Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea
Ostadar.org / Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldea [eu]   [es]
 [ Hemen zaude:   ]
   
Beitia argazkia

Datorren 2024ko maiatzaren 19an, Urretxu-Zumarragan, Iñaki Beitiaren omenezko 26. Mendi-martxa.

Behar duzun informazio guztia http://www.beitia.org webgunean aurkituko duzu.

Goierriko Bira

Hona hemen, Goierriko Bira egin eta gero, talde eta banakoen eskura uzten dugun informazioa.

Behar duzun informazio guztia hemen aurkituko duzu.

Gaurko eguraldia



KARLOS V.aren ETA MANDAZAINAREN ARTEKO ELKARRIZKETA (XVI. mendea).

Memoria ezin hobea zuen Karlos V. Enperadoreak gustukoa zuen euskaraz hitz egitea, izan ere, aitor-entzule, kaperau eta mediku euskaldunak zituenez, eta zegoen mailarengatik, edo kuriositateagatik, hitz batzuk ikasi omen zituen; eta era honetan fidagarriak diren pertsonengandik zera jakin dut, enperadoreak bidean Nafarroako mandazain bat aurkitu zuela, euskaraz zera galdetu ziola:

—Mandazaya, nondic zatoz?

Eta honek erantzun zion:

—Nafarroatic.

Eta gehiago galdetu zion:

—Nafarroan gari asco?

Eta mandazainak erantzun...

—Bai, jauna, asco.

Hala amaitu zuen Enperadoreak, esanez:

—Nafarroan gari asco; batere, batere ez neretaco.

  • Non: Isasti, Compendio historial.
  • Bertsio honen iturria: K. Mitxelena, Textos arcaicos Vascos, Madrid, 1960, 154 or.
  • Jatorrizkoaren itzulpena Euskarazko esaldiak grafia zaharrean errespetatu dira.
Araia - Iturriotz - Azkosaroi - Aratzarte lepoa - ARATZ (1.442 m) - Azkosaroi - Peazulueta lepoa (GALTZADA) - ASKIOLA (1.238 m) - Perusaroi lepoa (ATERPEA) - Urbia - Arantzazu.

Araba eta Gipuzkoako Aizkorriko mendialdean
Aratz Urbiatik ikusia
Aratz Urbiatik ikusia
—© Javier Fernández—
Egin klik handiago ikusteko
(62,010 byte)

Ibilaldia Arabako Araia (621 m) herrian hasiko dugu, Arabako Lautadan kokaturik dagoen Asparrena bailarako hiriburuan hain zuzen.

Geure urratsak, abandonaturik dagoen AJURIARREN FABRIKArantz zuzenduko ditugu, 1985ean itxitakoa, OLAZAR izeneko burdinola zahar batean jatorria zuena. Fabrikara heldu baino berrehun bat metro lehenago, GR-25 (Arabar lautadari bira) zidorraren adierazle baten ondoko ezkerrerantz abiatzen den pista maldatsu bat hartuko dugu. Ezkerrean ur-tanga bat utziko dugu, eta apur bat geroxeago bi etxeren artean igaroko gara: bietako bat eraikitzen ari dira gaur egun.

Hurrengo bidegurutzean zuzen jarraituko dugu eta —BAGONETEN ALDAPA— izenez ezaguna den aldaparen hasieraraino iritsiko gara (hemendik igaro ziren haitzaren magalean dagoen harrobitik behera, bertan erauzitako harriz kargaturik jaisten ziren bagonetak). Aldapa piko honetatik jarraituko dugu, eta pista batera aterako gara; zidorretik jarraituko dugu, zeharkatuko dugun beste pista batera iritsi arte; alanbre-hesia zeharkatu (adierazlea bertan) eta bidean gora jarraituko dugu.

Beste adierazle batek ZIRAUNTZA IBAIAREN ITURBURUrako bidea adieraziko digu, toki bitxia bera, non ura harritik jario den erreka ederra sortzen den bertatik; honi egiteko bisita beste baterako utzi beharko dugu.

