Datorren martxoaren 16an, Ostadar Mendi Taldeak Bizkaiko Enkarterrietako sortaldeko muturrean kokaturik dagoen Triano eta Galdameseko mendietan txango polit bat prestatu du. Mendi hauek, meatze-mendiak deituak izan dira bertan aurkitu izan baitira Bizkaia industria aldetik aberats egin zuten burdina-meategiak. Ibilaldia oso erraza da, ez du desnibel aldetik indar handiegirik eskatzen eta 5-6 ordutan lasai ibiliz Galdamesetik abiatuta, Zugaztieta / La Arboleda herrian bukatuko dugu eguna. Ibilaldi egin ostean, Zugaztieta aisiarako eta turismorako aukera handiak ematen dituen herria dugu. Mendian ibili bitartean PICO DE LA CRUZ (803 m), GASTERAN (801 m) - GANERAN (822 m), PICOMAYOR (746 m) eta ALTA GALDAMES (713 m) gain nagusiak bisitatuko ditugu oso atsegina egiten den ibilbide batean. Gainetatik, Abra itsaso-sarrera ikusterik izango dugu, gurea den mendialdetik paisaia desberdin batean. Mendi hauei HISTORIA letra larriz darie, izan ere, hemen sortu zen Bizkaiko meatzaritza baita Euskal Herrian izandako industria-iraultzaren lehen agerpena. Irteera goizeko 7:30etan izango da, Zumarragako Parrokiatik egina beti bezala. Izena eman nahi duen mendizaleak astearte, ostegun eta ostiralean 20:00etatik 21:00etara Ostadar Mendi Taldearen egoitzara etorri daiteke (Zumarragako Kultur Etxean) edo telefonora deitu, 943723385 zenbakira izena ematearren (erantzungailu automatikoan utzi izena eta kontaktua). Bertan ere emango zaizkio argibide gehiago. Ostadar Mendi Taldea | |||||||||||
Editore erabiltzailea: admin |
(2008/03/12 - 12:56) |
Permalink |
Erantzun mezu honi
|