Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Matxinbenta - IZAZPI (972 m) - SAMIÑO (932 m) - Oleta - Urruzti - Zumarraga.

Goierriko Bira (6. etapa) - Goierriko birako azken etapan... Izazpi mendiaren kordalean ibiliz...
Izazpi gainean
Izazpi gainean
—© Gorka Garmendia—
Egin klik handiago ikusteko
(29,704 byte)

GOIERRIKO BIRA osatzeko azken etapa. Izazpi – Samiño – Oleta kordalean izango den ibilaldia, gutako askorentzat ezaguna duguna, baina hala ere, seguruenik, ezezagun ditugun inguru eta zidorrak aurkituko ditugula. Aurreko etapetan bezala zeharkaldi honetako toki askotan ditugun panoramika ederrekin gozatuko dugula.

Matxinbentan bertan Zaraia errekaren urak Ibai-ederrera isurtzen diren tokian Beasain, Ezkio-Itsaso eta Azpeitia arteko mugarria aurkitzen da.

MATXINBENTA (240 m) – IZAZPI (971 m).- Matxibentako antzinako Benta-Zaharraren ondoan emango diogu hasiera zeharkaldiari. Ibai-ederra pasatu eta Korostorzu, Largarate-goikoa, e.a... baserrietara doan hormigoizko pista hartuko dugu. Bidegurutze batera iritsitakoan ezkerrera jarraituko dugu, Largarate-bekoa baserrirantz. Bihurgune batean goian ikusiko dugu baserria. Bihurgune honetan ezkerrean dagoen bidea jarraitu behar dugu. Aurrerago eskuinera biratu eta alanbre-hesi eta pinudi hertzaren artean gora doan zidor estua hartuko dugu. Pinuditik irtendakoan ezkerrera biratu eta zelaian gora joan goian ikusten den txabolaraino. Pago artean gora jarraitzen dugu. Pixka bat gorago bide zabal bat dago, bertatik ezkerrerantz segituko dugu eta atexka pasatu bezain pronto eskuinera alanbre-hesiaren ondotik gora joko dugu. Azpeitia eta Ezkio-Itsaso arteko mugarri batzuk ikusiko ditugu. Alanbre-hesiaren ondotik jarraitu behar dugu bihurgune itxi bat egiten duen pista bateraino.

Orain eskuinera joan eta metro gutxi barru ezkerrerantz maldan gora doan zidorra hartuko dugu. Eroritako bi txabolen ondotik pasatu eta Elortxo izeneko tontortxora helduko gara. Kordaletik gora joanez gero Izazpiko (971 m) tontorrera iritsiko gara.

IZAZPI (971 M) – OLETA (756 m).- Hemendik Oletaraino kordala jarraitu behar dugu. Izazpiko jaitsieran, tontorretik gertu dagoen baltsan, ezkerrerantz doan zidorra jarraituko dugu eta berehala gurutze zaharrera eta Anjel Etxeberria mendizalearen oroitarrian izango gara. ...

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (1)

2009ko martxoak 14

Ibilaldian kontuan hartu beharreko eraikinak, parajeak eta kondairak...

Ondorengoa, eta kronologikoki idatzia, mendi-ibilaldian zehar bisitatu daitezkeen paraje, eraikin, toki eta interesgarri diren kondairen zerrenda duzu. Inguruko informazio gehiago http://www.beitia.org webgunean aurki dezakezu.

  1. Izazpiko gurutzea
  2. Izazpi tontorrean (973 m) 1948an eraikitako porlanezko gurutzea dago. Goierri eskualdeko eta Urola haraneko ikuspegi ezin hobea. 1998ko ekainaren 28an, Izazpi gurutzeko L. urteurreneko festa egin genuen.

  3. Karlos Linazasoro Izagirre, 'Altzeta'
  4. Karlos Linazasoro 1899ko ekainaren 18an jaio zen Plaentzian, eta 1965eko urriaren 27an hil zen Zumarragan. Gazte zela etorri zen bere familia Zumarragara. Bere aitak Industrias Bizi Nai zeneko pintza eta txotxa lantegia eraiki zuen.

    Errepublika urteetan Zumarragako mugimendu nazionalistako kiderik esanguratsuenetakoa izan zen, zalantzarik gabe, eta Zumarragatik kanpo ere pertsonaia ospetsua izan zen. Hona hemen Enciclopedia del País Vasco-k zumarragarrari buruz dioena: "Dotado de gran carisma, se hizo famoso por su verbo vibrante y arrebatador que arrastraba y electrizaba a las masas. Fue sin duda el mejor orador en lengua euskerika que ha militado en el PNV durante toda su existencia. Alternaba sus elocuciones con Agirre, Monzon, Irujo, con los estelares del viejo EAJ-PNV, y las masas se desplazaban de un pueblo a otro a pie, en bicicleta para escucharle por dos y tres veces el mismo día". EAJ-PNVk Zumarragan nahiz Urretxun antolatutako ekitaldi publiko ia guztietan egin zituen aurkezpen lanak, eta hizlari gisa hamaika aldiz agertu zen jendaurrean. 1931ko abuztuan, ordura arte Urretxu eta Zumarragan euskal nazionalismoaren alde egindako lanagatik Ur'etxu'ko Euzko Gaztediak omenaldia eskaini zion.

