Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2019ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iņaki Beitiaren omenezko 23. Mendi-martxa antolatuko dugu.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



ONDOEZEAN LAGUNTASUNA

Familia gara, famili handia.
Norbaitek biurrituren bat badu, laister izando du kidea ondoan laguntzeko:
Makila, botikina, mugikorra, hitz leunak... dena prest.
Ez da isolatuta sentituko.

—Jose Luis ZALDUA—
Almanzor 2.592 m. Gredos Mendia. Ezbeharrez beteriko jaitsiera baten lekuko.
Istripuak gertatu zireneko korridorea<br/>(argazkia prestaketa egunetakoa da)
Istripuak gertatu zireneko korridorea
(argazkia prestaketa egunetakoa da)
—© Jose Antonio Quevedo—
Egin klik handiago ikusteko
(167,581 byte)

Mendiaren alderdi zentralean kokatzen diren Almanzor -2.592 m- eta La Mira -2.343 m- tontorretara igotzeko helburuarekin, Gredoseko Zirkora antolatu genuen 1997ko egitarauko maiatzeko txangoa.

Maiatzaren lehenean goizean goiz Zumarragatik Avilarako bidean abiatu ginen. Hoyos del Espino herrian, Gredoseko Zirkoko -1.750 m- plataformarantz daraman errepidea hartu genuen, berau baita ibilaldi ugari egiteko abiapuntua.

Egun eguzkitsu batean, Trocha Real izeneko zidorretik igotzen hasi ginen, geroago Prado de las Pozas zelaitik igaro ginen eta azkenik, Alto de los Barrerotes -2.170 m- gainera iritsi ginen aldapa gogor bat gainditu ondoren.

Gredoseko Zirkoko gain elurtuek bista aparta eskaintzen ziguten. Ondoren, Laguna Grande aintziraraino eta neguko elurrez inguratutako José Antonio Elola -2.000 m- aterperaino jaitsi ginen.

Afariaren ostean, merezitako atsedena iritsi zen. Biharamunean, maiatzaren 2an, hodeiturik egundu zuen, lainoak inguruko kasko garaiak estaltzen zituen; bat-bateko eguraldi aldaketak kezkatzen gintuen, izan ere, Almanzor mendiaren tontorrera iristeko helburua genuen.

Gosaldu ondoren, eta eguraldiaren iragarpenak euririk egingo ez zuela ikusitakoan, Hoya de Antón izeneko sakonetik gora igotzen hasi ginen.

Elurra egoera onean zegoen eta malda gero eta gogorragoa egiten ari zen Canalón de la Bermeja korridoretik igotzean.

Korridore estu eta aldapatsutik azkenik, laino itxiaren erdian, Portilla del Crampón -2.540 m- atakara iritsi ginen.

Granitozko bloke erraldoien artean gora eginez jarraitu genuen, azkenik Almanzor -2.592 m- mendiaren tontorrera iritsiz.

Bazkaldu eta igoeraren oroitzapenerako argazkiak atera ondoren, zenbait taldetan banaturik jaitsiera hasi genuen, Portilla del Crampon atakaraino iritsi eta ondoren atakaren izenak senez dioen modura, kranpoiak jantzi genituen.

Gure aurre-aurrean, bi gazte madrildar korridoretik jaisten hasi ziren. Une horretan bertan, larrialdi garrasi batek bizarrak zutik jarri zizkigun.

Gazteetako bat labaindu eta korridoretik behera amildua zen lainoan desagertuz. Bere lagunak heiagora egin zuen: "¡se ha caído, se ha caído!, ¡y ha dejado el piolet en la nieve!" (itzul.) erori da, erori da! eta pioleta elurrean utzi du!

Bitartean, metro batzuk beherago zer gertatzen ari zen jakin ezinik, nolabaiteko kezkaz, piolet eta kranpoiez segurtatuz korridoretik behera jaisteari ekin genion.

Lainotik irtetean, gure taldeko mendizaletako batzuk istripua izandako mendizalearen inguruan ikusi genituen.

Jaisten jarraitu genuen, eta bat-batean behin eta berriz goialdetik etortzen ari ziren oihu eta garrasi batzuk bertara begiratzera behartu gintuzten. Laino artean, elurretan kontrola galdurik ziztu bizian jaisten ari zen mendizalea ikusi genuen, hormaren kontrako kolpe pare bat hartu ondoren, bertan zorabiaturik geratu zena.

Denbora tarte laburrean, bi ezbeharren lekuko izan ginen. Lehena Mendiko Guardia Zibilak helikopteroz eramango zuen, inmobilizatutako zangoa zuen-eta. Bigarrena, ordea, kopetan ebaki handia zuela, aterperaino gurekin jaitsi zen.

Geroago Arenas de San Pedro eta Guisando herrietara zuzendu ginen Luis M. Lopez kanpamentuan lo egitearren.

Maiatzaren 3an, Nogal del Barranco plataformarantz -1.300 m- abiatu ginen. Galayar sakanetik eta Victory aterpetik igaroz -1.950 m- La Mira mendiaren tontorrera igo ginen.

Gauean, denon artean antolatutako afari bikaina, oroitzapen atseginak eman zizkiguten egun haien eragingarri ederra izan zen.

Biharamunean, hilaren 4an goizean, Arenas de San Pedro herrian kokatutako El Aguila leizea bisitatu genuen, geroago Avilara joan ginen eta bazkaldu ostean, etxerako bidaia hasi genuen.


[-] Itxi