ONDOEZEAN LAGUNTASUNAFamilia gara, famili handia.
Norbaitek biurrituren bat badu, laister izando du kidea ondoan laguntzeko:
Makila, botikina, mugikorra, hitz leunak... dena prest.
Ez da isolatuta sentituko.—Jose Luis ZALDUA—
|
Mendiaren alderdi zentralean kokatzen diren Almanzor -2.592 m- eta La Mira -2.343 m- tontorretara igotzeko helburuarekin, Gredoseko Zirkora antolatu genuen 1997ko egitarauko maiatzeko txangoa.
Maiatzaren lehenean goizean goiz Zumarragatik Avilarako bidean abiatu ginen. Hoyos del Espino herrian, Gredoseko Zirkoko -1.750 m- plataformarantz daraman errepidea hartu genuen, berau baita ibilaldi ugari egiteko abiapuntua.
Egun eguzkitsu batean, Trocha Real izeneko zidorretik igotzen hasi ginen, geroago Prado de las Pozas zelaitik igaro ginen eta azkenik, Alto de los Barrerotes -2.170 m- gainera iritsi ginen aldapa gogor bat gainditu ondoren.
Gredoseko Zirkoko gain elurtuek bista aparta eskaintzen ziguten. Ondoren, Laguna Grande aintziraraino eta neguko elurrez inguratutako José Antonio Elola -2.000 m- aterperaino jaitsi ginen.
Afariaren ostean, merezitako atsedena iritsi zen. Biharamunean, maiatzaren 2an, hodeiturik egundu zuen, lainoak inguruko kasko garaiak estaltzen zituen; bat-bateko eguraldi aldaketak kezkatzen gintuen, izan ere, Almanzor mendiaren tontorrera iristeko helburua genuen.
Gosaldu ondoren, eta eguraldiaren iragarpenak euririk egingo ez zuela ikusitakoan, Hoya de Antón izeneko sakonetik gora igotzen hasi ginen.
Elurra egoera onean zegoen eta malda gero eta gogorragoa egiten ari zen Canalón de la Bermeja korridoretik igotzean.
Korridore estu eta aldapatsutik azkenik, laino itxiaren erdian, Portilla del Crampón -2.540 m- atakara iritsi ginen.
Granitozko bloke erraldoien artean gora eginez jarraitu genuen, azkenik Almanzor -2.592 m- mendiaren tontorrera iritsiz.
Bazkaldu eta igoeraren oroitzapenerako argazkiak atera ondoren, zenbait taldetan banaturik jaitsiera hasi genuen, Portilla del Crampon atakaraino iritsi eta ondoren atakaren izenak senez dioen modura, kranpoiak jantzi genituen.
Gure aurre-aurrean, bi gazte madrildar korridoretik jaisten hasi ziren. Une horretan bertan, larrialdi garrasi batek bizarrak zutik jarri zizkigun.
Gazteetako bat labaindu eta korridoretik ...