    Gipuzko Buru Batzarreko kidea izan zen, eta 1934an baita Euzkadi Buru Batzarrekoa ere. 1931an bere zuzendaritzapean Gipuzko Mendigoizale Batza eratu zen. Mendizale sutsua zen, eta ekitaldi ugaritan parte hartu zuen. Gipuzkoa osoko mendi gailurretan ezarri ziren gurutzeak eta buzoiak bere ekimenaz, Zumarragan Izazpikoa esate baterako. Pyrenaica, Aranzazu eta Argia aldizkarietan idazteaz gain, El día egunkariko Zumarragako korrespontsala izan zen, eta parrokiako informazio orria idazten zuen. Bere idatzi ugarietan 'Altzeta' izan zen erabili zuen goitizenik ezagunena, hala ere, 'Artxanda' eta 'Azkena' ere ezagun bihurtu zituen.

    Iturria: II. Errepublika Urretxu eta Zumarragan (1931 - 1936).
    Egilea: Antxiñe Mendizabal Aranburu.

  5. Izazpi eta Izarraitz mendien arteko elkarrizketa
  6. Bada kondairatxo bat, Izazpi (kontuz!, bere izena ez da ez Izaspe, edo Izazpe, idazlan askotan agertzen den bezala) eta Azpeitia eta Azkoitia gaineko Izarraitz mendien izenen jatorria zein den azaltzen duena.

    Dirudienez, bi mendiok haserre zeuden eta, halako batean Izazpik Izarraitzi galdetu omen zion:

    - Eta hi, zer haiz? - Izarraitz izena (Hi-zer-haiz)-tik sortuko litzateke.

    Izarraitzek halaxe ihardetsi zion:

    - Hi, zazpi! (Hi zazpi aldiz) - Izazpi izena, ordea, (Hi-zazpi)-tik sortuko litzateke.

  7. Izazpi idoia, gainaldeko ur-putzuak
  8. Izazpi gainaren eta gurutze zaharraren gainen artean kokatzen den lepotxoan zidorrak banatutako bi putzu dira. Putzu hauek dagoeneko 1529an aipatuak agertzen dira "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko dokumentuan. Dokumentuari esker, Izazpi mendiak bere izen zuzena berreskuratu du:

    -(1529): "/el dho çerro llamado Yçaspi/"; "/en el termino llamado Yçaspi ydoya/"... (euskara zaharrean idoia-k baltsa edo putzua esan nahi du, eta zalantzarik gabe bi gurutzeen artean diren putzuen aipamena egiten du). Ikus "Izazpi ala Izazpe" izeneko testua.

  9. Izazpiko gurutze zaharra
  10. Izazpiko gurutze zaharra. Bere ondoan Anjel Etxeberriaren omenezko monolitoa dago.

  11. Anjel Etxeberriaren omenezko monolitoa
  12. Anjel Etxeberria mendizale zumarragarraren oroimenezko monolitoa, 1980ko abuztuaren 11n Lleidako Pirinioetan zendutakoa.

    Ezagut ditzagun apur bat Anjel Etxeberriaren -Antxon- bizitzaren xehetasunak. Anjel Etxeberria Zumarragan (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko urriaren 1ean. Bere lehendabiziko mendizaletasun urratsak zuen perretxiko-bilketa jardunetik etorri zitzaizkion, mikologia zalea baitzen gure laguna. Beti OARGUI-Izaspi (Organización Atlética Recreativa de Guipúzcoa) taldeko partaide eraginkorra izanik, herriko ekitaldi eta jardunaldi kultural anitzetan hartu izan zuen parte-izan ere, garai haietan oro har, mendizale giroan murgilduta zebiltzan lagunak ziren bestelako -menditik at- ekitaldi askotan parte hartu zuten lagunak.

    1980ko abuztuaren 11n, Antxon -horixe baitzuen ezizena- herriko beste lagun batekin Lleidako Pirinioetako Ipar Besiberri tontorrera igo zen. Eta jaitsieran jasandako istripuaren ondorioz heriotza jaso. Hilotza Barruera herrira jaitsi zuten, eta bertatik Zumarragako bidea hartu.

    Urte bereko abenduaren 23an, Anjel Etxeberria "Antxon"-ek OARGUI-Izaspi mendi-taldeko lagunen partetik omenaldia jaso zuen. Eta 1981eko maiatzaren 24an, Finalistaren Egunarekin bat egiten den festa-egun berean, Izazpi mendiko gurutze txikiaren ondoan bere omenez monolito bat jarri zitzaion.

    Eta nabarmen genezakeen bere ezaugarrien artean, berak lagundu eta antolatu zituen horrenbeste haur-txango dira: herriko haurrak mendira eraman zituen, mendiaren sustapenerako hain garrantzitsua den mendi-eskola hori sortuz.

    Eta horrexegatik, 1988. urtean "I. Anjel Etxeberriaren omenezko Haur Ibilaldia" antolatu zen, eta honen ondoren etorri dira gaur egun arte beste hainbeste edizio gehiago.

