Gipuzkoa: Urola ibai-arroari bira. 5. etapa: BIDANIA gaina - ZELATUN lepoa - ITURRIOTZeko Benta, PAGOETA (714 m), URDANETA auzoa, ELKANO, MEAGAS gaina, GARATE gaina, ZUMAIA Datorren martxoaren 11n, igandea, Ostadar Mendi Taldeak Urola Bailarari ematen ari zaion 5. eta azken etapa burutuko du dagoeneko bailarako kostaldeko mugetan, Bidania gainetik abiatu eta azkenik Urola ibaia itsasoratzen den Zumaia bitarteko ibilaldian. Etapa honetan, Bidaniatik irten eta Zelatun lepoa zeharkatuz, Iturriotzeko Bentaraino jaitsiko gara. Iturriotzetik Pagoeta gainera (714 m) igoko gara eta Urdaneta auzoa, Elkano ermita, Meagas eta Garate gainak zeharkatu ondoren, GR-121 jarraituz, Zumaiara ailegatuko gara, joan den urteko urtarrilean hasi genuen zeharkaldiari amaiera emanez. Ibilaldi honetan nabarmentzekoak izango dira kostaldeko bista zabalak, zeharkatuko dugun Pagoeta Parke Naturalak eskaintzen dituen paisaiak eta megalitoak, bidean topatuko dugun Urdaneta auzoa eta ia ibilbide osoan zehar horizontean itsasoak marrazten duen marra urdina. Irteera Zumarragako Elizatik goizeko 7:00etan izango da. Parte hartu nahi dutenei, izena eman dezaten eskatu nahi diegu, Zumarragako Iparragirre 4 – 2. solairuko (KZGunearen gaineko) Ostadar M. T.-ren egoitzan zein (zuen telefono zenbakia utziz) 943723385 telefonoan. | |||||||||||
Editore erabiltzailea: admin |
(2007/03/02 - 07:50) |
Permalink |
Erantzun mezu honi
|