SAN MIGEL HAITZaren ondoko GAZTELEPOra (835 m) iritsiko gara, eta bertan basoaren erdi-erdian sartuko gara, iparralderantz jarraituz; metro batzuk geroxeago, adierazle batek ZALDUONDOrantz jarraitzen duen GR-25aren desbideraketaren berri emango digu.

Hemendik aurrera adi ibili beharko dugu iparralderantz, muinoaren gainaldetik beti jarraitzearren; bidean adierazle batzuk (PR-11 eta PR-12) zalantzan jarriko gaituzte; bidegurutzetan beti ezkerrerantz hartuko dugu; zedarri batzuk bide zuzena aukeratzen lagunduko digute; igoeran ere, aurrera egiten traba jarriko digun ZUHAITZ-BAKANKETA egin den INGURU batetik igaro beharko dugu; dena dela ere, onena denok batera aurrera egitea izango da inor nahas ez dadin.

Pista batera aterako gara (ZUMARRAUNDIko adierazlea) eta metro batzuk geroago ITURRIOTZ ITURRIarekin egingo dugu topo (1.055 m): komenigarri izango zaigu bertan ura hartzea.

Zidor argirik gabe eta PR-12ko zein zaharragoak diren beste zenbait marka jarraituz, AZKOSAROIko ZELAIaren bila iparralderantz igoko gara (Azkosaroiko zelaian adierazle bat aurkituko dugu): 1.198 metroko garaieran gaude, pagaditik irten gara eta aurrean Aratzeko menditzarra dugu.

Zelaiaren barrenean, iparralderantz kokaturik, —BEGIBAKARRAREN BORDA— ikusiko dugu, baina oraindik ez gara bertara iritsiko: horren aurretik Aratz mendiaren tontorrera eramango gaituen zirkuitu bat osatu behar dugu-eta.

GR-121a jarraituz, hego-ekialderantz bira egingo dugu (Gipuzkoako Bira - marka zurigorriak). Markek ARATZARTE LEPOra eramango gaituzte (1.275 m.), eta handik bira emanda iparraldera (puntu horiak), harritzan egindako xendra eder batek gaineraino eramango baita.

ARATZ GAINA (1.442 m), Altzaniako Mendien tontorrik garaiena eta Arabako lurraldean laugarren tontorrik garaiena, Gorbeia (1.481 m), Larrasa (1.453 m) eta Palomares (1.446 m) mendien ondoren.

Eguraldia lagun bada, panorama ikaragarri ederra da norabide guztietan: AIZKORRI, ARALAR, URBASA, ANDIA eta ENTZIA mendilerroak, DURANGALDEKO mendiak, etab., baita ere ARABAKO LAUTADA, DEMANDA Mendia, PIRINIOAK eta ezin jakin zenbat mendi eta silueta ezagun horizontean.

Era berean, ohi den bezala, haize hotz eta bortitza izango dugu gainean; baina, arropaz ondo horniturik bertatik ikus daitekeen ikusmiraz goza dezagun: igoera gogorra izan da eta ikuskizunak merezi izan du.

Gaina utzi, eta ibilbidearen gainontzekoa aldapan abarmenik gabeko paseo erraza baino ez da izango, goza dezagun ere jaitsieran...; iparralderantz abiatzen den sarri erabilitako zidorretik jaitsiko gara (San Adrianetiko ibilbidea) ARATZ ZELAIra iritsi arte: basoaren sarreran adierazle batera iritsi arte; eskuinerantz bira egingo duen SAN ADRIANERAKO XENDRA utzi, eta hego-mendebalderantz jaisten jarraitzen duen norabidea hartuta AZKOSAROIn kokatu dugun "BEGIBAKARRAREN BORDA"-raino (1.185 m) iritsiko gara oraingoan.

