Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Udana - Jandoain/Jabondo - Katabera - Biozkornia - ARTZANBURU (1.368 m) - AIZKORRITXO (1.344 m) - Arbelar - Oltza - San Adrian (Sandrati) - Añabaso - Beunde - Otzaurte.

Goierriko Bira (2. etapa) - Udanatik Otzaurterako ibilaldian, Aizkorri Mendia ezagutuz...
San Adriango tunela
San Adriango tunela
—© Goierri Mendi Taldea—
Egin klik handiago ikusteko
(104,544 byte)

GOIERRIKO BIRAko bigarren etapa honek Aizkorri Mendizerra zeharkatzen du, bere tontor lerdenak eskualdeko goi-tontorrak dira. Urbiako arrasoetako leku irekietan, kareharri, goroldio ... arteko zidor bilduetan, pagadi ederretan edo Sandratiko galtzada historikoan ibiliko gara.

UDANA (515 m) - ARTZANBURU (1.368 m). Hemen mineral kiskaltze-labe bi daude [1]. Udanako gainean GR bide bat abiatzen da eta FRANTXISKORTA eta OLLARIAGA lepoak pasatu ondoren JANDOAIN txaboletara igotzen da. Pixka bat gorago bide zabal hau utzi eta ezkerrean zidor batetik igo behar da BIOZKORNIAko lepo zabaleraino. Zutoi adierazle bat dago, baita AMABIRJIÑAREN SILLEA ere [2].

Gure aurrean, zerbait ezkerrera, ARTZANBURU (1.368 m) altxatzen da. Marka horiak dituen zidorrak bertara bideratuko gaitu. Buzoia eta igel itxurako etxetxo bat daude tontorrean. Behatoki ikusgarria da norabide guztietara. Bertatik ikus daitezkeen mendien zerrenda oso luzea da. GOIERRIKO BIRAko ibilbidearen zati handi bat ere ikus daiteke.

ARTZANBURU - OLTZA (1.100 m). Hego norabidean arrasoetarantz jaitsiko gara. Belardietan zidorra HE norabidean doa. Bidea jarraitzeko zati batzuetan lurrean sartutako harri bertikal batzuetaz baliatu gaitezke. AIZKORRITXOko (1.338 m) tontorrera eta gertu dagoen trikuharrira [3] helduko gara. Hurrengo lepotxora jaitsi eta arrasoetatik jarraituz gure aurrean, pixka bat ezkerrera, gutxi ezagutzen den LEKUNBERRI (1.364 m) tontorrera igo gaitezke.

Tontor honetatik marka horiak dituen zidorra jarraituz gero ARBELARreko BORDEtaraino jaitsiko gara. Hemen URBIA eta AIZKORRIrantz doazen bideak alde batera utzi eta pintura gorriarekin markatutako zidorra bilatu, zeinek edertasun handiko gune karstiko batetik OLTZAko zelaietaraino bideratuko gaitu. Azken zati honetan bidea goroldioz estalitako kareharriak bistaratu eta pagoak hazten diren lursail batetik doa.

OLTZA ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2010eko urtarrilaren 25ean.

Lizarrate, Sandrati, San Adrian

Bidaiarien, mandazainen eta erromesen ezinbesteko pasabide izan da San Adrian mende askotan. Garai desberdinetan, ostatua, baseliza, posta, zaintza-etxea eta gotorlekua eraiki zituzten tunelaren barruan, eta azkena bereziki aztertua izan da joan den urtean (2009an) egindako indusketen ondorioz, hauexek orain ikergai direnak.

Lizarrate, Sandrati edo San Adrian historia luzeko parajea da. Milaka urteko historiaren lekukoa. Brontze Aroko harripila edo tumulu bat bada San Adriango tuneletik goraxeago, Lizarrate iturriaren inguruan. Denboran zehar aurkitutako antzinako txanponak, brotxeak, belarriak..., tunela alde batetik bestera zeharkatzen duen harrizko galtzada (batzuen iritziz erromatarren garaikoa, adituek Erdi Arokoa dela esaten badute ere), eta modernitatean ondo aurreratu arteko istorioak, irudiak eta eraikuntza dokumentatuak dira historia luzearen haria.

Bidaiari, erromes eta garraiolarien aspaldiko bide batean dago San Adrian. Iberiar Penintsularen eta Europaren arteko autobidean, 1.008 metroko garaieran, XI-XVIII mende bitartean etengabeko pasaerako tokia delarik. Bertan ostatua, ermita eta zaintza-postua egon ziren.

San Adrian inguruan historiaurreko giza-okupazioak aurkitu dira, baita tunelaren pareko galerian gizaki hondarrak ere. Zegamako San Pedro baselizan ere badaude erromatar garaiko aztarna arkeologikoak.

Erromatarretatik erregeetara...

Herri oroimenak erromatarren garaiko sustraia mantendu du San Adrianen. Iztuetak bildutako kondaira batek dio erromatarrek soldadu bat han utzi behar izan zutela, ekaitz batean tximistak jo eta hilda.

Gipuzkoa Gaztela barruan sartu zenean, 1200ean, Errege-bide izaera hartu zuen antzinatetik pasaerako bide zen Zegama-Zalduondo arteko bideak. Otzaurteko mendatea Nafarroako erreinuaren menpe zegoen, eta alternatiba gisa San Adriandik bideratu zuten errepide ofiziala, horrela Nafarroa saihestuko zuten-eta. Orduan ari zen artilearen garraioa indartzen Gaztelatik Flandesera. Done Jakue bidea ere bertatik igarotzen zen, barrualdeko trazatuan Beasaindik Gasteizera joateko.

