LA PASIONARIA[...]
A sus pies la ceniza más helada se encona. /
Vasca de generosos yacimientos: /
encina, piedra, vida, hierba noble, /
naciste para dar dirección a los vientos, /
naciste para ser esposa de algún roble. [...]
___________________(itzul.) [...]
Bere oinpean, errautsik izoztuena ere gaizkoatzen da. /
Meategi emankorretako euskalduna: /
artea, harria, bizitza, belar noblea, /
haizeei norabidea erakusteko jaio zinen, /
haritz baten emaztea izateko sortu zinen. [...]"La Pasionaria" olerkiaren lagina.
Miguel Hernández, (Orihuela, Espainia - 1910-1942)
HAMLET: So much for this, sir: now shall you see the other; you do remember all the circumstance?
HORATIO: Remember it, my lord?
HAMLET: Sir, in my heart there was a kind of fighting that would not let me sleep; methought I lay worse than the mutines in the bilboes. [...]___________________
(itzul.) HAMLET: Nahikoa alde horretatik: orain gainontzekoa ikus dezagun. Gertatutako guztiaz gogoratzen zara?
HORAZIO: Gogoratu, jauna?
HAMLET: Lo ezinik, erne mantentzen ninduen borroka antzeko bat nuen arima barnean. Girgiluz loturiko matxinatuak baino okerrago sentitzen nintzen. [...]William Shakespeare (1564-1616).
(Hamlet. Act V, scene 2)
|
Triano eta Galdameseko Mendiak, Bizkaiko meatzaritzaren sorleku dira. Antzina-antzinatik bertan aurkitzen diren burdina-meatoki oparo eta ugariengatik ezagunak badira ere, XIX. mendeko azken urteetara arte itxaron behar izan zen inguru hauek meatze-ustiapen nagusia jasan zezaten. Dagoeneko I. mendean Plinio Zaharra, bere "Historia naturala" bilduman, ondoko testua "mendi garai eta malkartsua, bere burdin oparotasuna sinestezina da, izan ere, mendi osoa gai horretaz eginik dago" idatziz, ezaugarri hauetako mendi batez mintzo zen. Iragan urruneko meatzaritzari dagokionez, azkeneko urteotan egindako indusketa arkeologikoetan, erromatarrei dagozkien III. eta IV. mendeetako zeramika zatiak aurkitu dira. Bestalde, antza denez, Triano izena Trajano hitzetik dator, baina ezin da esan ziurtasun osoz enperadoreari zegokionik.
Loiola errekaren haranean zehar, egun urtegia kokaturik dagoen tokia eta Mespelerreka (El Regato) artean, zenbait haizeolen aztarnak aurkitu dira. Geroago, XIII. mendetik aurrera zeharrolak (uraren indarrez mugitutako burdinolak) nagusitu ziren, ugariak inguruan, egun Pobalekoa baino gordetzen ez den arren. Hauetan tresna ugari fabrikatzen zituzten (aingurak, iltzeak, armak, nekazaritza-lanabesak...), baita esportazioari zuzendutakoak ere, kalitate handiko tresna eta lanabesak ziren-eta. Adibide gisa, Hamleten, William Shakespeare-k, "bilbo" izena ematen die girgiluei.
