Atsegin ezti gozo-gozoa
bord'inguru xakonean
egarriyaren asekai dagon
iturritxo gardenean.
Kezka larriei ateak itxi,
uxatu guzik batean,
maiztar illunik ez izan iñoiz
nere biotz barrenean.
Ixil osoa... Iñoren zantzu
gaiztorik ez beñere an,
ametsak lagun, amets egin, bai
¡amets!... mendi magalean.
Ori nai nuke, ezerez geigo
bizi naizen bitartean.
Gero... ezurrak arri biyurtu
Uzturre-mendi gañean,
ta ni naizen au betiro bizi...
oztiñ eder zabalean.EMETERIO ARRESE
(Tolosa -Gipuzkoa-, 1869/03/03 - 1954/04/07).
|
AMASAko herrigunea Villabonakoa baino lehenagokoa da, eta baliteke haren aurretik beste bat Amasakoa baino gorago izatea. Amasako kolazio edo kontzejua 1385ean agertu zen lehen aldiz historian, Tolosarekin bat egiteko aitortutako gutunean, hain zuzen. Amasa Tolosari batu zitzaion, baina bere autonomia ekonomiko eta administratiboa mantendu zuen.
VILLABONA 1398ko Gipuzkoako Batzar Orokorretan azaldu zen lehen aldiz herri gisa eta AMASA izan zen haren sorburua: Amasako hainbat biztanle behera (Villabona 61 metrotan kokatzen da) jaitsi ziren, hau da, Gaztela Frantziarekin -Segura, Tolosatik, Villabonatik, Hernanitik... pasatuz- lotzen zuen GALTZADAn, merkataritzan, eskulangintzan, bidaiarientzako zerbitzuetan eta abarretan aritzeko. Bada beste arrazoi bat jende haiek gerora Villabona izango zen eremuan kokatzeko: alegia, DONE JAKUE BIDEAn ari ziren milaka erromesentzako atsedenleku bat sortzea. Hasieran, bi herriek komunitate bat osatzen zuten eta San Martin parrokia, herri mendiak, burdinola, errota eta herri bideak batera erabiltzen zituzten. Garai haietan, Villabona Amasako auzo gisa sortu zen.
1480. urtean, HIRIBILDU-TITULUA lortu zuen Villabonak eta Amasako auzoa izateari utzi zion. Horren ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko Alkate eta guzti lortu zuen, oraindik Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago zituen arren. Egoera honek tirabira eta gatazka handiak sortu zituen bi kontzejuen artean. Hala, urte asko geroago, 1619/20an hain zuzen ere, biak batzea eta hiribildu bakarra sortzea erabaki zuten. Elkarturik, alkatea urtero txandakatzea erabaki zuten. Harrez geroztik, elkarrekin osatu dute herri bakarra... egun ofizialki Villabona izena duen herrian.
AMASA (134 m - 0h 00').
Elizaren ondoko plazatxoaren ondotik aterako gara eta HE-ko norabidea hartuz, ARRIAGA baserriaren ondoko bidegurutzerantz abiatuko gara. Panel informatiboa bertan (0h 05').
Bidegurutzean eskuineko errepidea hartuko dugu eta bidea jarraitu. Sail artean bost bat minutuz ibili ondoren SAGASTIZAR etxebizitzaren ondotik igaroko gara. Bertatik jarraituko dugu MIKELIGARTZA (0h 15') BASERRIrako errepidea. Aurrerago segi eta ETXEZARRETA BASERRIrako bidegurutzera iritsiko gara (0h 20'): bertan asfaltozko bidea izateari utziko dion eskuineko adarra jarraituko dugu, eta honaino egin bezalaxe, ARANERREKA errekaren ezker bazterretik jarraituko dugu. Pixka bat aurrerago ETXEZARRETAKO BORDAren ondoan igaroko gara. Inguru honetan, Amakorreko parajean, Ondarragako erreka igaro ondoren, ITURRI bat aurkituko dugu. Metro batzuk egin ondoren, porlanezko pista lurrez estalitako pista bihurtuko da, eta aldapa gogorragoa marraztuz basoan barrena sartuko da. Gorago jarraituz, TROSKAERREKAren albotik jarraituko dugu: ikas dezagun AMAKOR eta OLABEATZA parajeen arteko gunean, Aranerreka, ONDARRAGAKO ERREKAREN, ARMAOLETAKOERREKAren eta TROSKAERREKAren urez hornitzen dela, eta horren ondorioz, gorago igo garelarik, erreka aldatu eta oraingoan Troskaerrekaren ondoan oinez ari garela.