    Mendi martxa 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako zuzenduta dago, eta Ostadar Mendi Taldeak bere Mendi Astearen barruan antolatzen dituen ekintzen egutegiaren barruan dago. Haurrek, gurasoek eta irakaslek ezin hobeto pasatzeko aukera ematen duen mendi-ibilaldia da hain zuzen.

  13. Arantzetako Gañeko tumulua
  14. Iruarrieta megalitotegiko tumulua, 1985ean aurkitutako hileta-monumentua. 0,60 m-ko altueraz, 6,20 m luzera du I.-H. diametroan eta 7,10 m E.-M. diametroan. Erdiko kraterraren diametroak 2,60 m neurtzen du. Bertako basaltoak.

  15. Joxe Mari Etxanizen omenezko monolitoa
  16. Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkarteko sortzailea, Zumarragako Udaleko Euskara Teknikaria, 1999ko urriaren 13an zendu zen. Euskararen aldeko lan handia egin zuen kidea... bere omenez Zumarragako baserritarek Pagotxoeta gaineko muinoan monolitoa jarri zuten.

    Baserritarra, euskaltzalea
    hitz eta ekintzen uztarri
    seme zintzoa, senar jatorra
    eta aita maitagarri.

    Zure izaera ispilu eta
    zure ekintzak oinarri
    etorkizuna eraiki daigun
    lagun eginaz elkarri
    zure itzala izango dugu
    babes eta bizigarri.

    —Iñaki Murua—

  17. Pagoaren toponimia
  18. (Ikus Txerren pagadia sarrera)

  19. Pagotxoeta
  20. Zumarraga eta Azpeitia artean 766 metroko garaieran kokaturiko lepoa. Lepo honek eta inguruko beste paraje batzuek komunean ezaugarri zahar bat gordetzen dute. "Pago-" erroarekin sortutako hitzak dira, antzina inguruak pagadiz beteta zeudela seinale. Hau Pagotxoeta da, Pago txikiak diren ingurua, alegia. Hurbilean, Pagola edo Pagobakarra adibide zehatzak dira. Batzuk ere, zera diote, bertatik itsasontziak egiteko egurra atera zela, izan ere hortik omen datorkio Kizkitzari bere itsaso-bokazioa.

    Dena dela ere, honekin gera gaitezen, imajina dezagun gure mendialdea pagadiz beteta behintzat. Dena dela, ez gaitzen ahaztu, Agiñaga auzoaren inguruetan Zumarragak oraindik balio handiko pagadi ederrak gorde dituela.

    Joxeluis Ugarte legazpiarraren arabera, halaxe dokumentaturik agertzen da 1998an osatu zuen Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardulean, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuenean.

    Toponimoa: PAGOTXOETA
    Kontzeptua: 50200 / Mendi baten goialdea
    Iturriak: 1827: HIPO6 (209.or) / "Camino carretil de Elorriaga a Pagochoeta"
    1833: HIPO6 (236.or) / "Arroyo que baja del alto llamado Pagochueta"
    1852: HIPO7 (56.or) / "Alto llamado Pagochoeta"
    1855: HIPO7 (83.or) / "Camino carretil que se dirige a (de Bazoeta) a Pagochoeta"
    1862: HIPO8 (63.or) / "Terreno helechal y erial en Pagochueta"
    1889: ZUA2 (8.or) / "Colina de Pagochueta"
    1927: ZUA3 / Pagocheta
    Ebakera: pagótxetá
    Jose Mari Jauregi (Oraagoikoa baserria), 1995
    Kokagunea: 88-22
    Adierakideak: Pagotxoetas

    Oharrak: Mende honen erdialdera arte "batzarrak" edo gazteen bilerak egiten ziren jaiero Pagotxoetan. Bazkalondotik ilundu arte, dantzan eta kartetan jarduten zuten mendiaren bi isurietan bizi ziren baserrietako gazteek. Hala, Zumarraga aldetik, Leturiauzo eta Aranburusakon-eko baserritarrak joaten ziren, eta Azpeitia aldetik, Aratzerreka eta Matxinbenta auzokoak.

    Gaur egun, mendiek auzo eta herrien arteko mugak ezartzen dituzten bezala, lehen bailara ezberdinetako jendea batzeko balio zutela esan liteke. Gipuzkoako hegoaldean, horrela, mendigain askotan izaten ziren "gazte-bilerak", besteak beste: Urretxu eta Antzuolaren artean dagoen Deskarga gainean; Urretxuko Txaramuño mendian; Ezkiogako Atxurtza-n; Legazpi eta Oñatiren artean dagoen Udana gainean; Zerain, Zegama eta Segurak muga egiten duten Barbari auzoan, eta abarretan.

  21. Pagolako tumulua
  22. Iruarrieta megalitotegia. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 7,50 m luzera diametroan eta 0,20 m altuerakoa, zidor batek zeharkatzen du eta zenbait ibilgailuren pneumatikoek desitxuratua izan zen. Egia esan, 90. hamarkadan Samiño tontorretik pasatzen den gasbidea eraikitzeko lanetan deuseztatu zuten.