Bailara osaturiko zazpi kontzejuetako biztanleek soilik, baso-, azienda- eta meatze-erabilerarako ustia zitzaketen mendiok. Industria-iraultza iritsi baino lehen, meatzaritza-ustiapena kakotikoa, araurik gabekoa zen. Eta palak eta pikatxoiak erabiliz, ordenarik gabe zulatzen zuten, burdina-zaina erabat agortu edo zuloa birrindu arte. XIX. mendean urte batzuk igaro arte, ustiaketan ez ziren bolbora erabiltzen hasi. Hona hemen garai haietako adibide bat:
(itzul.) "... hiru edo lau Kontzejuetako bizilagun doilorrak [dira], mineralez osatutako altxor horiek kaltetuz euren buruak jaun eta jabe izendatu dituztenak, arau, norabide edo metodorik gabe nahi duten bezala mendia zulatu dutenak; ezein meatze-ordenantza edo legeri lotu barik; eta lau harri koxkorrez lurrean gurutze bat marrazturik egindako zeremonia sinplearekin baino ez; beste edozein meategi zein jabego pribatutik, bi oin luze den tarte eskasera egiten dute zuloa, lanerako darabilten pikatxoi-kirtena luze den distantzia berera." (Gonzalez Azaola, 1827an)
"... los miserables vecinos de los 3 y 4 Concejos, constituidos en duenos absolutos de maltratar este tesoro de minerales, horadando el monte por donde les viene en antojo, sin tipo, regla, dirección ni método; sin sujeción a la ley ni ordenanza alguna de mina; y sin más ceremonia que hacer una cruz en el suelo con cuatro pedrezuelas; ni más medida y distancia de toda otra mina y propiedad ajena que la longitud del mango del pico mismo con que trabajan, que escasamente llegará a 2 pies de largo." (Gonzalez Azaola, en 1827)
Mandoz edo idiz eramandako gurdetan, Galindo ibaiaren ondoan kokaturiko portuetaraino (Muskiz, Sestao, Trapagaran) eramaten zen burdina-minerala, geroago hauetatik Bizkaiko zein Gipuzkako burdinoletaraino garraia zezaten. Minerala erauzteko erabilitako sistemak bakunak zirenez gero, eta bertako nekazariek beren lan-denboraren tarte bat baino erabiltzen ez zutenez, ingurumenari egindako kaltea ez zen osoa handia izan.
Meatze-sistemaren aldaketa INDUSTRIA-IRAULTZArekin etorri zen, bere hastapenak Ingalaterran izanik, Bizkaira XIX. mendeko erdialdera iritsi zena. Kapitalismoaren pentsamolde berriak (ahal den etekin handiena, ahal denbora laburrenean), teknika berrien erabilera berria (esaterako, Bessemer bihurgailua, kalitate handiagoko altzairua eskuratzea ahalbidetzen zuen, baina inguruotan oparoa zen burdina-mineral mota bat behar zuen) eta bertoko meategien kalitateak erakarritako atzerriko kapitalaren interesak, jarduera hau bultzatu zuten. Eta nola Bizkaiko Foruak burdina erauztea bizkaitarrei soil-soilik baimentzen zien, kanpotik etorritako kapitalari bertoko burgesia garrantzitsua (Ybarra, Chavarri, Martinez Rivas,...), gehitu zitzaien eta eurek lortutako etekinekin, geroago Bizkaiaren garapen ekonomikoaren nahitaezko zutabeak izango ziren industria siderurgikoak, ontziolak, bankuak,... sortu zituzten.
Bigarren karlistadaren amaieraren ondoren, aldaketa sakon baten fase berri bati ekin zitzaion, "meatze-ustiapen handia"-ri dagokiona hain zuzen. Denbora tarte honetan, 1876tik XX. mendeko hasiera artekoan, -bereziki XIX. mendeko bederatzigarren hamarkadan- Bizkaiko meatzaritzak izan duen garapen handiena lortu zuen, izan ere orduan Bizkaikoak munduko meategi nagusiak izan ziren. Meatzaritzaren gorakada XX. mendeko hirugarren hamarkada arte mantendu zen, hortik aurrera gaur egunera arte izandako agonia motel eta makala jasanez, 1993an itxi baitziren Gallartako azken meategiak. Harri-zulatzaileak, artilleroak, peoi-taldeak, urketariak edo laguntzaileak, langileburuak, makinistak, zaldizkoak, zerrenda-arduradunak... meategietan lan egiten zuten langile-zerrenda luzea osatzen zuten. Erregulazioa onartu ondoren, neguan egin beharreko lanaldia 10 ordu t'erdikoa zen, eta 13 ordukoa udan, bi atsedenaldirekin, bata gosaltzekoa eta bigarrena bazkaltzekoa hain zuzen.
Bizitza-baldintza kaxkarrak, jazotzen ziren lan-istripu ugariak eta alkoholaren gehiegizko edatearen arazoari gehituta elikadura-dieta oso pobreak, garai gogorrenetan langileen batezbesteko bizitza-esperantza 30 urtekoa izan zedin eragin zuten. Egoera tamalgarri honi, derrigorrezko denda edo kantinen afera gehitzen zitzaion, hain zuzen kontratistek edo langileburuek zituzten establezimenduetan meatzariak erostera behartuak zirelako, salneurri altuek eragindako biktima tristeak bihurtuz.