GR-121 markekin topatuko gara berriz eta pagadirantz ibiliz jarraituko ditugu; GOROSOTXO izena duen SOILGUNEtik igaroko gara (1.127 m), eta berriz basoaren erdian gaudela, PEAZULUETAko LEPOra (1.133 m) iritsiko gara: lepo honek PORTUGAÑA eta gaztelaniaz ere —PASO DEL A HORCA— izenak jaso ditu; lepo hau GALTZADAren punturik garaiena dugu (erdiarokoa batzuentzako, erromatarra bestentzako) eta Gipuzkoa eta Araba lotuz, garai zaharretan derrigorrez bisitatuko beharreko bidea izan da; kondairek diotenez, hemendik pasa izan ziren Felipe I. Ederra eta Karlos I.a (Espainiako) eta V.a (Alemaniako) erregeak, eta ez ditzagun ahaztu —Gipuzkoako barneko bidetik— Santiagora zihoazen erromesak, eta bertatik ibiltzen ziren kontrabandistak, mandazainak, bidelapurrak, soldaduak, etab. Lepo honetatik oso hurbil. SAN ADRIANGO TUNELA dago.

GR-121 zidorraren markak jarraituz galtzada zeharkatuko dugu eta basoan egindako aldapa labur bat igo ondoren, putzu batzuk aurkitzen diren inguru batera iritsiko gara, eta bertan elkartzen dela eskuinetik San Adriango tuneletik datorren xendra.

Beste igoera labur baina piko batek PORTUZARRA (1.180 m) ingurura eramango gaitu, bidegurutze nagusia mendialde honetan; hemendik aurrera, nahi dutenek —ARABARREN XENDRA— jarraituz (gorriz margotua) Aizkorrira igotzeko aukera izango dute, gero OLTZA XENDRA jarraituz, PERUSAROIko ATERPEra jaisteko.

GR-121 puntu honetan banatzen da; eskuinean (gorriz eta zuriz) zedarriztatutako aldaera bat badago, Oltzako zelaitik igaro eta gero, Urbiara iristen dena.

Guk GR zidorra jarraituko dugu, hain zuzen SAN ADRIANetik URBIra doan zidorrarekin bat egiten duena; ASKIOLA (1.235 m) muinoan basotik irtengo gara eta Zalduondotik datorren autoentzako pistarekin egingo dugu topo. Ondoren, pistaren ondotik jarraituko dugu ASKIOLAko lepora (1.187 m) iritsi arte: bertan ZEDARRI HANDI bat (ZUTARRIA ote?) eta ezkuturik dagoen ITURBURU bat ikusiko ditugu.

Bide-zati honetan osoan, AIZKORRIko mendilerroa eskuinean izango dugu, eta ARABAR LAUTADA ezkerrean, biek panoramika ezin hobea eskaintzen digutelarik.

Pista abandonatuko dugu "gure" GR-a jarraituz eta berriz, baso barrenetik ZELAIBIZKAR (1.200 m) lepora iritsiko gara, non berriz pistarekin bat eginen dugun; katea batek autoentzako sarbidea ixten du, izan ere PARTZUERGOan ibiltzeko ibilgailuek soilik dute eskubidea aurrerago jarraitzeko.

Basoan sartuko gara berriz, PINPIL mendia ekialdetik inguratuko dugu eta ASTOZULO (1.160 m) LEPOra iritsiko gara; metro batzuk geroago GR-121a abandonatu, ezkerrerantz bira egiten baitu URKILLAko MENDILERROA jarraitzearren, eta Urbiara daraman xendra jarraituko dugu; bostehun metro geroago PERUSAROIko ATERPEaren belarrezko teilatua ikusiko dugu (1.1.65 m), eta bertan egingo dugu geldialdia hamaiketakoa hartzearren.

Perusaroitik, ZORROTZARRI (1.175 m) zutarriaren eta OLLANTZUko BORDEn (TTONTTOR) ondotik igaro ostean, kareharriz osatutako ZABALAITZ menditzarra inguratuko dugu azkenik ELORROLA LEPOra iritsiz (1.163 m); eskuinean ditudan Urbiako zelaiak, lerro bakar batzuetan deskriba ezinak dira; haren neguko ilunabarrek darien bakardadearekin, udako ezkilen soinuarekin, nire familia eta lagunekin gozatu ondoren, oraindik ere —hitzik gabe— geratzen naiz...

ELORROLAn, "URBIARAKO AUTOPISTA"-ra iritsiak izango gara, eta beraz, ARANTZAZUra jaistea mendian galtzeko aukerarik ematen ez duen kontua izango da.


[-] Itxi