  23. Pagobakarrako tumulua
  24. Iruarrieta megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,40 m-ko altueraz , 6 m-ko luzera du I.-H. diametroan eta 8,70 m E.-M. diametroan. Bertako basaltoak. Tumulua, Pagolako txabolaren ondoan dago.

  25. Iruarrieta II izeneko trikuharria
  26. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1987an aurkitutako hileta-monumentua da. 1,30 m-ko altuera eta 13 m-ko diametroa du. Bertako basaltoak.

  27. Samiño edo Irumugarrieta
  28. 933 m-ko altuerako gaina, Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragako udal-barrutien arteko muga. Buzoia. Inguruetako bista ederra.

  29. Iruarrieta I izeneko trikuharria
  30. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1980an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, tumulua eta ganbara nahasiak ditu. Tumulua, 0,25 m-ko altuerakoa da, 13 m-ko luzerako diametroa duelarik. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.

  31. Iruarrietako trikuharria
  32. Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1979an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, baso-pista batek nahastua, hondatua eta zeharkatua dago. Egun, tumuluak 30x15 m-ko neurria du eta 2,10 m-ko altuerakoa da. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.

    Dirudienez, 1979-1980 urteen inguruan hondeamakina batek monumentua nahastu zuen, ustezko altxorren baten bila-edo. Euskal siniskerian dagoen 'Urrezko kanpaia'-ren mitoa, hainbat aldiz trikuharriekin eta bestelako megalitorekin lotutakoa, izan daiteke trikuharria erabat suntsitua uztearen arrazoia.

  33. Urrezko kanpaiaren kondaira
  34. Kondaira honen arabera, Euskal Herrian guztiz zabaldua, trikuharri eta antzeko megalitoetan urrez beteriko kanpaia gordetzen zela sinetsi izan da. Horren ondorioz, hainbat eta hainbat trikuharri arpilatuak izan dira azken mendeotan.

  35. Karlistek liberalei Oleta aldean eginiko segada eta urrea zeramaten mandoen ihesaren kondaira
  36. Bada Aizpurutxo eta Zumarragako Agiñaga auzoetan gordetzen den kondaira zahar bat, gerra karlistetako batean Oleta lepoaren inguruetan gertatu omen zenekoa. Garai haietan, liberalen konpainia bat bertatik pasatzen ari omen zen mandoz garraiatutako urrezko kargamendu batekin. Eta ezkutaturik, karlistak bertan itxaroten ari ziren, zelatan, liberalen zain. Liberalen konpainia bertara iritsitakoan, karlistek segada gogor batean sartu eta liberalei erasotzen hasi zitzaiela dio kondairak.

    Tiroketaren erdian, bizirik eta libre geratu ziren mandoek ihes egin eta urrea gainean eramanda, inguruko baserrietan amaitu omen zuten ibilbidea. Egun, inguruko esamesek zenbait baserrik urrea eskuratu zutela diote, izan ere, urte batzuk geroago, azaldu ezinezko gorakada ekonomikoa erakutsi zuten.

    Karlistek liberalei egindako segadaren kondairak badu jarraipena, Aizpurutxon jasotako kontakizun honen arabera:

    Urteak pasa ziren eta, Urdanbitta (Urdanbideta) baserriko hiru mutilzaharrek urrea aurkitu omen zuten etxean. Bitartean, baserriko ama hilzorian zuten etxean eta apaiza azken aitortza egitera joan zitzaion orduan. Baserriko amak apaizari aitortzan kontatu zion urrea iraganean etxean aurkitu izana. Apaizak dirua bueltatzea eskatu zion, eta baserriko amak, hilzorian ezetz eta ezetz erantzun zion dirua ezin utzirik...

    Kondaira honekin batera, gero, ez da batere harritzekoa 1979-1980 urteen inguruan Oleta inguruan kokatzen den Iruarrieta trikuharriari gertatu zitzaiona, herritar batek hondeamakina batez monumentua nahastu eta irauli baitzuen, bertan gordetako ustezko altxorren baten bila-edo. Egun ez dakigu halako barrabaskeria egin zuenak kondaira honexegatik egin izan ote zuen -diruaren zatiren bat trikuharrian gorderik izango zela uste izango zuen-, edo eta, euskal kondaira zaharretan hain sustraiturik dagoen megalitoetan gordetako urrezko kanpaiaren kontuagatik egin zuela ere.

    Hala ere, behin-betiko ikas dezagun. Kondairak gorde ditzagun, baita gure ondarea ere. Gure arbasoen iragana eta utzitako ondarea gurekin loturik daude-eta.

  37. Trinitate Igandeko erromerian Oletako etxolaren teilatuan dantzan
  38. Trinitateko erromeriarekin loturik, bada bertako etxolari buruzko kondaira bat, Aizpurutxon jasotakoa bera. Garai zaharretan hain jendetsuak ziren bertan, Trinitate Igandean egindako erromeriak, ezen, dantzatzeko tokiaren faltagatik-edo, bertako etxolaren teilatuaren gainean ere dantza egiten omen zela. Horrexegatik hain zuen, bertako etxolaren teilatuan hainbat neskatxak dantza egiteagatik, erori omen zen haren teilatua, txabola erabiltezina geratuz.

