Georginari,
Berriro ere askatasun osoz ibiliko gara
mendietan barrena, haizearen lagun,
eta ez dugu izango debekuzko alanbre-hesirik,
debekuzko langarik,
debekuzko txartelik.
Eta ilunabarrean, urrutira, han nabarmenduko dira
oraindik, gure herri txiki honetako mendi urdinak.-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-
"... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako..."
-Luis Pedro PEŅA SANTIAGO-
|
GAINTZA-LEGORRETA
GAINTZAko enparantzatik (446 m) abiaturik, Kaletxiki jatetxearen aurretik igaroko gara eta IM-ko norabidea harturik porlanezko pista bat hartuko dugu Ardubietarako zutoin-adierazle batek emandako norabidea jarraituz. Seinale batek (BOSTAITZETA 1,5 Km, PR-Gi 29), eta geroago beste batek (Altzagarate 45 min), jarraitzeko bidea erakutsiko digute. Gaintzari buruzko informazio-panel baten ondoan igaro eta berehala porlana utziko dugu eta marra zuri-horiak jarraituz ehiza-postuz zedarriztatutako pista batetik sartuz ia nabari ezin daitekeen GAINTZAKO GAINera (481 m) eramango gaitu. Berehala bidegurutze batera iritsiko gara (Gaztinatxota, 465 m) eta bertan hainbat seinale aurkituko ditugu. Ezkerretik Arama-Ordiziara joango ginateke. Guk ordea eskuinetik jarraituko dugu BOSTAITZETA LEPOrako (459 m) bidean, bertan berriz beste bidegurutze batekin topo egingo dugularik. Eskuinetik Baliarrainera joango ginateke (SL-Gi 5). Zuzen hartuta, gasbidetik ALTZAGAMENDIraino (539 m) iritsiko ginateke. Guk berriz, ALTZAGARATErako PR zidorra jarraituko dugu, ezkerretik hartuta oraingoan. Pista oso erosoa izango da eta beretik gabiltzan bitartean inguruko herriek –Altzagarateko auzoa, Ordizia-Beasain- zein inguruan diren mendiek (besteren artean Murumendi) bista ezin hobeak eskainiko dizkigute. BURNI SAGASTI BASERRIra iristean, pista abandonatu eta aurrez aurre jarraituko dugu alanbre-hesi bateraino jaitsiko garelarik, bertan berriz seinale berriak ikusiz. Eskuinerantz bira egingo dugu, langa bat zeharkatuko dugu eta eroso-eroso bidegurutze berri batera iritsiko gara (416 m) –eskuinetik Baliarraindik datorren PR-Gi 29 zidorra ikusiko dugu. Indikadore batek Legorretarako 1.8 Km geratzen zaizkigula adieraziko digu (PR-Gi 72). Apur bat beherago, PR honek eskuinerantz egingo du bira; hala ere guk zuzen jarraituko dugu, bide onetik jaitsiz, PRa jarraitzen duen pistarekin bat egin arte: elkartzean ezkerrerantz egingo dugu bira. Ezkerrean gasbidetik doan lasterbidea ...
2010eko martxoak 13.
Historiaz betetako lurraldean...
2010eko martxoak 13.
Argisaingo Santa Marina.
Gogora dezagun ermita hau eta honen inguruari buruz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bertan bildumako 2. alean, Luis Pedro Peņa Santiagok 1993an idatzitako testua.
Gipuzkoaren bihotz-bihotzean sartuta, euskal mitologia eta legendak oraindik nagusi direneko mendiez inguraturik, Argisaingo Santa Marinak bere nortasun osoa gordetzen du bere txikitasunean. Santutxoko bentaren gainetik, Ernioko mazizoa ageri da bere burdinazko gurutzeekin, nekropoli misteriotsu bat bailitzan.
Oriako haranaren gainean, Aldaba mendiaren siluetak erromatarren inperioko garaien aurreko babesleku omen denaren arrastoak izkutatzen ditu pinudien artean. Aurrez aurre, Erniozabaleko mendi-hegaletan, Mendikuteko haitzorrotzak Goierritik Gipuzkoako kostaldeko itsas portuetarantz zihoan biderik zaharrenetariko bat menderatzen zuen gazteluaren azken arrastoak eusten ditu. Beste aldean, bere kareharrizko aurpegi handia erakutsiz, gure mundu mitologikoaren santutegirik ospetsuena den Murumendiko haitza Urkiako malkar zorrotzetako basadiaren gainetik kizkurtzen da.