Egoera hau guztia, XIX. mendearen amaieran igartzen zen atsekabe sozialaren oinarrian eta -bai jatorri sozialista zein katolikoaren- langile-mugimenduaren garapenaren hastapenetan izango da. Era honetan, bai Zugaztieta (La Arboleda bezala ezaguna dena), Urtuella edo Gallarta, langileen borrokaren aldeko benetako zentrotan bihurtu ziren, non DOLORES IBARRURI "PASIONARIA"-k, paper nabarmena bete zuen. Era honetan, hasi ziren langile-grebak antolatzen; 1890koan, estatuan egindako lehendabizikoetako batean, Loma Jenerala matxinada menderatzea etorri zen, baina langileen egoera lazgarria ikustean, beren egoera hobea lor zezaten bitartekari lanak egin zituen: honela, greba amaitutzat ematen zuen bando bat argitaratu zuen eta bertan momentu hartatik aurrera indarrean geratuko ziren baldintzak idatziz utzi zituen.
Kanpoko langileen etorrerak, azpiegiturarik eta hornikuntzarik gabeko inguru garai eta orografikoki irregularretan, pixkanaka-pixkanaka meatzarien auzategi berrien eraikuntza eragin zuen. Populazio hau Zugaztietan (La Arboleda) eta Larreinetan (La Reineta) bezalako herrietan bildu zen. Zugaztieta, goialdeko meatze-gunerik nagusia, inguruko zuhaizti bakarraren ondoan 1877 urte aldera sortu zen. La Magdalena elizaren inguruan eraikitako karrika paraleloak... oraindik orain garai haietan eraikitako egurreko etxe zaharrak ikus daitezke. Baina 1900ean, goialdeak 5.000 biztanle baino gehiago bazituen, egun soilik 900 bat ingurura baino ez dira iristen bertan bizi diren biztanleak. Gaur egun Zugaztieta Trapagarango auzoa da, hastapeneko urteotan inguruko ezein herrik ez bazuen honen "mantenuaren" kargu hartu nahi.
Meatze-jardueraren amaiaren ostean, Zugaztietak zerbitzuen (tabernak eta jatetxeak) esparruan irekitako negozioei esker bizkortu da, inguruak eskaintzen dituen natura-balio garrantzitsuen laguntza jaso duelarik. Beronen aberastasun handiena inguru horretako natura-gune izatea da, aisialdirako eskaintzen diren jarduera interesgarri ugari eskainiz. Gaur egun, oraindik ere meatzaritzak utzitako aztarna eta arrasto ugari ikus daitezke (zuloak, horma bertikalak, aire zabaleko meategi zaharretan urpeko urak azaleratu ostean, urpean geldituz sortutako aintzira artifizialak, zepadiak, dekantazio-poltsak, etab...).
Hala eta guztiz ere, paisaia naturalki errekuperatzen ari da, eraso ekologikorik jasaten ari bada ere (hondarrak, zepadiak, lokomozio-olio isuriak...). Ingurumena eboluzioak, meatzaritzarekin erlazionatutako iragan historiko garrantzitsuarekin batera, aukera ugari eskaintzen dituzte, eta aukerok orain dela zenbait urtetik hona "Peñas Negras" Interpretazio Zentroak bideratutako ekintzak dira.
Zonaldearen meatzaritzari buruzko informazio gehiago hemen: http://ietb.bizkaia.net/Agerkariak/mineriahierro/mineriahierro1_12.pdf
___________________
Gaurkoan, Galdames eta Trapagaran artean "burdina-mendiak" ezagutzeko aukera emango diguten ibilbidea osatuko dugu. Ibilbidea GRUMERAN MAZIZOtik zehar egingo dugu, mazizo hau baita bi haranak banantzen dituen mendikatea.
GALDAMES (167 m).