Aurrerago, Olabeatza parajean ere bidegurutze batekin egingo dugu topo, eta eskuineko bidea hartuko dugu, 50 metrora aurkitzen dugun langa (0h 30') igarotzearren eta TROSKA izeneko parajetik gora eginez, mendiaren bi isurialdeak elkartzen dituen zoko laiotz eta hezea bilatzeko asmoz.
Zokogune honetan (0h 45'), menditik behera datorren ur-jauzi txiki bat ikusiko dugu, baita mendian gora kontrako isurialdetik gure pistak handik jarraitzen duela ere. Pistatik igotzen TXINTXURTEGI hegitik gora aldapa leunean igotzen jarraituko dugu: 420 bat metroko garaieran, pistan bertan ezkerretara, SANSONEN HANKAZULOA dago, Sanson pertsonai mitikoarekin loturiko harrian egindako oin-aztarna antropomorfoa hain zuzen. ASTALARRAINAko parajetik igaroko gara eta LIZARRITURRIKO BORDAra iristean azkenik (1h 00'), zulo-sakonean egon ondoren, inguruko bista zabalak dastatzeko aukera izango dugu, Adarra, Belkoain, Andatza bistaren aurrean ageri dira-eta. ALUSTIZA BASERRIrako bidegurutzea (412 m) ez da oso urruti ibiliko (1h 05'). Nekazal-turismoko etxea dugu.
Bertan PR-GI-55 (Loatzuko Bira) zidor laburraren zutoin bertikala aurkituko dugu, eta honexek Loatzurako bidea erakutsiko digu. Antena bikoitzez eta nabe handiaz hornituriko baserria albo batera utzi eta laritz eta pinu-basoen arteko zelaietatik -lehendabizi HM-ko norabidean, eta gero HE-koan- gora egingo dugu. Laster zidor bat aurkituko dugu eta bertatik jarraituko tontorrera iritsiz (1h 35'). Ernio eta Gazumeko bistak igoeran.
LOATZU (635 m). Gain zabala eta belarrez estalia, Uzturreren itzalpean izateagatik aski ezezaguna, mendizale-tradizio handikoa eta Amasa zein Irurako biztanleek asko maitatua. Bertan 1959 urtean Irurako Sukalde elkarteko hainbat kidek (Valeriano Urrestarazu, Rafael Otaño, Tomas Zaizar eta Toribio Yaben) eraikitako gurutzea dago, bertaratzen diren mendizaleei ongietorria ematen diena, gurutzean idatzitako plaka batek hala dio-eta. Gain zabalean, buzoi bat, MAHAI PANORAMIKO bat eta omenaldi gisa beste plaka batzuk ere aurkitzen dira. Gurutzea eraiki eta hiru urte geroago, lagun berek eraiki zuten ATERPE TXIKIA: geroago, 1977an eraberrituko zena. Bistak zabalak dira iparralderantz eta Adarra, Belkoain eta Andatza mendietako ingurua nabarmentzen da beste inguruen aldean. Loatzuko hau INGURUNE MEGALITIKOA dela nabarmenduko dugu, mendiaren sortaldeko hegian kokatzen baitira bertan egindako bi trikuharriak.
Gurutzetik HE-ko ibilbidean laritz-baso artean jarraituko dugu eta pista batekin egingo dugu topo. Loatzu eta Uzturre arteko ARTXIPIAGA leporako zutoin informatiboa (PR-GI-55) aurkituko dugu eta bertarantz jarraituko dugu. Garaiera mantenduz laritz arteko basoan segi, ezkerreranzko pista hartu gabe aurrera jarraitu eta Artxipiagaraino iritsiko gara. Beste zutoin informatiboa, Amasa auzoa eta Belabieta, Loatzu, Alustiza baserria eta, Uzturre eta Tolosarako norabideak markatzen dituena. Langa bat ondoan (1h 45').
ARTXIPIAGA LEPOA (573 m). ADI! Langa zeharkatu eta eskuinerantz biratuko gara basoak estalitako pista jarraituz. Lokatzez beteriko inguruan sartuko gara, baita oso laiotz eta hezea den harantxoan ere. Basoa amaitzean, ezkerrerantz gora (M-HM) abiatzen den GOROLDIKETAko zelai zabala aurkituko dugu (1h 55'), eta bere baitan Tolosako Santa Luzia auzotik marraztutako bidea/zidorra ere bai. Zidorra hartu, zelaitik jarraitu eta basoan sartuko gara; azkenik zidor beretik eginez, soilgune batean Ernio eta Hernialdeko bistak eskuinean ditugula, egurrezko eskailera batzuetatik igoko gara Uzturreko gurutzerantz garamatzan zelaira iritsiz. Eskuinean, beherago aurkituko dugu GURUTZE erraldoia (662 m), balkoi zabal batean Tolosara eta Oria haran osora begira hain zuzen (2h 10'). Mendizale tradizio handiko mendia izaki, tolosar eta ibarrarrek biziki maitatzen duten tontorra da. Atsedena eta ogitartekoa hartzeko toki aproposa. Gurutzea 1927koa da; 1972ko urriko lehen igandean ordea auzolanean amaitu eta inauguratu ziren Uzturrera igotzeko bidearen egokitzapenak.
