Gaur amaitu dugu Goierriko Biraren 6. etapa. Eguraldi ezin hobeaz, parte hartu duten ia 60 lagunek hartu dute parte. Egin dezagun etapaz etapa bizitakoak hurrengo lerroen bitartez...
Eskerrik asko Otamotz.com-i bideoa eskaintzeagatik.
Goierri osoaren birari dagokionez, hona hemen zenbait datu interesgarri:
Guztira 343 lagun izan dira etapa guztietan parte hartu duten mendizaleak. Horietatik 107 izan dira hauetan partehartzaile desberdinak. Partehartzaileak herri desberdinetatik etorri zaizkigu, hala nola, Andoain, Ormaiztegi, Ordizia, Ataun, Zerain, Donostia, Mutiloa, Antzuola, Eibar, Urretxu, Zumarraga, Legazpi...
Etapa guztiak 20 lagunek bete dituzte. Beste guztiek arrazoi desberdinak direla medio, 1, 2, 3, 4 edo 5etan hartu dute parte.
Ibilbide osoaren distantzia 126,30 kilometrotan koka dezakegu. Desnibel positiboa, hau da, goranzko aldapek sortutakoa, 7.939 metrokoa izan da. Beherantz aldiz, 7.942 metro izan dira, beraz, ia 8 kilometro gorantz zein beherantz.
Bisitatu dugun Goierriko eskualdeko punturik altuena Artzanburu gaina izan dugu (1.368 m), eta baxuena, Legorretatik igarotzean izan da. Goierri eta Gipuzkoa eskualdeko gainik garaiena -Aitxuri (1.551 m)- gure ibilbidetik kanpo geratu zaigu.
Etapa guztietan zehar -100 baino gehiagoko ataletan zehar- hainbat datu historiko eta kultural ikasi ditugu... industria guneak aztertu ditugu (Quifosa, Udanako labeak), pertsonai historikoak ere -ezagunak eta ez hain ezagunak- (Joxemiel Barandiaran, Luis Pedro Peņa Santiago, Karlos Linazasoro, Anjel Etxeberria, Joxemari Etxaniz...), monumentu megalitiko ugariren ondotik igaro gara (Jentilarri izan da deigarriena), kondairak eta mitoak ere aztertu ditugu (Mari, Mateotxistu, jentilak...), historiako atal batzuk ere kontuan hartu ditugu (Aralar eta Aizkorriko mendi-partzuergoen sorrera, Goierriko bide zaharrak, Bernoako galtzada, Done Jakue Bidea, 1948an Izazpi gaineko gurutzea inauguratu ondoren gertatutakoa...) eta eskualdea bera hobeto ulertzen saiatu gara, nondik datorren, zer den... eta zergatik den horrelaxe.
Etapaz etapa honako datuak aipa genitzake:
Lehen etapan Zumarragatik atera ginen goizeko ordu ilunetan eta Beain baserrietatik ere igarotzean oraindik eguntzen ari zuen. Irimo eta Arrolamendi-Gorostiaga kordaletik ibili ondoren, Udanan amaitu genuen egun triste samar batean. Lakidiolako txorizo-pintxoak primerako laguntza eman zigun bidea aurre egitearren.
Eguraldiak ez du zenbait kasutan behar bezala lagundu: bi etapatan, 2. (Udana-Otzaurte bitartekoan) eta 3.ean (Otzaurte-Lizarrusti delakoan), elurrez gainezka izan dugu mendia, eta aurrean joan ziren zenbait partaideren laguntzari esker lortu genuen aurrera egitea. 3. etapan zorioneko edo zorigaitzeko karanbola gertatu zen: zorigaitzekoa, lagun bati bota zeharo apurtu zitzaiolako... elurrez gainezka zegoen mendia eta Etxegaraten utzi behar izan zuen ibilaldia Otzaurtetik 5 kilometro egin eta gero -ez zegoen beste biderik-. Zorionekoa, goiz berean beste lagun bat loak hartu zuelako goxo-goxo... autoa hartu eta Etxegaraten jarri zitzaigun gu oinez bertara iritsi baino lehen. Bota apurtu zuenak hartu zuen bigarren honen autoa, eta halaxe bete zen espero gabeko karanbola.
4. etaparen bezperan (Lizarrusti-Gaintza delakoan) ziklogenesi lehergarria izeneko haize-ekaitza jasan genuen gure lurraldean. Gu atera orduko goizaldean ekaitza urruti zegoen, aire-giroa ezin garbiagoa zegoen eta Aralarretik egindako ibilaldian bapo gozatu genuen, aurreko etapak nolakoak izan ziren ikusita gero.
5. etapan Gaintzatik Legorretara jaitsi eta Santa Marina auzotik pasa ginen. Murumendira iritsi eta jaisten hasi ginenean, bizpahiru lagun Zumarraga aldera abiatu ziren etxera lehenago iristeko. Beste guztiok Matxinbentara jaitsi ginen eta bertako taberna festetan dagoen baino beteago izan genuen... horretan zalantzarik ez.
Gaurko 6. etapan, eguraldia zoragarri lagun... bidea ezin hobeto osatu dugu eta azkenik, eskualdeari bira eman diogu. Samiņo aldean itxoiten genituen lagunen konpainia gustura hartu dugu Oleta mendiaren ondoan utzi ditugunera arte. Atzo Oletan lagun batek gordetako garagardo-kupeltxoa segidan hustu dugu bertako gurutzearen ondoan geunden bitartean. Eskerrak lagun honi.
Lerro hauen bitartez, Goierri Mendi Taldeak eta Ostadar Mendi Taldeak 6 egun hauetan oinez oin lagundu diguten 107 lagunei eskerrak eman dizkiegu. Bestalde ere, sortutako material osoa mendi-talde eta mendizaleen esku uzten dugu, beraiek ere guk egindako ibilbidea jarrai dezaten. Merezi du-eta.
GOIERRI Mendi Taldeak eta OSTADAR Mendi Taldeak
2010eko martxoaren 28an.