Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Salbatore baseliza - Haritzgurutze lepoa - Haltza lepoa - ARTXAGALE (796 m) - Mairietxe trikuharria - BULUNTZAGAINA (724 m) - Buluntza trikuharria - HANDIAGA/GATARRE (761 m) - Zaro - Donibane Garazi

Salbatore Mendibetik Donibane Garaziraino, Mairietxe trikuharritik igaroz...

SALBATORE KAPERAren (frantsesez Saint-Sauveur bezala ezagutzen den) ondoko parkingetik aterako gara, ordoki nahiko zabala dago bertan autobusak buelta emateko [00:00 h]. Parkingetik 150 bat metrotan dago baseliza handia, ederra.

Baseliza erromanikoa da. XII. eta XIII. mendeetako agirietan Sanctus Salvador izenaz ezaguna zen. Donazaharren dagoen Maltako Ordenaren Apat Ospitalea monasterioarena zen, azken hau Irisarrikoaren menekoa zelarik. 1727an Behorlegiko apaiza zen Jean Oxoby-Indartek antolatuta, zaharberritu zuten: nabe mendebalderantz eta horma-bularrak hegoalderantz zabaldu zituzten. ELITXAGARAIk –izen hori ere jaso omen zuen iraganean- abside aurre-erromanikoa gordetzen du. Seguruenik, erromatarren aurreko garaian kultuzko gunea zelarik, Malta Ordenako ospitale zahar honek zutabetxotan egindako bide-gurutzea edo kalbario originala du egina, kanpoaldean haren inguruan: geltoki bakoitzak idulkian okertutako zutabearen enborra bana du. Bertan geltokiaren zenbakia, ESTACIONEA eta lauburu bat daude. Azken geltokia eraikinetik aparte dagoen gurutzea da, eskultura bat duena (gurutziltzatzea eskuinaldean, eguzkia edo eki-saindua ezkerraldean). 1805ekoa da. Baselizaren barrualdea oparoa izan zen iraganean santuen irudiez ari garelarik, gaur egun ordea, zoritxarrez, hutsik dago. Mendebaldeko ateak, esekigailuan, zaharberritze data (1727) eta INDART izena ditu.

Bizpahiru borda kaperaren inguruetan... batek oholak ditu teilaterian. Aurrera egin eta [00:07 h], errepidearen parean doan gurpidetik jarraituko dugu.

SALBATORE BASOAREN PAGADI ondoko soilgune batera iritsiko gara (gainaldea, 932 m) eta bi borda aurkituko ditugu bertan [00:15]. Artzain-bordak dira eta gazta egiten dute bertan.

Ondoren iratzez inguratuta, aldapa behera egingo dugu eta errepide ondoko HARITZGURUTZE LEPOra jaitsiko gara berehala [00:20 h]. Gurutze ederra, harrizko oinarri baten gainean jarria dago. Lauburua du zizelkaturik gainean eta 1833ko data du idatzia harrian.

Lepoan, errepidearen eskuinetik goranzko zidorra hartuko dugu oraingoan. PR marka hori-berdeak ikusiko aldapa igotzen hasi eta berehala.

Berriz errepidera jaitsiko gara, HALTZA LEPOra hain zuzen [00:30 h]. Porlanezko plataforma txikia bertan, eta baita ardientzako eskorta bat ere bertan. Errepidea lepo honetan zeharkatuko dugu. Sai arre bakartia hegal egiten gure gainean... saia baita mendi hauetako erregea.

Muinoa igotzen hasiko gara eta GASNATEGIKO MALDAKO zelaien eskuinetatik ARTXAGALE muinora iritsiko gara (823 m). Tontorrean kata bat jasan izan balu bezalako sakontxoa du egina. Ezkerraldean, sakonean, KANPOINIA laborari-etxea ikusiko dugu.

Pista bat aurkituko dugu eta pistatik jarraituko dugu [00:55 h]. Borda txiki eta eder baten ondotik igaroko gara (hurbilean punta edo kota bat dago). Ardi manexak eta arraza piriniarreko behiak bazkan mendian. Marka hori-berdeekin jarraituko dugu bidean. Basoan sartuko gara.

Aurrerago [01:10 h], ez dugu bidetik jarraituko eta eskuinerantz egingo dugu bira, harri bustiak, lokatza eta hainbat putzu izan ohi duen inguru batetik igarotzeko. KONTUZ!!! hemendik igarotzean zorua irristakor izan daiteke-eta. Ezkerrean mendiaren sakon erraldoia ikusi ahal izango dugu.

Eskuinean aska bat ikusiko dugu eta gurpide mehartu batetik egingo dugu aurrera [01:20 h]. Basoa oparoa da bertan, haritzak, lizarrak, gaztainondoak... osatzen basoa, iratzeak eta atseginak ez diren laharrak bidearen bazterrean.