Gurutzean bestalde, Emeterio Arrese idazle tolosarrak mendiari eskainitako ondoko OLERKIA irakur daiteke. Sarri idatzi zuen Arresek mendi honen inguruan:
Mendi gañean beso zabalik
zauden gurutze laztana
otoi egiñez muiñ emanzale
apalki nator zugana.
Uzturrek badu bere KONDAIRA, eta Sansoni lotua ere dago.
Sansonek Uzturre gainaldetik harri handi bat bota omen zuen Tolosa aldera. Baina hain indar handiz bota zuen ezen azkenik Illamendi mendian iltzaturik geratu zen. Horrexegatik, kondairaren oroimenean, Illamendin dagoen harriari Sansonarri esaten zaio.
Gurutzetik irten eta aldapan gora egingo dugu, IZASKUNera eta Tolosara joateko izango litzatekeen zidorra hartuko bagenu bezala. Lepotxoan, KANADAR PASALEKU estu bat aurkituko dugu harriz landutako hesiaren ondoan. Pasalekua zeharkatu eta E-IE norabidea jarraituz, zidorretik aurrera egingo dugu eta 300 bat metro ibili ondoren, UZTURRE mendiaren GAIN NAGUSIra (ezezagunago dena) iritsiko gara (730 m - 2h 20'). Erpin geodesikoa eta hiru bat buzoi edo oroimenezko antzeko gainean. Bistak urriak dira, tontorra landaretzaz inguraturik dago-eta.
Gailurrerian, paseo lasaia eta aldaparik gabea izango dugu -GASBIDEA izango da jarraituko dugun arrastoa- eta eskuinean, LEABURU, BELAUNTZA, BERROBI, ELDUA, ELDUAIN eta BERASTEGI herriak ikusiko ditugu, baita, Aralar Mendia eta Nafarroarako A15 autobidea ere; bestaldean ere bista zabalak aurkitzen dira, eta Donostialdea argi ikusten da bertatik.
Gain nagusitik zidorrera itzuliko gara berriz eta E-IE norabidean, pista batean sartuko gara. Tolosako eta gero Ibarrako udal barrutiko MUÑAZKI parajean langa zeharkatu ostean, ARGORRIko parajean Amasako lurretan sartuko gara berriz. Ondoren aurkituko dugun AMASABARRUTIko zelaietatik jaitsiko gara gero (bi langa zeharkatuz), AKOLODIko parajera iritsiko garelarik. Pista zeharkatu (3h 00') eta aurrean dugun BELABIETA mendirantz abiatuko gara. Akolodiko Bordaren ondoan igaroko gara. Mendiaren hegiaren erdian, ezkerraldean zeharka sail arteko harresi bat ikusiko dugu.
BELABIETA (690 m) gain eta gailurreriara igotzeko bidea laburra da, eta nahi duenak gaurko ibilbidean hautazko gain gisa utziko dugun tontorrera igotzerik dauka. Atzera bidea egiterik dauka, berriz hona etorri, geratzen den ibilbidea jarraitzeko. Beste aukera bat, nahi izanez gero, gailurreria jarraitzea da (I) eta POSTONTZIA dagoen tokira iritsi. Hemendik, E-ko norabidea hartu eta zelaietatik jaitsi ondoren, pista zeharkatuta, ASKA emankor bat dagoen tokira iritsiko da. Hemen egingo du bat bide nagusiarekin.
Harresiaren ondoan, hesia zeharkatu eta ezkerrerantz (I) bira eginez, zelaietan sartuko gara (3h 05'). Geroxeago belarrez estalitako pistatxo bat aurkituko dugu, eta baita beherago hartxintxar larriz estalitako pista zakarra ere. Pistara jaitsiko gara, zeharkatu eta basotik barrena lasterbidea hartuz (E), beheko pistara jaitsiko gara (3h 12'). Pistatik jarraituko dugu (eskuinetik). Hartxintxar larriz estalita denez, albotik edo erditik ibiltzen saiatuko gara, oso deseroso baita bertatik ibiltzea. Ezkerreko basoa eta landaretza amaitzen denean, pista abandonatu (3h 17') eta zelai ondoko belarrezko zidorrean sartuko gara. ASKA (3h 20') baten ondotik igaroko gara eta MUÑOBIL muino leuna ezkerrean dugula, pista batean sartuko gero. Eskuineranzko bihurgune (3h 30') itxi batean, pistak beste pista batekin egingo du bat eta eskuinerantz jarraituko dugu LARRARTE BASERRIAk irekitzen duen ibar zabalera irteteko asmoz.