    Ostera, urte askoz etxola erorita izan da eta azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumarragako eta Azkoitiko udalen (azkeneko honek ekonomikoki lagunduta gainera) eta Oleta Elkartearen ekimenei esker, lortu da 2008ko maiatzaren 18an (Trinitate Igandean), 72 m2-ko etxola berria inauguratzea. Etxola ageriko kareharrian egindakoa da, juxtu aurreko etxola zaharraren arrastoak geratzen ziren tokian.

    Orain Oletako paraje ederrak badu toki mendizalearentzako seguru bat, ekaitzak bidean harrapatzen badu.

  39. Oletako gurutzea
  40. 1981. urtean Oleta lepoan jarritako gurutzea. Urtero Trinitate igandean, erromeri herrikoia ospatzen da inguruan.

  41. Oletako tumulua
  42. Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,30 m-ko garaierakoa da eta 8,30 m-ko diametroa du. 3 m-ko diametroko kraterra erdian eta 0,30 m-ko sakonera du. Bertako basaltoak.

  43. Oleta mendiko jentila
  44. Bada Oleta lepoan kokaturiko jentil bati buruzko kondaira zahar bat, jentil batek Aginaga, Azkoitia eta Zumarraga arteko lurralde-mugak harri handi bat jaurtikiz zehaztu zituela kontatzen duena. Halaxe kontatzen du aupatu kondaira hau Luis Pedro Peña Santiagok bere "Leyendas y Tradiciones populares del País Vasco" liburuan:

    "[...] Baserritarrak, gu baino askoz argiago eta praktikoago direnez —guk gauza guztien jatorria errotik azaltzeko joera dugu-eta—, Oletako mugen anabasaren jatorria jentil bat protagonista duen kondaira batekin konpondu zuten. Kondaira honen arabera, Jentil batek Oleta mendiaren gainetik, harritzar bat bailara aldera jaurtikiko zuela esan zuen, harria eroriko zen tokia muga izango zela esanez. Mugarria Oletako behealdera iritsi zenez, halaxe geratu ziren orduan zehaztuta inguruko herri mugakide guztietako mugak. Nik neuk Oleta mendiaren ondoan "jentilaren" harri hori oraindik orain ikusia dut, hareharrizkoa da eta gurutze bat landuta darama."

  45. Txerreneko pagadia
  46. Balio natural handiko pagadia, pago motzez osatua eta egun Zumarragako lurretan geratzen den bakarrenetakoa, Zumakortaburu mendiaren magalean Agiñagarako bidean hezigabeko pagoen basoarekin eta inguruan aurkitzen diren pagadi txiki batzuekin batera. Mendia iraganean janzten zuten pagadien izen-aztarnak (toponimoak) geratzen zaizkigu gaur egun: Pagobakar, Bospagoeta, Irupagoeta, Pagadizelai, Pagalandatza, Pagalandeta, Pagalde, Pagaldesakon, Pagazuriazpia, Pagazuieta, Pagoazpi, Pagoillaraeta, Pagolabaso, Pagola, Pagotxoeta...

  47. Agiñagako nekazal-bailara
  48. Egun Zumarragako auzoa. 1989. urtea arte Azkoitiko udal-barrutian kokatzen zen. Bertan ziren baserriak (Arkidi eta Mandabideta izan ezik) Zumarragako kontzejuari lotu zitzaizkion administratiboki. Bere kokapena mendiaren hegian goian izanik, argi ikus daiteke nolako harremanak zituen Azkoitia eta Aizpurutxo aldeko baserriekin Oleta menditik haratago, baita Urretxu-Zumarragarekin ere.

    Joxeluis Ugarte legazpiarraren arabera, auzo honi dagokion izena Agiñaga da, eta halaxe dokumentatu zuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardulean, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuenean.

    Horrelaxe dokumentaturik agertzen da lan honetan Agiñaga sarrera:

    Toponimoa: AGIÑAGA
    Kontzeptua: 10106 / Baserri-auzoa
    Iturriak: 1768: HIPO1 (1.or) / "Varrio de Aguinaga"
    1877: ZUA5 / "Barrio de Aguinaga"
    Ebakera: agíñá
    Jose Mari Aranguren (Agiñagabarrena baserria), 1995
    Kokagunea: 88-21
    Adierakideak: Agiñagas

    Oharrak: Agiñaga auzoa, XVIII. mendean, Azkoitiko udalerrian zeuden lau baserrik osatzen zuten ("cuatro caserías nombradas Aguinagas", 1752, ZUA6). Honako hauek izango ziren seguruenik: Abendaño, Agiñagabarrena, Muxika eta Urdanbideta. Martiamuno baserria geroztikoa dela dirudi. XVIII. mendearen bukaera aldera eta XIX. mendearen hasieran, ordea, baserri gehiago eraiki ziren auzo zaharraren inguruan, hala nola: Aietsubaso, Arkidi,Errepelde, Mandabideta, Mugarrieta, Okorro, Urruzti, Txerren, Zumakorta... baserri berri horiek Agiñaga auzora bildu zirela esan daiteke (elizako eginkizunetan, besteak beste), nahiz eta udalerri bitan (Azkoitian eta Zumarragan) banatuta egon.