Galdames ENKARTERRIETAKO ekialdeko muturrean kokatutako kontzeju bat da, eta Erdi Aroan ENKARTERRIETAKO USADIO ETA OHITUREN FORUaren (1394) pean zuzendua zegoen. Juntetxea Avellanedan (Sopuertan) zegoen. 1574an, Bizkaiko Foruarekin egin zuen bat, baina Gernikako Juntetxearekin izandako zenbait meatze-kontuengatik, 1740an Bizkaiko Jaurerritik irtetea deliberatu zuen. Berriz ere, eta oraingoan betiko, Bizkaiko Jaurerrian sartuz. Herriko ekonomia jarduera tradizionalean oinarritutako ekonomia zen, baso- zein nekazaritza-ustiapenetan oinarritua. Ekonomia molde hau hala ere, 1840tik aurrera erabat aldatu zen, Galdames eta Trianoko mendietan teknika modernoren bitartez ustiatutako meategiak ireki zirenean: berauen bultzatzaile eta ongile nagusia José María Martínez de Las Rivas (1850-1913). Galdamesek udaletxea du eta berau San Pedro Galdames herrian kokaturik dago.
Udaletxe ondoko plaza nagusitik abiatuko gara. José María Martínez de Las Rivas aipatutakoaren estatuari bizkarra emanez (1931n Benlliurek egina), eta herriko batzokia ezkerrean utziz, zirkulu itxura duen parke batera iritsiko gara. Parkearen kontrako aldera iritsiko gara, non GALDAMES ibaiaren parean doan asfaltatutako errepide bat ikusiko dugun. Nahiz eta parke beretik Pico de la Cruz-era zuzenago beste pista bat irten, hartuko dugun aukeran inguratze eta ibilaldi luzeago bat egitea erabaki dugu, bestelako paraje eta toki interesgarriak ezagutuz. Pistak ibaiaren arroak jarraituko du eta ez diegu ezkerretik irteten diren bidegurutze guztiei inolako jaramonik egingo. Era honetan URIBAI - LOS MOLINOS auzoaren ondotik igaroko gara, baita ALKITZA ondotik ere. Betiere HE-ko norabidea mantenduz jarraituko dugu eta pistak asfalto-geruza galtzen badu ere, oso eroso ibiltzeko aukerak ematen jarraituko du. Era honetan ILLETA auzoaren bazterretara iritsiko gara; bertara iritsi baino apur bat lehentxeago, eta orain arte egin dugun norabide berean, lurrez estalitako pista bat ikusiko dugu. Berau hartuko dugu. Pista zidorrera igarotzean, berriki eraberritutako SAN KOSME ETA SAN DAMIANen omenezko ERMITA ikusiko dugu: nahi izanez gero, erdi ezkututan gordetako zidorretik jaitsiz, bisitatzerik legoke. Ermita itxita badago ere, bertan iturri bat aurki daiteke. Gure bideak ermitaren gainetik jarraituko du eta inguruotan, egokitutako pasabide batera eramango gaitu. Hemen ezkerrerantz egingo dugu bira gero eta estuago egiten ari den bidea bihurtuz. Senak esandako bidea jarraituz eta eskuinerantz egindako bihurgune bat egin ondoren, asfaltozko pista batera iritsiko gara. Bertatik jarraituko dugu, ondoren sasi eta ote sastraka artean, ezkerrerantz igotzen den zidor bat hartzearren. Berriz ere beste pista batera iritsiko gara, norabide berean aurkituko dugun beste zidor baten ordez berehala abandonatuko duguna hain zuzen. Lepoan, alanbre-hesia igarotzeko pasabide baten ondoan, paraje hauetaraino GRAZAL HARANa zeharkatuz Sodupetik igotzen den bidearekin bat egingo dugu. Ingurune karstikotik igotzen jarraituko dugu: bidean seinale bat ikusiko dugu (Eretza, 30'). Era honetan LA BERENILLA izeneko parajera iritsiko gara; ATERPE bat eta ITURRI bat bertan. Megalito bat inguruetan.
Hemendik, aurrean eta eskuinean, ERETZA mendia ikusterik izango dugu, mazizo honetako mendirik garaiena hain zuzen. Berau igotzea gure asmoa ez denez, ezkerrerantz bira egiten duen pista jarraituko dugu (I) seinaleztatutako bidegurutze berri bat topatu arte. Eskuineko pista hartuko dugu 200 bat metrotan erabiliko dugu, iturri lehor batera iritsi arte; hemen ezkerrerantz egingo dugu bira, zuzenean CEPAL LEPOko ehiza-postuetarantz jaistearren.
