizkien udal-ogasunei; alde horretatik, garrantzi handikoak izan ziren Independentziaren Gerra eta I. Karlistada. Modernizazioaren mendea ere izan zen XIX. hori ; trenbidea jartzeak izan zuen aparteko garrantzia, izan ere horixe izan baitzen geroko garapen ekonomikoaren oinarria gure herrian. Mende honetakoa dugu Jose Mari Iparragirre, "Gernikako Arbola" egin zuen koblakari ospetsua.

XX. mendeak industrializazioa eta biztanleen hazkundea ekarri zigun, 50. hamarkadaz geroztik batez ere, immigrazio handiaren ondorio. Inoiz ezagutu gabeko hazkunde horrek baldintzatu zuen herriaren hiri-egitura, soziala eta ekonomikoa.

Gaur egun hiritartzat har daiteke Urretxuko biztanleria, herri modernoa, industria aurreratu eta kualifikatua duena, zerbitzu sektorea goraka, aurren-aurreneko mailako eraikuntzak dituena, eta horiek guztiek XXI. mendeko herri baten itxura ematen diotelarik. Baina, hala ere, herriak ez dio bizkarrik eman iraganari, ez eta bere historiari, eta ederki eutsi die Erdi Aroko herriaren jatorri, ondasun historiko eta tradizioei.

INFORMAZIO-ITURRIA: Urretxu.net webgunean oinarritutako informazioa.

Urola Ibaia

Urretxu eta Zumarraga batzen eta era berean banatzen duen ibaia. Urola izena lehen aldiz, 1434. urtean agertzen da. Ordura arte, eta gero ere bai, ibaia izen asko jasotako da, eta ez dirudi azkeneko urteetara arte, Urola gehien erabiliena izan denik. Jose Luis Ugarteren arabera, baliteke izena Antzuolako Ondamendi baserriaren ingurutik jasotzea izena, baserriaren izen zaharra Urola zen eta.

Urretxu eta Zumarragako toponimiaren sarreran hala ageri da:

Toponimoa: UROLA
Kontzeptua: 60201 / Ibaia
Iturriak: 1434: F57 (60.or) / "Como desçiende por el arroyo a yuso fasta el agua e rio de Legaspia, e dende por el dicho rio a yuso como da por el agua fasta donde entra el arroyo que llaman de Huola al dicho rio de Legaspia,..."
1613: UUA5 / "En Yrimo savel vaxando por la fuente de para el río de Uola"
1752: ZUA6 / "Río nombrado Urola"
1819: HIPO2 (65.or) / "Río maior llamado Urola"
1889: ZUA2 / "Punto llamado Mugarrieta en el río Urola"
1951: Plano1 / "Río Urola"
Kokagunea: 88-37, 88-29, 88-21
Adierakideak: Legazpi, El río caudal, El río mayor, El río principal, Ibaia, Errekaundia.

  • Oharrak: 1434ko testuari erreparatuz gero badirudi "Arroyo de Huola" Antzuolako Ondamendi baserri ingurutik igarotzen den errekari esaten zitzaiola. Kontuan izan behar dugu, gainera, Ondamendi baserriaren izen zaharra Urola dela (baserri hau Antzuolakoa izan arren Urola arroan dago, ez Deba arroan). Hori dela eta, Urola ibaiaren izena litekeena da hortik hartua izatea. Eta ez litzateke harritzekoa izango, zeren orain ere Azkoititik behera Artetxeerreka esaten baitzaio Urola ibaiari, Artetxe Aizpurutxo aldeko etxaldea delarik. Gainera, Urola garaia eskualdean, badirudi ia oraintsu arte ibai nagusiari ez zaiola Urola esan, Errekea edo Errekaundia baizik.

Urretxuko Nebera elurzuloak

Beain baserri inguruan, Urretxuko Nebera paraje ezaguna dugu. Neguan elurra jasotzen zen lekua da hori, eta jasotako elurra zulo sakonetan gordetzen zen hilabete batzuetan zehar izotz bihurtutako elurra gordez; Nebera, hortik datorkio izena. Leku hotzak eta laiotzak izan behar zuten, iparraldera begira, aldapatsuak, eta bidetik gertu, elurra ahalik eta ondoen hartzeko. Leku horiek oso garrantzitsuak ziren, hango elurra eta izotza medikuntzan erabiltzen baitzen (sukarra eta gaixotasunen aurkako tratamenduetan), edota janariak behar bezala gordetzeko.

Neberan, bi elurzulo gorde dira eta Urretxuko ondarearen testigantza garrantzitsua dira. Bisita bat merezi dute.