KASU!!! Bidegurutze batera iritsiko gara eta ezkerralderantz behera egingo dugu bertan [01:25 h]. Lohi gorriz estalita dagoen bidetik jarraituko dugu. Halaxe Laharraki lepoan batean, BIDEGURUTZE batera iritsiko gara.

LAHARRAKI LEPOA [01:30 h]. Asfaltaturiko bidea. Hemen aurrerantz jarraituko genukeen bidea utzi behar dugu denbora tarte batez, izan ere, GAXTEENIA baserri gaineko MAIRIETXE trikuharriaren bila joan behar dugu, bisitak MEREZI du-eta.

Lepoan eskuinerantz (I) egingo dugu eta asfaltaturiko bidea jarraituko. 50-100 bat metro ibili ondoren, eskuinerantz irteten den zidorra hartuko dugu. Langa bat aurkituko dugu berehala. Langa zeharkatu eta beherago, behiak gauean zein eguzkipetik gordetzeko BORDA handi bat duen zelai batera iritsiko gara. Bordaren ezkerretik, zidor bat ateratzen da eta bertatik egingo dugu beherantz. Zidorra ibartxoaren eskuinaldetik jaitsiko da. Behealdean, harrizko murru txiki bat eta honen ezkerrean, aurrera pista bat eta langa bat ikusiko ditugu. Langa zeharkatu eta gorostiz zedarriztaturiko pistatxotik egingo dugu aurrera. 100 bat metro ibili ondoren, eskuinean, muino erdiaren zelaitxoan, bakarti Mairietxe trikuharria ikusiko dugu.

Gereziondo baten ondotik igaroko dugu alanbre-hesia. Eta trikuharrirantz jaitsiko gara, bazterretik belarra jaso gabe badago, zuzen, zelaia belar luzez libre badago.

[01:50 h]. MAIRIETXE edo GAXTEENIAKO TRIKUHARRIA. Testu hau idatzi duenaren arabera, Euskal Herriko trikuharririk ederrenetariko bat dugu. Gres zurizko hiru harlauzak, burukoa triangeluarra izanik, gres arrosazko harlauza oso eder bat jasaten dute. Iraganean, laborarien tresna-gordeleku gisa erabili zen eta argazki zaharretan ate txiki batez horniturik ere ageri da. Gaur egun doi-doia ageri den tumuluak hasieran oroitarri hori osoki estaltzen zukeen seguruenik.

Trikuharria bisitatu ondoren, Laharraki lepora itzuli beharko dugu berriz, etorritako bidetik.

LAHARRAKI LEPOA [02:35 h]. Oraingoan eskuinalderantz egingo dugu gora. Xendrak mendiaren ezkerreko hegaletik jarraitzen du eta ezkerralderantz bista zabal eta ederrak eskainiz (zelaiak, gaztainondoak xendraren ondoan, ira, laharra...).

MOKORRETA kaskoa (643 m) inguratu ostean, zelai oparoz inguraturik dagoen MOKORRIA ETXALDEra iritsiko gara [02:45 h]. Hasieran alanbre-hesia eta murruaren artean mugituko gara, pistara atera gabe. Langa metaliko baten ondora aterako gara azkenean.

BILGOTZA LEPOA [02:50 h]. Pare bat HARRESPIL dituen lepoa da hau, Jacques Bloten informazioaren arabera. Guk ordea ez ditugu ikusi. Buluntzagaina dugu aurrera. Errepidea utzi, lasterbide moduan pista hartu eta informazio zutoin bertikalak dituen puntura iritsiko gara [02:55 h].

Aldapari aurre egin beharko diogu pendiza handian. Igoeran, lasaigune txiki bat aurkituko dugu eta aldaparen bigarren tarteari ekin beharko diogu gora iritsi nahi badugu. Marka horiak bidean. Gainalderantz iritsi ondoren, zelai ederretan, ordeka den tartetik ibiliko gara. Azken aldapatxoarekin, harri handiz koroaturik dagoen BULUNTZAGAINA tontorrera (724 m) [03:20 h] iritsi beharko dugu (eta ADI!, tontorrera igo nahi badugu, harrietako batera igo beharko dugu, NOSKI! :-) ).

Tontorretik jaitsi eta behealdeko zelaietara iritsiko gara. Pistaren bestaldeko zelaian, bakarti aurkituko dugu oraingoan eguneko bigarren eta azken trikuharria, BULUNTZAkoa. Zelaia alanbre-hesiz itxita dago, eta eskuinaldetik inguratuz, eta arroka bat zeharkatzeko plataforma gisa erabiliz, alanbre-hesia zeharkatzeko aukera izango dugu.

