TXITXARRA ETA INURRIAREN ALEGIA (Itzulpena)Abestuz igaro zuen uda osoa Txitxarrak, jatekorik gorde gabe; negua etortzean hotzak isilik egon eta haren logela estuan babesa bilatzea eraman zuen. Jatekorik gabe ikusi zuen haren burua, ez euli, ez zizare, ez gari ez zekalerik ahora eramateko.
Bertan ere bizi zen Inurria, aldameneko gelan, eta begirune eta errespetuzko mila adierazpen eginez halaxe esan zion txitxarrak: "Inurri anderea, zure aletegian, zure beharretarako jateko hornidurarik soberan duzunez, utz iezaiozu txitxar gizagaixo honi zerbait-edo negu honetan aurrera egin dezan, alegera eta pozik ibili baita iraganean, ez baitu inoiz kalterik ezagutu ezta horren beldur izateko ikasi ere. Ez izan zalantzarik niri hori uzteko, zeren eta zintzoki mozkinekin ordaintzeko hitza ematen dizut, nik dudan izen garbia erabiliz."
Inurri ñapurrak, adorez erantzun zion, bizkarrean aletegiko giltzak ezkutatuz "Nik utzi zuri lan ikaragarri gogorrez irabazten dudana! Esadazu, alfer hori, zer egin duzu garai hobeagotan?" "Ni, esan zuen Txitxarrak, bidaiari orori kantuan aritzen nintzaion, etenik egin gabe." / "Hara! Abesten ari zinela, ni lanean ari bitartean? Orain, bada, ni jaten ari naizela, dantzan, dantzan egizu gorputzak eskatzen ez badizu ere."
FÉLIX MARÍA SERAFÍN SÁNCHEZ DE SAMANIEGO ZABALA
(Guardia, 12 de octubre de 1745eko urriak 12, 1801eko abuztuak 11).
|
Arabako hegoaldean, Mendialde eta Errioxa (arabar eta logroñoar) artean, TOLOÑO MENDIA dugu. Haren erdialdean, gaur bisitatu behar ditugun gainak daude. Hain zuzen, gutxi bisitaturiko mendiak dira, mendizerran oraindik garaiago diren beste hiru mendiak hurbil dituztelako: PALOMARES (1.446 m), RECILLAtik Palomareseko gandorraz banaturik dagoena, LARRASA (1.454 m) eta PEÑA DEL CASTILLO (1.432 m).
PIPAON (840 m).
Enparantzan, taberna bizkarrean dugula, elizaren aurrealdean, ezkerreko kalea (E) hartu eta GR-1 “ZIDOR HISTORIKOA” hartuko dugu, Empúries (Girona), Fisterraraino (Galizia), Katalunia, Aragoi, Hego Euskal Herria, Gaztela eta Leon, Kantabria, Asturias eta Galizia herrialdeetako lurretan barrena ibili dena. Araban, GR-1a 200 kilometrotan zehar dabil, eta ingurune honetan Lagran eta Pipaon arteko bide zaharra jarraitzen du. Gogora dezagun, aurreko apirilaren 11n Nafarroako Petillatik Sause (Sos del Rey Católico) herrira bitartean zidor honetan ibili ginela.
Pipaonen hainbat KONDAIRA gordetzen dira, eta kondairok aipatu gabe ezin gera gaitezke:
Pipaonetik igaro omen zen behin ERROLAN heroi piriniar ezaguna. Honek herriko neskatxa bat bahitu zuen eta RECILLAko ATAKArantz abiatu omen zen bertan kanpaldia antolatzeko. Herriko gazteak atakaraino igo ziren eta neskatxa itzul zezan eskatu, azkenik berealdiko borroka suertatuz. Errolan berak, gazteen zangartasuna ikustean, neskatxaren itzulera agindu zuen.
Beste kondaira batek mairuek bahitutako neskatxa bat aipatzen du. Neskatxa Granadako kalifa artatzeko eraman omen zuten. Atso zahar izanik, kalifari haren herrira itzultzeko eskaria egin zion, baita eskaria eman ere kalifak, herrira neskame mairu batez lagundurik etorri zelarik. Neskame hau Pipaonen ezkondu omen zen. Gaur egun oraindik ere bada “mora” (mairua) ezizena duen familia herri honetan.
