Datorren uztailaren 12 eta 13rako Ostadar Mendi Taldeak Frantziar Pirinioetako Parque Nazionalean egingo den txango ederra antolatu du, bi eguneko ibilaldian Midi d'Ossau mendiari buelta eta Ayous-eko aintziretara bisita eginez. Larunbatean Portalet mendatetik hasiko gara, eta Pombie-ko aterpea eta Bious-Artigues urtegiaren ondotik igaro ondoren, samurki Ayous aintziretaraino iritsiko gara, Midi erraldoiak eskaintzen dituen bista ezin hobeaz gozatuz. Aintziren ondoan Ayous aterpea dago -1960 metroko garaieran kokaturik hain zuzen. Bertan pasatuko dugu gaua: bertatik denbora laburrean Pic Ayous (2288 m) gainera igo daiteke nahi izanez gero. Biharamunean, ibilbide zoragarrian, Gave de Bious-era jaitsiko gara eta ondoren Peyreget (2.487 m) gainera igo, Pombie aterpearen ondotik berriz pasa eta azkenik Portalet mendatera jaisteko, ibilbideari amaiera emanez. Bi egunotan ez da inolako zailtasun teknikorik aurkituko, egun bakoitzean 6 orduz ibiliko garela amaierara iristeko. Izena eman nahiko luketen mendizaleek ahalik eta azkarren eman dezaten eskatu nahi diegu, izan ere, plaza mugatuak dira eta zaindariekin xehetasunak itxi behar ditugu irten baino lehen. Izena elkartearen telefonora deituz (943723385) eta bertako erantzungailu automatikoan mezuan utziz egin daiteke. Bestalde, elkartea astearte, ostegun eta ostiraletan irekitzen dugu (arratsaldeko 8:00etatik 9:00etara bitartean), Zumarragako Kultur Etxean ditugun bulegoetan. | |||||||||||
Editore erabiltzailea: admin |
(2008/06/26 - 04:54) |
Permalink |
Erantzun mezu honi
|