Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



BIDERAKO KANTA

Korostitik Arrolara,
gogoaren larrosak
begiek utzitako hondarrak.

Korostitik Arrolara,
belarrezkoak nire oinak,
amodioarena arnasa.

Korostitik Arrolara,
zure bihotza da mundua
eta mundua nahi dudana.

Korostitik Arrolara,
egunsentiaren semea naiz,
eta ilunabarraren alaba.

Korostitik Arrolara,
bi zuhaitz, bi txori,
eta bide bakarra.

Korostitik Arrolara,
itzalek ere badakite
maite zaitudala.

JOSE LUIS PADRÓN PLAZAOLA
Urretxu - Beain - Nebera - Lizarriturri - IRIMO (901 m) - 6. punta (TRINTXULEKU) - Deskarga - ARROLAMENDI (904 m) - GOROSTIAGA (951 m) - Udana.

Goierriko Bira (1. etapa) - Urretxu eta Legazpi arteko mendietan.
Taldea Gorostiagako gainean
Taldea Gorostiagako gainean
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(68,222 byte)

Bi hilabetez hainbat bilera eta lan egin ondoren, ibilbideak sortzeko irizpideak, datak… bat egitea lortu izan dugu: Goierriko Bira martxan jarri da dagoeneko. Ibilbideak eskuratzeko orduan, mugetatik ahalik eta gertuen ibiltzea erabaki dugu, baina bestalde ere garrantzia handia eman diogu zidorretatik eroso ibiltzeari, izan ere, muga beretik ibiltzea beti ez baita posible izan bertan aurkitzen diren sasiak, sakanak... etab. gaindiezinak direlako… handik eginik, gure etapak bukaezinak liratekeelako.

URRETXU-ZUMARRAGA (350 m) – IRIMO (855 m).
Lehendabiziko etapa hau ZUMARRAGAko PARROKIAtik hasiko dugu. AREIZAGA-KALEBARREN (350 m.) enparantzarantz abiatuko gara, eta bertatik BIDEGORRIA hartuz, AZKOITIrako norabidea hartuko dugu; saihesbidearen azpitik igaroko gara, eta ETXEBERRI auzoko aparkalekua albo batera utzi ondoren, UROLA IBAIA zeharkatuko dugu bertan dagoen zubia erabiliz.

Saihesbidera irtengo gara, errepidea zeharkatuko dugu eta beste aldetik, GERRA BASERRIra (350 m) garamatzan pista hartuko dugu. Pinudian kilometro bat edo luze den bihurgunez beteriko errepidetik jarraitu ondoren, BEAIN BASERRIetako (517 m) zelaietara iritsiko gara.

Porlana amaituko da, eta ondoren metro batzuetan zehar, lurrez estalitako pistatik jarraituko dugu. Zerrategi baten antza duen eraikin batera iritsi baino lehen, pista abandonatu eta ezkerrerantz eginez, inguruan bihurgune itxi baten ondoan dagoen beste eraikin bateranzko norabidea hartuko dugu; langa metaliko bat zeharkatuko dugu, eta sigi-saga egingo dugu bertatik ibiliz. Basora itzultzean, TORTOA muinoaren mendebaldetik igotzen den bide maldatsutik jarraituko dugu, NEBERA (611 m.) [1] izeneko lepoaren bila ariko gara-eta. Ezkerreko pista hartuko dugu, txabola baten ondotik igaroz; pixka bat aurrerago, bidegurutze berri batera iritsiko gara, eta bertaraino ekarri gaituen pista utzita (Santa Krutz baserrirantz doa jarraituz gero), bat-batean eskuinerantz egingo dugu bira, OTAMOTZ izeneko muinora igotzearren. Muinoaren gainaldean bidegurutze berri bat izango dugu, eta muinotik gora hegoalderantz igotzen duen bidea hartuz segituko dugu; bidegurutze berri bat, eskuinerantz Irimo iparreko magaletik inguratzen duen pista… guk ordea aurrerantz jarraituko dugu; zidorrak lasaitasunezko tartetxo bat emango digu; iturburu baten ondotik igaro eta LIZARRITURRIraino (725 m.) iritsiko gara. Bertan Santa Barbara ermitatik gora datorren malda gogorreko zidorra aurkituko dugu, zalantza eta galtzeko arriskurik gabe, IRIMO gaineko GURUTZERAINO (855 m.) eramango gaituena desnibel handia gaindituz.