Azkenik, SAN ILDEFONSO Pipaonen jaio zela ere esaten da. Diru askotako sendi batean jaio zelarik, bere bizilagunek zuten pobrezia gorria ezagutu zuen. Jauregitik irten eta hiruzpalau urte koba batean bizitzeko alde egin zuen. Haren aita hiltzean, bere ondare guztiak behartsuen artean banatu eta monasterio bat eraiki zuen. Sevillan ikasi zuen eta Toledoko artzapezpikua izatera iritsi zen. 667.urtean hil zen.
Lehendabiziko bidegurutzean, eskuineranzko asfaltatuzko pista hartuko dugu, hilerriaren ondotik igaroko gara eta porlanezko pista lurrezkoan bilakatuko da ondoren. Zuzen jarraituko dugu, GR-1eko markak jarraituz. 15 minutu igaro ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara: bertan langa metaliko bat aurkituko dugu. Langa zeharkatu eta pistatik gora eginez segituko dugu.
5 minutu [20'] igaro ondoren, zutoin bertikal bat aurkituko dugu: bertan SEMENDIA gainerako 23' minutu falta direla adierazten digu. Lehendabizi ZEDARRIAK jarraituko ditugu eta berehala zidor estu batek, ezpel eta ehiza-postuen artean gaineraino eramango gaitu [40'].
SEMENDIA (1.042 m). Txartel-ontzia duen mendi biribila, leku gutxi gainean, ezpelez eta zuhaitzez inguratua, inguruko paisaia ikusteko aukerarik ematen ez diguna.
Igotzeko erabili dugun bidea erabiltzea besterik ez dugu. Pistara itzuliko gara [1h]. Pistan gaudela, ezkerreranzko aukera hartuko dugu eta berehala lepo batera iritsiko gara, non bidegurutze bat aurkituko dugun. Ezkerreko bidea Lagranera jaisten da. Guk eskuinerantz (H) igotzen den pista hartuko dugu.
Larre batzuetatik, baita ehiza-postu batzuetatik ere igaroko gara. Igotzen jarraituko dugu harik eta pagadian sartu arte. Pistak langa metaliko baterantz eramango gaitu: berau zeharkatu eta bidea jarraituko dugu. Bidegurutze batera iritsiko gara [1h 20’]. Ezkerrean ehiztarientzako aterpe bat aurkituko dugu, EL ENCILLAR izenekoa… zuzen Lagranera jaisten da LAZITURRI izeneko iturriraino (hemen ere aspaldian euskaraz egin zelako testigantza baliotsua) baina guk eskuinerantz jarraituko dugu. 5 minutu igaro ondoren [1h 25’], kartel batek Recilla eta Cervera gainetara 55’ falta zaizkigula informatuko digu. Xendra erosoa izango da, lehendabizi basotik gora egingo du eta ondoren, otea erregina den zonalde batetik RECILLAko ATAKA edo LEPOra iritsiko gara (1.223 m) [2h].
Lepoan bidegurutze bat aurkituko dugu. Iparralderantz hartuta Pipaonerantz itzuliko ginateke, Hegoalderantz Guardiarako bidea dago, Mendebalderantz Cervera eta Ekialderantz Recilla. Mendate honetatik igaro da hain zuzen Arabako Mendialdea eta Errioxa aspalditik lotzen dituen berezko bideetako bat. Lepo estrategiko honetatik Guardiarantz gurdietan ikatza eta egurra eramaten zuten mandazainen bidea zen, hegoaldean baso ezak material apal hauek baliotsu izatea eragiten zuen-eta. Pipaon edo Lagranetik Guardiarako bide honi aspaldidanik eta euskaraz bide honi Guardialbidea deitzen zaio.
Ezkerrerantz (E) biratuko gara eta ondo markaturiko xendra jarraituz RECILLA mendiaren gain harritsura igoko gara [2h 15´]. Azkeneko metroak, trepada erraz batez gaindituko ditugu.