ADI! Aurreko bihurgune itxiaren ondoren 500 bat metro ibili ostean, ONDARRAGAKO ERREKAren ondoan, ezkerreranzko bihurgune bat aurkituko dugu (3h 35'), eta haren ondoan, Urrizti baserriraino garamatzan porlan zein asfaltorik gabeko ONDARRAGA parajeko lasterbidea. Pistatik ez igarotzearren, hemendik jarraituko dugu. Larrarte Baserriari zegokion GARBITOKI ederraren ondotik pasa, basoa ezkerrean dugula (IM) langa bat zeharkatu, eta azkenik URRIZTI BASERRIraino iritsiko gara (3h 50'). Nekazal-turismoko baserria.
Baserritik behera errazago izango da dena, errepidetik egin behar baita bide osoa. ARANGUREN, BIDARTE, ALDEITURRI baserrien ondotik igaroko gara (IM) garaiera galduz eta azkenik, ARRIAGA BASERRIAren ondoko bidegurutzetik berriz igaro ondoren (zirkuitua osatu dugu - 4h 05'), Amasako elizara eta auzune nagusira iritsiko gara. Amaitu dugu gaurko ibilaldia (4h 10').
Amasako eraikuntzei dagokionez, eraikin hauek nabarmenduko ditugu:
TOURS-eko SAN MARTIN PARROKIA-ELIZA. Ez du ia batere edergarririk, bertako fatxadek ohizkoa ez den apaltasuna erakusten dutelarik. Hasiera batean saloi-oinplanoa zuen, baina gerora gurutzadura ezarri zitzaion eta hartara, gurutze latindarrezko oinplanoa izatera aldatu zen. Barnean J. I. Lauiko tolosarrak egindako erretaula nagusia gordetzen da.
Eliza zabaltzeko akordioa 1541ekoa da eta Miguel Amasakoari eman zitzaion lanak egiteko ardura. Eliza kanpandorreraino eraikitzeko agindua eman zioten, bertan bi kapera eginez. Lanak burutzeko hamabi urteko epea eman zioten.
Honen ondoan, GURUTZE SANTUAREN ERMITA dago, inguruko lehendabiziko parrokia izan omen zena. Barnean, ingurune honetan oso miretsitako kalbarioa du.
Bertako baserri zaharren artean, MUSTURI AZPI BASERRIA nabarmentzen da, antzinatasuna eta egitura arkitektonikoagatik (harlanduzko hormak, hainbat arku eta Ezkioko Igartubeiti baserriaren antzera dolarea du barnean) oso eraikin garrantzitsua delarik. Sarrera-mota berbera dute, erdi puntuko arkua, ERDI BALLARAko BIDARTE, MUSTURIA GOIKOA, ARRIYA eta AMOTSA baserriek.
GOI BALLARAko SEISOROk behar du izan bailarako baserririk zaharrena, arku zorrotz bat gordetzen baitu barrenaldean.
LARREA auzoan, LARREA BASERRIA Erdi Aroan eraikitakoa dirudi, sarrerak duen arku-zorrotzezko eiteagatik. Behealdean ere, Oria ibarrera begira zabalik, auzoko eraikuntzarik adierazgarrienetakoa lekutzen da: GARMENDI. Bi arkutako sarrera-ataria du. Gaur ezagutu dugun ALUSTIZA BASERRIA berriz, goigune batean kokaturik dago, etxe honek izan duen garapena baldintzapetu duten egoeretatik eratorria; hasiera batean KORTA edo SAROE baten borda izan zen.
Hauek guztiak, beste behin Amasa berriz bisitatzeko arrazoiak dira.
ITURRIAK: Berria egunkaria (Mantangorri gehigarria), Villabona.net, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Dokumentala eta Wikipedia.
INFORMAZIO OSAGARRIA: http://del.icio.us/otamotz/amasa
ESKERRAK: Eskerrak Amasako Imanol Gartziari ibilbidea prestatzean emandako laguntzarengatik.
2009ko urtarrilak 6
Uzturre, oroimenak (Martin Larramendi)