Guztiz ohituta bagaude ere, bertatik ikusten den panoramikak aho zabalik uzten gaitu bertara itzultzen garen bakoitzean: Izazpi, Samiño, Aralar, Aizkorri, Izarraitz, Ernio, etc.; gaur egiteko geratzen zaigun tartea ere ikusiko dugu, Arrolamendi – Gorostiaga kordaleko gainak hain zuzen; gazteak ginenean “konkistatu” genituen tontorrak, zalantzarik gabe gure bihotzean toki berezian gordetzen ditugunak.

IRIMOKO GURUTZEA (855 m) – DESKARGA MENDATEA (490 m).
Gure ibilbidea, sartalderantz, gailurreriatik ibiliz jarraituko du; ARBELETA (876 m.), BUZOI (903 m.), LOSAKATE (895 m.), ARRIZURI (894 m.) puntetatik igaroko gara, eta hurrengo lepoan jarri den mugarri berria ikusiko dugu —BASTANIXTAZABAL (843 m.) —, ITURRIAUNDIrako bidezidorra markatzen diguna; ondoren Urretxu Antzuolarekin bat egiten duen azken puntarekin egingo dugu topo, MUGARRI edo TRINTXULEKU (871 m.), bertaratu ondoren.

Gailurreriatik metro batzuk ibiliz jarraituko dugu, 830 metroko garaieran alanbre-hesia amaitzen den tokiraino hain zuzen; gailurreria utzi eta alanbre-hesia zeharkatuko dugu, hegoalderantz ondo zehaztutako bidetik jarraituz; bidean ez dugu pinurik aurkituko, eta garaierarik ez dugula galdu ohartuko gara orduan; ondoren beste mugarri berri bat aurkituko dugu KATEAGA (745 m.); hemen bidegurutze berri bat; eskuinalderantz xendrak Trekutzeko mahaietarantz eramango gintuzke, guk ordea ezkerrerantz egingo dugu bira eta AGERRE baserriko inguruetara hurbilduko gara aurrera jarraitzeko.Sartalderantz jarraituko dugu, Deskarga mendatetik TREKUTZ (Meaka) parajeko zelaietarantz igotzen den pistaren bila. LUBERRIETA mugarriak, pistara iritsiko garen seinalea izango da —bertan GR34 zidor luzearen (Arantzazu-Donostia GR-aren ingurabidearen) marka zurigorriak aurkituko ditugu; ezkerrerantz jarraituko dugu; lepo soil batean bitan banatuko da, GR-ak BOTON muinoa sortaldetik inguratuko du, pistak sartaldetik egiten duen bitartean. Biek DESKARGA mendatera (490 m) eramango gaituzte, GR-a oso egoera kaxkarrean dagoenez, guk pistaren aukera gomendatuko dugu.

DESKARGA MENDATEA (490 m) – GOROSTIAGA.
Errepidea zeharkatu eta GRaren markak aurkituko ditugu berriz; langa metaliko bat zeharkatu eta ondorengo bidegurutzean ezkerrerantz egingo dugu bira; pinudian barrena dabilen zidor aldapatsuaren markak jarraituko ditugu, elektra-hariteria baten azpitik igaroko gara, bat, bi eta baita hiru pista ere zeharkatuko ditugu eta laugarrenean, eskuinerantz egingo dugu bira beste ate metaliko bat aurkitu arte (620 m). Atearen bestaldera igaroko gara.

Markak jarraitu eta zidorren bidegurutze berri batera iritsiko gara, eskuinetik jarraituko dugu bidea, pinudia eta alanbre-hesiaren artean, lokazturik egon ohi den bidetik hain zuzen.

Paraje soildu batera iritsiko gara, ezkerrean LAKIDIOLAko zelai, soro eta baserriak izango ditugu. Azkenik, aurrera egin eta galtzeko arriskurik gabe zelai eder batean, iturri oparo baten ondoan KIMUBERRI (674m.) aterpera iritsiko gara.