  49. Aizkolariari omenaldia
  50. 2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago, eta aizkolari guztien omenez izanda ere, bereziki auzo horretan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu, Agineta-ri eskainita dago. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zen.

  51. Urola trenaren, Gure Trenaren, burdinbidea
  52. Ezaugarri orografikoak direla-eta, zabalera estuko burdinbideek arrakasta handia izan zuten garai bateko Euskal Herrian. Izan ere, zabalera estuko burdinbideek zabalera handiko burdinbideek baino inbertsio txikiagoa eskatzen zuten bidea irekitzeko unean. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera arteko urteetan, euskal ekonomian eragin positibo zuzena izan zuten zenbait burdinbide eraiki ziren: hala nola, besteak beste Durango eta Zumarraga elkartzen zuen burdinbidea, Elgoibar eta Donostia artekoa, La Robla-koa eta baita Plazaolakoa, Leitzaran arroan barrena Andoain eta Leitzaran lotuz "Tren Txikito" izena eman ziotena. Hauetako burdinbideren bat edo oraindik gaur egun badabilela esan behar dugu.

    Horrenbeste maitatutako Urolako tren zaharra —baita zabalera estukoa ere— 1926. urtean Alfonso XIII.ak emandako babespean jaio eta 1986. urtean itxi zuten. Trena, bailara estu eta itxiko komunikazioak ikaragarri erraztu eta Urola ibaiaren arroan bizi ziren biztanleen sinbolo maitatua bihurtu zen, bertako biztanleak bere lurrin-ahokaden, metalezko bagoien, eta bere ibilera geldoaren triki-traka bereziarekin loturik bere ondoan jaio, hazi eta bizi ziren biztanleak ziren. Trena ez zen ez egungo presarentzako eginik izan, bai, bidaia lasai eta gozoak bizitzeko egina ordea.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diruaz eginik inauguratu zuten garaian, hoberen ekipatutako eta hornitutako trena izan zen: burdinazko bagoiak izateaz gain, garaiko punta-puntako teknologiaz baliatzen zen tailerra baitzuen. Zumaiatik Zumarraga bitarteko bidea lotuz, bailarako biztanleen interes ekonomiko, sozial eta kulturalak uztartu zituen. Iraun zuen 60 urteetan jasandako politikoen eta agintarien utzikeria lotsagarria dela medio (1986. urtean oraindik ere, hirurogei urte lehenago utzitako erreminta berberekin egiten baitzuten lan bere mantenuaz arduratzen ziren langileek) trenak azkeneko bidaia egin zuen, bazterrean geratu zen... nahiz eta bailarako biztanleriaren gehiengoa aurka altxatu eta nahiz eta garaiko agintariek trenaren alde agindutako hitzak haizeak eraman. Herriak trenaren biziberritzerako sosak eskatu zituen.

    Urte gutxi batzuk geroago, eta kamioien trafikoaren kalterako arrazoi edo aitzakia dela medio, ibaiaren bi isuraldeak behin eta berriz lotzen zituzten trenaren zubiak erauntsi zituzten. Egun zenbait geltoki, trabesa zaharrik bako zaindu gabeko bide aurrean kokatzen diren mamuen itxura galdua dute, beste batzuk ordea, estazio meteorologiko lanen papera betetzen ari dira (Agiñetakoa adibide), eta zorte handiena izan zuena, Azpeitikoa, bailara piztu eta indartu zuen trenaren omenezko museo bezala birbataiatu zuten.

    Ondoren, Urretxuko geltokia herriko Gaztetxea bihurtu zen, eta Zumarragako geltokia, agintari edo mezenas batek euro bat beregan inbertitu dezan itxaroten ari da... berritzeko dirurik inoiz ez sosik jaso ez zuen burdinbide hartako geltoki eder hori berritzea eskatzen ari da-eta.

    Geroago hasi ziren burdinbide zaharraren berritzearen obrak beste erabilera ludikoago bat ematearren: bertako ibilbidea bidegorria eraikitzeko. Lehendik kamioi eta autobus handien trafikoarentzako kaltegarriak ziren zubiak beste berri eta modernoago batzuen ordez ordezkatu dira. Eta egun, bidea errekuperatu da oinezkoen eta txirrindularien onerako. Hauxe da Gure Trena izan zenaren etorkizunerako xedea, eta Urretxu-Zumarragako biztanleen onerako izan dadila.

  53. Urola ibaia
  54. Urretxu eta Zumarraga batzen eta era berean banatzen duen ibaia. Urola izena lehen aldiz, 1434. urtean agertzen da. Ordura arte, eta gero ere bai, ibaia izen asko jasotako da, eta ez dirudi azkeneko urteetara arte, Urola gehien erabiliena izan denik. Joxeluis Ugarteren arabera, baliteke izena Antzuolako Ondamendi baserriaren ingurutik jasotzea izena, baserriaren izen zaharra Urola zen eta.