BULUNTZA TRIKUHARRIA [03:30 h] (668 m). Jacques Blot arkeologo eta mediku baionesaren arabera, Buluntzako hau Ipar Euskal Herriko trikuharririk ederrenetariko bat da. Galeria duena. Tumuluak 15 metroko diametroa du eta erdian hilgela bat dauka, MHM-EIEra bidatua, gres arrosazko hiru harlauza handiz mugatua, buruko harlauza triangeluarra delarik. Estalkitako mahai astuna, tokiko pudingazkoa, arraildurik dago eta iparraldeko zati handi bat bereizirik. Orain dela 20 bat urte, trikuharri honetan ere, laborantzako tresna batzuk ere gordetzen zituen. MIMra, 60 metrotan, larre berean, tumulu bat dago, arrautza itxurakoa eta neurrien arabera BIZILEKUA izandakoa.

Pistara itzuliko gara eta eskuinerantz jarraituko dugu. Borda baten ondotik igaro eta aurrera jarraituko dugu.

Mendi eta zelaiaren ertzera iristen garenean, KASU!!!, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Eskuinetik, mendian behera, irteten den pista bat aurkituko dugu. EZ DIOGU JARAMONIK EGINGO AINTZILA (Aincille) HERRIRA ERAMANGO GINTUZKE-ETA). Guk GR-10aren arrastoak jarraitu behar ditugu Donibane Garazira iristeko. Ezkerrerantz egingo dugu... sakontxora jaitsi eta bertan markak aurkituz, eskuinerantz egingo dugu berriz aldapatxo bat igotzearren. Hemendik aurrera, GR-10aren arrastoek lagunduko digute DONIBANE GARAZIraino.

HANDIAGAKO BORDEN AURRIen ondotik igaroko gara [04:25 h], eta hemendik Donibane Garazi aldeko bista ederrak ikusiko ditugu, iratze artean. Izan ere, AHADOA, ZAROko lehendabiziko etxaldera iritsi bitartean, iratzez estalitako amaigabeko hegi ederretik egingo dugu beherantz paisaiaz gozatzen dugun artean.

Zelai zabal batera iritsiko gara, marka zurigorriak jarraituz jaisten jarraitu eta behealdeko errepidera jaitsiko gara. Hemen informazio zutoin bertikalek Donibanetik 1h 15'-ra gaudela informatzen digute.

Zaroko AHADOA etxaldera iritsiko gara. ADI!!! Kontuz bertan aurkitzen den euskal artzain arrazako zakurrarekin. Baserrietan artean, belarrezko zerrenda batetik eta duen zidorretik jarraituko dugu, etxaldetik ZAROrako bide zaharretik jarraituz. Baso eder trinkoan sartuko gara (hurritzak, lizarrak, gaztainondoak, haritzak...), beherantz jaitsiko gara eta sakonera iritsiko bertan kokatzen diren latsa, baita –ezkerrerantz eginez- erreka zabalagoa ere zeharkatzeko. [05:00 h].

Xendratik jarraituko dugu eta azkenik asfaltaturiko errepide estura aterako gara. Erlauntza batzuen ondotik igaroko gara (ezkerraldean)... eta Zaroko herrigunearen bila jarraituko dugu JARA mendi erraldoia, urrutian ageri zaigun artean. Bidegurutze batera iritsi eta ezkerrerantz egingo dugu.

Halaxe, Zaro herrira iritsiko gara. Udaletxea, frontoia, hilerria, denak bata bestearen ondoan… Iparraldeko herri askotan gertatzen den bezalaxe. Hemendik aurrera agertuko zaizkigu txalet eder ugari, izen bereziekin: Leku airosa, Iduskia...

Geroago, bidegurutze batean ezkerrerantz errepide estu bat hartuko dugu (ASTABIDEA), eta XERRAPO (299 m) muinotxoaren eskuinaldean 500 bat metro ibili ondoren, ezkerraldean dugun ibarrerantz bira egin eta errepide nagusian aterako gaitu. Hemen agertuko dira gero beste izen bitxiak dituzten etxeak… Nun hobeki, Ene nahia, Gure zoriona, Gure itzultzea… hauetako askok Frantzia eta Parisetik emigrante izan ondoren itzulitako euskaldunen azken etxe gisa.

Zuzen luze batek Donibane Garazin sartuko gaitu, eta azkenik aparkaleku baten ondoan, Donjoni Jakobe atea markatzen duen zutoin batekin egingo dugu topo. Bate egiten dugu SANTIAGO BIDEArekin.Historian, milioika pertsona (erromes, soldadu, tratulari, merkatari, errege, elizgizon...) zeharkatzen ikusi dituen DONJONI JAKOBE ATEtik sartuko gara hiribildu harresian.

ZITADELA KARRIKAtik aldapa behera egin eta Errobi erreka zeharkatuta, herriaren bestaldean aurkituko dugu autobusa [06:10 h]. Orain atsedena hartzeko unea izango da, Nafarroa Behereko hiri nagusian.

OHARRA: Eskerrak Donibane Garaziko "Larralde"-ri, prestaketa egunean taxi bat fite xerkatzen laguntzeagatik.


[-] Itxi