Lizarriturri

Iturri emankorra, egoki datorrena Irimorako igoeran. 1936ko ekainaren 28an Club Alpino Txindoki delakoak egin zuen.

Irimo gaineko gurutze handia

2005eko irailaren 11n, bete ziren 50 urte Irimo gainean dagoen egungo gurutze handia eraiki zela. Izan ere, aurretik bazen beste gurutze bat, txikiagoa... aterperik gabe jarria zegoena.

Gurutze handiaren historia errepasa dezagun. Duela hamarkada batzuk, Irimoko gailurreko egungo aterpea eta gurutzea eraikitzeko ametsa behin eta berriro aztertu eta baztertutako proiektua izan zen. Denbora pasa eta zenbait saiakeraren ondoren, azkenik, orain dela 50 urte inguru, garaiko herriko parroko Nicolás Madinabeitia buru zela, zenbait herritarren lanari esker, gurutze berria eta aterpea eraikitzea lortu zen.

Eraikina altxatzeko bi tona burdin, 25 tona porlan, 30 metro kubiko harri, beste 60 harearena eta milaka litro ur behar izan ziren. Lan prestaketa zela eta, gero beharko zen ura biltzen joateko, gailurretik hurbil bizpahiru ur-biltegi prestatu ziren, masa egiterakoan euriak emandakoa aprobetxatu ahal izateko. Lau hilabetetan, ordea, ez zuen tanta bat ere bota. Bat-bateko lehorraldia zela eta, Lizarriturriko ur jario eskasa izan zen bildu ondoren goraino garraiatu behar izan zutena. Urretxuarrek gogo biziz hartu zuten erronka berezi hau; horren adierazpena dugu, bertako eta kanpoan bizi ziren herritarren paregabeko esku zabaltasunari esker lortutako 42.000 pezetako dirutza biltzea. Gainontzeko zorra Foru Aldundiak emandako diru laguntzari esker kitatu zen. Aipatzekoa da garai hartan diputatua zenak eta gero Zumarragako alkatea izango zen Artiz jaunak, diru laguntza ahalik eta azkarren lortzearen alde, eginiko gestioa.

Azkenik, abuztuaren 4an hasitako proiektuak irailaren 2an, arratseko 6ak inguru, amaiera izan zuen. Estreinaldi ofiziala, berriz, irailaren 11n, era sinple eta labur batez: bertan ospatutako esker oneko mezaren ondoren, gurutzearen eta aterpearen bedeinkapena eginez.

Aurreko gurutzea, aterpearen barruan gordeta geratu zen. Izan ere, lur-sailetako jabe zen Ugalde familiak, gurutze berria eraikitzearren baldintza bat jarri zuen: gurutze zaharra gorde beharko zen. Hori dela eta, gurutze zaharra aterpean gorderik dago.

Meza batekin hasi ziren ere, 2005eko irailaren 4an, Irimoko gurutzearen 50. urteurrena ospatzeko prestatu ziren ekitaldiak. Gero, eguerdi aldean, trikitilari, txistulari, txalapartari eta bertsolariek berotu zuten Santa Barbaran ospatutako herri bazkarian. Giro ederrean pasatako eguna izan zen.

ITURRIA: Kaixo Aldizkaria, 86. alea.

Irimoko buzoia

Zazpi puntetako bigarrena... 898 metrotan kokatua (Lizarriturritik joanez gero). Postontzia berezia da, izan ere, mendiaren gurutze erraldoia irudikatuta dago postontzi bezala.

Irimoko Zazpi Puntak

Irimo gainetik Meaka gainera bitarteko, Urola eta Dena ibaien arroak banatzen dituzten zazpi punten gailurreria, Irimo gainetik igarotzen diren mendizaleek sarri bisitatua.

Zazpi puntek Irimotik hasita, ondorengo izenak dituzte hurrenez hurren: Irimo -gurutze handia gainean duela-, Arbeleta, Buzoi -898 metrorekin gailurreriako tontorrik garaiena, gainean postontzia duela-, Losakate, Arrizuri, Trintxuleku -Urretxu eta Antzuolako udal barrutiak banatzen dituen mugarria gainean duela-, eta Meaka.

Errege-Bidea

XVI. eta XVII. mendeetan, Madril eta Irunen arteko bide nagusia izan zen. Bide honen mantenua Udalari zegokion, eta hori horrela izan zedin ardura Gipuzkoako Batzar Orokorrek zuten. Bide honetatik, gobernadore, errege, zaldun eta abar pasa ziren. Felipe IV erregea hain zuzen ere, errepide honetatik igaro baitzen, bere alabaren ezkontzara Frantziara zihoanean, XVII. mendearen hasieran. Beste bidaiari entzutetsuen artean, Velazquez pintorea ere bide honetan ere ibilia izan zen.