XI. eta XII. mendeko txanponak aurkitu izan dira San Adriango tunelean. 1290ean San Adrianen ospitale-eliza bazegoen. Nikolas IV.a Aita Santuak orduan induljentziak baimendu zituen Trinitate egunean San Adrianera joaten ziren erromes, bidaiari eta txiroentzako.

Dena dela ere, San Adrian Gipuzkoarako igarobide nagusi eta sekular gisa kontuan hartzen duen bertsio klasikoaren kontra, Erdi Aroko datuek klasikotzat ere har genezakeen Arlabaneko sarrera tradizionalaren papera indartzen dute, garai haietan (XIII. mendearen azken hamarkadetatik hasita XIV. mendearen lehen erdira arte) Aizkorriko igarobideak (Lizarratekoa barne) Nafarroa Gipuzkoa eta Arabarekin bat egiten zuen lurretan bidelapurrek eta gaizkileek eragindako oldarraldi ugari eta ohikoetan agertzen ziren artean. Garai hauek jasaten duten krisi ekonomikoari, Champañako Etxeak Urola ibaiaren eta egungo Nafarroako mugen arteko lurrak errekuperatzearren (hots, besteren artean egungo Goierri eskualdeko lurrak) egindako saiakerek eragindako tentsio politikoa ere gehitzen zaio.

San Adrian igarobideko García Pérez de Orio buruzagiarentzako 1294ko Detxemaren Erroldaren bi mila marabediek, Aizkorriko igarobidea kontrolatzearren arrasto bat izan litezke, San Adriango pasabidea indartuz, eta horren ondorioz, erregio arteko garraioarentzat ez egokitasuna ekarriz.

Bidaiarien babeserako ermita ugari jarri zituzten San Adrianen inguruetan. Tunelean bat (gaur egungoa 1883an eraikia da), oso gertuan Sancti Spiritu, Irutxetan Elurretako Amabirjinarena... 1503tik aurrera priore-etxe titulua zuten Done Jakue bideko erlijio guneek. 1512an erromesentzat ospitalea zegoen, eta Segurako parrokiako benefiziatua zen prioretza.

Bestetik, Zegama eta Segura ziren bidaiaren babes eta atseden leku Aizkorri igaro aurretik eta ondoren. Herri horietan 20 ostatu egotera iritsi ziren. San Adriango koban bertan ere bazen ostatu, bere ukuilu, taberna eta zaintza-etxearekin. 1918an erre eta desagertu zen Mikeleteen zaintza-etxea, antzinatik gaizkileak eta bidaiariak kontrolatzeko gotorlekuaren tokian zegoena. Milaka urtetan gizakien joan-etorria etengabekoa izan bazen ere, pasabidearen une gorena XV-XVII. mendeen artekoa izan zen, Gipuzkoa zeharkatzeko bide bakarretakoa zen-eta. Aurkikuntza arkeologiko ugarienak garai horretakoak dira oraingoz. 1780. urtean Arlabandik zalgurdientzako errepidea (errege-bidea) zabaldu zutenean hasi zen itzaltzen San Adrianen erreferentzialtasuna.

Berriki izandako indusketek bestelako datuak ekarri dizkigute. Aipatutako eraikuntza batzuk ezagunak baziren ere, orain arte ez zen bertan egin berri den bezalako azterketa arkeologiko sakonik egin. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2009an zazpi hilabetetan zehar egindako azterketa izan da... eta toki honi buruzko informazio sakona eman du. Lehendabiziko datuak harrigarriak izan dira, izan ere bertan gizaki-aztarnak Brontze Arotik (orain dela 3.500 urtetik) hona izan direla berretsi da-eta. Aldi berean, indusketetan hainbat elementu berri izan zirela konfirmatu da: murruak, sutegi bat, ur-tanga bat, etc., X. mendean kokatu daitezkeenak hain zuzen. Daturik harrigarriena 0,12 kilometro karratuko gotorleku-esparrua da, egurrez egindako hainbat esparruz osaturik zegoena kobaren ondoan.

Lizarrate, Sandrati, San Adrian

Berezko euskal izena Lizarrate du San Adrianek. Villasantek Sancta Trinitate izena aurkitu zuen lehen izentzat, euskaldunek Sandrati edo Santa Tria gisa moldatua. Gaur egun oraindik San Adriango erromeria Trinitate egunean edo hurrengo igandean egiten da.

ITURRIA: Goierriko Hitza (Aimar Maiz), Historia de las vías de comunicación en Gipuzkoa (Elena Barrena Osoro) eta besteak.

Informazio gehiago:

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Done Jakue 'Bideak'

OHARRA: Done Jakue Bidearen inguruan 2008an egindako ibilbide bati buruz emandako informazioa, harira ekarri dugu.

Done Jakue Bidea Penintsula Iberikoa eta Europa osotik abiatuta, Santiago de Compostela hiriburura, Jakue apostoluaren erlikiak gurtzearren, erromesek egiten duten bidea da. Erdi Aroan zehar oso bide erabilia izan zen, geroago pixka bat ahaztua izan eta egun berriz indar handia hartu izan du. Askotan, bideak iraganeko Erdi Aroko galtzada zein galtzada erromatarrekin bate egiten zuen, baita ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailak 7

VII. KAPITULUA: Done Jakue Bideko jendeen ezaugarriak eta herrialdeen izenak.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (4)

2008ko irailak 7

Liber Sancti Iacobi liburua (Done Jakueren liburua).

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (5)

2010eko urtarrilak 27

Aizkorri-Aratz Parke Naturala.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (6)

2010eko urtarrilaren 27an.

Udanatik Otzaurtera... jakinminean...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (7)

2010eko urtarrilaren 27an.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra.

Irakurri gehiago [+]