|
Karlos Linazasoro 1899ko ekainaren 18an jaio zen Plaentzian, eta 1965eko urriaren 27an hil zen Zumarragan. Gazte zela etorri zen bere familia Zumarragara. Bere aitak Industrias Bizi Nai izeneko pintza eta txotxa lantegia eraiki zuen.
Errepublika urteetan Zumarragako mugimendu nazionalistako kiderik esanguratsuenetakoa izan zen, zalantzarik gabe, eta Zumarragatik kanpo ere pertsonaia ospetsua izan zen. Hona hemen Enciclopedia del País Vasco-k zumarragarrari buruz dioena: "Dotado de gran carisma, se hizo famoso por su verbo vibrante y arrebatador que arrastraba y electrizaba a las masas. Fue sin duda el mejor orador en lengua euskerika que ha militado en el PNV durante toda su existencia. Alternaba sus elocuciones con Agirre, Monzon, Irujo, con los estelares del viejo EAJ-PNV, y las masas se desplazaban de un pueblo a otro a pie, en bicicleta para escucharle por dos y tres veces el mismo día". EAJ-PNVk Zumarragan nahiz Urretxun antolatutako ekitaldi publiko ia guztietan egin zituen aurkezpen lanak, eta hizlari gisa hamaika aldiz agertu zen jendaurrean. 1931ko abuztuan, ordura arte Urretxu eta Zumarragan euskal nazionalismoaren alde egindako lanagatik Ur'etxu'ko Euzko Gaztediak omenaldia eskaini zion.
Gipuzko Buru Batzarreko kidea izan zen, eta 1934an baita Euzkadi Buru Batzarrekoa ere. 1931an bere zuzendaritzapean Gipuzko Mendigoizale Batza eratu zen. Mendizale sutsua zen, eta ekitaldi ugaritan parte hartu zuen. Gipuzkoa osoko mendi gailurretan ezarri ziren gurutzeak eta buzoiak bere ekimenaz, Zumarragan Izazpikoa esate baterako. Pyrenaica, Aranzazu eta Argia aldizkarietan idazteaz gain, El día egunkariko Zumarragako korrespontsala izan zen, eta parrokiako informazio orria idazten zuen. Bere idatzi ugarietan 'Altzeta' izan zen erabili zuen goitizenik ezagunena, ...