Errepide hau, Bekaibar aldetik sartuko zen Urretxuko herrian, gero Santa Barbaratik pasa eta herrira jaitsi ondoren, Zumarragatik pasa, Ezkiorantz jarraitzen zuen. Bide honen ospe edo indarra, Deskargako errepidea zabaldu zen artekoa izan zen, 1760. urtean hain zuzen.

Urretxuko Udal Barrutian, egun bi tokitan salbu dago, Altamira baserriaren inguruetan, errepidea zeharkatu ondoren -aldapa gogorrean dagoen tartean- Iparragirre Institutuaren ondoko Etxaburu baserriaren inguruetan. Azkeneko honek Telefonicak 90. hamarkadan egin zituen lanen eragina jaso zuen eta hauen ondorioz galtzadak metro batzuk galdu zituen.

Beste adibide bat, nola pixkanaka-pixkanaka ondarea galtzen ari garena.

Deskarga mendatea

Goierri eta Deba Garaia eskualdeen arteko muga naturala. Egunero bi eskualdeen artean trafiko izugarri handia duen mendatea da eta horregatik ezaguna bada ere, bada historian zehar jaso izan zuen ekintza garrantzitsu bat: Deskarga mendatean gertatu zen karlistada garaian, bertan anai arteko borrokaldi odoltsua egin zen karlista eta liberalen artean.

Ardanbideta (Lakidiolako aterbea)

1982ko urriaren 4an inauguratutako aterbea, garai haietan Kimu Berri ikastolako gurasoek mendi talde bat osatzen zuten taldeak auzolanean eraikitakoa. Eraikuntza lanak 2 urte iraun zuen.

Egun taldea desagerturik izan arren, oraindik beraiek dute erabileraren kudeaketa ardura. Eta igandero eskaintzen dute, borondatearen trukean bertatik pasatzen direnei, bidean indarrez jarraitzearren, salda eta txorizoa hartzeko aukera.

Arrolamendi III

Antzuolako udalerrian dago. Tumulua, 12,50 m diametrokoa eta 0,75 m garaierakoa. Industu aurretik oso hondatuta zegoen eta krater handi bat zuen erdialdean. Gaur egun 7 m-ko diametroa eta 0,55 m-ko sakonera ditu eta zanga gisara E-ra eta H-ra zabaltzen da. Bertako hareharriak. J. Elosegik aurkitutako 1951n. Arrolamendi I tumulua industu zuen taldeak industutakoa.

Informazio gehiago hemen:

  • ALTUNA, J.; APELLANIZ, J. M.; RODRÍGUEZ de ONDARRA, P. 1964. Excavación de la estación de "túmulos" de Satui-Arrolamendi. Legazpia (Guipúzcoa). Munibe 16, 60-71. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián.

Arrolamendi II tumulua (Jentiletxe)

Antzuolako udalerrian dago. Tumulua, 20 m diametrokoa I-H eta 1,70 garaierakoa. Gaur egun erdiko krater handi bat du 12 m diametrokoa eta 1,80 m sakonerakoa. Bertako hareharriak. J. Elosegik ere aurkitu zuen 1951n. Arrolamendi I tumulua industu zuen taldeak industutakoa.

Informazio gehiago hemen:

  • ALTUNA, J.; APELLANIZ, J. M.; RODRÍGUEZ de ONDARRA, P. 1964. Excavación de la estación de "túmulos" de Satui-Arrolamendi. Legazpia (Guipúzcoa). Munibe 16, 60-71. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián.

Arrolamendi gaina (910 m)

Aralar mendiko eta Durangaldeko tontorren bista ederra eskaintzen digun mendia. Gain honen azpian, 50 m-tara Antzuolako udal barrutian, egarria asetzeko primerako iturria dago.

Arrolamendi I tumulua

Legazpiko udalerrian dago. Tumulua, 25 m diametrokoa I-H eta 22 m E-M, 1 m altuera. Bertako hareharriak. Zoritxarrez oso gaizki kontserbatuta dago eta zulo eta zanga asko ditu bere hedadura osoan. J. Elosegik aurkitu zuen 1951n eta Altuna, J. M. Apellaniz eta P. Rodriguez Ondarrak industu zuten 1963an.

Informazio gehiago hemen:

  • ALTUNA, J.; APELLANIZ, J. M.; RODRÍGUEZ de ONDARRA, P. 1964. Excavación de la estación de "túmulos" de Satui-Arrolamendi. Legazpia (Guipúzcoa). Munibe 16, 60-71. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián.

Arranoaitz gaina.

Satui mazizoko gaina. 903 metroko garaierarekin, Antzuola, Legazpi eta Oñati herrien arteko muga egiten du.