Aterpetik GASBIDEA jarraituko dugu; tontorrerako igoeran, eta dagoeneko SATUI-ARROLAMENDI eremu arkeologikoan, ARROLAMENDI III eta ARROLAMENDI II tumuluak ikusi ahal izango ditugu, azkena eskuinean txabola baten inguruetan 740 metroko garaieran dagoela; igoeran ere Legazpik Antzuolarekin bat egiten duen 57. MUGARRIA (810 m) aurkituko dugu, ondoren 56.a (840 m) eta saihetsetik igarotze luze baten ondoren ARROLAMENDIko (907 m.) gainera iritsiko gara; UDALATX eta ANBOTO mendietako kaskoak gure aurrean aurkeztuko dira; GORBEIAko gain zuria distiratsu ageriko da urruntasunean.Gasbidetik jarraituko dugu; ARROLAMENDI I TUMULUAren ondotik igaroko gara lepotxo batean eta jarraituz, ARRANOAITZ (899 m) gaineko balkoi zabalera iritsiko gara.

Gasbidea utzi, eta hegoalderantz gailurreriako bidea jarraituko dugu, zenbait mugarri bisitatuko dugu eta berriz ere GR-aren markak aurkituko ditugu, OREGI (915), JENTILETXE [2] (905 m. – tumulu bat bertan) basoz estalitako gainetatik igaro ondoren, GOROSTIAGAko (ITSUMENDI – 951 m.) GURUTZEAn amaituz.

GOROSTIAGA (951 m) – UDANA MENDATEA (515 m).
Gaina pistatik jarraituz utziko dugu; lehendabiziko bihurgunean GR-aren markak aurkituko ditugu berriz, eta berauek jarraituz 150 metroko bidea egingo dugu Udana mendaterako seinaleak aurkitu arte. Bidea oso ondo markaturik dago, eta markak zehatz-mehatz jarraitzea gomendatzen dugu, pinudi hauetan ugariak direlako bertako pistak eta bidegurutzeak eta berauek deskribatzea ezinezkoa delako orain idazki honetan.

Markak jarraituz hainbat bordaren ondotik igaroko gara, 650 metroko lepoan (ZATUBI) mugarriak berriz aurkitu arte, GAINZABAL (691 m.) muinoaren iparraldean hain zuzen. Lepo honetan bertan, mugak ere utzi eta gainaren ipar-sortaldeko isurialdea inguratuko dugu, baita LIZARMENDI (687 m.) muinoa ere, elektra-hariteria baten azpitik igaroz; mugarriak LIZARMENDILEPOn (611 m.) berriz aurkituko ditugu, baita utzi ere; IPINUEGI (685 m.) muinoa sartaldetik inguratuko dugu eta lepo berri batera iritsiko gara (605 m). Mugarri bat bertan. IZURMUÑO (635 m.) ere sartaldetik inguratuko dugu eta elektra-hariteria (605 m) batentzako eginik den kontrasu zabal batera irtengo gara.

Markak jarraituz, bide aldapatsuan kontrasutik sartalderantz jaitsiko gara, eta berriz ere pinudian sartuko; azkenik, lokazturik egon ohi den zidorretik jarraituz, UDANA MENDATEraino iritsiko gara, GOEIRRIko BIRAren lehen etapa amaituz.



[1] Neberako parajean, iparreko orientazioan kokaturik, aspaldian elikagaiak kontserbatzeko zein gaixotasunei aurre egiteko izotza bertan metatzen zuten bi elurzulo aurkitzen dira.

[2] Deskarga-Udana kordalean J. Elosegik 1951n aurkitutako tumulu batzuk aurkitzen dira. Jentilen mitoak Legazpiko biztanleen herri-sinesmenean bizirik dirau, izan ere, Legazpiko mendietan aurkitzen diren megalitoei “jentiletxe” izena ematen zaie.


[-] Itxi 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Gipuzkoako eskualde banaketa

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (2)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Goierri eskualdea

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2010eko urtarrilaren 15ean.

Urretxutik Legazpira historiaz betetako lurraldean

Irakurri gehiago [+]