    Urretxu eta Zumarragako toponimiaren sarreran hala ageri da:

    Toponimoa: UROLA
    Kontzeptua: 60201 / Ibaia
    Iturriak: 1434: F57 (60.or) / "Como desçiende por el arroyo a yuso fasta el agua e rio de Legaspia, e dende por el dicho rio a yuso como da por el agua fasta donde entra el arroyo que llaman de Huola al dicho rio de Legaspia,..."
    1613: UUA5 / "En Yrimo savel vaxando por la fuente de para el río de Uola"
    1752: ZUA6 / "Río nombrado Urola"
    1819: HIPO2 (65.or) / "Río maior llamado Urola"
    1889: ZUA2 / "Punto llamado Mugarrieta en el río Urola"
    1951: Plano1 / "Río Urola"
    Kokagunea: 88-37, 88-29, 88-21
    Adierakideak: Legazpi, El río caudal, El río mayor, El río principal, Ibaia, Errekaundia.

    Oharrak: 1434ko testuari erreparatuz gero badirudi "Arroyo de Huola" Antzuolako Ondamendi baserri ingurutik igarotzen den errekari esaten zitzaiola. Kontuan izan behar dugu, gainera, Ondamendi baserriaren izen zaharra Urola dela (baserri hau Antzuolakoa izan arren Urola arroan dago, ez Deba arroan). Hori dela eta, Urola ibaiaren izena litekeena da hortik hartua izatea. Eta ez litzateke harritzekoa izango, zeren orain ere Azkoititik behera Artetxeerreka esaten baitzaio Urola ibaiari, Artetxe Aizpurutxo aldeko etxaldea delarik. Gainera, Urola garaia eskualdean, badirudi ia oraintsu arte ibai nagusiari ez zaiola Urola esan, Errekea edo Errekaundia baizik.

  55. Goruntz
  56. Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, berrogeita hamar zentimetrotik metro bat eta hamar zentimetrora baitoaz. Obra bertikala da, kokatuta dagoen tokitik, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzatik, ezinbestez igarotzen diren ibilgailuei eragozpenik ez eragiteko propio diseinatua; gainera, obraren presentzia bera indartu egiten da kokapen berezi-berezi horretan.

    Obrak goiko aldean erakusten duen ebaki sakonak kontraste handia egiten du oinarriarekin, eta egonkortasuna sekula galtzen ez duen arren, ikusten ari garenean hauskortasun sentsazioa eragiten digu, eta edozein unetan lurrera eroriko dela inondik ere. Beharbada, kokatu behar zuten enparantza eta toki geografikoari buruzko berri zehatzak eskuratu ondoren, bat egindako herri bien arteko harremanak gogora ditzakeen obra baten sinbologia eta esangura izan zitezkeen egilearen inkontzientean.

  57. Zumarraga
  58. Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Enrikek, XIV. mendearen erdialdean Pedro I.a bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zelarik, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11an, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.ak eman zuen 1385ean, eta Henrike III.ak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetzapean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertan mantendu gainera 1660 arte. Zumarragak, 1661ean, hiribildu titulua jaso zuen.

    Hasiera batean Zumarraga gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigun arren, Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobalgo baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.

    Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektuarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; Hiltegiaren inaugurazioa eta hamabostean behin, ostegunez, egiteko merkatua jartzea 1865ean, inguruko baserrietako produkzioaren irtenbidetzat; Udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zutelarik estetika irizpide zeharo berrizaleen bidetik; Hilerri berriaren inaugurazioa 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutela; 1890ean Eskola Berriak inauguratu izana; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarriz herrira, demografi hazkunde izugarria eraginez -biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen-, 1977an helduz 12.619 biztanleko kopurura. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak alderanztu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, egungo 10.324 biztanleraino jaitsiz kopurua.

    Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakiorra gertatu den elementua baitugu, hiru geltoki desberdin izatera heldu gara eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea -gaurko RENFE-, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikaziogunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean. Zumarraga izan zen Migel Lopez de Legazpiren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinar Irlak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk eginiko birmoldaketa lanen ondotik. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Haundia izenak ematen dizkiogu.

    INFORMAZIOA: Zumarragako Udala.

  59. Urretxu
  60. URRETXU ERDI AROKO HERRIA.- HERRIAREN SORRERA

    Urretxuk duen lehen agiri historikoaren aipamena Juan I. Gaztelako Erregeak emandako herriaren sorrerako "Carta Puebla" delakoari dagokiona baino ez da, 1383ko urriaren 3an emana.

    Sortu aurretik, giza-multzo bakandu bat zegoen Urretxua deitutako lurretan, Santa Barbarako baseliza inguruan segur aski. Biztanle horiek, areagotzen ari zitzaien jaun feudalen erasoen aurrean, herria sortzeko aukera eskatu zioten Erregeari. Herria sortzeak babes eta zerga bidezko onuraz ekartzeaz gain, merkataritza handitzeko aukera ere eskaini zien. "Carta Puebla" delakoan, biztanleek eurek diseinatu zuten herri barruan eraiki beharreko orubeak banatzeko ahalmena eman zien Erregeak; gaur egun, oraindik ere, Erdi Aroko herriaren ezaugarriak gordetzen ditu Urretxuk, mendeetan zehar izandako garapenak ez baititu oinarrizko berezitasunak aldatu. Juan I Erregeak udalerria eman zien bere mugak zehaztuz, eta baita izena ere: Erregeak sortua denez gero, "Villa Real" izena hartu zuen.