Legazpiko jentilak

Historia topikoz beterik dago. Haranaren eta, geroago, Legazpi herriaren historiari buruzko azterketak ez dira baieztapen horretatik salbuetsita geratzen.

[...] Horrela, kristautasuna lur hauetara iritsi aurretik, herri-sinesmenaren arabera, Legazpi haranaren goialdean "jentilak" (mitoek eta kondairek diotenaren arabera, garai haietan kristauak ez zirenei emandako izena) bizi ziren. Baieztapen hori agirietan dago jasota (batik bat, elizaren inguruko auzietan); agiri horietan "antzinako garaietan" haranean zeuden burdinolak "jentiletxe" edo "jentilula" izenekin zirela ezagunak irakur daiteke. Jentilek burdina ekoizteko sekretua ezagutzen zuten eta burdin hori mendietako goialdeetan ezarritako "haizeoletan" lortzen zuten. Eta, "haizeola" horien aztarnarik aurkitu ez badira ere, oso oinarrizko labeak zirela uste dugu, kono-enbor formakoak, eta bertan lortzen zen burdinaren kantitatea eta kalitatea oso irregularra izango zen. Gaur egun, jatorrizko labe horien aztarnak "zepadiak" dira; zepadi horietan egur-ikatzaren hondarrak aurkitu dira eta, kimikoki analizatu ondoren, hondar horiek gutxi gorabehera 1080. urtera eramaten gaituzte. Zepadi horiek gure gaur egungo udalerriko hainbat tokitan agertu dira: Larrosain, Salibieta, Otañu, Teniola, Basaundi, Biurrain, Aizaleku, Korta,...

Baina Legazpin badugu bere populatzearen antzinako beste aztarna bat: Arrolamendi-Udanan, Oamendin edo Aizkorrin gorde diren "harrespilak" (tumuluak). Horrek, gutxi gorabehera orain dela 4.000 urteko nekazal-kulturaz hitz egiten digu, neolitiko-aroaz, garai haietan hasi baitziren abereak hazten eta landareak landatzen; orduan hasi zen, halaber, kultura megalitikoa, garai haietan metalurgia ezagutu zen eta. Legazpin, tumulu horiek zituzten garrantziaz jabetu zen lehena Saturnino Telleria (1880-1947) izan zen, "mediku zaharra" izenez ezaguna zen legazpiarra. Berak bere kontu hondeatu zituen Arrolamendiko tumuluak. [...]

Legazpi.net-etik lortutako informazioa.

Jentiletxe

Legazpi-Oñati udalen udalerrien mugan dago. Historiaurreko aztarnategiei "jentiletxe" esaten zaie Legazpin. Tumulua, 22 m diametrokoa eta 1,30 m altuerakoa. Gaur egun, erdian krater handi bat du, 14 m diametrokoa eta 1 m sakonerakoa. Bertako hareharriak. J. Elosegik aurkitu zuen 1951n eta 1964an eta Altuna, J. M. Apellaniz eta P. Rodriguez Ondarrak industutako tumulua da. Aipatu indusketa honetan ez zen materialik azaldu; hala ere ezagutzen den aurretik gertatutako lapur-indusketa batean zenbait giza aztarna atera zen.

Informazio gehiago hemen:

  • ALTUNA, J.; APELLANIZ, J. M.; RODRÍGUEZ de ONDARRA, P. 1964. Excavación de la estación de "túmulos" de Satui-Arrolamendi. Legazpia (Guipúzcoa). Munibe 16, 60-71. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián.

Itsumendi edo Gorostiaga gaina.

Gurutzea, aterbea eta ermita (949 m). Mende honen hasieran, auzotarrek auzolanean eraiki zuten gurutze honen neurri eta egitura aipagarriak dira. Gurutze honekin, Leon XIII.ak mundu katolikoko mendi nagusiak gurutze batez koroatzeko zuen nahia bete zuten.

1950. urtera aldera berreraiki zutenean, goialdea altzairu herdoilezinez estali, eta oinean urte hartako auzokideen izenarekin batera Mirandaolako gurutzearen zati bat jarri zuten.

Gaur egun, irailaren 14ko ondorengo igandean meza egin eta hau amaitu ondoren erromeria ospatzen da. Deba Garaiko bista ederrak ditu.

Korosti edo Korostiaga izenez ere ezaguna da.

Udana.

Deskargak egiten duen bezala, Goierri eta Deba Garaiko eskualdeak banatzen dituen mendatea. Zepadi, ola, labe, sarobe, transhumantzia bideen, meategien istorioak biltzen dituen gunea. Baina hauek, datorrenean kontatuko ditugu.

[-] Itxi