Aldape mendia ikusiko dugu eta baita igotzeko ibilbidea ere: dena xuxen xuxen!! (mendi honek, eta egia esan gainontzeko guztiek ere, ingura ditzagun aukera ematen badigute ere: kasu honetan ezkerretik egin liteke). Minutu gutxitan ALDAPE, CEPAL (bere burdina-zepadiengatik), edo TELLITU/TILLITUren gainera iritsiko gara. Tontorrean postontzia.
Jaitsiera oso gogorrean TILLITU LEPOra (Campas de Cepal zelaira) iritsiko gara. Jaisten ari garen bitartean, geroago Pico de la Cruz-era igotzeko erabiliko dugun zidorra ikusiko dugu, ezkerrerantz, zenbait haitz-irtenune batzuetarantz desbideratzen dena hain zuzen; komenigarria bideaz jabetzea, izan ere "in situ" bidean gaudenean oso zaila berau nondik nora doan ikustea. Jaitsi garen lepo hau "camino difuntos" (hildakoen bidea) izena omen zuen, izan ere hemendik igarotzen ziren Castanosetik (Mespelerreka) Galdamesera bertako kanposantuan ehortzi behar zituzten hilotzak.
Tillitu lepoan gaudela, igotzen hasiko gara baina berehala gurpil-arrastoak abandonatuko ditugu aipatutako zidorra ezkerrerantz hartzearren, bata bestearen atzean PEÑASCOS DEL GRANZALerantz ibiliz, ondoren ezkerrean utziko ditugunak HOYOS DE GASTERAN sakonera jaisteko, zuhaitzez hornitutako dolina edo sakon itxia, non inguruko mazeletan sortzen diren errekastoen urak lurpean ezkutatzen diren. Hemendik gora, hego ertzetik PICO DE LA CRUZ edo KURUTZAGA (803 m) gainera igoko gara. Buzoia, plakak, Gorbeia mendiaren gurutzearen erreplika bat.
Ekialderantz Gasteran menditik banantzen duen leporaino poliki-poliki jaitsiko gara, izan ere kareharri leundua labainkorra da oso. Ia garaierarik galdu edo irabazi barik, Lawson altzifre batzuengana zuzenduko gara, zeintzuk inguratuz, ezkerrean utziko ditugun, TILLITU LEPOtik abiatuta igotzen zen bidearekin topatu arte (marka zurigorriak). Orain ezkerrerantz eta seinale baten ondotik igaro ondoren (Pico de la Cruz 20'), bidea utzi, eta eskuinerantz jarraituko dugu GASTERAN (801 m) gaineko -kohete itxurako- postontzia bilatzearren. Badugu informazioa gainean aurkitutako megalito batez (bertan bi harri zapal aurkitu ziren). Hemendik Eretza gaina bere edertasun osoan ikusi ahal izango dugu, berezko duen profila erakusten digu-eta.
Altzifreen artean pasa den bidera itzuliko gara COLLADO DE HERRERÍAS lepora iristearren. Berriz gorantz eta GANERA (823 m) gainera iritsiko gara: gainean erpin geodesikoa, postontzia, plakak,... eta harri batzuez osatutako TUMULU bat, gainaren inguruan, zenbait artzain-eraikuntza diren tokiaren ondoan. Gainaren garaiera eskasa bada ere, mendi honek MESPELERREKA (El Regato) gaineko bista ezin hobeak eskaintzen dizkigu.
Zapaltzeko lurrazal gozotik ibiliz, Peñas Negras ibilbideetako 3. ibilbidea - "AURREHISTORIAREN IBILBIDEA"- zedarriztatzen duten marka arrosak jarraituko ditugu, GRUMERAN LEPOra iritsiz.
Aurrean PICOMENOR edo CANTERA NUEVA izeneko gaina dugu: ez dugu berau igoko, ez baita mendi erosoa eta beraz, eskuinetik inguratuko dugu; arrosa koloreko zutoinak jarraituz COLLADO DE LA BREÑA (edo LA ARENA, mapen arabera) lepora iritsiko gara. Bidegurutze garrantzitsua, bertan idatzitako seinaleek inguruko mendi eta herrietaraino denbora tarteak zenbatekoak diren adierazten digute (pistaz pista Zugaztietaraino, 70').