    Erregearen onurak zituen herri honi Zumarraga (1383) eta Ezkio (1385) atxikitu zitzaizkion. Urretxurekiko atxikimendu horiek Segurako herriaren aurkakotasuna izan zuten berehalaxe, eta honek Zumarraga eta Ezkioko kolazioei zegozkien eskubideak aipatuz, auzian sartu zen Urretxurekin. Gatazka amaiera eman zion epaiaren arabera, baizik eta Urretxuko herria bera ere bai. Sei urte geroago erabaki zen urretxuarren apelazioa, 1411n, eta orduan hautsi zen behin-betirako Segura herriarekiko menpekotasuna.

    HISTORIAN ZEHARKO GARAPENA

    Pixkanaka-pixkanaka sorkuntzako herri gisa egituratzen hasi zen Urretxu, oso berezitasun sendoa duen egitura ekonomikoa osatuz, hain zuzen ere merkataritza eta nekazaritza-abeltzaintzan oinarrituta. Aipagarria da baita baso iharduna ere, eta orduan hasi berria zen burdingintza, Mendiaratz, Irigoien eta Gerra burdinoletan kokatua. Industria berri honek ibaiaren izena aldarazi zuen; ordura arte Legazpiko erreka, Urola izena hartu zuen.

    Hala ere, kokagune estrategiko hori bera oztopo izango da herriaren garapen ekonomikoarentzako: erregeen eta batailoien derrigorrezko igarobide izanik, horiei harrera on bat egiteko obligazioa zegoen, eta herri-diruaren kontura gainera. Horrez gain. Urretxuk hainbat eta hainbat zoritxar natural izan zuen XVI eta XVII mendeetan (suteak, izurriteak eta beste gaixotasun batzuk); azkenean, beraz, horiek guztiek atzerako eragina izan zuten Urretxuko biztanleengan, eta herritik kanpo gauzatzen hasi ziren haien ekonomi, kultur eta gizarte mailako asmoak.

    Herritik alde egitea izen zen irtenbidea, batez ere Ameriketara aldera. Erregetzera joandako biztanleak era badira; horietatik batzuk ospetsu egin ziren XVII. mendeko errege-administrazioan, eta beraien jauregiak sortu zituzten herrian: esate baterako, Ipeñarrieta, Areizaga, Nekolalde. Horren guztiaren ondorioz, familia urretxuar batzuk gero eta ospetsuago egin ziren; ia giza-maila alderik gabeko herritar haien artetik beste herritar mota bat sortu zen, eta aipatutako familia horiek ia-ia bakarrik zuzendu zuten herriaren etorkizuna.

    XVIII. mendean azpiegitura ugari eraiki zen: Araba eta Irungo muga lotu zituen errege-bidea eraiki zuten; bestalde, postetxea kokatu zuten Urretxun, inguruko herriei posta banatzeko.

    XIX. mendean gerrak izan ziren ugari; ondorio kaltegarriak eragin zizkien udal-ogasunei; alde horretatik, garrantzi handikoak izan ziren Independentziaren Gerra eta I. Karlistada. Modernizazioaren mendea ere izan zen XIX. hori ; trenbidea jartzeak izan zuen aparteko garrantzia, izan ere horixe izan baitzen geroko garapen ekonomikoaren oinarria gure herrian. Mende honetakoa dugu Joxe Mari Iparragirre, "Gernikako Arbola" egin zuen koblakari ospetsua.

    XX. mendeak industrializazioa eta biztanleen hazkundea ekarri zigun, 50. hamarkadaz geroztik batez ere, immigrazio handiaren ondorio. Inoiz ezagutu gabeko hazkunde horrek baldintzatu zuen herriaren hiri-egitura, soziala eta ekonomikoa.

    Gaur egun hiritartzat har daiteke Urretxuko biztanleria, herri modernoa, industria aurreratu eta kualifikatua duena, zerbitzu sektorea goraka, aurren-aurreneko mailako eraikuntzak dituena, eta horiek guztiek XXI. mendeko herri baten itxura ematen diotelarik. Baina, hala ere, herriak ez dio bizkarrik eman iraganari, ez eta bere historiari, eta ederki eutsi die Erdi Aroko herriaren jatorri, ondasun historiko eta tradizioei.

    INFORMAZIO-ITURRIA: Urretxu.net webgunean oinarritutako informazioa.

[-] Itxi 
Eranskina (2)

2008ko irailak 7

Orain dela berrogeita hamar urteko egun batean... Izazpiko gurutzearen 50. urteurrenean.

Irakurri gehiago [+] 
Eranskina (3)

2008ko irailaren 18an.

Izazpi ala Izazpe?

Irakurri gehiago [+]