Gaur egun, errepide estu batek Santutxoko benta eta Argisaingo Santa Marina auzoa elkartzen ditu. Duela urte asko ez direla, nik neuk Albizturretik Santa Marinaraino zihoan galtzara zoragarri bat ezagutu nuen eta handik, Berostegiko Santa Marinako pasabideen eta ibiaren bila nindoan, Oriako haraneko Legorreta eta Itsasondoko hiribilduen artean.
Argisainera joateko funtsezko bidegurutzea, Santutxoko benta da. Etxezar horretako fatxadan, Santa Anaren irudi bat gordetzen duen nitxo bat dago oraindik. Kontatu zidatenez, izan zen Santa Ana ermita bat Santutxotik Argisaineko Santa Marinarantz zihoan bidean, Burnikurutzeta izeneko lekuan hain zuzen ere. Behin kontatu zidatenaren arabera, Santa Anaren irudia (desagertutako ermita zahar horretatik ekarria) orain Albizturreko eliza parrokialaren sakristian dagoela esaten zen.
Argisaingo Santa Marina ezustean ageri da asfaltutako ibilbideko bihurgune baten atzetik. Bere dorre tontorduna, zurezko bilbadura nerbioak eutsitako hiruzpalau baserriren artetik azaltzen da eta hauetariko batek ere, bere teilatuan, teila argiago batez egindako gurutze baten marrazkia erakusten du, tximistaz, hots, gure mendiko etxeetako etsai zaharraz, babestearren. Urruti, Aralarrek, urdinez tintaturik, lanbro artean, auzo aldera begiratzen du.
Argisaingo plaza txikian, Santamaņa-aundi baserriak bere leiho gotiko zatitu eta itsutuak erakusten ditu. Bere ondoan, dobelazko portada zaharra, hormatuta eta karez zurituta. Horretan geratu da antzinean Santiago de Compostelarantz zihoazen erromesen, hots, ordura arte ezaguna zen munduaren amaiera zen Finisterren amaitzen zen ibilbide iniziatiko misteriotsuko ibiltarien Ospitale izan zen etxea.
Ospitale aurrean, egungo benta. Bien artean, eliza parrokiala, zerrazko hortz gogorrak dituen portada erromanikoa zabalduz, Marrazki bakar batek ere ez ditu bere artxiboltak apaintzen. Bere traza, Amezketatik hurbil dagoen Ugarteko Andra Maria elizakoaren antzekoa da, Gipuzkoako arte erromanikoaren testigantzarik zaharrena delarik.
Atari itxi batek ematen du tenplu barrurako sarbidea. Nabe bakarreko parrokia txikia da, kutsu herrikoi handikoa, mistifikaziorik gabe. Alde batean, bataio-harri ederra. Errestaurazio obra berri batzuek, zurezko bilbadura zoragarri bat utzi dute agerian. Absideak gurutzeriazko ganga dauka oraindik. Erretaula nagusian, Santa Marinaren irudi gotikoa, ezkerreko eskuan liburu ireki bat duela, bestean herensuge bat heltzen duen kate bat eusten duelarik, era honetan Antiokiako Santa Marina eta Galiziako Santa Marina nahasten direneko legenda gogoraraziz.
Eliza honen izenak, herri hau antzinako pasaera leku izan zela adierazten du. Parrokiako portada erromanikoak, auzo XII. mendean bazegoela berresten du. Lehen aipatutako Ospitaleak erromesen ibileraren berri ematen du. Galtzadak, mendi hauetako ibilbide zaharren oroimena dakar. Biderik zaharrenak ziren, mendi-lerro txikietan zehar goitik zihoazenak, Aizkorriko mazizoko Sandratiko pasabide ilunaren bila...
ITURRIA: http://bertan.gipuzkoakultura.net/bertan2/bertan/pdf/bertan2.pdf
2010eko martxoak 13.
Luis Pedro Peņa Santiago.