RECILLA (1.381 m): Txartel-ontzia. Norabide oro ikuspegia ezin ederragoa dugu, baina ekialderantz begiratzeak merezi du, bertan dago-eta Palomares mendiaren punta zorrotza. Hegoaldean Errioxa, San Lorenzo mendia ere ikus daitekeelarik. Iparraldean Gorbeia eta Aizkorri. Mendebaldean Cervera.
Igotako bidetik jaitsiko gara RECILLAko LEPOra [2h 30']. Eta zuzen otea artean CERVERAko gain borobilerantz abiatuko gara (1.384 m) [2h 45´].
CERVERA (1.384 m). Erpin geodesikoa eta txartel-ontzia. Ia Recillak berak dituen ikuspegi berak ere bertatik.Bide beretik RECILLAko LEPOra [3h] itzuliko gara. Eskuinerantz biratuko gara (H) eta Guardiarako jaitsierari ekingo diogu.
Lehendabizi otea artean jaitsiko gara, harik eta Palomareseko multzo harritsuaren pean gaudela basoan sartzen garen arte. Xendra galtzeko arriskurik gabe jaisten jarraituko du pista batera iritsi arte [3h 45´].
Ezkerrerantz egingo dugu bira eta pistatik jaitsiz segituko dugu beste bidegurutze berri batera iritsi arte [4h]. Berriz ere, ezkerrerantz egingo dugu bira eta jaisten jarraituko dugu beste bidegurutze berri batera iritsi arte. Hemen hasiko zaizkigu lehendabiziko mahatsondoak bide ondoan agertzen. Ezkerreko pista hartu (E) eta bertatik jarraituko dugu, zuzen, desbideratu gabe, LOA UPELTEGIetarako sarreraraino iritsi arte [4h 20´].
Hemen eskuineko (H) errepidea hartuko dugu eta bertatik jarraitu. YSIOS UPELTEGIetarako sarrerara iritsiko gara [4h 30'], eta Santiago Calatravak diseinatutako eraikinaren teilateria ondulatu berezia ikusteko aukera emango digu. Errepidetik jarraitu eta SOLAR VIEJO UPELTEGIen [4h 40'] ondotik igaroko gara. Errepidea abandonatu gabe, suhiltzaileen eraikinaren ondoan igaroko gara eta eskuineko errepidea hartuta, bertatik jarraitu errepide nagusira iritsi arte [4h 45´].
Bai Guardian, aldameneko herrixken ondoan bezalaxe, garrantzia handiko MEGALITO [LA CHABOLA DE LA HECHICERA (Bilar - 1935), EL ENCINAL (Bilar - 1943), ALTO DE LA HUESERA (Guardia - 1945), LAYAZA (Guardia - 1952), EL SOTILLO (Guardia -1955), SAN MARTÍN (Guardia -1956), LOS LLANOS (Kripan - 1982)] eta HISTORIAURREKO AZTARNATEGIak [SAN JUAN ANTE PORTAM LATINAM ehorzlekua eta LA HOYA HERRI ZELTIBERIARRA] aurki ditzakegu. Horietatik SAN MARTINGO TRIKUHARRIA (1956an aurkitua) ikusi nahi badugu, errepidean eskuinerantz -Bastirarantz- 150-200 metro oinez egin beharko dugu, albo batean eskuinean ikusi ahal izateko. Baita ere, LA CHABOLA DE LA HECHICERA izeneko TRIKUHARRIA ezagutzera gonbidatzen zaituztegu besteren batean, BILARren dagoen trikuharria Euskal Herriko trikuharririk ederrenetariko bat baita zalantzarik gabe.
Ezkerrerantz bira egingo dugu, errepidea zeharkatu. Guardiarantz gorantz egiten duen bidegurutzean guk beheko errepidea hartuko dugu, eta denbora laburrean murruaren ondoko aparkaleku baterantz eramango gaitu, han izango dugu zain gure autobusa [4h 50´].
ITURRIA:
- Pipaoneko kondairen iturria (Mendikat) eta Wikipedia.
2010eko urriaren 10ean.
Guardia
2010eko urriaren 10ean.
Viñapre toponimoaren euskarazko denominazioari (Binasperi, Biasteri, etc.) eta identifikazio okerrari (Laguardia = Biasteri) buruzkoa.
2010eko urriaren 10ean.
Félix María Serafín Sánchez de Samaniego Zabala