Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea 18+ urtez ibilaldiak euskaraz dokumentatuz
laguntzailea Alex Kirolak
 
eu | es   
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



Goñi - EUSKAL HERRIKO ERDIGUNEA (centro geográfico de Euskal Herria) - BERIAIN (1.493 m) - Unanu.

Euskal Herriko erdigune geografikoaren bila.
Beriain, Trekutik ikusia
Beriain, Trekutik ikusia
—© Justo González—

GOÑI eta OLLOko HARANAK Iruñetik 33 kilometrotara kokatzen dira, eta nahiko ezezagunak diren arren, ederrak eta ikusgarriak dira oso.

Eta GOÑI herria egun ezaguna bada, TEODOSIO GOÑIKOaren kondairagatik da, etsaiak engainaturik bere gurasoak hil ostean, kateaturik bizitzeko kondena jaso zuena mendiotan. Ostera, Aralako San Migel Ermitaren ondoko leize-zuloan bizi zen suge edo herensugearekin egin topo eta SAN MIGEL deitu behar izan zuen bizitza salbatzeko, honek herensugearen burua ebaki, katea berez askatu eta kondenatik salbu eta libre geratu zela azkenean.

GOÑI [870 m, 0h]: Ibilbidea SAN ESTEBAN elizaren ondoan hasiko da. Herriaren goialdean hain zuzen IE-ko norabidea duen pista bat hartuko dugu, bidegurutze batera iritsiko garen artean; pistak berak M-ko norabidea hartuko du (10’) eta langa bat zeharkatu ondoren SAN MIGEL ERMITAraino eramango gaitu.

Bertan bi pista ikusiko ditugu, eskuinekoa hartuko dugu (M) eta 10 minutuan beste langa bateraino eramango gaitu bertatik jarraituz gero. Langa zeharkatu eta eskuinetik pagadian sartuko gara. Zedarriak jarraituko ditugu: pagadia atzean utzi ondoren elorri alderdi batean sartuko gara, geroxeago ganaduarentzako aska batzuk aurkitu arte. Arrasoetara iritsi ostean, beste langa batera ailegatuko gara: langa gainetik igaro eta eskuinalderantz, TREKU (1 h) gainera iristeko azken urratsak emango ditugu.

TREKU [1.265m, 1h 40´]: Iraganean GOÑIBURU izena zuen eta orain "ALTO DE LAS BORDAS VIEJAS" izena duena gaina, Euskal Mendi Federazioko katalogoak dioen moduan. Bi txartel-ontzi ditu gainean, tradizionala (enbor eta aizkora bat irudikatzen dituena) eta beste bat ipotx baten irudia duena, baita ERPIN GEODESIKO bat ere. Bertatik goza daitekeen ikusmira zoragarria da: E-an MORTXE eta SARBIL, eta kaskoaren behealdean borda zahar batzuen aurriak, I-ean BERIAIN eta SATRUSTEGIko MENDIZERRA, M-an ANDIA eta URBASAko arrasoak.

Langa zeharkatuko dugu eta pistarekin bat egiten duen bihurgune itxi batera iritsi arte, IM-ko norabidean jaitsiko gara (20'): pistak Beriaineraino eramango gaitu. Pista hartu dugun puntutik 1,8 kilometroko distantziara, albo bana hainbat ZEDARRI aurkituko ditugu, eta ezkerreko zedarriak jarraituz, 120 bat metro ibili ondoren, OLIBESARIOko SAROIan EUSKAL HERRIKO ERDIGUNE GEOGRAFIKOra iritsiko gara (3 zirkulu kontzentrikoz eta erdian harrizko zedarri batez osaturik dago). Pistara itzuliko gara eta pista jarraituz gain bereraino ailegatuko (1h 30').

BERIAIN [1493m, 4h 00´]: Tontor berean SAN DONATO ETA SAN KAIETANOren ERMITA dugu, Nafarroako baselizarik garaiena hain zuzen: aterpe txikia du mendizaleontzat gainera. Pixka bat iparralderago ERPIN GEODESIKOA dugu, bera da berez mendiaren tontorra. Ikusmira zoragarria da norabide guztietan, M-ean AIZKORRI mendia, I-ean ARALAR, IE-an eguraldia lagun bada, Pirinioak, E-an Iruñerriko mendiak, H-an MONTEJURRA eta Lizarraldeko mendiak.

IM-ko norabidean hasiko dugu jaitsiera oso markaturik dagoen ibilbidean, IHURBAINen norabidean: gaurkoan ez dugu gain hau bisitatuko. 20 minutu igaro ondoren, zedarriek erabiliko dugun jaisteko bidea erakutsiko digute. Bidea oso ondo markaturik dago eta aldapa gogorrean egingo dugu jaitsiera, lehendabizi goialdeko harritzatik eta ondoren zelai batetik eta pagaditik ere.

Pista batera iritsiko gara. Eskuinaldean ITURTXIPI (30') iturria ikusiko dugu. Iturriaren atzetik irteten den lasterbidea hartuko dugu eta berriz pistara eramango gaitu, eta pistatik, galtzeko arriskurik gabe, Unanura.

UNANU [650 m, 5h 00']: ERGOIENAko herrixka, Lizarraga eta Dorraorekin batera osatzen baitu udalerria. Bertan izango dugu zain autobusa.

Eta hemen iraganean bizitako bitxikeria bat. 2002ko otsailaren 10ean OSTADAR Mendi Taldeak Bakaikutik, San Adrian ermitatik pasa, Lizarragako mendatetik eta Beriain mendiko gainetik igaro ostean, Unanun amaitu zuen ibilaldia prestatu zuen. Parte hartu zuen taldeak Unanun sorpresa atseginarekin egin zuen topo... bertan IHAUTERIAK ospatzen ari ziren. Mamuxarroek makilakadez eman zieten ongi etorria, salto eman behar zela minik ez jasotzeko argazkian (http://www.dantzan.com/albisteak/unanuko-mamuxarroak-the-boston-globe-egunkarian) agertzen den moduan.


[-] Itxi