Picomayorretik behera gu gauden tokiraino datorren ebakia ikusiko dugu: hortik igoko gara. Han goian, harriz egindako zedarri batek nondik igo behar dugun adieraziko digu: berau jarraituz PICOMAYOR (742 m) gainera iritsiko gara.
Buzoia, plakak... Denak TUMULUaren barruan!
Norabide bera mantenduz jaitsiko gara (IM) eta azkenik ESKATXABEL TRIKUHARRIraino iritsiko gara, izen bereko LEPOan: berau da inguruko megalitoen artean industutako bakarra. 1961ean aurkitu zuten eta 1964an industu, landutako zenbait harri eta lepoko ale bat. Bere kontserbazio egoera txarra da, tumulua ikus daitekeelarik. Nahikoa hondaturik badago ere, inguruko mendietako megalito guztien antzera, bere ingurune zirkularra eta inguratzen dituen harriak ikus daitezke. Bertan azaldu zen hornidura arin bat, harearrizko plaketa bat dekorazio-arrasto bat duelarik, kolore urdineko beirazko lepoko-ale bat, eta landutako zenbait harri-puska (harraskagailua, harri-puska zabalak, laminak, etab.). Ale hauek guztiak Bilboko Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoan gorderik daude.
Aldapa labur batek ALTA GALDAMES (715 m) edo EL CUADRO izeneko gaina hurbilduko gaitu. Postontziak, plaka bat, antena bat. Ibaizabal ibai-arroaren gaineko bista on eta zabalak.
Bide oso erosotik ibiliz, PICO PASTORES (673 m) izeneko gainaren postontziak koroatzen duen harritzarra ikusi arte jaitsiko gara: beronen gainera igoko gara, pista abandonatuz.
Landan zehar, ekarri gaituen pistaraino jaitsiko gara eta aurrean dugun ordeka zabalean, non zenbait bidegurutze ikusiko ditugun, eskuinerantz egingo dugu bira (E) Alta Galdames mendia inguratzen duen pista on batetik jaitsiz; harritzar batzuetara iristean (PEÑAS NEGRAS izena dutenak, eta ezagutuko dugun lekuari izena ematen diotenak), beren ezkerreko bidea hartu "PEÑAS NEGRAS" izeneko Ingurune-interpretazio Zentrora iritsiz (betan iturria eta baita taberna ere). Peñas Negras inguruan beste tumulu bat izan omen zen, baina ur-tanga baten eraikuntzak deuseztatu zuen.
Hemendik Zugaztietara bide desberdinetatik jaisterik izango dugu, bai asfaltatutako bidetik (2,5 Km eskas), baita seinaleztatutako bideetatik ere. Guk ordea, muino samur bat igoz abiatuko gara Zentrotik, aurreko pinudia zeharkatu eta paisaia karstiko eder bat bisitatuz, oso bitxiak diren haitz-formazioen artean (LABIRINTOA deritzona), marka berdeak jarraituz errepidera iritsiko gara, Picwick ("la Pikui") izeneko meategiaren zelaiaren ondoan: dagoeneko ZUGAZTIETAtik (389 m) oso hurbil izango gara. Bai errepidea bai zenbait lasterbidetik ibiliz, azkenik herrira iritsiko gara. Bere kaleetatik behera jaitsiz, estazionalekura iritsiko gara. Bertan izango dugu zain Autobusa.
Merezi du meatze-inguru zaharra izandako eta gerora egokitutako aztarnetatik ibiltzeak: Ustion, Blondis, Parkotxa mea-zuloek, berauetan egindako zulaketek eragindako lurpeko uren azaleratzeagatik, itxura idilikoa ematen diote iraganean izandako paisaia deserosoari. Eta bada posible, garai hauetarako aire zabalean erakutsitako (zenbait eskulturagileren, horien artean Nestor Basterretxearen) eskultura-erakusketa ikusteko aukera izatea, "Meatzalde Goikoa" izena izango duena.